Iheslarien urrats sinbolikoa

Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeei buruzko lehen irakurketak agerian utzi du hautagaitza abertzaleek izandako gorakada, bai boto kopuruetan eta baita ehunekotan ere. Oro har, barnealdean izaten dira abertzaleen emaitzarik onenak eta oraingoan kostaldean ere aitzina egin dute, Baionan %10 gaindituz, esate batera. Uztaritze eta Ziburuko kasuak ere aipagarriak dira, lehenean abertzale eta ezkertiarren zerrenda bateratuak botuen %38 lortu duelako eta bigarrenaren kasuan %21. Donibane Lohizune, Urruña, Arbona eta Baigorriko emaitzak ere azpimarragarriak dira, azken bi herrietan beste sektore batzuekin aliantzan eta Baigorriren kasuan alkatetza lehen itzulian lortuz.

Angelun eta Miarritzen abertzaleen emaitzak ez dira onak izan, gune horietan abertzaletasunaren zati bat hautagai zentristengana doa. Orain ikusi beharko da datorren igandeko bigarren itzulian aliantzak eta sostenguak nola elkar trukatzen diren. Alde horretatik ere abertzaleen botoak inoiz baino erabakigarriago izango dira herri askotan. Bozkei begiratuz bederen, abertzaletasunak gutxiengoa izaten jarraitzen du Ipar Euskal Herrian, baina azken urte luzetako joerak dio bere presentzia handitzen doala, gero eta udal gehiagotan dagoela eta bere ikusmoldeak gero eta arruntagoak direla gizartean. Areago, beste sektoreekin bat egiten duenean, gizarteari buruzko hainbat ikusmolde nagusi edo oso esanguratsu bilakatzen dira esparru askotan, hala nola nekazaritza edota lurralde antolaketan eta, oro har, altermundialismoaren balore eta eredu askotan. Iragan udazkenean Baionan izandako Alternatiba Eguna izan daiteke, esaterako, aipatu aliantza horien erakusle.

Dozenaka iheslariren erabakia ere albistea izan zen iragan asteburuan, eta Arrangoitzen egindako bilkuran, Hego Euskal Herriko beren jaioterrietarako bidea hartuko zutela jakinarazi zuten 80 bat iheslarik, horrekin beren bizitzako ihes ibilbideari amaiera sinbolikoa emanez.

Gaur egun, ustez ETArekin edo ezker abertzaleko beste erakunde batzuekin zerikusia izan dutelako beren herrietatik ihes eginda dauden pertsonen %20k iragarritako kontua da, legalki Espainiako justiziaren aurrean erantzukizunik ez duen taldea. Egia esan, tantaka izan bada ere eta ahalik eta zarata gutxiena eginez, iheslari asko itzuli izan da lehenago ere edo bere sorterrira edo Hegoaldeko beste herriren batera. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko (EIPK) kideen urrats honek sinbologiaren esparruan du bere garrantzia, zelanbait ofizialdu egiten duelako ihes egindako pertsonen itzulera. Zarata mediatiko gutxiagorekin eta ezaugarri desberdinekin, baina presoen esparruan ere gertatu izan dena errepikatu da sarri iheslariekin ere, itzultzearen inguruan tentsioak izan direla ezker abertzalearen baitan, batzuen ustez alde egitera behartu zituzten arrazoiak oraindik gainditu gabe zirelako. Azken finean, iragan udan EIPK-k Miarritzen hartutako erabakiaren ondorio da azken mugimendu hau, funtsean sinbolikoa bai ezker abertzalearen baitan eta bai bake prozesuari begira, baina oraindik gainerako iheslariei itzulerarako giltza ematen ez diena, giltza hori, presoen kasuan moduan, nagusiki Espainiako Gobernuaren esku dagoelako.

Christian Felber Guztien onerako ekonomia liburu ospetsuaren egilea da. La Vanguardia-k elkarrizketatu zuen igandean eta, besteak beste, gaur egungo soldatek Mendebalean daramaten beheranzko joera eta lan ordu kopuruaren arteko hausnarketa egiten du, soldaten aurkako presio hori lan gutxiago egitearen aldarrikapenaren kontrako ere badela erakutsiz. Bere ustez, 30 eta 33 ordu arteko lan astea beharko litzateke:

“Lan egunaren gutxitzeak denbora ematen du harreman sozialak garatzeko edo asebetetzen gaituzten beste jarduera batzuk egiteko. Hau guztien honerako da, bizitza kalitatearentzat. Baina lan-sari txikiak dituzten langileek ezin diote lan egunaren (eta diru-sarreren) murrizketari eutsi. Aldez aurretik segurtatu behar dugu guztiek irabazten dutela bizitzeko adina eta, orduan bai, lan gutxiago egin eta kaltegarriak diren zenbait gauzen ekoizpena eten”.

Eta horrek hausnarketa baten sozializazioa eskatzen du ezinbestean: zenbat ote da gaur eta hemen bizitzeko adina irabaztea?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iheslariak
2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Luis Roncero eta Anartz Aranbarri iheslari ohiak Euskal Herrira bueltatu dira

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Luis Elisardo Roncero Retortillo gasteiztarra eta Anartz Aranbarri Etxaniz ondarrutarra Euskal Herrira itzuli dira. Biak euskal gatazkak eragindako iheslari ohiak dira. 


20 urte bete ditu Ataramiñe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin

2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da... [+]


Nguyen Van Dong, euskal errefuxiatuen aldeko keinu ahaztua

Biarritz, 1972ko urriaren 14an. Javalquinto lorategietan, udaletxearen ondoan, Nguyen Van Dong vietnamdar herritarra suizidatu zen, bere buruari bonzo erara su emanda.


Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da

Xanti Zapirain Elizalde “Kaiku” hil dela jakinarazi du Antxeta Irratiak asteazken honetan. Altzan (Gipuzkoa) jaioa 1953an, 20 urte zituela Hendaiara (Lapurdi) ihes egin zuen Frankismoaren jazarpen politikotik ihesi eta errefuxiatu-bizitzaren alderik garratzenak... [+]


Eguneraketa berriak daude