"Eskubideez ari gara, gizartearen ordua da"

  • Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailburu ohia da Joseba Azkarraga. Urtarrilaren 11ko Tantaz tanta ekimena debekatua izan baino lehen elkarrizketatu genuen. Ondoren, Bilboko manifestazioa egiteko eskaera erregistratu zuen bere izenean.


2014ko urtarrilaren 19an
Joseba Azkarragak erregistratu zuen manifestazioaren deialdi berria. (Arg: Dani Blanco)
Joseba Azkarragak erregistratu zuen manifestazioaren deialdi berria. (Arg: Dani Blanco)

Zer sentsazio sortu dizute presoen kolektiboak eta preso ohiek azkenaldian emandako urratsek?

Duela bi urte ETAk hartutako erabakiak sortu zidan sentsazio onaren jarraipen moduko bat izan da niretzat. Dena den, ezin da zama osoa alde bakarrean jarri, ETAri eta presoei pauso gehiago ematea exijitzen diete, baina beste aldeak kontrakoa egiten du, abokatuen kontrako operazioarekin ikusi dugun moduan. Badirudi batzuei ETAren erabateko desagerpenak kezka sortzen diela.

Hemendik aurrera zein urrats eman beharko lituzkete eragile ezberdinek?

Presoen kasuan, iragarri duten prozesuari lehenbailehen ekin beharko liokete eta indibidualki eskatu Espetxeen Lege Organiko Orokorra ezartzeko. ETAren kasuan, disoluzioa eta armak entregatzea dira hurrengo urratsak, baina egia da horretarako beharrezko duela aurrean entrega hori egiaztatuko duen norbait edukitzea, eta Gobernua ez dago horretarako prest. Dena den, aldebakarrekoak badira ere, pausoak ematen segi behar luke ETAk. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari eskatu behar zaio ez begiratzeko batzuei bakarrik, Espainiako Gobernuari ere exijitu diezaiola espetxe politika aldatzeko.

Hain justu Urkullu eta Rajoy bilduko dira.

Bai, baina bilera eskatu zuenetik pentsa zenbat denbora igaro den. Hor ikusten da Espainiako Gobernuaren borondatea. Eroso dago eta ez du inolako presarik. Horren aurrean jendarteak mobilizatu eta “honaino iritsi gara” esan behar du.

Espainiako Gobernuaren jarrera kontuan edukita, zenbat denbora igaroko da presoei euren egoera hobetzeko neurriak ezarri aurretik?

Loteria da denboraz hitz egitea. Edozein modutan, hiru pauso eman behar dira: lehenik, sakabanaketaren amaiera preso guztientzat; bigarrenik, gaixo dauden presoak kalera ateratzea, beste batzuk atera dituzten moduan, inori ez baitzaio ahaztu Galindoren kasua; eta azkenik, zigorraren hiru laurden bete dutenak ere kalera irten daitezkeela dio legeak. Eta geratzen diren presoekin, borondatea egonez gero, beti daude formulak gauzak konpontzeko, 77an izan ziren bezala.

Eusko Jaurlaritza “Hitzeman” gizarteratze programa diseinatzen ari da. Zer ezaugarri eduki beharko lituzke halako programa batek?

Nik gogoratu nahi nuke 82an senatari nintzela burutu nuena, ETA(pm)-ko zortzigarren asanbladako presoentzat eta Autonomoentzat egina bereziki. Hor ez zen inolako damurik edo kolaboraziorik eskatu, bide politikoen aldeko apustua baino ez zen izan, eta jendea pixkanaka indultuen bidez joan zen ateratzen. Gizarteratze plan batek hortik jo behar du: presoak kaleratzen joatea indultuen bidez edo zigorraren hiru laurdenak bete dituztelako. Kartzelara sartu izanaren arrazoia jadanik ez da existitzen, ETA desagertu da eta ez du hiltzen. Gatazka armatua egon den munduko edozein txokotan, gatazka horren amaiera bi aldeen artean negoziaturiko akordioaren bidez etorri da, hemen izan ezik, eta hori gatazka gezurretan ixtea da.

Preso ugariri urte askotako kartzela zigorra geratzen zaie oraindik, zein irtenbide ikusten duzu horientzat?

Irtenbide bat bilatu behar da, zeren eta arazoa jada ez dago. Aldeetako bat desagertu den bitartean, Gobernuak espetxeetan jendea bahiturik dauka; horrek bi-hiru urteren buruan konponduta behar luke.

Bi edo hiru urte? Delituak hor segitzen du eta legeek ere bai.

Baina Gobernuaren gaitasuna ere hor dago, indultuak emateko adibidez.

Gobernua erabat geldirik dago.

Horregatik mugitu behar du euskal jendarteak. Momentu honetan ez gara auzi politiko batez ari, giza eskubideez ari gara. Ez du zentzurik, eman diren urratsak eman eta gero, mendeku izaera duen espetxe politikarekin segitzea. Gizartearen momentua da.

Eta Euskal Herriko alderdi politikoen momentua?

Alderdi politikoek egiten dutenarekin nahiko sinesgaitza naiz. Nik uste mugimendu sozialen eta jendearen baitan dagoela kontu hau. Katalunian maila politikoan kontsultarekin ikusten ari garen bezala, gure kasuan ere jendarteak mugitu behar ditu alderdiak, behin betiko konponbide bat bilatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Konponbidearen aldeko manifestazioa
2021-12-07 | Leire Artola Arin
Bakegileek fase berri bat abiatuko dute urtarrilaren 8ko manifestaziotik aurrera

Ekintza “indartsuagoak eta determinatuagoak” iragarri dituzte, euskal presoen auziaren konponbidean Frantziako Gobernuaren “borondate eza” ikusita.


Preso gaixoen etxeratzea eskatu dute milaka pertsonak Donostian

Larunbatean Donostiako Bulebarretik abiatu zen preso gaixoen aldeko manifestazioak milaka lagun bildu zituen. Sarek antolaturiko ekimenak arratsaldeko bostak aldera ekin zion ibilbideari “Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Giza eskubideak. Konponbidea... [+]


EAJ ez da joango presoen eskubideen aldeko urtarrileko manifestaziora

Bere jarrera argi utzi du EAJk. Bat-bateko aldaketarik eman ezean, ez da Sarek antolatutako presoen aldeko manifestaziora joango urtarrilaren 10ean. Iazko manifestazioan egon bazen, egoera “ezohikoa” zelako izan zela esan du alderdi jeltzaleak.


2014-02-08 | ARGIA
ETAk bake prozesua indartzeko “urrats esanguratsuak” iragarri ditu

Azken hilabeteetako gertakariei buruz ETAk egiten duen irakurketa argitaratu du Gara egunkariak. Erakunde armatuak urtarrilaren 11ko manifestazioa “inflexio une” gisa hartu du eta “urrats esanguratsuak” iragarri ditu gatazkaren konponbidera bidean.


Maltzagatik
Korrontea


Eguneraketa berriak daude