Mukizapien zuhaitza


2018ko maiatzaren 27an
Ezpeletako Bergara etxean 1826an jaio zen Jean Pierre Armand David Haltzueta apaiz lazaristaren omenez deitzen da “Davidia”. Argazkia: Jakoba Errekondo.
Ezpeletako Bergara etxean 1826an jaio zen Jean Pierre Armand David Haltzueta apaiz lazaristaren omenez deitzen da “Davidia”. Argazkia: Jakoba Errekondo.

Lehen ere idatzi izan dut berari buruz, baina landareek ez dute aspertzen. Aspertu ordez bueltan etortzen dira. Duela gutxi gertatu zait etxeko atarian: sua egiteko egur bila atera eta “hara, zer du zuhaitz horrek?”.

Etxe atzeko penditzean zuhaitz negarti bilduma jarria dut eta haien adar zintzilikarioen negarrak xukatzeko aldaparen beheko barrenean bizi da mukizapien zuhaitza, Davidia involucrata. Ezpeletako Bergara etxean 1826an jaio zen Jean Pierre Armand David Haltzueta apaiz lazaristaren omenez deitzen da Davidia. Panda hartzarekin batera berak topatu baitzuen zuhaitz hau Txinan misiolari zebilela.

Urte batzuk baditu, 2004an landatua da, oraindik oso gaztea, baina aurten lehen aldiz loratu da. Ikaragarrizko poza eman zidan bere lehen loreak ikusteak. Lore xelebre samarra du, pilotatxo batean bezala bildutako lore multzo esferikoa da eta gora eta behera, bi hosto tankerako zuri-zuri edo zuri-laru ditu. Beherakoa handiagoa da, eta zintzilik dagoen mukizapi baten antza handia du; hortik izena. Hortik involucrata abizena, lore esfera inguratzen duen braktea pareak bildua dela esan nahi du. Beste kultura batzuetan usoaren antza ematen diote loreari, eta uso zuhaitza deitu. Zuhaitza heldua edo zaharra denean loraldia ikusgarria da, eta zintzilikario zurien emanak fantasma baten antza ematen dio, hortik beste batzuek esaten diote fantasma zuhaitza.

Itxuraz, Europara bidalitako zuhaitz honen hazietatik sortutako lehena 1906an loratu zen. Ehun urte baino gehiago daramagu Europan zuhaitz erakargarri honen loraldia ikusten, baina oso bakana da. Ez da aurkitzen erraza. Euskal Herriko lorategietan maizago topatu beharko genuke. Loraldia ikusi eta ezagututakoan jendeak bere etxe aldamenetan jartzeko gogo handiagoa izango lukeela seguru nago.

Euskal Herrian gehiago landatu beharko balitzake. Ezpeletan zer esanik ez. Piperkeriak utzi eta mukizapiaren zuhaitzik ez dutelako pipertu beharko lirateke ezpeletarrak. Nik, errebote plazan jarriko nuke, joko gorenaren gorazarre. Baita turismo bulegoa bertan izan, eta piperrak gorabehera Ezpeletara etortzen diren guztiek gozatu eta ezagutu dezaten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espezieak
Eguneraketa berriak daude