"A" xehe batekin idazten da alternatiba

  • Bestelako mundua posible da” egiten zuten aldarri manifestariek mundializazioaren aurkako mugimenduaren hastapenetan. “Posible” hitza “beharrezko” berbarengatik aldatu dela dirudi orain, bai behintzat herrialde garatuetako biztanle arrunten artean –Occupy mugimenduak “%99a” izendatzen duen talde zabal horretan, alegia–.

Occupy Wall Street mugimenduak sistema kapitalistaren bihotz-bihotzera eraman zuen duela hiru urte bestelako mundu baten aldarria. Protesta horiek anarkismotik aztertu ditu David Graeber antropologoak.
Occupy Wall Street mugimenduak sistema kapitalistaren bihotz-bihotzera eraman zuen duela hiru urte bestelako mundu baten aldarria. Protesta horiek anarkismotik aztertu ditu David Graeber antropologoak.David Shankbone / CC-by

Askori neoliberalismo hitza ez zaigu trabatzen jada, haren ondorioak geroz eta gordinago bizi ditugu azken urteotan, finantza eta ekonomia krisia hasi zenetik agindu duten eskubide sozialen murrizketak medio; eta hasierako haserrea desesperazio bihurtu aurretik, alternatibak premiazkoak dira.

Mundu osoan xede horrekin antolatu diren herritar sareek, izan Occupy, M15 edo beste hainbat esperientzia lokal, ezaugarri batzuk partekatzen dituzte, hala nola, auto-antolakuntza, politika aurre-figuratiboak, deszentralizazioa... Eta, zenbaki honen ardatz gisa hartu dugun David Graeber antropologoak seinalatzen duen moduan, praktika horiek hurbilago daude anarkismoaren postulatuetatik marxismotik baino –“a minuskulaz” idazten den anarkismoa deitzen dio berak–.

Occupy mugimenduaren inspiratzaileetako bat izan zen egilearen ideietara hurbilpen bat proposatu dugu Larrun honetan, XX. mende amaierako altermundialismotik plazak hartu dituzten herri mugimendu berrietara. Gainera, 2004an Andrej Grubacic-ekin elkarlanean ZNet webgunean argitaratu zuen “Anarkismoa, XXI. mendeko mugimendu iraultzailea” artikulua itzuli dugu.

Hil kanpaiak jo izan dizkiote mugimendu altermundialistari behin baino gehiagotan, ikusita zein ibilbide gorabeheratsua izan duen 1999an Seattlen Munduko Merkataritza Erakundearen aurkako protesta jendetsuen ostean hasi zen goi-bilera, manifestazio, istilu eta foro alternatiboen zikloak XXI. mende hasieran. Eta hala bizi izan dute bestelako mundu posiblearen alde urteotan beren burua antolatu dutenek ere. Baina protestek jaso duten arreta mediatikoa gorabehera, mugimenduetan une batean edo bestean parte hartu duten pertsona kopuruaz despit, kapitalen mugagabeko zirkulazioak munduko biztanleen gehiengoari egindako kalteak izan du ondoriorik herritarren artean. Gaur egun Seattlen pentsaezina zen kontzientziazio gradua dago herrialde garatuetan. Gehiago dira orain, duela hamabost urterekin konparatuz gero, bestelako mundua posible bakarrik ez, beharrezko, are, ezinbesteko dela uste duten pertsonak.

Ez da etiketa bat, ez da partidu bat, ezta mugimendu antolatu bat ere –hitzaren zentzu klasiko eta hierarkikoenean behintzat–; ez dira gehiago “antiglobalizazio” edo “altermundialista” edo dena delako. Zerbait zabalagoa da, mundu osoan gertatzen ari da eta manifestazio lokal ugari ditu. Duela hiru urte AEBetan, sistema kapitalistaren bihotz-bihotzean, Occupy Wall Street izena hartu zuen. Eta mugimendu horren inspiratzaileen artean dago Larrun honen ardatz izango den David Graeber antropologo estatubatuarra.

Seattletik Wall Street okupatzera, Hego Amerikatik pasa ondoren

2011ko abenduan gaude, hiru hilabete pasa dira milaka lagunek New Yorkeko Zuccotti parkean kanpaldia hasi zutenetik, enpresa handiek gobernuetan duten eraginaren eta desberdintasun sozialen kontrako protestan. Ross Wolfek elkarrizketa egin dio Graeberri, honen Fragments of an Anarchist Anthropology (Antropologia anarkista baten txatalak, 2004) eta Debt: The First 5000 years (Zorra: lehenbiziko 5.000 urteak, 20121) liburuak ardatz hartuta. Platypus 1917 webguneak argitaratu zizun elkarrizketa horren bertsio laburtu bat.2 Bertan Graeberrek testuingurua ematen dio Occupyri, sistemaren aurka antolatzeko azken hamarkadan ibili den aldapan kokatzen du: “Mugimendu altermundialistako jende askok, neuk ere bai, sentitu dugu gure ahaleginaren jarraipena dela, sekula ez baikenuen pentsatu altermundialismoa bukatuko zenik. Urtero jotzen genuen buruarekin pareta, esanez ‘bai, oraingoan benetan itzuli gara berriz. Ai, itxaron, igual ez’. Gutako asko pixkanaka etsitzen hasi zen, egoerak berriro gora egingo ote zuen guk kalkulatzen genuen moduan. Baina gertatu egin zen, gizarte demokratiko batek izan beharko lukeenaren eredu aurre-figuratu bat sortzen ahalegintzeko taktiken konbinazio gisa, protesta edo ekintzak antolatzeko bide gisa, gobernu egitura ez-demokratikoaren kontra”.

Occupy eta XX. mende amaierako mugimendu altermundialista: ez dira gauza bera, baina soka berdinaren bi korapilok lotzen ditu Graeberren ustez, zorraren krisi bereko bi momenturi emandako erantzunak dira. “Esan liteke mundua 1960ko hamarkadatik zorraren krisipean bizi dela modu batera edo bestera. Denbora honetan, gehienetan krisia munduaren Hegoaldera desbideratu izan da, eta neurri batean atzeratu egin da Ipar Atlantikoan, ekonomiarik sendoenak dauzkaten herrialde eta lekuetan, kreditua usatuz jendearen ezinegona baretzeko”. Baina atzeratzea eta indargabetzea gauza diferenteak dira. Gainera, mugimendu altermundialista gai izan da erantzunak artikulatu eta Mundu Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren politikak errefusatzeko, baita bi erakunde horiek euren eremuetatik kanporatzeko ere, Hego Amerikako zenbait estatuk egin duten moduan.

“Eta orduan etxera etorri zen”, dio Graeberrek. 2008tik hona ikusten ari gara: finantza krisia deklaratu eta politika neoliberalak muturrera eramaten dituzte ekonomia guztia gutxi batzuen interesen zerbitzura jartzeko. Akabo ongizatea edo, bestela esateko, gutxieneko bizi baldintzak herrialde garatuetako biztanleentzat. Mezua da: “Gure aukeren gainetik bizi izan gara, orain gerrikoa estutu beharra dago”. Ahal duena salba dadila, herritar arruntari, biztanleriaren %99ari, nola edo hala bizirautea beste aukerarik ez omen zaio geratzen eszenario berrian.

Edo akaso ez. Duela hamar urte Hego Amerikan aurrean zeukaten gauza berari aurre egin behar. Hori izan zen Occupy bezalako mugimenduen xedea eta hori dela-eta, ez da kasualitatea Graeberren ustez, altermundialismoak erabilitako formen antzekoak baliatu izana: zuzeneko demokrazia, politika aurre-figuratiboa –sortu nahi den mundua gaur eta hemen martxan jartzen saiatzea, alegia– eta ekintza zuzena. Baina ez Hego Amerika txiroan, ustez aberatsa zen New Yorken erdi-erdian baizik. Edo Madril suminduan, Atenas sutuan, Parisen, Londresen.

Isil daitezela kanpaiak, gorpu hori hilda egoteko asko mugitzen ari da eta.

Ezkerraren bila World Trade Centerreko kondarretan

Neoliberalismoa da mugimenduok borrokatzen dutena eta Graeberrek argi dauka kapitalismo garaikidea ardazten duen pentsamolde hori gehiago dela politikoa ekonomikoa baino. Baita erreakzio gisa sortu zela ere: “Zerikusia du 1960ko hamarkadan mugimendu sozialek lortu zituzten garaipenekin, izan gerraren kontrako mugimenduek, feminismoak, kontrakulturak eta abarrek. Honek ekarri zuen halako zigor bat; garaipen politikoa lortzeko, eragotzi zioten edozein mugimendu soziali sinestea arrakasta lortu zezakeenik kapitalismoari aurre eginez edozein modutan edo harentzako alternatiba bideragarria eraikiz”.

Eta antropologo anarkistaren ustez, joera hori indartu egin zen New Yorkeko Dorre Bikien aurkako atentatuez geroztik: “Egia da irailaren 11ko hura une oso egokian iritsi zela ere, eta eraso hura gertatu ez balitz haiek saiatuko zirela asmatzen beste aitzakiaren bat itsasoz haraindiko gerra pizteko. Zeren badirudi hori dela gertatzen dena, azkenik oinarrietako mugimendu politikoak ernetzen ikusten dituzunean, izan eskubide zibilen aldekoak, antinuklearrak, justizia globalaren aldekoak edo edozelakoak. Niri azpimarragarria iruditzen zait zera: zein fite gertatzen diren bata bestearen ondoren,  klase agintaria panikatzea eta sentitzea kontzesio handiak egin behar dituela, eta ia beti hastea urruneko gerraren bat”.

Berlingo Harresia erori osteko mundua da, “terrorismoaren kontrako gerra” bezalako kontuez hitz egiten duen mundua, ezkerrik eta eskuinik ez dagoela aldarrikatzen duena. Bukatu dira ideologiak? Auzi horren inguruan galdetuta, alegia, ea Occupy bezalako mugimendu batean ezker-eskuin dikotomiak zentzurik ba ote duten Graeberrek baietz erantzuten du, baina ñabardurekin: “Badago joera tamalgarri bat identifikatzeko ‘Ezkerra’ ez ideia edo ideal multzo batekin baina egitura instituzional batzuekin. Indibidualista, anarkista, intsurrekzionista eta primitibista askok Ezkerra deitzen diete alderdi politiko ezkertiarrei, sindikatuei, modu orokorrean ‘bertikalak’ deitu ditzakegunei, eta ulertzen dut zergatik egon daitekeen jendea uzkur norbere burua horiekin parekatuta ikustearen aurrean. Baina aldi berean gutxienez II. Mundu Gerraz geroztik ari gara entzuten eskuinaren eta ezkerraren arteko ezberdintasunak ez diola axola. Ia bost urtero esaten den zerbait da, deklarazio handiak pizten dituena. Haiek hain sarritan esan behar izateak berak erakusten du ez dela egia. Antzeko deklarazio handiak esanez aurrerazaleen narratiba osoa bukatu dela. Belaunaldi oro egiten dute gauza bera. Baina zertarako iragarri behar lukete belaunaldi oro benetan bukatua balitz? Nire ustez kontzeptu horiek bizirik daude”. Hau da, Graeberren ustez, Occupy bezalako mugimenduek hizkera inklusiboa erabiltzen badute ere, joera politiko zehatzekin beren burua identifikatzen ez duten pertsonak barne, oinarrian ezkerreko planteamenduak daude.

Kapitalismorik gabeko gizartea jada existitzen da

Alternatibez hitz egiterako orduan Graeberrek hartzen duen jarrera xumea deigarria da. Ez duzu teoria miragarririk aurkituko haren testuetan, ez kontzeptu zailegirik, ezta behin betiko soluziorik ere. Baina bai orain, hemen, ekiten hasteko heldulekuak. Etengabe hitz egiten du orain sortzen hasteaz gero nahiko genukeen gizarte mota, gizarte horretan funtzionatuko luketen instituzioak, prozesuak eta bertan parte hartzeko mekanismoak. Eta abiapuntua bera da baikorra: ez gaude hain urrun kapitalismorik gabeko gizartetik. “Nire ustez ‘osotasun kapitalista’ ez da existitzen gure irudimenean baizik” azaldu zuen 2011n egindako elkarrizketan. “Ez dut uste kapitalismoaren osotasun bat dagoenik. Nire ustez  kapitala dago, izugarri indartsua dena, eta ordezkatzen du halako logika bat, gaur parasitoa dena bestelako milioi bat harreman sozialen bizkar, hauek gabe ezingo bailitzateke existitu”.

Kapitalaren logika horrekin paraleloan ordea, bestelako balore batzuen arabera funtzionatzen duten harreman asko daudela argudiatzen du Graeberrek: “Askoz xuxenagoa dela argudiatzea posibilitate sozial eta politiko guztiak aldi berean existitzen direla. Zenbait kooperazio modu soilik kapitalismoaren jardueragatik posible izateak, besterik gabe horrek ez ditu kontsumo gaiok edo produkzio teknikok kapitalista bihurtzen. Horrek ez ditu kapitalismoaren parasito bihurtzen, gobernurik gabe funtzionatu baitezakete faktoriek. Zenbait kooperazio eta kontsumo gaik sozialista bihurtzen ditu. Trukeko logika, ekintzako logika eta kooperazio logika ugari eta kontraesankor dago beti. Bata bestearekin lotuta daude, elkarren kontraesangarri, etengabeko tirabiran. Ondorioz, bada oinarri bat kapitalismoari kritika egiteko, baita hori egin bitartean kapitalismoak alternatiba guzti horiek bere baitan hartzen dituen artean ere. Egiten dugun guztia ez dago kapitalismoaren logikari lotuta. Batzuek diote egiten dugunaren %30-%40 baizik ez dagoela kapitalismoaren logikaren mende lotua. Komunismoa dagoeneko existitzen da batak bestearekin milioika maila ezberdinetan dauzkagun harreman gertukoetan, eta ondorioz, kontua gehiago da hori pixkanaka zabaltzen joatea eta azkenean suntsitzea kapitalaren indarra, eta ez ukazio absolutuaren ideia hori, erabat ezezaguna den zerbaitetan murgiltzen gaituena”.

Bestelako mundua hemen dago beraz. Norbaiti desinteresatuki laguntza ematen diozunean, borondatez egunero egiten dituzun ekintza guztietan, bizitza on bihurtzen duten gauza guztietan. Graeberrek eta bere ildokoek ez dute uste mundu perfektua lortu daitekeenik. Bai ordea helburu horretara iristeko prozesua bera dela bizitza ona. Aipatutako elkarrizketako azkenaurreko galderak laburbiltzen du posizio hori: “Ezin dut imajinatu mundu bat non gu geu ez garen iraultzaileak, irauliz elkarren arteko gure harremanak, eta irauliz posible denaz dauzkagun ideiak. Honek ez du esan nahi ez dugula noizbait –agian laster, espero dezagun– lortuko mundu bat non gaur dauzkagun arazoak ez diren izango umeak beldurtzeko ipuinak baino. Baina horrek ez du esan nahi egun batean gaindituko dugunik geure buruak iraultzeko beharra. Eta horren inguruko prozesua ‘da’ bizitza ona”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anarkismoa
2023-01-31 | Gedar
102 egun daramatza gose greban Alfredo Cospito preso politiko anarkistak, Sardinian

Jasaten ari den isolamendu-erregimena salatzeko ekin zion gose grebari Cospitok. Erroman, presoarekin elkartasunez, protestak izan ziren larunbatean, eta 40 pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.


Lola Iturberen eskola

Bartzelona, 1902ko  abuztuaren 1a. Lola Iturbe Arizcuren anarkista eta feminista aitzindaria jaio zen. CNTko kidea eta Mujeres Libres erakundeko sortzaileetako bat, 1936ko Espainiako Gerra amaitzean Frantziara alde egin zuen eta han Erresistentzian parte hartu zuen. Franco... [+]


2022-06-12 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Indarkeria matxista. Zer egin erasoa gauzatu duten pertsonekin?
Eraso matxisten kudeaketari buruzko hausnarketak, begirada anarkistatik

Poltsatik objektuak atera ahala, hitzaldira gerturatutako pertsonen begirada arretatsuaren pean ari da horiek kokatzen hizlarietako bat. Ur botila eta mukizapi pakete bat bazter batean, eta parez pare, distantzia dezentera, fruitu lehor poltsa eta hortzetako eskuila. Erdian,... [+]


Bakunin Batailoia; apaizez jantzita gizarte amurrioar fededuna astindu zuten miliziano anarkistak

Sergio Balchada Outeiralek liburua argitaratu du Gerra Zibilean alde errepublikarrean borrokatu zuten galiziarrei buruz. Horietako asko Amurrion egon ziren, Bakunin Batailoian. Bere presentziak amurrioarren arreta erakarri zuen, praktikatzen zuten ateismoak talka egiten baitzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude