Ilusioa, puxika eta lokarria

Euskal hiztunok baditugu gure ajeak, baina beste hainbat estrukturalak dira, iraunkorrak. Euskara hizkuntza txikia da inguratzen dutenen ondoan, eta inertziak kontra ditu ia beti. Etengabeko indar horri aurre egiteko beharrezkoa dugu hizkuntzarekiko grina, hizkuntza komunitatea eraldatzeko gogoa berdintasunera bidean.

Baina, grina indartzearekin batera, komeni zaigu euskaltzaleok normalizazioa irudikatzea arnas luzeko prozesu baten modura, itolarririk gabe eta bizipozez hartu beharrekoa, gabezietatik ardura elikatuko diguna eta lorpenetatik, ilusioa. Ez da erreferentzia txarra Karmelo Ayestaren Goza daiteke gehiago liburua.

Ilusioa pizteko ahaleginean, ordea, badira bi arrisku saihestu beharrekoak: konformismoa eta ameskeria.

Konformismoak amets egiteari uko egiten dio eta egingarri ikusten denaren mugak azpimarratzen ditu aldiro. Baina euskararen historiak argi erakusten du zenbateraino izan den eraginkorra muga horien gainetik begirada luzatzea eta haragoko ametsen bila joatea. Esaterako, bertako erakundeak sortu eta administrazio zati asko heredatu zirenean, hainbat kasutan handira egin zen apustu eta erakundeak euskalduntzeko planak ezarri ziren. Eskerrak! Konformismoak ez zukeen ekarriko gaur egun zenbait administraziotan dugun egoera ona –kontrasteak, administrazioan bertan– eta gauza bera esan daiteke ikastolez, komunikabideez, euskara elkarteez eta abarrez.

Bere aldetik, ameskeriak berehala bete nahi du ametsa, uko eginda egingarritasuna eta erritmoak aztertzeari. Azken hamarkadetan ameskeriaren adibide ugari ikusi ditugu, eta esango nuke hainbat ingurutan sumatzen den frustrazio puntua ere ameskeriak eragindakoa dela, ilargia eskuratu ez izanaren zaputzak. Frustrazioa saihesteko, beharrezkoa da ametsari forma zehatza ematea eta, ahal bada, zenbakitan jartzea; eta gero ametsera daraman bidea marraztea: epeak eta erritmoak, ibilbidea eta tarteko helmugak, funtzioak eta eragileak, baliabideak eta antolamendua. Horrela bakarrik kudeatu daiteke ondo bilakaera.

Ametsa behar dugu eta doikuntza, airez betetako puxika ameslaria eta lurrari ongi itsatsitako lokarria. Puxikak lokarria jarriko du eguzkiari begira, eta lokarriak puxikari eutsiko dio, haizeak eraman ez dezan. Amets doitua behar dugu: begirada luzaraziko eta handira jokaraziko digun ametsa; eta amestutakoa lortzea eta lortutakoaz gozatzea ahalbidetuko digun doikuntza.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude