Zure umeak ere eskolan distira egin dezan

  • Irakasle eta gurasoon esku dago hurrengo ikasturtean ume bakoitza eskolan positibo nabarmentzea. Eta motibazioa gailurrera eramatea, umearen garapena optimoa izan dadin. Europan sortu eta Hego Euskal Herrian ere zabaltzen ari den Golden 5 hezkuntza programak erakusten digu ikuspegia aldatzearekin eta egunerokoan teknika txiki batzuek txertatzearekin emaitza ikusgarriak sumatzen direla berehalakoan. Uda garai aproposa duzu umeenganako ikuspegi positiboaz gozatzeko.

2009an Golden 5ek bi sari lortu zituen: Europako Hezkuntza praktika onenak dituzten hamar proiektuen sarietako bat, eta Europako proiekturik onenaren sarian Brontzea. Argazkian eskuinean, Maria José Lera Brontzezko Izarra eskuan duela.
2009an Golden 5ek bi sari lortu zituen: Europako Hezkuntza praktika onenak dituzten hamar proiektuen sarietako bat, eta Europako proiekturik onenaren sarian Brontzea. Argazkian eskuinean, Maria José Lera Brontzezko Izarra eskuan duela.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ikasgelan sartutakoan, lehen-lehenik ikasle talde batekin egingo dugu topo. Gure eskolako bizipenetan ere gelako giroa, lidergoak, gatazkak eta adiskidantzak ditugu oroitzapen esanguratsuenak. Aldiz, talde dinamikei buruz ezer gutxi lantzen da Magisteritza karreran eta psikologia sozialeko teoriak ere oso gutxi aplikatu dira hezkuntzan.

Elkarbizitza kudeatzeko abiatu zen Golden 5 programak talde harremanen bi teoria ditu oinarrian: atribuzioen teoria eta espektatiben teoria. Hala azaldu zuen programan aitzindari den Maria José Lera-k (Sevillako unibertsitateko doktorea Psikologian), Gipuzkoako Berritzeguneek maiatzean antolatutako jardunaldietan: “Atribuzioen teoria 1958an sortu zuen Weinerrek eta talde harremanen oinarri-oinarrizko teoria da. Norbaitek atribuzio bat egiten duenean, berdin da zuzena edo okerra izan, gainerako gizakion joera naturala da atribuzioak baieztatzea. Gure buruak inkontzienteki bilatu eta hautatuko du besteak egindako atribuzioa baieztatzen duen esperientziaren bat”. Eskola barruan atribuzioen dinamikak nola funtzionatzen duen deskribatu zuen umorea eta energia positiboa darion Lerak: “Irakasle batek esaten duenean ‘a zer goiza eman didan 6.A gelak! Nolakoak diren!’, atribuzio bat da. Entzun digun beste irakasleak buruan bilatuko du esperientzia bat baieztatuko duena eta esango du: ‘Egia da, aurrekoan harrerako langileak esan zidan ederra dugula talde horrekin...’. Irakasle horien arteko harremana estutu egiten da eta kito, ez da ezer gertatzen”. Edo bai, gertatzen da? Lerak galdera pausatu zuen: “Irakasleen pentsamendu horrek gelari eragiten dio edo ez? Zergatik? Pentsatzen dugun horixe ikusten dugulako azkenerako. Nola sartuko naiz gela horretara? Ikusiz oso zaila dela. Gelara sartu orduko oharkabean (zeren hau dena prozesu inkontzientea da) begiratuko diet zutik dauden hiruei eta hizketan dauden biei eta pentsatuko dut ‘banekien nik! aztoratuta dagoela gela hau!’. Oharkabean zer ari gara bultzatzen? Aztoramendua. Eta azkenerako taldeak berak pentsatuko du nahaspilatzaile hutsak direla”. Ideala litzateke batere atribuziorik ez egitea, baina hau gizakiontzat ezinezkoa omen. Beraz, testuinguru profesionalerako arau hau proposatzen du Golden 5ak: atribuzio positiboak bakarrik egitea. “6.Atik gatozenean irakasle gelara, esan ahalko dugu ‘6.A hori da... gela oso inteligente bat... eta ene nola dauden... oso aktibo dago taldea... eta irakasleoi erronka oso interesgarria jartzen ari zaigu e!’. Beste irakasle batek esango du, ‘ba egia da ideia oso interesgarriak bota zituztela lehengoan’. ‘Aktibitate handiarekin dabiltza, sormen handiarekin...’. Gauza bera da baina beste era batera ikusten da. Eta taldeak bukatuko du sinesten sormen handikoak direla, eta denok ariko gara duten potentzialitatea baliatzen”.

Lerak oroitarazi zuen irakasleek eta gelako audientziak atribuzio positiboen kontuan duten garrantzia: “Ez da gauza bera atribuzioak zure etxean eta irakasle gelan egitea, edo audientziaren aurrean, ikasgela barruan. Demagun gela osoaren aurrean botatzen dugula ‘ikasle honek hizkuntzetarako gaitasun handia du!’ atribuzio bat egiten ari naiz. Zer pentsatuko dute gainerako ikaskideek? Bilatuko dute esperientziaren bat berretsiko duena ‘a, bai, asteburu batean Londresera joan zen, horregatik hitz egiten du hain ongi ingelesez’. Nire atribuzio hori orain konpartitua eta orokortua da, orain gela osoak hori ikusiko du, esan dugunez, pentsatzen duguna ikusten dugulako. Eta ingelesez zerbait esaten duen bakoitzean besteek hautemango dute ‘ooo, ze ondo esaten duen!’ baina eta erratzen bada? zer esango du audientziak? Kanpo faktoreei egotziko die: egun txarra du, zorte txarra, testua oso zaila zen... Baina pertsona horrek hizkuntzetarako gaitasun ona duela usteko du taldeak”. Beti ez dira atribuzio positiboak egiten, ordea: “Oso-oso gutxitan, ihes egiten digu komentarioak eta botatzen dugu ‘aix, zuk ez duzu honetarako balio’. Atribuzio bat egiten ari gara, konpartitua dena, eta gela osoak ikusiko du pentsatzen duena, alegia ez duela balio demagun irakurtzeko. Ikasle horri esaten diogunean: ‘Irakurri ozen’. Nola irakurriko du? erabat txikiagotuta, ahots mehe batez. Zer dio audientziak? ez dakiela, gaizki ari dela. Baina pentsa dezagun umeak horri denari aurre egin eta ongi irakurtzen duela. Zer esango du audientziak? Kanpo faktoreei esker lortu duela: ongi ateratzen ari zaio baina zortea duelako, testu hori aurrez ezaguna izango zuen, egun ona du... Baina berez ez daki irakurtzen”.

Helburua garbia da: ume bakoitzak merezi du atribuzio positibo bat gelan eta denen aurrean. Esatea zer ona den halako gaian. “Denok gara onak zerbaitetan, beraz, bilatu egin behar da bakoitzaren on hori. Batzuena berehala ateratzen zaigu, besteena pixka bat gehiago bilatu behar da”. Atribuzio positiboek ekartzen baitute espektatiben teoriarekin lotutako Pigmalion efektua.

Golden betaurrekoak: espero dugunaren baitan dago porrota edo arrakasta

“Uste baduzu ikaslea ongi joango dela, nota onak ateratzen ditu. Gaizki joango dela uste baduzu, nota txarra ateratzen du. A zer begia dugun irakasleok, ia magoak gara!”. Ikerketek frogatu dute ikasle batekiko espektatiba altuak dituen helduak, oharkabean arreta gehiago eskaintzen diola, azalpenak hobe eta bere modura ematen dizkiola, gehiago animatzen duela (“zuk ahal duzu-eta!”), bere akatsak gutxiesten dituela (“lasai, hau ez da ezer, zuk segi”), tematzen dela... “azkenean zertan ari da heldu hori? ikas prozesua errazten” azaldu du Lerak. Alderantziz jokatzen du helduak, oharkabean, ikasle horrenganako espektatiba apalak dituenean. Horren aurrean zer egin? “Espektatiba altuak eduki behar ditugu ume bakoitzarengan. Alegia, Golden betaurrekoak jarri behar ditugu”.

Ikasgelan, bizitzan bezala, beti badira batzuk nabarmentzen direnak, akademikoki primeran doazenak, espektatiba altuekin... eta badira beste batzuk gutxiago distiratzen dutenak. Gakoa ongi doazenekin sortzen den harreman eredua ikasle guztiengana eramatea da. Eta hori kontzienteki eta metodikoki egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du Lerak, Golden programaren 5 zenbakiaren zentzua bistaraziz: “Umeak bosnaka hartuko ditugu eta idatzi egingo dugu. Ez badugu idazten, beti ahaztuko ditugu berberak. Ikasleak nahasian hartuko ditugu, bi oso ongi doazenak, bi arazoak dituztenak eta bat ‘grisa’ deitu ohi zaiona. Bosnaka landuz, hurrengo epean (demagun aste pare batean) beste ikaskideen aurrean distiratu arazi behar ditugu”.

Emaitza bistakoak epe motz eta ertainean

Berehalakoan emaitza hauek ikusiko ditugula baieztatu dute Lerak eta Golden 5 praktikan jarri duten EAEko irakasleek: ondo zihoazenek ongi jarraituko dute eta “grisa” dena oso denbora gutxian nabarmentzen hasiko da. Grisak deituak dira klasera joan, etxeko lanak egin eta azterketak gainditu arren nabarmentzen ez direnak. “Batek begiratzen dituenean, esaten dienean ‘zu oso ona zara honetan’ jada beste era batera ikusten dira eta aldatzen hasten dira”. Akademikoki gaizki zihoazenak asko hobetzen dira, baina hauei Golden igurtzi gehiago eman behar zaiela azaldu du Lerak: “Hauengan aldaketak ikusten hasten dira bi hilabetera, kasuaren arabera”.

Aldaketa txikiak eta errazak dira, eta lorpenak handiak. Txikiak izateak ez duela azalekoa esan nahi adierazi digu Ana Azkona Lasarteko Berritzeguneko Golden arduradunak: “Estrategiak oso zentzuzkoak dira, esaterako begirada eusteak ematen dizu pertsona horren arreta. Hori gauza sinplea da baina batzuek ezin dute. Gelan pertsona bat ukitzea oso sinplea da baina ekartzen duena aldaketa handia da, eta norberaren aldaketa eskatzen du, beste pertsona ikustea, ahal duela ikustea, beragan sinestea... Oso sakona da. Beste begirada bat lantzen du irakasle horrek ikasleenganako, Golden irakaslea bihurtzen zara. Gauza negatiboetan bakarrik fokatzeak nora garamatza? Zer eginik ez dagoela justifikatzera. Kasu etsigarrienetan ere hori da bidea, alde positiboa bilatu behar dugu eta hortik palanka eginaz bere ahalmen eta dohain guztiak atera”.

Gurasoak ere Golden

Etxea oinarrizkoa da. Familia eta eskola elkarrekin doazenean orduan ikusten dira emaitzak argiago: “Familiak ikuspegi honen partaide egin behar dira. Deitu diezagutela gure umeak ongi daudenean ere, partekatu dezagun ona. Familiari mezu positiboak helarazi behar zaizkio. Denei, hauek ere bosnaka hartu behar ditugu, ez gaitezen inoren gurasoez ahaztu. Akademikoki umea gaizki badoa, mezu positiboak emango dizkiogu maila sozialean. Gurasoak negarrez etorri izan zaizkigu ‘niri inoiz ez dit inork ezer positiborik esan nire semeaz, 15 urte ditu eta porrot hutsa da’ esanaz. Arazo bat denean bakarrik deitzen badidate, defentsa jarreran joango naiz, eta irakasleak deitzen badit izango da berak ez dakielako zer egin egoerarekin, baina nik ere ez dakit zer egin. Ez gaitezen elkartu ez dakigun horretan, goazen onean elkartzera. Deitzen badidate ‘zatoz, zure umeak portaera itzela dauka eta matematiketan sekulako arreta jartzen du, harrituta nauka’, hazi-hazi eginda joango naiz. Goazen une horiek gozatzera. Goazen elkarrekin bide egitera batzen gaituen begiradarekin. Arazoek hor jarraitzen dute, baina arazoak txikitxo jarriko ditugu eta gainera saiatuko gara konpontzen plan batekin, eskaileratxo batekin. Pixkanaka-pixkanaka eskailera mailak igotzen joango gara eta baten bat oso handia bada eta ezin badugu igo, maila txikiagoak jarriko ditugu tartean. Baina izan dezagun begirada hori: jakina posible dela, jakina ahal dugula! Gure esku dago”.

Gazako lerroko 30 ikastetxetan martxan

Bost herrialdetako eta diziplina anitzeko profesionalek (psikologo, soziologo, hezkuntzako langile, bitartekari...) hasi zuten proiektua 2004an: norvegiar, belgikar, italiar, poloniar eta andaluziarrek. Europar Batasunak diruz lagundu zuen hasieratik eta hezkuntzan motibazioa hobetzeko irtenbideak, estrategiak, erramintak ematea zuen helburu, elkarbizitzari lotuta.

 

“2006rako ikusi genuen proiektuak funtzionatzen zuela. Frogatu behar genuen ea funtzionatzen zuen gehien behar zen testuinguruetan”. Argi du Maria José Lerak: “Gehien behar den lekua Gazako lerroa da. Gazako lerroak 2006an eskatu zigun proiektua, eta Europak eragotzi bazigun ere (esan zigun proiektua europarra zela eta ez palestinarra), Europari erantzun genion dirua ukatuko zigula baina gogoa ez. Dirurik gabe baina joan egin ginen eta bertako bi eskola palestinarretako irakasleak formatzen hasi ginen”. Proiektua emaitzak ematen hasi zen baina 2009ko Gabonak iritsi ziren eta Gazako lerroa erabat bonbardatu zuten “Berun urtua” operazioan: Golden 5 programa martxan zuten eskolak bonbardatu zituzten, formatzaileen GKEa bonbardatu zuten... Txikizioa eragin zuen operazioa bukatu eta urtarrilaren 18an telefonoz mezu hau jaso zuten: “Mesedez, Gazan behar dugun bakarra Goldena da”. Lera mintzo da: “Umeen etsipen maila terriblea zen, eta halakoetan behar dugu norbanakoaren garapena. Segurtasun hori, konfiantza hori, bizitzan aurrera jarraitzeko. Gelara zerbait positiboa iristea falta zen eta hori handi-handi jartzea. Gehien behar zuten garaia zen. Israelek sartzea eragotzi zigun eta oraindik debekatzen digu, baina ari gara lortzen”. Urtarril honetan jarri dute martxan proiektua Gazako lerroko 30 eskoletan. Ikastaroak on-line ematen dituzte eta Zisjordanian ere 350 irakasle eta 16 eskolarekin ari dira. “Han funtzionatzen badu, denean funtzionatu behar du”.
 

Kepa Goikoetxea, Laskorain ikastolako irakaslea
«Eskola porrota bizitzen ari zen ikasleak txapeldunen ligan bukatu zuen ikasturtea»

Berritzeguneak antolatutako jardunaldietan DBH 3ko esperientzia kontatu zuen Tolosako Laskorain Ikastolako Kepa Goikoetxeak: “Atribuzio txarrekin zetorren ikasle hura, oso markatuta, desmotibatuta eta itxaropen handirik gabe”. Golden 5eko estrategiak erabiltzen hasi zen Goikoetxea ikasgelan eta ikaslea hobeto erantzuten hasi zen. Ohar positiboak idazten zizkien irakasleak eta denen aurrean irakurtzen, egunero ikasle bati, eta aipatutakoaren txanda iritsi zen: “Lehenengo ohar positiboa jaso zuenean, erreakzioa bat-batekoa izan zen”. Irakaslearekin hitz egiteko hitzordua hartu zuen, eta oharragatik eskerrak eman ostean galdetu zion:
-    Zuk beste irakasleekin hitz egiten duzu?
-    Bai...
-    Eta zuk nire aurreko notak badakizkizu?
-    Ez naiz gogoratzen... zerbait esan nahi didazu edo?
-    Oso gaizki ibili nintzen DBH 1. mailan.
-    A, ez nekien.
-    DBH 2ra juxtu-juxtu pasa nintzen.
-     Pasa bazinen zure meritua izango zen...
-     Ez, ez, pasa egin ninduten garbi. Eta gero jada DBH 3. mailara ziur deskartez pasa nintzela. Nik ez nuen hemen egon behar.
-     Eta non egon nahi zenuen?
-     Ez, ez, hemen egon nahi nuen baina nik ez dut ezer egin hemen egoteko. Ez dakit badakizun...
-     Bada nik ongi ikusten zaitut.
-     Egiatan?
-     Bai, poesia egin genuen hartan Xabier Leteren lau disko zuk ekarri zenituen. Eta etxean zegoen bertso-liburua ere bai.
-     Bai, tira, etxean hautsa hartzen zeuden.
Handik aurrera, ikasleari buruzko atribuzio positiboak egin zituen irakasleak ikasleen eta beste irakasleen aurrean. “Ikaslea balorazio positiboei gustua hartzen hasi zitzaien. Edozein aitzakia baliatzen zuen nire gelara etortzeko”. Irakaslearen gelara sartu zen batean, Rubiken kuboa begiz jo zuen eta egiten irakasteko eskatu zion. Ostegunero 19:30ean joaten zen 15 urteko gaztea irakaslearenera kuboa egiten ikastera. “Eta tartean, beste gauza askoz hitz egitera”. Mezu eta balorazio positiboak jaso ahala, ikaslea erronkari heltzen hasi zitzaion, ikasgelako jarrera eta lana hobetuz, baina “nik etxean ez dut hori entzun, ez naute horrela ikusten eta oso zanpatua nago” aitortu zion irakasleari. Berari ezer esan gabe, gurasoekin bildu zen irakaslea. “Ama etsita zegoen, etxean errietan egunero, jada ez zion semeari eskolako kontuez galdetu ere egiten. Aitak esan zidan ‘nik bai, nik txikitu egiten dut, esaten diot: ez duzu egin, ez duzu ikasturtea gaindituko, ez zara gai, zure arreba askoz bizkorragoa da, zurekin beti berdin, nazkatuta gaude...’”. Irakasleek gurasoei proposatu zien Golden ikuspegia lantzea: [aitari] “Esaiozu harengan itxaropen osoa duzula, ongi joango dela”. Aitaren erantzuna: “Nik hori esaten ez dakit”. Irakaslearen proposamena: “Isilik egon zaitezke?”, “bai”. Amak hitz eman zuen bera saiatuko zela ikasketei buruzko mezu positiboak ematen. “Mutilak ikasturtea txapeldunen ligan amaitu zuen”. Gurasoak uztailean irakaslearengana joan ziren, negarrez: “Ez dakit zer egin duzun, baina eskerrik asko”.

Motibazioaren gakoak: ikasle onena, erori ostean zutitzen dena

Arreta, esfortzua eta irauteko gaitasuna. Aldagai horien araberakoa da ikasteko motibazioa. Pertsonak badu gaitasuna bere barrutik bere burua motibatzeko. Nola sustatu barne motibazioa? Lau eremu hauek landuta: testuingurua, behar psikologikoak, pentsatzen duguna eta emozioak. Leraren hitzetan: “Horrek ekarriko digu eskolako emaitza hobea, baina batez ere ekarriko digu pertsonaren garapen osoa”.

Testuingurua: “Haur hezkuntzako gela barruan aurkitzen ditugu koloreak, kortinak, apaingarriak, loreak, formak... baina mailaz igo heinean ez dakit zergatik, DBHko 4. mailan landaretxo bat aurkitzea... Argazkitan bakarrik gertatzen da! Goazen  erraztera, goazen goxo egoteko, interesa gehitzeko elementuak sartzera”.

Behar psikologikoak: Gizakiaren oinarrizko hiru behar psikologiko hauek asetzean motibazioa ikaragarri hazten da. Batetik, konpetente sentitzeko beharra: ahal duela, badakiela, gauzak egiteko gai dela ikustea. “Erabil dezagun eskola jada egiten dakizkien gauza horiek jendaurrean erakusteko. Jar diezazkiegun lanak distira egin dezaten. Esan ahal izan dezaten ‘ikusten zeinen ona naizen honetan’. Berak merezi duela, balio duela seguru izango du. Eta bere burua maite duenak, balio duela dakienak, zer egiten du eroritakoan? Altxa”. Bigarrenik, autonomo sentitzeko beharra dugu: “Utzi aukeratzen zer egin, utzi erabakitzen lana taldean, binaka edo irakasleak lagunduta egitea nahi duen...”. Azkenik, ongi harremanduta sentitzeko beharra dugu: maite gaituzten ikaskide eta helduak behar ditugu inguruan, baldintzarik gabeko laguntza eskaintzen digutenak.

Pentsatzen dugunaren garrantzia: Gure buruaz pentsatzen dugunak emango digu bizitzarekiko estilo bat. Pertsona batzuek estilo optimistagoa dute, eta beste batzuek ikuspegia gehiago dute porrotera bideratua. Horri lotua dago eskola porrota, Leraren arabera: “Eskola porrota horixe besterik ez baita, etsitzea, erori eta ez altxatzea, ‘zertarako saiatuko naiz?’ pentsatzea ‘nik ez dut honetarako balio, ez dut inoiz lortzen’...”. Behin eta berriz altxatzea da gakoa: “Ez da hobea inoiz erortzen ez dena. Hobea da gehiagotan altxatzen dena. Zutitzeko behar duguna da esperientzia positibo asko eta asko izatea norberaren garapenean konfiantza izateko: ‘Gogoratzen zara erori zinen hartan nola altxa zinen?’ eta orduan indarra ateratzen du batek eta oztopoa zena palanka bihurtzen da gora egiteko. Gehiagotan zutitzen dena indartsuagoa da palanka hori topatzen duelako ‘jakina lortuko dudala’”. Palanka  sustatzeko helduok dugun arduraz ohartarazi gaitu Lerak: “Ikasle bat Lehen Hezkuntzako matematikan trabatuta zebilen eta etxera joanda amak esan zion: ‘zu ni bezalakoa zara, niri beti gaizki eman zaizkit matematikak’. Hara zer espektatiba garatu zituen. Saiatzeari utzi zion, juxtu-juxtuan gainditzen zituen eta kito. DBHko 3. mailan zegoenean irakasle batek hartu zuen bere azterketa eta esan zion ‘konturatu zara matematiketarako neurrizgorako gaitasunak dituzula?’. Eta matematiketako adarra hartu zuen! Bi esaldi izan ziren”.

Emozioak: “Edozein ekintzaren oinarria direnez, goazen klima emozionala lantzera gelan. Garatu dezagun emozio positiboak erakarriko dituen testuingurua. Erabili dezagun giroa, umore asko, musika zergatik ez?”.
 

Goldenak bost eremutan lantzen ditu bere oinarriak

1. Gelaren kudeaketa (irakasleak taldea kudeatzeko erramintez jabetzea)

2. Harremanak eraikitzea (harreman onak lantzea ikasleekin)

3. Kilma soziala (talde osasuntsua lortzea)

4. Ikaskuntza doitua (ikasle bakoitzaren mailara egokitua)

5. Familia (Golden ikuspegian partaide egitea)

Informazio osoa: www.golden5.org webgunean.

Hego Euskal Herrian

Duela bi urte hasi ziren Golden 5 programa lantzen Ordizia, Lasarte eta Durangoko Berritzeguneetan. Batez beste bakoitzean 15 ikastetxe ari dira (argazkian, maiatzeko jardunaldietan euren esperientzia kontatu zuten Gipuzkoako irakasleak). Datorren ikasturtean Irun, Donostia eta Eibarko Berritzeguneak eta Iruñeko Irakasleen Laguntzarako Zentroa hasiko dira lantzen. Proiektua abiatzen ari da, beraz. Hurrengo ikasturterako sakontze maila prestatu dute eta bertan parte hartuko duten irakasleek konpromisoa hartu dute euren ikastetxean lanketa sistematizatzeko eta zabaltzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Begoña Pedrosa
“Berrikuntza egiteak prozesuan gorabehera asko dakar batzuetan, eta hala behar du”

Lanez lepo harrapatu dugun arren, eskuzabal hartu gaitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak; elkarrizketarako aurrez adostuta genuen denbora luzatzen utzi digu, luze jo baitu solasaldiak. Karguan urtebete egin duelarik, berrikuntzaz aritu gara Begoña Pedrosarekin,... [+]


Lanbide Heziketa Duala inplementatzeko modua “anabasa” eta “alegala” izaten ari dela salatu du hainbat irakaslek

“Lehenengo mailako ikasleek enpresetan egin dituzten praktikak existitu ez balira bezala jokatzeko eta notak aurreko sistemaren arabera jartzeko eskatu digute”, adierazi dio ARGIAri irakasle talde batek. Hori eta beste hainbat adibide eman dizkigute, azaltzeko modu... [+]


“Momenturen batean lortuko dugu antiespezismoa ofizialki hezkuntzako curriculumean txertatzea”

Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


Ikastetxeek sukalde propioa izatetik harago, funtsa eskola-jantokien kudeaketa eredua dela adierazi du EHIGEk

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri duelarik hainbat ikastetxe eta zonaldetan sukaldeak jarriko dituztela, EHIGE gurasoen federazioak dio gaur egun catering-enpresen esku dauden eskola-jantokietako eredua bera aztertzea eta bestelako kudeaketa bat bultzatzea dela... [+]


Gipuzkoako Eskola Txikiek “bizirik eta indartsu” daudela erakutsi dute Ezkio-Itsasoko festan

Ehunka pertsona joan dira jaialdira, haien artean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, 60 milioi euroko inbertsioa iragarri duena Eskola Txikientzat.


2025-06-09 | ARGIA
Ordizian eskola segregazioa saihesteko neurri zuzentzaile nahikorik ez hartzea egotzi dio Arartekoak Jaurlaritzari

EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


“Eskola txikiak, herri eta auzo txikiak, bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara”

Herri txikiak bizirik dauden eremuak direla eta bizirik jarraitzeko herriari begiratuko dion eskola gakoa dela aldarrikatuko dute, aurten ere, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan. Ekainaren 8an ospatuko dute, igandean, Ezkio-Itsason, landa guneko herri txikiak hezkuntzarako zein... [+]


Faltzesen euskarazko eredua eskatu dute eta Nafarroako Gobernuak ezetza eman du

Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.


Eguneraketa berriak daude