Zuhaitzak ontsa hiltzeko hamaika bide

  • Krimenen ikerketarako garai aproposa izango ote da uda. Ez dakit, baina hara-hona ibiltzeko joera handitzen den sasoi honetan zuhaitzei begiratzea proposatuko dizut. Eta zuhaitzen munduko krimenez jabetzea. Joan Tartasek 1666an argitaratu zuen Ontsa hiltzeko bidea liburua, gure hiltzea prestatzeko. Hauek, berriz, zuhaitzak ontsa hiltzeko bideak dira. Nonahi egingo duzu topo adibide eder askoekin.


2020ko uztailaren 02an - 09:42
Lasarte-Oriako zedroen krimena.

Virginia Tech Universityko irakasle Bonnie Appleton zenak zioen gune hiritartuetan zuhaitz oso gutxi edo batere ez dela zahardadez hiltzen. Zaintza eskasak eta kalte mekanikoak gaitzak eta izurriteak baino suntsitzaileagoak direla zuhaitzentzat.

Irakasle on, eskola ezarri zuen: nola hil zuhaitz bat?

Etxe, eraikuntza edo antzeko zerbaitetik gertuegi landatu, denborarekin inausi edo botatzeko.

Zabuak, txorientzako habiak edo abar zintzilikatuz adarrak estutu eta estrangulatu.

Nola hala inausi adar puskak utziz, adarra bera eta enborra usteltzeko.

Inausketa enborraren kontraegi egin, orbaintzeko aukerarik utzi gabe.

Hesola denbora luzez utzi, lokarriak enborra itoz eta hesolak berak azala etengabe zauritzeko moduan.

Enborraren inguruan eta bere kontra belar, sastraka eta antzeko hondakinak pilatu: azala jango dioten sataginak eta erreko dioten onddoak hortxe pilatuko dira.

Ureztaketa iraunkortu, landatzeko zulo txikiegia egin edo zuloan gehiegi ongarritzea bertan goxo sustraiak motzean geratu eta zuhaitza eror dadin.

Zulo handiegia egin eta azpia legarrez bete ura pilatu eta sustraiak usteldu daitezen.

Adar nagusiak inausi emango dituen puja berriak indar handiagoz etor daitezen.

Elkar jotzen duten adarrak uztea, elkar ferekatuz zauriak sor ditzaten.

Gaitzak eta izurriteak ikusi, eta ez adituarena edo ez ikusiarena egin.

Zauriak eta inausketa ebakiak pinturaz edo orbaintze pastaz estali, hain juxtu ere orbaintzea zailduz eta luzatuz gaitzen batek eraso diezaion.

Apurtutako adarrak bere horretan uztea, haustura txukundu gabe, bizkarroiak diren gaitzak eta izurriteak lehenaz gain errazago sar daitezen.

Inguruan belar-hiltzaileak edo herbizidak erabiltzea, sustraiak ahultzeko.

Belarra edo sastraka mozteko makinekin enborra edo sustraiak zauritu eta kaltetu.

Obraren bat egitean edo azpiegituraren bat ezartzeko (ura, elektrizitatea eta abar) lurrean zanga-zuloak edo erretenak ireki eta sustraiak ebaki.

Baita ere, zuhaitzak inausiko dituztela-eta azpian autorik ez aparkatzeko dioen alkatearen bandoa hedatzeko papera zuhaitzaren azalean grapatuta jarri.

Eta zuhaitz publikoen kasuan, gu denonak direnen aurkako hamaika krimen horiek nork ikertu eta salatu behar ditu? Udaltzaingoak? Amabiak?

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zuhaitzak
Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Zergatik moztu ditu Jaurlaritzak hogei zuhaitz baino gehiago Barakaldoko institutuan?

20 zuhaitz osasuntsu baino gehiago moztu zituzten Barakaldoko Gurutzeta institutuan, urtarrila hasieran; Jaurlaritzarena da eskumena, baina ez zuen mozketa burutzeko lizentziarik eskatu, udalak adierazi duenez. Ikerketa abiatu du udalak, eta Legebiltzarrean azalpenak eskatu ditu... [+]


2023-12-12 | Irulegiko Irratia
Baigorri ibarrean arbol landatze bat eginen dute

Mendi sindikataren lurretan, Anauzen Munhoako mazelan, hiru hektareetan 300 bat arbol, mota desberdinetakoak ezarriko dira. Ihizi batasunaren biltzar nagusian aho batez bozkatua izan den proiektua da.


2023-09-01 | Josu Goiko | Sustatu
Hamabi arrazoi hirietan zuhaitz gehiago egon dadin

Ostegunean txio bat sartu da nire TLan. Hauxe: 12 Reasons Why Cities Need More Trees. Azken aldian albiste asko ari da ateratzen hirietako zuhaitz mozketei buruz (Bilbo, Donostia, Iruñea…) eta gai garrantzitsua dela iruditzen zait.


2023-02-16 | Axier Lopez
Zuhaitzak mozten eragozten saiatzeagatik epaitegietan deklaratu du Barakaldoko ekologista batek
Ekologistak Martxan Bizkaia taldeko aktibista batek epaitegietan deklaratu behar izan du, desobedientzia larria eta agenteen aurkako atentatua egotzita. Irailean atxilotu zuten Barakaldoko Serralta auzoko 40 zuhaitz moztearen aurka protestan zela. Eremu horretan etxebizitzak... [+]

Eguneraketa berriak daude