"Aurreko legeekin gai izan bagara gure curriculuma garatzeko, oraingoan ere lortuko dugu"

  • Euskal Eskola Publikoaren jai bezperatan, LOMCEz, desobedientziaren ondorioez, azpiegiturez, hizkuntz ereduez, haurreskolaz, unibertsitateaz... galdetu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarteri (Hondarribia, 1961).

"Unibertsitatean 'ondorio larriak' baldin badaude, ez da gobernuak diru gutxi jarri duelako, finantzabide gehiago ditu unibertsitateak, eta beste leku batzuetan ere izango ditu arazoak. Egoera larria? Bai, larriagoak badaude".Dani Blanco

Azpiegituretan inbertsio falta nabaria dagoela salatu dute hainbat ikastetxek. Krisi garaiotan, zeintzuk dira Hezkuntzako lehentasunak diru partidetan?

Ikasle eta irakasleei eragiten dienak du lehentasuna: formakuntza, martxan ditugun proiektuak… Azpiegiturak oso inportanteak dira, baina bigarren lerro batean jarri ditugu, bestea babestea hobetsi dugulako; “pertsona helburu” dio gure leloak, eta irakasle eta ikasleen baldintzak mantentzea izan da gure lehentasuna, ratioak eta abar.

Haurreskoletako matrikula gurasoek diru-sarreren arabera ordaintzea ari zarete aztertzen. Aurrerapausoa da, sindikatuek eskatzen duten haurreskolen doakotasunerantz?

Gaur egungo egoera ekonomikoan, gure apustua izan da haur hezkuntza mantentzeko familiak laguntzea, euren egoeraren arabera tasak egokituz. Estatuan eta Europan hori da jarraitzen ari diren bidea, eta hori egin dezakegun hausnartuko dugu. Doakotasuna, dena den, ez dago mahai gainean, hau ez delako derrigorrezko hezkuntza, eta beste tokietan ere ez da doan.

Euskal curriculuma garatzeko, hainbat eragilerekin elkarlanean martxan duzue Heziberri 2020. Nahikoa adostasun lortuko duzuelakoan zaude?

Hiru egitasmo edo pausotan oinarritutako plana da Heziberri. Lehenengoa bukatu dugu eta adostasuna lortu da itunpeko eta publikoko eragileen artean: gure eredu pedagogikoaren markoa finkatu dugu, ikaslearen irteera profila eta erabiliko diren metodologiak. Denon artean lerro nagusiak jarri ditugu, nora jo nahi dugun jakiteko. Konpetentziak hartu dira oinarri, ebaluazioen garrantzia azpimarratu da, irakasleen formakuntza, hizkuntza, materialak, aniztasuna, ekitatea… Orain curriculum horren dekretuak prestatu behar ditugu hurrengo ikasturterako. Abiatu dugu dagoeneko prozesu hori eta eragile ugari ari da parte hartzen; eragile sozial eta politikoen adostasuna ere bilatu nahi dugu. Heziberri atera nahi dugu, baina atera nahi dugu adostasun zabal batekin, eta badakigu irizpide ezberdinak daudela, baina bitartekari lana egingo dugu, etorkizunean zer nolako ikasleak nahi ditugun denon artean erabakitzeko. Hirugarren pausoa legea da: batzuek lehenago nahi dute, bestetzuek beranduago, baina lege bat beharrezkoa da, eredu pedagogikoari eta dekretuei markoa jartzeko, eta hori ere adostu egin beharko da. Orain arte denek hartu dute parte, iritzia emanez eta ekarpenak eginez, eta oso lan polita egiten ari gara. Gai batzuetan adostasuna errazagoa izango dela beste batzuetan baino? Agian bai, baina denok helburu bera daukagu: dekretuak ateratzea, nahitaez.

Hain juxtu, Heziberriren lehenengo bilerara ez zenuela ikasle ordezkaririk deitu kritikatu dute ikasleek eurek. Ikasleei zuzendutako erabakiak beraien iritzia kontuan hartu gabe hartzen direla kexatu izan dira.

Horregatik bereizi genituen hiru egitasmo edo pauso Heziberriren barruan. Lehenengo egitasmoa oso pedagogikoa izan da, eta beraz maila pedagogiko batean landu behar zela ikusi genuen, batez ere zentroak eta irakasleak zirela parte hartu behar zutenak. Bigarren eta hirugarren egitasmoetan arauak sortuko dira (dekretuak eta legea) eta horietan denak daude gonbidatuta parte hartzera.

Baina ikastetxe eta unibertsitateko kontseiluetan ikasleek ez dutela ordezkari nahikorik diote Ikasle Abertzaleek.

Unibertsitate kontseiluan nik uste badaukatela beraien parte-hartzea eta eragina…

EHUko kontseiluaren %51 irakasleek osatzen dute…

Bai, baina neurtu behar da organo bakoitza zertarako den. Ikasleak egon badaude eta uste dut lan inportantea egiten dutela. Parte-hartze handiagoa behar dutela? Unibertsitatearen kasuan bere eremuko erabakia da eta antzerakoa da toki guztietan. Eta eskola kontseiluan ere egon badaude ikasle ordezkariak. Sailburu daramadan denbora honetan behintzat ez dut jaso kexarik, ordezkatuta sentitzen ez direla esanez.

Heziberri aurrera doa, baina baita LOMCE ere. Eragile ugarik ez du ulertu zergatik Jaurlaritzak ez duen lege horren aurrean planto egin, Kataluniako edo Andaluziako gobernuek bezala…

Baina egia da planto egin dutela? Gauza bat dira adierazpenak, eta beste bat egiten dena. Eta gai honetan haiekin leku beretan egiten dut topo eta egiten ari dira gu egiten ari garena, ezer desberdinik ez. Legea bere bidea egiten ari da eta ezin diogu uko egin, kontra gauden arren legea bete egin behar da, baina behin eta berriz esan dugu: lege horren barruan guk gure hezkuntza sistema babestuko dugu eta berau hobetzeko lanean ari gara. Koherente izan gara beti esan dugunarekin. Eta are gehiago, gobernu horiek guri galdetzen digute ea zer egiten ari garen eta guri begira daude, interesa dute gure lanean.

Dena den, Werten jarrera ikusita, uste duzu negoziaketak eraginkorrak izango direla? Zer da negoziaketa horien bidez bermatu nahi diren gutxiengoak?

Ez daukat esperantza handirik. LOMCEk puntu asko ditu eta askorekin ez gaude ados, Madrilgo Gobernuarekin adostu dugu hizkuntza kudeaketari buruzko dekretua ez aplikatzea EAEn, baina gainerako guztian ez dugu adostasunik lortu. Horregatik, legearen 19 artikuluri helegitea jarri nahi diegu Konstituzio Auzitegian. Eta bermatu beharreko gutxienekoak dira, batez ere, curriculuma eta ebaluazio sistema, ez delako onargarria curriculumaren %50a Madrilgo Gobernuaren esku egotea eta kanpo-ebaluazioak eurek kontrolatzea. Beste arlo batzuei ere jarriko diegu helegitea: Lanbide Heziketa, zentroen autonomia, eskola kontseilua… Aspalditik gureak diren konpetentziak zanpatzen ditu LOMCEk.

Eta zer ekarriko du helegiteak jartzeak?

Lehenik eta behin, esatea ez gaudela ados, Konstituzioaren aurkakoa delako eta gure konpetentziak zapaltzen dituelako. Hori noiz ebatziko den, hiru urte barru edo zortzi urte barru? Ez dakigu.

Eta ebatzi bitartean…

LOMCE ezarri beharko litzateke. Kostatuko zaigu legea bertan behera geratzea. Beste kontu bat da lege horren moldaketak lortzea, beharbada Espainiako Gobernuaren hurrengo legegintzaldi batean… Badakigu lege hau [Espainiako Estatuan ezarri dituzten] aurrekoak baino gogorragoa dela, baina aurreko seietan gai izan bagara gure curriculuma garatzeko, bide horretatik jarraituko dugu eta lortuko dugula uste dugu.

Iparraldean gertatzen dena gertatu liteke EAEn? Hau da, Seaskak Frantziatik ezarritako curriculuma eta ikastetxeak berak garatutakoa uztartzen duen moduan, Espainiakoa eta EAEkoa garatzea ikastetxeek?

Ez du zerikusirik. Frantzian oso zentralizatuta dago, Parisek ezartzen du curriculuma eta gero haiek zirrikituak dituzte ikasketak antolatzeko, baina ez daukate hemengo autonomia mailarik. Hemen Espainiako Gobernuak oinarrizko ikasgaiak sartuko ditu eta ikusi beharko dugu hori nola kudeatu, baina metodologiaren inguruan aukerak daude, sistema ez dago hain Espainiari lotua, edo lanean ari gara lotua egon ez dadin.

Denbora irabaztea da Jaurlaritzaren estrategietako bat? LOMCE etorkizunik gabeko legea dela esan da…

Urtetan egongo den lege bat izango dela uste dut eta horregatik lan egin behar dugu ez bakarrik denbora irabazteko, baizik eta gureari ekinez. Lortzen badugu legea bertan behera geratzea, primeran, baina zaila ikusten dut. Dena den, legearen muina, tripak aldatzeko esperantza badugu, LOMCEk aldaketak jasango dituen esperantza, [Espainiako Gobernuaren] hurrengo legegintzaldi batean.

LOMCE desobeditzeko gida aurkeztu dute hainbat eragilek, masiboki desobeditzera deituz. Ikastetxe gehienek erabakitzen dutena babestuko du Jaurlaritzak?

Guk argi daukagu legea bete egin behar dugula eta desobedientzia horren aurrean ikaslea defendatzea dagokigu. Desobedientziaren bidea jarraituz gero, zer gertatuko da ikaslearekin ikasturtea bukatzean? Legea bete egin behar dugu…

Baina Jaurlaritza ez da joango irakasleei espedientea irekitzera, ez?

… Zer egiten ari diren pentsatu beharko dute eurek ere. Denok toki berean egotea lortu behar dugu, eta ikaslea ongi atera dadila.

Lanbide Heziketa ere ukitu nahi du LOMCEk. EAEkoak prestigioa dauka eta eredu berri bat ezarri nahi duzue.

Bai, Heziberri egiten ari garen moduan, Lanbide Heziketarako ere curriculuma prestatzen ari gara datorren ikasturterako. Lanbide Heziketaren laugarren plana eta lege berri bat ari gara lantzen. Hemengo mailaren adierazgarri da adibidez maiatzaren 28tik 30era Donostian egingo dugun Lanbide Heziketako Kongresua. Oso potentea izango da eta 42 estatutako ordezkariak etorriko dira, tartean Obamaren aholkulariak.

Unibertsitatean berriz, Boloniarekin matrikulen prezioa igo dela, graduondokoak oso garestiak direla eta bekak murriztu direla salatu dute ikasleek.

Hori ez da egia. Matrikulen tasak ez dira igo, urteko KPIa baino gehiago. Eta baldintzaren batzuk aldatu dira, baina bekak mantendu egin dira.

Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak esan du, duela gutxi, “oso ondorio larriak” ekarriko dituztela unibertsitateko finantzabidean eta inbertsioetan egindako murrizketek.

Iazkoarekiko, unibertsitatera bideratutako aurrekontua 12 milioi euro igo da aurten. Beraien aurreikuspenetan igoera handiagoa espero zutela? Beharbada bai, baina gauden egoera kontuan hartuta ere, iazko partida handitu dugu. Egoera ez da erraza inorentzat, eta “ondorio larriak” baldin badaude, ez da gobernuak diru gutxi jarri duelako, finantzabide gehiago ditu unibertsitateak, eta beste leku batzuetan ere izango ditu arazoak. Dena den, beste toki batzuekin konparatuz, egoera ez da hain txarra, egokitzea dagokigu. Egoera larria? Bai, larriagoak badaude.

Seaskak Herri Urratsen kritikatu zuen azken hiru urteotan Jaurlaritzatik diru-laguntza gutxi jaso duela: 400.000 euro Iparraldeko 60 elkarteren artean banatzeko.

Bai, eta gehiena Seaskara doa. Sartu ginenetik akordio hori mantendu dugu, esfortzu handia eginez, eta inportantea da jartzen dugun kopurua, egoerak ez baitigu laguntzen.

Berriki ezagutarazi dira 2013ko Diagnostikoaren Ebaluazio Orokorraren emaitzak. Euskarri berria erabiltzeak emaitzak kaskartu dituela argudiatu duzu, baina gaztelanian hobera egin dute ikasleek eta euskara eta matematiketan okerrera. 10 urteko ikasleen herena ez da iritsi gutxieneko euskara mailara…

Emaitzokin harritu ginen eta zer gertatu den aurkitu nahian, konturatu gara diozun moduan euskarria ezberdina izan dela eta horrek eragina izan duela; aurreko emaitzekin konparaezinak dira, azterketaren baldintzak eta edukiak egokitu behar dira. Baina PISAko emaitzetan adibidez ikusi dugu ez dagoela aldaketa handirik aurrekoekiko.

Euskararena ez da kezkatzekoa?

Baina euskararena kezkatzekoa da orokorrean, eta V. Mapa Soziolinguistikoan ere ikusi dugu. Eskolak asko lagundu du euskara bultzatzen, baina hitz egitea, erabiltzea behar dugu, eta hori ez da eskolan bakarrik lortzen. Egia da ikusi dugula eskolan zenbat eta ordu gehiago egin euskaraz, emaitzak hobeak direla, eta bide horretatik jarraitu behar dugu.

Celaák ezarri zuen proiektu hirueleduna bertan behera geratuko da eta hizkuntza ereduen eskemara itzultzea da asmoa.

Proiektu hirueleduna esperientzia bat izan da eta amaitu egin da, ez da bertan behera geratu. Emaitza onak izan ditu, eta hori guztia kontuan hartuz, une hauetan Heziberrin definitzen ari gara hizkuntzen gaia nola landu. Bitartean, orain arte egin den ahalegina mantentzeko neurriak jartzen ari gara, irakasleen formakuntzarako laguntzak emanez-eta. Proiektu eleanitzak bultzatzearen alde gaude, baina ez gaude ados hirueledunak zioen moduan gutxienez ikastorduen %20 gaztelaniaz izan beharrarekin.

Hala ere, Heziberrin dagoeneko zehaztu duzuenaren arabera, A, B eta D ereduak mantentzea da asmoa, euskara ardatz.

Hori da oinarria. Euskararen Legeak dio hizkuntza aukeratzeko familiek duten eskubidea bermatu behar dela, bi hizkuntza ofizial ditugulako, eta horregatik mantentzen ditugu hiru ereduak, baina gure asmoa da hortik abiatuta euskara bultzatzea, eta A ereduko zentroetan euskara pixka bat gehiago sartzea proposatu dugu, legeak aukera hori ematen baitigu.

B eredua ere moldatuko litzateke?

B eredua ez dago moldatu beharrik, malgutasun handia ematen duelako zentroak berak euskara, gaztelania edo ingelesa gehiago edo gutxiago sar dezan. B ereduaz dioguna da ingelesa gehiago sartzen bada, ez dadila izan euskara kentzeko.

Hezkidetza eta Genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida-Plan interesgarria jarri duzue martxan.

50 ikastetxetan ari dira lantzen, eta hurrengo ikasturterako 100 daude aurreikusita, 50 publiko eta 50 itunpeko. Oso ondo ari da funtzionatzen, irakasleak oso inplikatuta daude eta eskaera izugarria izan da hasieratik.

Hezkuntzaren egonkortasuna bermatzeko, alderdi politikoen arteko Gutxieneko Akordioa aspaldiko eskaera da.

Heziberrin hori ari gara lantzen. Estatuan zazpi hezkuntza lege atera dituzte, baina Euskadin beti lortu dugu egonkortasun bat, adostasun zabalean egiten dugulako lan, hezkuntza eta gizarte eragileekin batera. Eta Heziberrirekin ere horri heldu nahi diogu: adostasuna lortu badugu curriculuma zein izan behar den zehazterakoan, adostasuna lortu behar dugu –eta horretarako lan egingo dugu– lege bat lortzeko. Legea alderdien arteko akordioarekin lortu nahi da eta badakigu ez dela erraza izango, baina denok dugu helburu bera: gure hezkuntza sistemaren alde lan egitea.


ASTEKARIA
2014ko ekainaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude