Gehien irabazten dutenek agintzen dute


2014ko ekainaren 05ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Gezurra da politikariek eta gobernuek agintzen dutela eta egiten dituztela legeak. Gezurra da Europan hautatu berriek egingo dituztela legeak eta ezarriko dituztela politikak Europarako. Egiaz agintzen dutenak mundu osoan agintzen duten berak dira: botere taldeak, lobbyak eta halakoak. Soldata milioidunak dituzten horiek inposatzen dituzte politikak, gobernuak eta parlamentuak diren arren publikoki ezartzen dituztenak. Haien atzetik baina, betikoak daude: multinazionalak, enpresari handiak, bankuak, espekulatzaileak eta inbertsio eta aseguru funts handiak.

Espainiako Estatuan esaterako, berriki ikusi dugu Mariano Rajoy presidentea enpresari nagusiek inguratuta. Eta Troika ere ikusi dugu Bilbon, Urkullu anfitrioi lanak egiten ari zela. Eurak sustatu dituzte lan eta pentsio erreformak, soldata politika murriztaileak eta neurri antisozialak. Eta zeintzuk dira? Espainiako Estatuan 30 pertsona daude botere ekonomikoaren gailurrean, beraiek “aholkatzen” dituzte politikariak, eta soldatak ere ez dituzte nolanahikoak: Florentino Pérez, ACS enpresako jabea, 4,5 milioi euro; Emilio Botín, Banco Santanderreko presidentea, 3 milioi; Francisco González, BBVAko presidentea, 5,17 milioi; Jose Ignacio Sánchez Galán, Iberdrolako presidentea, 7,44 milioi; Antonio Brufau, Repsoleko presidentea, 5,16 milioi; Cesar Alierta, Telefónicako presidentea, 6,5 milioi. IBEX indizeko enpresen kontseilariek euren langileek baino 75 aldiz gehiago irabazten dute. Aurpegia behar da besteei soldatak murriztu eta politika antisozialak ezartzeko. Gehien irabazten duten horiek dira agintzen dutenak, ez unean uneko politikariak.
 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude