Lehen rounda irabazi du monarkiak

Espainiako errege aldaketaren operazioak zer utzi du agerian? Hainbat kontu, baina nagusiki aldaketarekiko Espainiako botere politikoak duen beldurra eta Espainiako egoera instituzionala epe laburrera begira lotua eta ondo lotua uzteko beharra. Koroa Juan Carlos I.etik Felipe VI.era igaro da magia instituzional berezi horren bidez eta, beste behin ere, defizit demokratiko esanguratsuarekin. Espainiako Estatuko herritarren multzo oso ageriko batek eskatu du erreferenduma. Zenbatek? Ez dakigu, egia, baina egungo egonkortasunaren gotorlekutik ohiko argudio higatua jaurti dute behin eta berriz: herritarren egungo ordezkaritzak erabaki du. Esaldi totemak berdin balio du Espainiako Estatu buruaren hautaketarako, murrizketa zorrotzenak gauzatzeko, Konstituzioa finantza mandatarien aginduetara egokitzeko edo Espainiako aurrezki kutxen sistema desagerrarazteko. Baina argudioak baditu ertz zorrotzak, bai sistemaren dorrean direnentzat zein berau hartu nahi dutenentzat.

Lehenek ezin dute ezkutatu argudioaren ahuldadea, horren izenean Espainiako gizartean ez lukeelako krisi politiko sakonik egon behar, teorian ordezkarien gobernantza herritarren zilegitasunean oinarritzen baita; hau da, eskema horretan “egoera gogorra da, baina guk hautatu dugunez, eutsi egin behar” litzateke herritarren pentsamendu kolektibo nagusia. Baina ez da horrela, herritarrek ez dute uste egungo krisi sakona ekarri duten neurriek beraiek hautatutako erabakien bidez etorri denik, guztiz kontrara baizik, eta horregatik bizi da krisi politiko-instituzional sakona, estamentu guztietatik aitortzen den moduan. Alternatibaren aldekoen ezintasuna kontraesan handi batean datza: herritarrek behin eta berriz hautatzen dituztela ezegonkortasuna eta krisia areagotzen dituzten alderdiak.  

Behin eta berriz? Ez, Espainiako sistemaren zutoin diren PSOEren eta PPren boto galera hasi da eta hauek beldurtu egin dira. Eta jarraituko du? Ezin esan, baina adierazle askok diote sasoi bat itxi dela eta beste bat datorrela. Eta oraingoz egoera lotua dago, baina ez ondo lotua, batez ere arrazoi oso indartsu bategatik: krisiarekin gertatu den guztiarekin, herritarrak jadanik ez du egungo demokraziaren ordezkaritza sistema soil horretan sinesten. Hortik alternatibara jauzi handia dago, baina ez da helmugarik bide hasiera barik. PPk eta PSOEk berriz hartu dute herritarra inozotzat: gaizki eta makal, baina eztabaidaren muina desbideratu dute, indarra monarkia edo errepublika motan jarriz, eztabaidaren funtsa bien artean hautatu ahal izatearen ariketa demokratikoan dagoenean.

Operazio politiko eta mediatikoak balio izan die errege aldaketa gauzatzeko, baina ez beren estatu burua erabaki nahi dutenen herritarren multzo handi hori zentimetro bat erakartzeko. Aitzitik, izpiritu errepublikar eta burmuin monarkikoaren trikimailuak ez du jada inor engainatzen. Espero bezala, Felipe VI.ak eta sistemak samur irabazi dute lehen rounda, baina borrokak jarraitzen du eta badira adierazle asko pentsatzeko denborak eta egunerokotasunak ataka estuan jarriko dutela printze-printzesen mundu arrosa salgarri hori. Gizartea eta pertsonarentzat jatea funtsezkoa da bizitzeko, baina libre bizitzeko zer jan erabakitzea da garrantzitsuena.

KUTXABANKEN pribarizatzearen eztabaida gori-gori dago eta geziak atzera aurrera dabiltza haragi bila. Mamian sartu barik, bada azpimarratzea komeni den bi kontu. Batak badu zerikusirik legearekin eta besteak eztabaidaren subjektu nagusiekin.

Legeari begira, Xabier Sagredo  eta Xabier Iturbek, hurrenez hurren BBK eta Kutxako lehendakariak, duela gutxi argitaratu  dituzten bi artikulu mamitsutan adierazten denez, fundazio bihurtzea legeak behartutako operazioa da, ez dago ezer egiterik horren kontra. Ados, zilegi da, posizio bat da eta listo. Baina bada gauza oso harrigarria: artikuluen izpirituak adierazten du Espainiatik behartutako zerbait dela, aukeran balute haiek ez luketela horrela jokatuko eta EAJren diskurtso publikoak –PP eta PSOErena desberdina da– bat egiten du posizio horrekin. Alabaina, ez aipatu bi artikuluetan ez EAJren argudioetan ez da ikusten lege horrekiko kritika zorrotzik; hau da, argi esatea “ez gaude ados baina behartzen gaituzte”, eta hori egin ezean, pentsa daiteke haiek ere, funtsean, ados daudela legeak dioenarekin.

Eztabaidaren subjektu nagusiei dagokienez, ezin da esan, EAJk bezala, ezker abertzalea dela gizartea aztoratzen ari dena. Hori ezker abertzaletik harago diren sektore zabalei muzin egitea da, ELA, Ezker Anitza, Podemos-Ahal Dugu eta beste eragile asko daudelako eztabaida horretan, eta akaso EH Bildu bera baino lehenagotik eta koherentzia handiagoz.


ASTEKARIA
2014ko ekainaren 29a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako monarkia ezbaian
Carlos Fonseca kazetaria
“O-23ko estatu kolpean, erregeak jeneral bati baimena eman zion kontzentrazio gobernua osatzeko”

Espainiako armadak antolatu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea, baina helburua omen zen Alfonso Armada jeneralak gidatuko zuen zibilez osatutako kontzentrazio gobernu bat eratzea, eta Juan Carlos I.ak baimendu egin zuen gobernu hori. Hori dio Carlos Fonseca kazetariak... [+]


Hego Euskal Herriko biztanleen gehiengo zabalak nahiago du errepublika monarkia baino

Elektomaniak egin du galdeketa. Gipuzkoa da estatu guztian lehenengo postuan geratu dena, Bizkaia bigarrena eta Nafarroa eta Araba, berriz, laugarren eta bosgarren.


2022-05-24 | ARGIA
Monarkiaren kontrako adierazpenak despenalizatzeko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk

Espainiako monarkia iraintzeagatik se hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra aurreikusten du zigor kodeak. Lege hori bertan behera uzteko eskatu dute EH Bilduk eta ERCk.


Galiza non ten rei

Itzuli da Juan Carlos eta Galizia aukeratu behar izan du erakusteko berak jarraituko duela egiten borboiaren puntan jartzen zaiona. Diotenez, diskrezioa eskatua zion Espainiako Errege Etxeak, ez zaiolako show handirik komeni, monarkia krisi existentzial bat bizitzen ari baita... [+]


Eskandaluak eta balizko maniobrak

Goiko esferetan mugitzen diren gizaseme zoriontsu guztiak antzekoak dira, eta egin behar ez luketen zerbait egiten atzematen dituzten guztiak berriz, bakoitza bere modukoa. Boris Johnson eta Iñaki Urdangarin, BoJo eta Besoluze –horrela deitzen omen dio Juan Karlos... [+]


Eguneraketa berriak daude