Hurrengo urratsa: gizarte mugimendu zabala eratzea

  • Gure Esku Dago herri ekimenak 150.000 pertsonekin lotu zituen Durango eta Iruñea joan den ekainaren 8an. Zeru urdinaz gain, ederra zen zerbait berria sumatu zen pertsona katearen gaineko aire horretan. Datozen hilabete eta urteetan ikusiko da zer den.

Herritarrek ETAren su-etenaren aurreko garaia gainditu nahi dute eta iraganeko lokatza etorkizuna baldintzatzeko erabili nahi duen alderdi politikoak jai izango du, bai EAEn bai Nafarroan.
Herritarrek ETAren su-etenaren aurreko garaia gainditu nahi dute eta iraganeko lokatza etorkizuna baldintzatzeko erabili nahi duen alderdi politikoak jai izango du, bai EAEn bai Nafarroan.Jon Urbe / Argazki Pres

Katebegiak etxeratu eta pausatu ahala hobeto joango da ikusten Gure Esku Dago ekimenak sasoi politiko berri honetara zer ekarriko digun, baina dagoeneko kontsentsuzko ideia batzuk antzematen ari dira. Lehena igandean gertatutakoa, giza katea beraren eraketa fisikoari dagokiona da: Euskal Herrian azken hamarkadetan izan den herritarren mobilizaziorik handi eta berezienaren aurrean gaude; ez da bakarrik helburua, hau da, jendetza biltzea, bidea ere klabea dela alegia. Halako ekimen batek oso maila handiko antolaketa eskatzen du eta bertan parte hartzen duten herritarrek oso ondo ulertzea ideia zer den eta zertarako nahi den.

Bigarrena katearen azpian dagoen oinarrizko ideiaren bueltan egituratzen ari da: Euskal Herrian oso ohituta gaude autodeterminazioa edo independentziaren aldeko ekimenetara, baina orain erabaki eskubidea atera da kalera, Ibarretxe planaren garaian ez bezala; eta krisi sasoi honetan herritarrak oso ondo ulertzen du erabakitzearena, batez ere, krisia ekarri duten arrazoiak nonbaiten eta ez demokratikoki hartzearen ondorio direlako, eta herritarrak berak erabaki gura duelako.

Hirugarren ideia gizartearen antolaketari dagokio: erabaki eskubidearen ideia nola zabaldu eta egituratu? Herritarren nahia bultzatuko duen gizarte zibil indartsuaren bidez. Bai, hori da Katalunian ANC, eta hemen ere hurrengo urratsetan egituratu nahi dena: erabaki eskubidearen ideia alderdien dinamika eta eraginetik at bultzatuko duen elkarte sendo, dinamiko eta bateratzailea. Ez dira bi elkarte berdin eta hemen ere ez da ANC modukoa izango, baina bai ideia beraren gainean eraikia. Udazken aldera emango dira elkartea egituratzeko lehen urratsak, eta bestela neguan edo datorren urtean, baina hori badator.

Ate berri bat

Ate berri bat ireki da giza katearekin, inork ez daki ongi nora garamatzan, baina bai zerbait berria ekarriko duela. Egia da igandean bildu ziren 150.000 horietatik gehiengo zabal bat seguruenik ikuspegi abertzalekoa dela, baina ez da egia txikiagoa egon ziren asko eta asko ez zirela bertan nazioaren ideiagatik, demokraziaren ideia soilagatik baizik. Hau da, ulertzen dutelako inposaketarekin baino demokraziaren ideian sakonduz hobeto bideratu daitekeela identitateen lehia eta herritarren nahiak. Espainiako trantsizioan autodeterminazioa oso sustraitua zegoen ezkerreko indar guztietan, baita PSOEn ere; gero hamarkadatan alderdi abertzaleek ia bakarrik –Ezker Batua ere hor zen Ibarretxeren Gobernuan– defenditu duten ideia da; eta orain, berriz ere, abertzale ez diren pertsona eta indar politiko askok bat egin du erabaki eskubidearen kontzeptuarekin, EAEko Podemos-Ahal Dugurekin gertatu den bezala (Nafarroako Podemosek joatea libre utzi zuen, baina ez zuen giza katea sostengatu).

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/ged2.jpg

[Argazkia: Gure Esku Dago]

Molde zaharrak

Bestelako moldeen gorpuzte eta azaleratzea ikusten ari garen moduan, ez dira falta ikuspegi zaharrak ere. Yolanda Barcinak ekainaren 8an bertan UPNren kongresuan esandakoak dira horren erakusgarri, batetik ekimenari buruzkoak: “Giza katea muntaia propagandistikoa da” edo “nafarrok hautesontzietan erabaki dugu nafar eta espainiar izan nahi dugula”. Galdera eta ñabardura asko egin litezke adierazpenei buruz, baina kasu honetan nabarmentzekoa da molde zaharraren ideiari dagokiona, hau da “que vienen los vascos” lelo zahar, higatu eta gero eta eragin gutxiagokoa. Datozen hilabeteetan etengabe entzungo duguna da, eta urtebete barruko udal eta foru hauteskundeetan benetan ikusiko da ea Nafarroako eskuin eta ezker espainolistak etekinik ateratzen dioten edo guztiz lurperatua geratuko den.

Zikoitzagoa da, aldiz, eta askoz esanguratsuagoa, etengabe ETAri begiratu beharra. “Kateari ekin zioten lehenak Tomás Caballero edo José Javier Mújicaren hilketak justifikatu edo isildu zirenak dira”. Bere botoemaile trinkoenari begira balioko dio –Kongresuko mezu gisa–, baina aurrera begira ez du ezer adierazten, ez baldin bada irabazle eta galtzaileen eskemari lotutakoa. 2011n ETAk armak uztea erabaki zuenetik gero eta argiago dago, herritarrek garai hura gainditu nahi dute, eta iraganeko lokatza etorkizuna baldintzatzeko erabili nahi duenak jai izango du, bai EAEn bai Nafarroan. Giza katearen izpiritua guztiz alderantzizkoa zen, eta hori erabakigarria da gizartea irabazteko: alaitasuna, elkartasuna, energia positiboa eta molde berriak etorkizunari begira. Zume horiekin egin daiteke saski sendorik.

Alderdien eskema soilean geratzea ere molde zaharrekoa da, eta horrek balio du ezker-eskuin, abertzale edo ez. Gure Esku Dagoren mezua argia da alde horretatik, gizarteak eta herritarrek dute protagonismoa eta gero alderdiek eta gizarte eragileek asmatu beharko dute nola. Bistan da instituzioak bakarrik ez direla nahikoa, eta gizartearen indarrak askatzen asmatzea giltzarri dela. Nola uler liteke bestela Eusko Legebiltzarrak ekainaren hasieran hartu berri duen autodeterminazioaren aldeko ebazpenak oihartzun askoz txikiagoa izatea handik astebetera antolatzen den giza kateak baino? 600.000 boto baino gehiago ordezkatzen zuten EAJ eta EH Bilduren Legebiltzarreko botoek, giza kateko 150.000 pertsonena baino gehiago, baina bigarren ekimen honek izan du askoz garrantzi handiagoa. Ez daude kontrajarriak instituzio eta gizarte bultzada, baina denak adierazten du haien arteko osagarritasunean ere izango dela aldaketarik, eta seguruenik bien mesederako gainera.

Giza kateak eta datorrenak ez dute aldatuko identitate talde bakoitzak Euskal Herria ikusteko duen modua, baina bai eskaini beharko luke berez gatazkatsua den esparrua aniztasunetik sakontzeko aukera, dagokionean herritarrek erabaki dezaten nola egituratu gura duten euren burua. Epe laburrean behintzat EAEn, Nafarroan eta Iparraldean, azken finean gizarte modura garrantzitsuena ez baita independentzia bai ala ez, hori erabaki ahal izatea baizik. Eta guk ikusten badugu, lehenago edo geroago, munduak ere ikusiko du.

Anjel Oiarbide: «Txikira beharrean handira jotzeko garaia da»

[Giza katetik] “Gaurkoak izan behar du gozatzeko egun bat, zentzumen guztiekin jasotzeko hemengo poz eta ilusioa. Indar hau guztia beharko dugu hemendik aurrera pauso sendoagoak emateko. Edozein proiektu, edozein motor martxan jartzeko beharrezkoa den gasolina da ilusioa. Garesti egon da orain arte. Aurtengo urtean ez gara aritu kanpoko iturrietatik ilusioa nondik jasoko, ez, ez, barrura begiratu, eta bakoitzaren iturritik elikatzen hasi gara. Ikasgaia hori izan da, kanpotik zer etorriko zain egon gabe, gure buruari begiratu eta egiteko zer daukagun ikustea.

Bi norabide genituen gaur. Garrantzitsuena barnera begirakoa: euskal herritarrek sentitzea, ikustea, frogatzea euskal herritarren artean gai garela elkarrekin bildu, batu eta oinarri beraren gainean pausoak emateko, elkarrekin gai garela ilusioa sortzeko, elkarrekin gai garela etorkizun bat irudikatzeko... hori zoritxarrez gauza berria izan da. Baina hori jada errealitate bihurtu da. Milaka herritar aktibo, protagonista, kalera irten dira elkarri eskua ematera eta hor dago gizarte bat hemendik aurrerako lana babesten duena eta oinarritzen duena. Zenbat lagundu duen urte osoan egin den konplizitate lan horrek, elkar ezagutzeak, aurreiritzi guztiak gainditzeak eta batez ere elkarlanak. Gure arteko harremanak oxigenatzeko beharrezkoa genuen.

Eta kanpora begira aukera paregabea daukagu. Aurten milioika lagun, milaka kamera eta foko egongo dira Europako bi puntutara begira: Eskozira eta Kataluniara. Euskal herritarrok gai izan behar dugu gu ere hor kokatzeko. Testuinguru politiko horretan gaurko asmoa zen munduari dei egitea ikusi dezaten gu ere hemen gaudela eta gure etorkizuna guk erabaki nahi dugula. Lurralde honetan bizi gara, sentsibilitate politiko desberdinekoak gara, nazio ikuspegi desberdineko jendea gaude, baina elkarrekin gure etorkizuna erabaki nahi dugu. Demokrazia hartuta oinarri, ez dugu zer garen esan nahi, baizik zer izan nahi dugun, zer eraiki nahi dugun. Hemen ez dago inor sobran, hemen denon beharra dago. Hemen bizi garen guztion artean erabaki behar dugu gure etorkizuna. Gaur irudikatzen da, sentitzen da, herritarrok eskubide hori eta jarrera hori barneratzen hasi garela.

Ekainaren 8tik aurrera zer? Hemen oinarri bat besterik ez da jarri. Dena dago egiteko eta hori oso ona da. Orain arte bezala biltzen jarraitu behar dugu, herriz herri, ahalik eta parte hartze zabalena lortzen, erabakitzeko eskubidea nola landu aztertzen... oraindik ez gara txoko guztietara iritsi eta guztietara iritsi behar dugu. Hemendik aurrera ere denon esku dago dinamika bat hastea. Ikusten dugu dinamika horrek udazkenera begira  bere fruituak eman beharko lituzkeela eta gune bat sortu non gai izan beharko genukeen pausoak adosteko eta aurrera begira lan egiteko. Ez dut dudarik aurrera begira honen antzeko ekintzak martxan jarriko ditugula. Honek elikatu egiten gaitu eta. Pentsatu behar genuke herri mugimendu eraginkor batek zer duen eskaintzeko euskal gizarteari. Eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik gauzatzerako pausoak eman behar ditugu serio. Txikira jo beharrean handira jotzeko garaia delako”.

Belaunaldien bostekoa

Lagunekin ama daraman autobusaren arduradun alaba doa. Bazen garaia edo erreleboa datorren seinale, zeuk aukeratu. Militante jubilatua bileretan lagunaren semearekin koordinatzen. Gurasoen belaunaldikoekin beti erraza ez dela entzun zaie gazteei, duela 30 urteko faktura bitxiak ateratzen dituzte mahaira. Ekintzaile zaharrak urtetan metatutako azpiegiturak oparitu dizkie hasi berriei. Kazetari gazteak estudio zentraletik kronika eskatu dio kalean oinezko erreportari dabilen zuzendari-ohiari. Segaz belarretan Gure Esku Dago zizelkatzen duen aitonaren irudi helikopterotik bidaliak semearen adinekoak antolatu ditu urrutiko txoko batean, ondoren Interneteratu ditzan biloba izan daitekeenak, ez abisua eman gabe ordenadorea sortzen ikusitako beterano horri sinfalta tuiteatu dezala titulua. Aitatxi bizikletan harat-honat peto berdea jantzirik, ama mikroarekin irratiz kontalari, semea bazkarien kantinako eltze artean. Ospitaletik ilunabarri duintasunez aurre egiten dion osaba R.U. patriarkak bidali du mezua: “Gure eskuak ere. +2 Donostiako Ospitaletik“. Egizute nerekin aberri bidea, kantatu dugu Iruñetik etxeratuta, adinen arteko katea ere apurtu dugulakoan: sua bizirik dago, galduak ez gera.
 

Xabier Euskitze (Urretxutik Deskargarako bidean, 42. kilometroan)

[Giza katea egin zuten diasporako hiri hauetan: Geneva, New York, San Frantzisko, Boise, Buenos Aires, Mexiko Hiria, Sydney eta Londres]. “Gaur giza-katea osatuko duten diasporako hainbat lekutan dezente ibilia naiz. Oso adierazgarria eta hunkigarria da ikustea hainbeste mila kilometrora dauden euskaldunak gure helburuarekin bat egiten ari direla”.

Kike Amonarriz (Beasainen, 57. kilometroan)

“Gure inguruan hizkuntza asko entzun ditugu. Euskara, gaztelera, katalana, Afrikako hizkuntzak... Euskal Herriaren etorkizunean hizkuntza desberdinen, jatorri eta pentsakera desberdinen kudeaketa izango da giltzarria. Herri anitza osatzen dugu eta denok argi dugu herri honetan denontzako lekua dagoela eta denon esku dagoela gure etorkizuna erabakitzea”.

Jon Alonso (Elorrio)

“Irlanda ez da Euskal Herria, Katalunia ez da Eskozia, Krimea ez da Kosovo… Aspertu arte erabili dute pernandokeria hau ilaje guztietako unionistek. Inon ez dago beste baten berdina den herririk, berdinak diren bi pertsona inon ez diren bezala. Dauzkaten edo ez dauzkaten eskubideek berdintzen dituzte. Norberaren estatusa erabakitzeko eskubidearen onarpena, horixe da koxka. Katalunia ez da Eskozia, ez horixe; batez ere Ingalaterra ez delako Espainia, horra”.

Elkarlanean bi ikus-entzunezko saio lehen aldiz

Herri ekimeneko hedabideen sektoreak orain arte egin duen elkarlanik zabalenaren bidez kontatu zuen eguna. Horren emaitza izan ziren, besteak beste, bi ikus-entzunezko saio: lehenak lau orduz zuzenean kontatu zuen goiza eta bigarrenak egunaren laburpena eskaini zuen gauean.

Nazioarteko oihartzuna

Nazioarteko hedabideetan giza katearen argazki positiboa zabaldu zen: Euronews, Chicago Tri­bune, New York Times, Russia Today,  The West Australian... Zerrenda osoa ikusgai Argia.com-en. Argiak nazioartean Euskal Herriaren berri emateari ekin zion, besteak beste, Interneten kronika nagusia ingelesez ere eman zuen.

Ómnium elkarte kulturalak Europako zortzi hiriburutan egin zuten castell bana erabakitzeko eskubidearen alde: Paris, Berlin, Brusela, Geneva, Lisboa, Londres, Bartzelona eta Iruñean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure Esku
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


“Popatik hartzera” bidali ditu ertzain batek hiru lagun, euskaraz aritzea eskatzeagatik

Hiru emakume euskaraz zuzendu zitzaizkien ertzain batzuei, jatetxe batengatik galdezka. Polizietako batek erantzun zien euskaraz bazekiela baina ez zuela erabiliko, eta "popatik hartzera" bidali zituen. Ertzainari plaka eskatu zioten orduan, eta poliziak erdiko hatza... [+]


Eguneraketa berriak daude