ARGIA.eus

2020ko irailaren 23a

Bogotak nahi du Basura Cero, baina utziko ote diote?

  • Apiriletik berriro –ikusi behar noiz arte– Bogotako alkate da Gustavo Petro, martxoan Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak kargutik kendu zuena. Petro ausartu da zaborren kudeaketa konpainia pribatuei kentzera. Mundu osoan bezala Kolonbian ere zerbitzu publikoetako enpresak alkate ezkertiarra jango luketenean dabiltza.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2014ko ekainaren 01a
Bogota Humana talde politikoaren webgunetik hartua, Gustavo Petro alkatea zabor bilketako kamioi barrutik agur egiten. Ekainean jakingo da 7,5 milioi biztanleko hiriaren buru izaten jarraituko duen ala Alejandro Ordoñez prokuradoreak lortu duen kargutik
Bogota Humana talde politikoaren webgunetik hartua, Gustavo Petro alkatea zabor bilketako kamioi barrutik agur egiten. Ekainean jakingo da 7,5 milioi biztanleko hiriaren buru izaten jarraituko duen ala Alejandro Ordoñez prokuradoreak lortu duen kargutik botatzea, azken hamarkadetan Kolonbiako zerbitzu publiko pribatizatuekin negozioa egin duten enpresaburuen mesedetan. Poztuko litzateke William Velez Sierra, Bogotako garbiketaz bezala Kolonbiako beste hiri askotakoaz okupatzen zen konpainia handienaren eta herrialdeko elektrizitate enpresa handienaren jabea, Kolonbiako gizonik aberatsenetakoa.

Gustavo Petro Bogota hiriko alkatea honela mintzatu zen Canal Capital Bogota telebistan, galdetu ziotenean alde guztietatik jasotako egurraz: “Jipoia aurreikuspenetan zegoen, ez gintuen harritu. Bagenekien zenbait hedabidek eta horietako zenbait pertsonak nola jokatuko zuten. Bagenekien nola jokatuko zuten ‘zaborraren merkatua’ deitzen den horretan indarra galtzen hasitakoan. Ezagutzen dugu azken hamarkadotan garbiketa zerbitzua pribatizatu izanak ekarri duena, ez bakarrik Bogotan edo Kolonbian: aski duzu Interneten ‘Napoli’ ipintzea eta ohartuko zara gai honek zer nolako neurria daukan”.

Deklarazio horiek 2012ko abendu amaieran egin zituen Petrok. Aste bete lehenago, ordura arte Bogotako hondakinen kudeaketa egiten zuten enpresek hiru egunez eten zuten zabor bilketa hiriburu osoan, sekulako kaosa sortuz. Telebistan aitortu zuen berandu erreakzionatu zutela. Hala ere gaina hartu zion erasoari.

Enpresek ez zuten etsi eta aurkitu zuten alkateari kolpe gogorragoa emango zion mailua. Kolonbiako fiskal nagusiak enpresen salaketak kontutan harturik 2013ko abenduan ez legezkotzat jo zuen Petrok Bogotan zaborren kudeaketari ezarritako eskema berria. Hamabost urtez kargu publikorik ezin eduki izatera kondenatu zuen. Martxoan Santos presidenteak kendu baina apirilean jarri behar izan du berriro, auzitegi gorenak erabaki arte zer egin alkatearen helegitearekin. Diote ekainean erabakiko dela.

Gustavo Petro (1960) Bogotako alkate da 2011z geroztik, Bogota Humana hautagaitzaren buru aurkezturik. Aurretik Polo Democrático Alternativo alderdiarekin diputatu eta senatari izana zen. Eta hori baino lehen, gaztetan, M-19 mugimenduarekin gerrillan ibilia zen, Aureliano ezizena erabiliz –García Márquezen Cien años de soledad liburuko protagonistaren izena– taldea 1990ean Gobernuarekiko elkarrizketa prozesu baten amaieran desegin zen arte.

Maureén Mayarekin batera idatzitako Prohibido Olvidar liburuan kontatu zuen Gustavo Petrok Kolonbiako kontrainsurgentziaren kontrako borrokan gerrillan bizitutakoa. Gero ¡Vamos a superar el Horror!. Gustavo Petro y la nueva izquierda elkarrizketa liburuan azaldu du bere pentsamendu politikoa.

Berrikitan Euronews kateari laburbildu dizkio bere agintealdiko asmo eta lorpenak, tartean droga kontsumoa zigorgabetzea aldarrikatuz. Urrun dago drogaren kontrako gerra famatuaren eskemetatik: “Bakeak etorri behar du loturik eredu politikoaren aldaketarekin, herritarrak gizartean barneratzearekin, Kolonbia demokratizatzearekin, baina narkotrafikoari irtenbideak ausardiaz bilatzearekin ere bai. Mundu mailako eztabaida baten parte da, zeren lehenbizi gizarte mailako berdintasunik eza gertatu zen, gero etorri zen bortizkeria eta beranduago narkotrafikoa, honek bere alde erabili du bortizkeria. Baina lehenbizikoa konpontzen ez badugu, bortizkeria sorrarazi zuena, ez dugu konponduko bigarrena ere, narkotrafikoa”.

Zaborren gerra Kolonbian

Petrok Bogotako alkate izateko agindu zuen “pakete sozialaren” barruan zetorren hondakinen kudeaketa aldatzea. Aspalditik konpainia pribatuen esku zegoenez, alde batetik enpresa publiko bat sortu zuen pribatuei konkurrentzia egiteko eta bestetik munduaren parte gehienetan bezala Bogotan ere zaborretatik bizi diren langile informalak normalizazio bidean sartzen hasi zen.

Zero Waste ideiak biltzen ditu hondakinak murriztuz zaborraren klase guztietako kalteak urritzeko estrategiak, gaikako bilketatik hasita, berrerabiltzea, birziklatzea eta abar. Baina Iparralde aberatsa ez den mundu gehienean hondakinetatik bizimodua ateratzen duten langileen bizi-baldintzak ere biltzen ditu. Filipinetatik Argentinara eta Mexikotik Indiara, pasaturik Egiptoko Zabaleen famatuen artetik, milaka behargin xumek bizi nahi du herritarrek bazter utzitako produktuak berrerabiliz edo birziklatuz.

Zazpi milioi eta erdi biztanle dauzkan Bogotan 14.000 inguru dira kaleetan bezala zabortegi nagusian paper, metal, plastiko eta abarren bilketan. Egunean zabortegira 1.500 tona gutxiago iristea beren meritua zenez (6.000 tona gehiago eramaten zituzten 2012an garbiketako konpainiek), langileok kudeaketa eskemaren barruan integratzeko promesa egin zuen Petro. Gaur arte haietako 4.000 baino gehiagok lortu dute beren lanbidea ekonomia arautuan sartzea.

Reciclador hauen liderra Nohra Padilla da, 2013an Goldman saria –Nobel Berdea ere deitzen diote– eman ziotena Rossano Ercolinirekin batera. Padillak lan handia egin du birziklatzaileak talde eta sindikatuetan biltzen. Alkatearen erabakiari adina zor zaio Padillaren ahaleginari Bogotan Basura Cero eskema berriarekin lortu izana birziklatzaileek beren lanaz bildutako materialak udalak prezio txukunetan ordaintzea.

Bogotako zaborren greba “Crónicas de una lucha por la inclusión” erreportajean kontatu du Women in Informal Employment: Gobalizing and Organizing (WIEGO) elkarteak. 2012ko abenduan Bogota zaborretan itotzea erabaki zuten azken 20 urteetan zerbitzu publiko hori kudeatzen zuten enpresa pribatuek: Petrok alkatetzatik arau berriak jarririk, enpresa publiko berriak jaten zien pribatuei merkatuaren zati on bat eta beste puska bat kaleko txatarrero eta traperoek. Konpainiek zabor-bilketa eten zuten hiru egunez.

Baina Bogota ez zen bihurtu Napoli, kaleko birziklatzaileek erabaki zutelako udalari laguntzea. Azpiegitura kaxkarrekin -kamioi handiak konpainienak dira- baina azkar antolatu zuten hondakin bilketa. Istilua handia izan zen, hala ere, eztabaidak ere bai. Denetan bezala han ere industriaren eta bankuen ugazabenak diren hedabide nagusiek zaborren gudua ongi berotu zuten.

Hura gainditu zuen, ordea, Basura Cero programak. Orduan auzitegitik egin zioten su. Artilleria gogorra gordetzen da fiskaltzetan, Espainian bezala Kolonbian. 15 urterako kargu publikorik eskuratzea debekatu zion Alejandro Ordoñez prokuradoreak. Gero goragoko auziak eten zuen erabakia, ikusiko da noiz arte.

Zerbitzu publikoen enpresak ez daude etekinak gutxitzeko. Hurbilago, Gipuzkoan, bankuek lapurren gisa GHKri saldutako swapen aferan kreditu pozoitsuon alde ari zen abokatuetako batek esan zion kazetari bati gaztelaniaz: “Igual se creían que iban a salir de rositas”. Aldaketa nahi duenak larrutik pagatuko duela, alegia.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hondakinen kudeaketa  |  Kolonbia

Hondakinen kudeaketa kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko ekainaren 01a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude