Arroxa da amodioa

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2014ko urtarrilaren 19a
Judaren edo amodioaren arbola, Cercis siliquastrum. (Argazkia: Amada44-CC)
Judaren edo amodioaren arbola, Cercis siliquastrum. (Argazkia: Amada44-CC)

Algarrobondoaren tankerakoa da Judaren arbola. Ceratonia siliqua bat eta Cercis siliquastrum bestea; zientzia-izen binomialak ederki jaso zuen: siliquastrum izenak siliqua-ren antzekoa adierazten du. Biek lore gorrizta deigarriak dituzte, adar puntta berrietan eman beharrean zura zaharrean ere irekitzen dituztenak, eta haziak leka ilunetan ontzen. Jatorriak ematen ote die tankera? Mediterraneoaren haranzko aldeko muturretik ekarritakoak dira biak. Handik ekialdera, batek daki nondarrak...

Diru eta odol egarriak asetzeko armadak dira erlijioak, eta lan horietarako asmotan, mutur hartako Palestina aldera gurutzadetan joandako kristauek ekarria omen da Judaren arbola hau. 1200 urtea aldera, Frantziara. Frantsesez Judeako arbola deitzen dute. Inguruko hizkuntzetan, ordea, Judaren arbola deitzea, itxuraz, armada odolzaleen imajinarioa borobiltzeko erabili izan da: Juda apostoluak, Jesus salatu eta saldu ostean, holako arbola batean urkatu omen zuen bere burua: Judaren arbola. Armada haien arteko hartu-eman eta trukeen bidegurutze garrantzitsua izan zen, baita ere, Istanbul. Europa eta Asia, eta Mediterraneoa eta Itsaso Beltza lotzen dituen Bosforo itsasarteko mendi magalak, Bizantzioko garaian, Judaren arbolez jantzita omen zeuden. Ikusgarria izango zen: hainbeste munduren arteko pendiz haiek lore gorri, gorrizta, gorrindol, purpura, arrosez jantzitako arbolez jantzita. Enperadoreek soilik erabili omen zezaketen kolore hori soinekoetan, eta kolore horretan loratzen ziren landareak nahi zituzten nonahi: idi-bihotza (Tulipa sp.), Konstantinoplako akazia (Albizia julibrissin). Enperadore haien ondorengo dituzte kristauen armadan kardinalak, ez alferrik gazteleraz purpurados deitzen dituzte. Hayate manga komiki japoniar sonatuko protagonista, arrosa koloreko ilea duen mutil gaztearen izena arbola honena da.

Judaren arbolaren loreak jan egiten dira, min goxoa dute. Capparis spinosa, kaparra lorea bezala, ozpinetan edukitakoak omen dira gozoenak.

Odola, apostolu urkatuak, soineko purpurak, enperadoreak, kardinalak, mutil gazteak, ozpin gozoa... Eta azak ontzeko, hostoak bihotzaren antza du. Amodioaren arbola ere deitzen zaio. Izen ezagunena horixe izango du. Eskerrak haren azalarekin buruko mina kentzen den!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Zuhaitzak

Zuhaitzak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude