"Nik ez nuke ulertuko EAE independente bat Nafarroarik gabe"

  • Bakartxo Ruiz (Iruñea, 1977) Bilduren bozeramailea da Nafarroako Legebiltzarrean eta, Goicoechea aferaren orrialdea pasata, burua gehiengo berrian jarria du. PSNrekin ezin bada, alternatiba haiek gabe osatuko dutela diosku, gizarteak emango duela horretarako aukerarik.

"Duela hamabost egun egin zuen hitzaldiagatik, ikusi genuen agian zabaldu daitekeela euskarari buruzko ponentzia bat [Nafarroako Legebiltzarrean] eta hor PSNk eman dezakeela urrats txikiren bat".

Gauzak asko okertzen ez badira, denak adierazten du PSNk UPNren gobernua sostengatzen jarraituko duela. Ez da oso baikorra, ez orain, ez hurrengo legealdirako.

Azken gertaerek hala adierazten dute, PSNk erabaki duela UPNk gobernuan jarrai dezala. Azken 30 urteetan, era batean edo bestean, bien artean erregimen hau iraunarazi dute, gehienetan PSNk UPN gobernuan sostengatuz. Legealdi hau ere horrela hasi zen eta une honetan krisian badira ere, saiatuko dira konpontzen eta erregimena berreraikitzen. Dena den, nik espero dut beste gehiengo bat osatuko dela, Nafarroak behar duen aldaketaren oinarriak jartzen hasteko.

Horrek esan nahi du EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren artean egun baino [18 dituzte] zortzi eserleku gehiago lortu behar dituzuela. Mirariak…

[Barre egiten du]. Gaur egun badaude baldintzak kalean gertatzen denak arlo politikoan ere bere isla izan dezan. Nafarroa ez da bakarrik UPN eta bere ingurua, Nafarroako jendartea aurrerakoia da eta orain dugu aukera eta erronka gehiengo hori instituzioetara ere eramateko.

2011ko hauteskundeetan ere jauzi handia eman zen. Orain beste bat?

Bai, baina orain esparru abertzaletik harago dagoen gehiengo soziala osatzen ari da, adibidez ikusi Aldaketa Plazaren ekimena, hor ez dago PSN egitura bezala, baina bai bere oinarri sozialaren zati bat.

PSNkoren batzuk badira, baina zuk uste duzu PSNren oinarri soziala kalean mugitzen ari den esparru horretan dagoela?

Sektore bat bai eta hori PSNren sektore kritikoarekin dago. Baina mugimendu sozialetan ibili edo ez, herritarren sektore batek konfiantza izan du PSN-n eta orain sekulako dezepzioa jaso du. Horren aurrean beste bide batzuk topatuko ditu benetako aldaketa eman dadin. PSN barrutik saiatu izan dira egoera hori aldatzen eta une honetan horietako asko PSN kanpotik aldatzen saiatuko dela uste dut.

Diozun gehiengo horretara hurbilduko badira, badirudi sektore horiek errazago joko dutela Geroa Bai edo Ezkerrara.

EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak erakutsi dugu benetako aldaketarako borondatea eta uste dut esparru oso hori aterako dela indartua hauteskundeetan.

Badirudi lehia gogorra izango dela maila guztietan, baita aldaketaren aldekoen artean ere. Zuek bigarren indar politiko moduan ikusten duzue zuen burua?

Hauteskundeetan ikusiko da hori. Lehia egongo da, baina guretzat askoz garrantzitsuagoa izango da aldaketaren alde gauden sektoreen arteko elkarlana. Guk behintzat aldaketa horri emango diogu lehentasuna.

Galdetzen dizut hori inkestaren batek iradoki duelako halakorik, iradoki duen moduan PSNrik gabe ere oposizioak lor dezakeela gehiengoa Legebiltzarrean. Ez ote da UPNren jokaldia boto asmoa puztea, beraien sektorea bozka ematera aktibatzeko?

Inkestak inkesta dira, joerak, baina bai, uste dut benetako aldaketaren aldeko sektorea indartua aterako dela. Hala ere, eta gertatu den guztiarekin, UPN beldur da bere eremuko boto emaile asko abstentziora joan daitekeelako eta eginahalak egingo ditu hori saihestu eta bere esparrua aktibatzeko.

Ilegalizazioaren ondorioz, politikan ez zebilen ezker abertzaleko jende pila batek hartu zuen parte Bilduko zerrendetan. Zuk errepikatuko duzu hautagai gisa?

Zerrendak osatzeko prozesu bat dago eta hor erabaki beharko da hori. Pentsatzen ari naiz, baina egokitzen zaidan tokia beteko dut. Lau urteko konpromisoa hartu nuen eta hau gogorra da. Asko ari naiz ikasten esperientzia honetatik, baina argi dut irakaskuntzara itzuli nahi dudala, hori da nire lanbide maitea.

Benetako aldaketa aipatzen duzu: zein esparru lehenetsiko zenituzke aldaketa horri ekiteko?

EH Bildu gisa denbora daramagu oinarri horiek prestatzen. Arlo ekonomikoan lehentasuna erreforma fiskala da, oinarrizko zerbitzu sozialak kalitatez eskaini ahal izatea bermatuko duena. Gehien duenak gehien eman behar du. Hizkuntza eskubideen esparrua ere oso garrantzitsua da, bai administrazioa euskalduntzeko urratsak emateko, baita Euskararen Legea egokitu eta eremu ez euskaldunean euskaraz ikasteko aukera zabal dadin. Eskubide sozialak ere bereziki landu behar dira eta ikusita ematen ari diren eta aurreikusten diren atzerapausoak, hainbat ekimen prestatzen ari gara. Emakumezkoaren esparrua da horietako bat eta horretarako mugimendu feminista eta bestelako eragileekin harremanetan ari gara.

Legebiltzarrean ikusten duzunagatik eta haiekin duzuen harremanetan oinarrituta, ikusten al duzu PSN-n euskararen zonifikazio kontuetan aldaketak egiteko aukerarik?

Gure asmoa Euskararen Legea aldatzea da, baina legea bera aldatu gabe ere uste dut urrats txikiren bat eman daitekeela. UPN beti saiatu da legea bera ahalik eta zentzu murritzenean erabiltzen, baina legeak ez du debekatzen eremu ez euskaldunean D ereduan ikastea. Ez du bermatzen baina debekatu ere ez. Orduan, zergatik ez da zirrikitu hori baliatzen? Eskaera egon badago eta hainbat tokitan dezente gainera. Eremu euskaldunean edo mistoan legeak onartzen du herritarrak harremana euskaraz izateko eskubidea, baina gero ez da baliabiderik jartzen hori hala izan dadin. Beraz, PSNk ere euskararen esparruan urrats batzuk emateko aukera ikusten dugu. Duela 15 egun, esaterako, UEMAren bidez aurkeztu genuen eskaeran beste behin ere abstenitu egin zen, baina egin zuen hitzaldiagatik ikusi genuen agian zabaldu daitekeela euskarari buruzko ponentzia bat eta hor PSNk eman dezakeela urrats txikiren bat.

Ahal badu, lor dezala EAEk independentzia eta gero, nahi eta ahal badu, batuko zaio Nafarroa. Independentista askok hori pentsatzen du. Zuri zer datorkizu burura planteamendua entzutean?

Gaia konplexua da eta batzuetan zaila izaten da oreka bilatzea dena eta ezer ez artean. Eztabaida hori beste esparru batzuetan kokatu behar dugu: egia da, bi estatu ditugu, hiru eremu administratibo eta bakoitzak bere erritmoak ditu, baina nik ez nuke ulertuko EAE independente bat Nafarroarik gabe. Beste esparruek bezala, Nafarroak bere etorkizuna erabakiko du, esaterako Euskal Herriko zein Estatuko gainerako lurraldeekin zein harreman mota nahi duen finkatzeko. Kataluniak bide bat hartu du, baina uste dut euskal herritarrek ez luketela halako bide bat ulertuko.

Horren arabera, teorian behintzat, Euskal Herriaren independentziak asko itxaron beharko luke, besteak beste Nafarroan independentismoa oraindik urria delako.

Bide bat egiten ari gara eta gizartean gehien sustraitutako ikusmoldea erabakitzeko eskubidearena da. Hori da bultzatu behar duguna, eta erabaki dezatela nafarrek zer izan eta norekin egin nahi duten beren etorkizuna. Hain larria da herritarrek esatea zer pentsatzen duten? Esatea esan nahi dut, ez gauzatzea. Hain larria da hori?

EH Bildu oraindik ez da aurkeztu hauteskunde batzuetan Nafarroan. Bilduko zenbait indar –Sortu eta EA– eta Aralarren arteko harremanak tentsio handikoak izan dira iragan hurbilean. Koipeztatua duzue elkarlana?

Parlamentuan bi taldetan banatuta gaude baina urtebete daramagu elkarlan estuan eta bide luzea egin dugu. Legebiltzarretik kanpo ere EH Bildu sendotzen ari gara, toki batzuetan azkarrago eta beste batzuetan geldoago. Koalizioak beti koalizio dira eta ikuspegi desberdinak izaten dituzte, baina denok gaude EH Bilduren proiektuarekin konprometituta eta horren alde lanean ari gara.

Hasier Arraizek zera esan du Gara-ri emandako elkarrizketa batean: “Sorturen ustez, alderdien koalizio gisa EH Bilduren etapa bat amaitzen ari da. (…)”. Bere ustez “ezkerreko soberanismoaren fronte zabal bat eratze bidean aurrerapausoak emateko” ordua da. Zer esan nahi du horrek?

Testuinguru gabe zaila egiten zait ondo erantzutea. Guk beti diogu EH Bildu alderdien batuketa baino gehiago dela. Antolaketan eta funtzionamenduan orain arte alderdiek izan dute lehentasuna eta hemendik aurrera, eragile sozialekin funtzionatzeko erabili ditugun hainbat bide gure baitan ere erabili behar ditugu. Fronte zabalaz ari denean, uste dut ari dela esaten alderdietatik harago joango den zerbait egin behar dela, aldi berean hori praktikara eramanez.

Batzuetan entzuten da, EH Bildun Sortuk agintzen du?

Hori ez da egia, sentsibilitate desberdinak daude eta bakoitzak bere ekarpena egiten du. Bilera luze-luzeetan erabakitzen dira gure estrategia eta ildo politikoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Iruñeko Erorien Monumentua
Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista... [+]


2024-09-24 | Gedar
Foruzainei ere emango dizkiete taser pistolak

Araudi-aldaketa bat egitean, Foruzaingoan taser pistolak modu progresiboan hedatzea espero da: oraingoz, 150 ematea aurreikusi dute. Beste polizia-indar batzuetan ere ari dira arma hori zabaltzen, tartean, Nafarroako hamaika udaltzaingotan eta Guardia Zibilean.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


Jaurlaritzak ez du Zubietako erraustegia zigortuko Artaxoara lixibiatuak eramateagatik

Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.


Sunsundegui egoera “oso delikatuan” dagoela onartu du Mikel Irujo kontseilariak

Altsasuko karrozeria enpresak hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu du eta aholkularitza baten txostenaren arabera, "pertsonala soberan dago". Uztailaren hasieran Volvorekin hitzartuta zuen kontratu bat bertan behera geratu zen eta enpresak finantziazio behar larriak... [+]


Iruñeko Udalak 3,2 milioi euro bideratuko ditu etxerik ez dutenei laguntzeko

Aurreko urtearekin alderatuta %80 igo da etxegabeei arreta emateko aurrekontua.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


163 suizidio kode aktibatu dituzte Nafarroan, urteko lehen seihilekoan

204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]


Jaurlaritza prest dago Ekondakin zigortzeaz hitz egiteko, Artaxoako hondakin ilegalengatik

Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.


Badatoz murrizketak berriz: hala eragingo diote Nafarroako Gobernuari

2025ean sartuko da indarrean Europar Batasuneko politika fiskal berria, eta horien helburu nagusia defizit publikoa murriztea izango da. Horrek erakunde publikoetako aurrekontu guztietan eragingo du eta Nafarroako Gobernuak aurreikusten du sail gehienetan egongo direla... [+]


Bideko Autobidearen ordainketa 2027tik 2030era atzeratuko du Nafarroako Gobernuak

Ordura arte Nafarroako Gobernuak 477 milioi euro ordaindu beharko dizkio Abertis konpainiari, 2023an honek erosi baitzuen Autobidearen ustiaketaren emakida 110 milioi eurorengatik. Itzalpeko ordainketek urtero modu gogorrean baldintzatzen dituzte Nafarroako Gobernuaren... [+]


Trafiko eskumen osoa berreskuratuko du Nafarroak 2026ko uztailerako, Gorenaren epaia beteta

Transferentzien Batzordearen Nafarroako ordezkaritza bildu da ostegunean eta eskualdatzea egiteko Auzitegi Gorenaren proposamena babestu dute gobernu taldeek. Berme osoz Trafiko eskumena berreskuratzeko izapideak egiteko epea luzatu dute. Uztailaren 23an eginen dute hurrengo... [+]


Nafarroako Gobernuak biktima gisa onartu du poliziak ke pote batez zauritutako Mikel Iribarren

1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.


Nafarroako Gobernuari leporatu diote ez duela Pirinioetako planean sinisten Jaurrietan egindako herri batzarrean

Asteazken honetan Pirinioetako herritarrek batzar irekia egin dute Jaurrietan eta salatu dute Nafarroako Gobernua ez dela behar bezala garatzen ari Pirinioetako Plana.


Volvok bertan behera utzi du Altsasuko Sunsundeguin egin behar zuen inbertsio erraldoia

2023ko maiatzean iragarri zuten Volvo multinazionalak inbertsio handia egingo zuela Nafarroako Sakanako autobus enpresan. Orain, ordea, akordioa bertan behera gelditu dela adierazi dute bi enpresek.


Eguneraketa berriak daude