Estatuaren estolda zikinak

Gorka Bereziartua
0

Unax Ugaldek jokatzen du filmeko rol protagonistetako bat
Unax Ugaldek jokatzen du filmeko rol protagonistetako bat

Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa, tortura, hilketa eta ondoren kasuaz egin zen epaiketa berreraiki ditu Pablo Malo zuzendariak Sail Ofizialera ekarri den filmean. Lasa eta Zabala hasten den moduak konbentzitu nau gutxien, baina filmak aurrera egin ahala errealismoan eta gordintasunean irabazten du.

Iñigo Iruin abokatuaren inguruan osatu da gidoia. Gaztetan bi errefuxiatuak ezagutzen ikusiko dugu eta hamarkada bat geroago, gorpuen arrastoak agertzen direnean, kasuaren instrukzioaz arduratzen. Benetako abokatua pertsona ezaguna izateak ez dio mesede handirik egiten Unax Ugalderen lanari, ez baitu Iruin gogora ekartzen (beste pertsonaia batzuk, Julen Elgorriaga edo Felipe Bayo Guardia Zibila berriz, errepresentazio fidelagoak dira). Filma ikusi bitartean behin baino gehiagotan pasa zait burutik agian hobe izango zela goitik behera asmatutako abokatu baten bidez kontatzea.
Edozein modutan, fikziozko lan baten aurrean gaude eta ez litzateke bidezkoa benetako pertsonekin konparatuta bakarrik baloratzea. Ugalderen antzezpena balekoa da, momentu batzuetan ñabardura gehiago eskertuko ziren arren.
Bigarren zatian indarrean, sinesgarritasunean eta gordintasunean irabazten du pelikulak, tortura eszena eta exekuzio bortitz eta nahiko esplizituetara iritsi arte. Irudi horiek estatu terrorismoan inplikatuta egon zirenen kontrako epaiketakoekin tartekatzen dira, AEBetan ohikoa den courtroom drama estiloko filmen antza hartuz.
Gure historia hurbileko pasarte ilun baten asmo zintzoko kontakizuna, gaiaren ertzei muzin egin gabe eraman du pantailara Malok, distiratsua izan gabe eraginkorra den estiloan. Sortu duen ikusminari nahiko ondo erantzun diola esango nuke.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)
Lasa eta Zabala
Zuzendaria: Pablo Malo
Aktoreak: Unax Ugalde, Francesc Orella, Oriol Vila, Jon Anza, Cristian Merchan, Ricard Sales, Javier Mora, Iñaki Ardanaz
Euskal Herria
107 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA