Komedia psikiatrikoa

Gorka Bereziartua
0

Isaki Lacuestak krisiaren ondorioak landu ditu filmean
Isaki Lacuestak krisiaren ondorioak landu ditu filmean

Krisi ekonomikoaren aitzakian egindako eskubide sozialen murrizketak eta horiek gizartean sortzen duten ezinegona dira Isaki Lacuestaren Murieron por encima de sus posibilidades filmak komedia zoro bat egiteko probesten dituen lehengaiak.

Hainbat arrazoirengatik psikiatrikoan sartu dituzten bost lagunek handik hanka egin eta mundua krisitik ateratzeko plan bat jarriko dute martxan: Banku Zentraleko presidentea bahituko dute eta hainbat ministrori “mozketak” aplikatu.
Lehenbiziko parte dibertigarri eta momentu batzuetan gogoangarriaren ondoren (badago Albert Plaren bakarrizketa bat, Youtubeko klip bilakatzen denean asko zirkulatuko duena), hauspoa hustuta egiten du aurrera eta amaieran lortzen du indar pixka bat berreskuratzea.
Bizi dugun egoerarengatik haserre dauden pertsona askoren amets hezea izan liteke Lacuestak pantailaratu duen erokeria hau, agintarien kontrako mendekua baita filmeko motibazio nagusia.
Umore populista egitea egotziko dionik izango da, nahiz eta, lehenago esan izan dugun bezala, guri interesgarriena zera iruditzen zaigun: nola ari den desegiten 1978tik Espainiako kulturan indarrean zegoen diskurtsoa azkenaldiko hainbat film espainiarretan.
Hortik aurrera, oso estilo espainiarreko filma da, bereziki gustatzen ez zaidan Alex de la Iglesiaren pelikulak gogora ekarri dizkidana. Ganberradatik harago, aztarna berezirik utziko ote duen zalantzak dauzkat. Ezta hori ote zen Lacuestaren helburua ere.
Aldiro elkarrengandik antipodetan dauden filmekin etortzen den zuzendariarentzat, txarteldegiekin adiskidetzeko aukera emango dion filma dela susmatzen dut.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)
Murieron por encima de sus posibilidades
Zuzendaria: Isaki Lacuesta
Aktoreak: Raúl Arévalo, Imanol Arias, Bruno Bergonzini, Àlex Brendemühl, José Coronado, Eduard Fernández, Ariadna Gil, Bárbara Lennie, Sergi López, Carmen Machi, Ángela Molina, Àlex Monner, Albert Pla, Josep Maria Pou, Pau Riba, José Sacristán, Jaume Sisa, Emma Suárez, Ivan Telefunken, Luis Tosar, Jordi Vilches, Julián Villagrán
Espainia
100 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA