Ipar Irlandako gatazka

Iraganeko mamuak kale eta harresietan uluka

  • Gerra, gatazka, terrorismoa... Halakoez aritzen ziren 1972an Belfasten eta halakoez jarduten dute 2014an ere. Prozesu korapilatsua tarteko, bakea bideratu dute azken 15 urteetan. Baina ez dute iragana bateratu, egia ez da guztiz azaleratu eta mamuen beldur dira. Ezingo dute dena adostu, baina hainbat kontu bai, eta horrek etorkizuna eraikitzen lagunduko die.

Xabier Letona @xletona
2014ko urtarrilaren 26a
Ballygawley-en (Tyrone) segurtasun indarren egoitzaren aurka IRAk 1992ko abenduan egindako erasoaren irudiak ikusi daitezke argazkian.
Ballygawley-en (Tyrone) segurtasun indarren egoitzaren aurka IRAk 1992ko abenduan egindako erasoaren irudiak ikusi daitezke argazkian.

Ipar Irlandako gatazkak 3.665 hildako eragin zituen 1966tik 2011ra arte. Amnesty Internationalen datuetan, talde armatu errepublikarrek –katolikoak– hildakoen %60 eragin zituzten, talde loialistek –protestanteak– %30 eta segurtasun indarrek %10. 16.200 bonba leherketa eta 37.000 tiroketen ondoren, 40.000 bat pertsona zaurituak izan ziren.

Derryko konterrian 353 hildako izan dira eta horren arrastoak ugariak dira hirian: muralak, lore eskaintzak, Bloody Sunday museoa, lagunen testigantzak... Zeresanik ez Belfasten, bertan gertatu ziren heriotzen ia erdia. Bigarren Mundu Gerraz geroztik –eta Balkanetako Gerraren ondoren– gatazka politiko batek Europan eragindako heriotz kopuru handiena izan zen.

Bake prozesuak 1998an ekarri zuen Ostiral Santuko Akordioa. Bakea. Errepublikar eta loialisten artean oraindik ere badira harekin ados ez dauden talde armatu txiki batzuk, baina oro har, bakea eta elkarbizitza eraikitzen jarraitzen dutela azpimarra liteke. Eta, ispilu latzaz gain, iragana zama ere bada eraikuntza horretan. Bake akordioetan argi azpimarratu zen giza eskubideak eta biktimak prozesuaren oinarrietakoa izan behar zutela, eta ezin esan ez dela indarrik jarri horretan. Aurrerapen asko izan dira, baina oraindik bake prozesuan jarritako helburuak bete gabe daude eta esparru askotan betetzetik oso urruti. Oraindik, esaterako, hildako kasuen erdia argitu eta auziperatu gabe dago. Eta, ondorioz, biak batera eraman ezinak bailiran, eztabaida pil-pilean da: egia ala justizia?.

Ekimen ugari jarri dira abian azken hamarkadan. Ostiral Santuko Akordioekin bat, Giza eskubideen Batzordeak eratu ziren Erresuma Batuan eta Irlandako Errepublikan. 2001ean PSNI polizia berriak RUC zaharra ordezkatu zuen. 2005ean poliziaren Ikerketa Historikoen Taldea sortu zen (HET). 2006an Biktimak eta Biziraun Dutenak erakundea. 2007an Iraganaren gaineko Kontsulta Taldea (IKT) eratu zen. Nazioarteko epaileek bideratutako ikerketa independenteak ere izan dira. Ehunka milioi euro gastatu dira ikerketetan. Baina 15 urteren ondoren, alderdi politikoek ezin izan dute iraganarekiko begirada adostu.

Horretarako ahalegin garrantzitsuenetakoa Iraganaren gaineko Kontsulta Taldearena izan da, 2009an Eames Bradley Txostena –­Robin Eames eta Denis Bradley ziren egileak–  aurkeztu zuten, baina ez zen akordiorik izan. Talde honek proposatu zuen, esate baterako, biktima guztien familiei 14.000 euro ematea, eta horrek kritika sutsuak ekarri zituen, batez ere unionismoaren aldetik, haien esanetan proposamenak terroristak eta hauek hildakoak berdintzen zituelako. Sinn Feinnek ere ez zuen ikusi begi onez, batez ere berak aldarrikatzen zuen nazioarteko batzorde independenterako aterik zabaltzen ez zuelako.

Haass elkarrizketak

2013aren bukaerarekin etorri da iraganaz adosteko azken porrota. Azken urteetan istilu larriak izan dira desfile eta banderen auziengatik. Banderen istiluek mundura egin zuten jauzi 2013 hasieran Belfasteko Udalak bandera britainiarra udaletxean bakarrik egun jakinetan jarriko zela erabaki ondoren. Egoeraren arriskua ikusita, Ipar Irlandako Gobernu autonomoak alderdien arteko elkarrizketak bideratzeko enkargua egin zion Richard Haass diplomatiko estatubatuarrari. Hiru gai nagusi jorratuko ziren: desfileak, banderak eta iragana, eta 2013ko epea zegoen negoziatzeko. Iragan abenduaren 31n alderdi unionistek atzera bota zuten Haassek aurkeztutako zazpigarren akordio zirriborroa. Orain, Haassen bitartekaritza barik jarraitu beharko dute alderdiek eta ez da akordiorako tarterik ikusten. Eta unionisten beto berri honek kezka piztu du, bereziki errepublikarrenean.

Ikerketa historikoa kili-kolo

Ikerketari Historikoen Taldeak 1968 eta 1998 artean izandako 2.682 pertsonen auziak berrikusi ditu, eta 2.209 kasutan lanak bukatu ditu.

Gainerakoak 2014an bukatzea espero du. Taldeari buruzko eztabaida, ordea, handia da. Oro har, talde unionistek bere lana goraipatzen dute, eta iraganarekiko begiradaren oinarrizko osagaitzat daukate. Errepublikarrak eta GKE ugari kritikoak dira, tartean Amnesty International: onartzen dute kasu askotan lan ona egin dela, baina oro har azalean geratzea leporatzen diote, batez ere segurtasun indarrek eragindako hilketetan. Entzun izan da HET desegin egingo dela eta Ipar Irlandako Poliziak hartuko duela bere lekua.

James Miller, Derryko konterrian 1972an ustez IRAren lehergailu batek hil zuen David Millerren biloba: “Esaten da gu noiz hilko garen zain daudela. Baina hurrengo belaunaldiak jarrraituko du galdetzen gertatu zenaz. Begira ni, nire aitona hil zuten eta oraindik jarraitzen dut galdetzen egia ezagutzeko”.

Ipar Irlandan iraganaren gaurkotasuna zertan den ezagutzeko ezinbesteko hiru argitalpen

Dealing with the Past? (Healing Through Remembering).

Honakoa da argitalpenaren titulu osoa: Iragana kudeatuz? Ipar Irlandako gatazkaren Ikuspegi Juridiko eta Politikoekiko Begirada Orokor bat. Healing Through Remembering (Oroituz Sendatu) elkarteak kaleratu zuen 2013ko udazkenean. Egilea Kieran MacEvoy da (Larruneko 150. zenbakian idatzi zuen iritzi artikulu bat), Ipar Irlandan gatazka eta iraganaren gaiak sakon ikertu dituen unibertsitateko irakaslea. Gatazka, iragana eta biktimen gaiak ikuspegi juridiko eta politikotik aztertuta gaur egun nola dauden azaltzen du zehaztasun handiz.

Northern Ireland: Time to deal with the past (Amnesty International). Ipar Irlanda: iragana kudeatzeko ordua. Amnesty Internationalek argitaratu zuen 2013ko irailean eta biktima eta giza eskubideetan oinarrituta, 1998tik gaurdainoko lanaren oso balorazio kritikoa plazaratzen du. Ipar Irlandako erakunde eta alderdi politikoekiko kritika zorrotza da, baina batez ere gobernu britainiarrak bere konpromisoak ez dituela bete azpimarratzen du. Egindako ikerketa lanaren hutsuneak eta ahuldadeak azaleratzen ditu txostenak, eta aurrrera begira biktimak arazoaren erdigunean jartzeko egin beharreko aholkuen zerrenda egiten du.

Lethal Allies (Anne Cadwallader). Aliatu hilgarriak 2013ko urria amaieran kaleratu zen eta, gezurra badirudi ere, ikerketa liburu hau izan da azaroa eta abenduan Ipar Irlandako liburu salduenetakoa: 12.000 ale. 1972tik 1978ra Armagh eta Tyroneko konterrietan talde paramilitar loialistek auzaz hildako 120 katolikoren ikerketa zehatza egiten du. Ezaguna zen katolikoen hilketetan talde loialista eta armada eta segurtasun indar britainiarren artean egondako konplizitatea, baina liburu honek froga tinkoak ematen ditu. Pat Finucane Centerrek bultzatutako lana da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Irlanda iparraldea  |  Politika

Irlanda iparraldea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude