Aluminiozko adarra

Tururu!
Aitor Ruiz de Eginorenerakusketa
Non: Bastero Kulturgunea, Andoain.
Noiz: Otsailaren 28a arte.

Aitor Ruiz de Eginok (Hernani, 1971) marrazkietatik abiatu zuen bere arte jarduna. Bi dimentsiotako lan horiek zeramikaren bidez iritsi ziren hiru dimentsioetara. Eskulturan, burdina, brontzea eta harria ere landu ditu, baina euskal artisten artean ezohikoa den aluminioa du material kuttuna. Metal distiratsua da, herdoildu gabe luzaroan bizi dena, bizitza irudikatzeko egokia. Eta aluminioaren eskutik bi dimentsiotara itzuli da. Tururu! erakusketan aluminiozko 40 marrazki bildu ditu.

Kolore biziak erabiltzen ditu koadro horietan, oinarrizko koloreak, horiak, gorriak, urdinak... bere horretan, nahastu gabe. Ez ditu koloreak gehiegi landu nahi garrantzia duena forma delako, metalezko lerro garbiz osatutako forma.

Erakusketa aretoko horma zuri, garbi eta zutetan daude jarrita marrazki gehienak, ilaran eta zuzen, tamaina bereko multzoak horma banatan. Baina Ruiz de Eginoren aluminiozko marrazkiak ez dira lauak, zimurtuta daude, hormatik irteten dira, euskarriaren garbitasuna hautsiz, eta Basteroko edukiontzi asimetrikoarekin bat eginez.
Erakusketa aretoko zementuzko forma kurbatsuak atze-oihal egokia dira eskultura lanetarako ere. Erakusketa 18 eskulturak osatzen dute, guztiak aluminio galdatuzkoak. Ikusleak parean zer duen galdetzen dio bere buruari. Zer egitura da hau? Animalia bat? Gizakia? Biak batera? Zer dira hauek, gizakiaren besoak ala zenenaren adarrak? Kutsu surrealista dute, egileak bilatzen duen misterioa.

Tururu! osatzen duten lanak berriak dira, gehienak azken urtean egindakoak, baina ez dute hernaniarraren obraren jarraitutasuna hausten. Ruiz de Eginok Antropozooformak izenburuko erakusketa egin zuen 2011n, eta izen horrek ederki definitzen ditu parean ditugun formak. Edo antropozoofitoformak ere esan geniezaieke, animalia-gizaki horien gorputz-adar luzatuek zuhaitzen sustraietatik eta adarretatik asko baitute. Eta, oro har, Aitor Ruiz de Eginoren lanak asko du Adarratik. Adarra mendia du inspirazio iturri, eta bere lanak Adarrako izaki bizidunak dira, artistaren burutik iragazita.

Hernanin lan egiten du artistak. Zikuñaga auzoan duen Zikuzulo tailerrean. Hernanik harreman estua izan du Antzinarotik metalgintzarekin eta Aitor Ruiz de Egino ere txikitatik egon da metalari lotuta, aitak galdategi batean egiten baitzuen lan. Artelanak osatzeko behar duen guztia bertan du eskura (www.aitor-ruiz-de-eguino.com gunean eskulturak egiteko prozesu osoa biltzen duen bideo ederra dago ikusgai), eskura du materiala biltzeko txatartegia, eskura aluminioa galdatzeko lantegia eta metala margotzeko pintura. Dena, Adarraren magalean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskultura
2024-02-25 | Hedoi Etxarte
Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere “gaztaro falangista ultra eta erradikalaz”.


Mañariako grisa

1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren... [+]


“Gure herria matriarkalista da eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei”

Xabier Santxotena Alsua (Bozate, 1946) eskulturagilea da. Egurra du lanabes, eta pieza erraldoiak egiten ditu. Buru-belarri dabil uneotan emakumeei eskulturen bidezko aitortza egiten. Agota dela dio harro, “egurraren gremio edo kolektibokoa”. Jorge Oteiza... [+]


“Betirako” Nafarroan gordetzeko eskaera

Pompeluko togatusa Nafarroako Museoan dago ikusgai azken urtebetean, baina urte luzez galduta egon da bere pista. Duela 128 urte aurkitu zuten Iruñeko Alde Zaharrean, munduko aberats baten gordailuan egon da urte batzuetan eta haren jabetza estatubatuar batena da egun.


Buru-belarri, burugogor!

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude