ARGIA.eus

2020ko uztailaren 03a

Amonaren etxera basoan barrena

  • Antony Browne::Basoan barrena

    Pamiela-Kalandraka, 2013

    Itzulpena::Manu Lopez gaseni

Xabier Etxaniz Erle
2014ko maiatzaren 04a

Haurrentzat, eta hain haur ez direnentzat ere, eginiko liburu interesgarri eta apartak direla eta, egin zen ezagun Anthony Browne. Ezagunak dira hark eginiko gorilak, bai eta Urdeburuak bezalako lanak gure artean. Oraingoan, berriz, 2004an sorturiko Basoan barrena plazaratu da euskal irakurleen gozamenerako.

Liburuaren azala eta kontrazala hartzen dituen irudi barnean daude egilearen izena eta lanaren izenburua; azken hau txartel bat irudikatuz eta norabide bat, basoan barrenera doan bidea, markatuz. Zuri-beltzezko irudi horretan mutiko bat ageri zaigu koloretan, saski bat eskuetan basoan barneratzen ari den mutiko bakarti eta aurpegi gabea.

“Gau batean hots izugarri batek esnatu ninduen” esaldiarekin ekiten dio egileak lanari, eta eskuineko orrian tximista ikaragarria ikus dezakegu leihotik at. Koloretako mundu batean protagonista, eta honen ohea, zuri-beltzean ageri zaizkigu. Brownek koloreen erabilera hori egin du liburu guztian zehar; irakurlearengan arreta toki, pertsonaia, giro batzuetara erakarriz. Ekaitzaren hurrengo egunsentian aitaren hutsunea nabari da istorioa kontatzen duen mutikoaren etxean; ama eta mutikoa, serio, adierazpenik gabeko aurpegia dutelarik, ageri dira aitaren aulki hutsa nabarmentzen den irudian. Eta aitaren hutsune hori, gabezia hori, izango da istorioko gakoetako bat.

Bestea 9. orrian dugu: “Hurrengo egunean, amak amonari gozopil bat eramatea eskatu zidan, amona gaixorik baitzegoen”, eta esaldi hori irakurtzean denoi datorkigu burura Perrault eta Grimm anaien Txanogorritxu ezaguna. Eta hain zuzen ipuin horri erreferentzia eginez, “bi bide daude amonaren etxera iristeko: luzeena, azkengabea dena; eta basoan zeharreko bidezidorra. ‘Ez joan basoan barrena’, esan zidan amak’. Joan zaitez bide luzeenetik’. Baina egun hartan, lehen aldiz, lasterbidea aukeratu nuen. Lehenbailehen etxeratu nahi nuen, aita itzultzen bazen ere.”

Brownek ederki islatzen du basoaren izpiritu beldurgarria, misterioa, ikara… hainbat herri ipuinen erreferentzia zuzenez eta zeharkakoez osatuz irudiak, eta basoari berari ere bizia emanez. Giro horrek mailarik gorenena lortzen du beroki gorri bat ikusi eta janzterakoan: “Jantzi bezain laster beldurra sentitzen hasi nintzen. Zerbait jarraika nuela sentitzen nuen. Orduan amonak otso gaizto bati buruz kontatu ohi zidan istorio bat gogoratu nuen”.

Argumentuaren korapiloa, edo korapiloak esan beharko genuke, bidaiaz gain aitaren desagerpena ere badagoelako, oso lortuak dira. Liburuan zehar pilatzen joan den tentsio guztiak amaiera du amonaren etxean, eta are amaiera ederragoa etxera itzultzean.
Irudiak hitzak baino askoz indar handiagoa du amaiera horretan, eta lehen pertsonan kontaturiko istorio honetan, lehen pertsonaren begiekin ikusten ditugun irudi hauetan, gu geu ere besarkatu behar gaituztela ematen du, baina hori nola, nork eta zergatik den jakiteko liburua begiratu, merezi du eta (behin baino gehiagotan irakurtzea ere).

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Haur eta gazte literatura

Haur eta gazte literatura kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2014ko maiatzaren 04a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude