Iheslarientzat irtenbide dena arazoa da bi estatuentzat

  • Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) prentsaurreko bidez aurkeztu zituen bere mintzakideak ekainean. Hil horren 15ean, berriz, Elkartasun hatsa agerraldi publikoa egin zuen Miarritzen. Mintzaidetzako kide Xabier Miguel Ezkerra usurbildarra eta Oxel Azkarate arrasatearrarekin egin dugu berba. Kolektiboaren egitasmoaz eta ordutik gaurrera egin duten bideaz jardun dugu Hendaiako Txingudi badiari begira, Bidasoa ibaiaren ertzean.

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Elkartasun hatsa agerraldi publikoa plazaratu zuen ekainaren 15ean, Miarritzen.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Elkartasun hatsa agerraldi publikoa plazaratu zuen ekainaren 15ean, Miarritzen.Gaizka Iroz

Hogeita hemezortzi urte dira Xabier Miguel Ezkerrak Usurbiletik ihes egin zuela; 60 urte beteko ditu laster. Oxel Azkaratek berriz, duela hamar urte laga zuen bere herria. Arrasaten jaio zen 1982an. Ia 30 urteko adin aldea dute. Iheslarien ezaugarrien lagin bat baino ez da. Biek bizitza “normala” egiten dute. Hots, lanean ari dira. Kolektiboaren kide gehienek ordea, ez dute eskubide hori. Munduan 500 euskal iheslari politiko inguru daudela uste da: “Kopurua zehaztea ezinezkoa zaigu, sasian zenbat jende dagoen jakitea oso zaila baita. Errepresio izugarria –izan– da”, esan digute solaskideek.

Elkartasun hatsa Miarritzen

Iheslari hauek diotenez, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) lan eskerga egin zuen iragan bi urteetan Elkartasun hatsa ekitaldia antolatzeko: “Uneon ari garen bezala jardun ezean, ez genuen irtenbiderik ikusten. 30 urte luze daramagu ihes. Iheslariok ilunpeetatik atera behar genuen. Gure bizimodua ez da herrian egiten dena, ezta hurrik eman ere. Zailtasunak ditugu gure errealitatea plazaratzeko –internet edota hedabideak erabiliz ere–, gure egoera sozializatzeko behar handia daukagu. Lan horretan aritu gara azken bi urteetan”.

Ondorio hau atera dute: iheslarien arazoari ezin zaio irtenbiderik eman iheslariak mintzatu gabe. Horretarako iheslariek berek norekin eta zertaz hitz egin behar duten zehaztu dute euren bide-orrian. Elkartasun hatsa ekitaldia bide-orria gizarteratzeko oihu indartsua izan zen, berealdiko urratsa abiarazi duten konponbidean. Miarritzeko auzapez Didier Borotrak lagundu zituen ekimena gauzatzen, besteak beste. Ideologia eta gizarte esparru anitzen sostengua jaso zuten: “Ez genuen bakarrik gure arazoaz jardun nahi, euskal auziaren prozesu integrala landu beharra azaldu genien prozesuan laguntzen ari zaizkigun eragile guztiei”. Euren hitzetan, auzia argira ateratzea lortu dute iheslariek, baita bizi duten errealitatea gatazkaren ondorioa dela ongi azaldu ere. Prozesu integralaren faktore nagusiak ezagutzera eman dituzte, lehen eta azken iheslaria etxera itzultzeko asmoa agertuz. Gatazkaren funtsa eta ebazpen moduak bide-orrian idatzita daude. Abiaburua eta helburua honela laburtzen da: “Herriaren aktibazioaren eta herri eragileen arteko akordioen bidez lortuko da irtenbidea”.

Erantzunik ez

Hedabide zenbaitek iheslariek ekainean eman zuten prentsaurrekoaren interpretazio zurrunegia egin ote zuten pentsatzen dute biek: “Alegia, iheslarien bide-orria baliagarria da, baina irtenbide integrala aurkitzeko estatuek ETArekin hitz egin behar dute. Frantziako nahiz Espainiako gobernuei nolabaiteko ‘gaitasuna edo aukera’ eman diegu guk egin nahi duguna blokeatzeko. Ez diegu aukera hori berretsiko ordea. Guk prozesua Euskal Herriarekin eta Euskal Herriarentzat egin nahi dugu, argi eta garbi”.

Bide eginez ezagutzen omen dira etsaiak. Bost hilabete iragan ondoren kolektiboak erantzuna jaso du: “Gure proposamenak, konponbideak, haientzat arazoak dira". Frantziak Jokin Aranalde iheslariari emandako erantzuna horren lekuko. Espainiara kanporatzeko agindua eman du epaileak –abokatuek helegitea jarri diote aginduari, kasazio deia eginez–. Bi iheslariek diotenez, gatazkaren konponbidean –iheslari guztiak etxeratzeko– berebizikoa da euren parte-hartzea; nork bere herrian parte hartuz prozesu integrala bururaino eramateko. Bide horretan baina, iheslarien aurkako jazarpena etengabea da, poliziak astero iheslari bat atxilotzen du. EIPK-k ez du estatuekin jazarpen-erantzun dinamikan sartu nahi. Hartara, prozesua estatuen jokoaren eta erritmoaren arabera garatzen baita.

EIPKren bide-orria Herria dugu arnas egitasmoan jasoa da (www.herriaduguarnas.org). Aieteko Adierazpenaren ondoren zabaldu zen prozesuan parte hartu nahi dute: “Euskal auzia justizia trantsizionalaren ikuspuntutik landu nahi dugu. Prozesua ez da hutsetik hastea”. Bide-orriko hiru puntu azpimarratu dizkigute: “1. Afera judizialik ez duten iheslariak lagundu behar ditugu etxeratze bidean. 2. Afera judizialak dituztenen –asko torturan oinarritutakoak– dosierrak baliogabetu behar dira. 3. Beste dosier guztiak era trantsizionalean aztertzen hasi behar dira”.

Gaixoek eta adinekoek dute lehentasuna. Munduan barrena deportatuak direnei irtenbidea eman behar zaiela diote: “Deportazioak egoera bereziak sorrarazi ditu. Duela 30 urte iheslari piloa atxilotu eta beste herrialdetara eraman zituzten. Horiek ez dute inolako sententzia juridikorik jaso. Beren egoera ez dago definituta, epaitu gabe daude egun. Etxetik kanpo horrenbeste urte horrela egotea kondena ere bada”. Espainiako Estatuak erabili duen torturak lotura zuzena dauka kolektiboko kide askoren egoerarekin: “Jende askok ihes egin du beldurrez, beste batzuek haien lagunek torturapean egindako adierazpenengatik. Egoerak sorrarazitako ‘espazio hori’ aztertu behar da legalitatearen ikuspuntutik. Preskribatuta dauden kausak bertan behera utzi behar dira”.

Salbuespen neurri bereziak bertan behera uztea beharrezkotzat jotzen dute, konponbidean duintasunez bizi eta garatu ahal izateko. Horren ondoren, iraganean gertatu denaren errelatua egiteko prest ei daude iheslariak. Kontakizuna gatazkaren konponbide soziala bilatzeko funtsezkoa baita, euren hitzetan.

Shengeneko Ituna

EIPKren bide-orrian torturaren gaiak berezko aipamena dauka. Testuaren arabera bi estatuak Shengeneko Itunaz baliatzen dira. Nazioarteko legedian oinarrituta, euroagindua bermatzen du itunak. Berbarako, europarrek Turkiako Estatuak ez dituela giza eskubideak bermatzen diote. Turkia ez dago Shengenen, Espainia bai. Nazioarteko erakundeek Espainia Turkia beste bider kondenatu dute torturengatik. Turkia ez dago Shengeneko Itunean ordea, interes ekonomikoengatik. Espainia Shengeneko Itunean babesten da, europarren interes ekonomikoak tarteko. Hartara, errelatua egitean Espainiak bere legea urratzen duela agertzea berebizikoa dela diote iheslariek: “Espainian torturatu egin baita”. EIPKren egitasmoa sostengatzen duten eragileak –Miarritzen egon ziren alderdi politiko frantziarretako kideak barne– tortura kasuak agerraraztearen garrantziaz jabetu direla diote. Hegoaldean ez dagoen ezaugarria dago Iparraldean, ezohikoa: “Hegoaldean lortu ez den zerbait lortu dugu hemen. Hainbat entitatek eta pertsonalitate politikok prozesu politikoarekiko elkartasuna adierazi dute. Estrategikoki eta helburuekin ezker abertzalearekin ados ez dauden sektoreak dira, atipikoa da horregatik. Prozesuaren alde kokatzea eta aktiboki parte hartzea erabaki dute. Desberdintasun hori azpimarratzekoa da”, dio Miguel Ezkerrak. “Bide-orria eskaini eta zehazki zer egin behar dugun galdetu ziguten eragileek: Guk –diosku Azkaratek– aktibazio soziala gizarte maila guztietan behar dugu”.

Jakitun dira eskaera oso generikoa dela, ez da erraz zehaztea ordea. Alta, gauza bat garbi dute: “Ez dugu erresistentzia terminoetan jardun nahi. Gizarte eragileen laguntza behar dugu. Geuk egin behar dugu bidea, eurak integraltasunaren parte direla adierazi diegu”. Estatuek trabak ezartzen dituzten arren, iheslariak oso pozik daude eman dituzten urratsekin. Eragileek –Bake Bidea eta Lokarri, besteak beste– gomendioak luzatu dizkiote EIPKri: “Gomendioak lagungarriak izan daitezke herriarekin bat egiten badugu. Esaterako, errelatua egiteko. Gu prest gaude. Baina ez dugu euren eskaera exijentzia modura hartu nahi. Behartuak, alegia. Ez. Gurea da nahia eta beharra. Herri honetan zer gertatu den, zer egin dugun eta zer egin diguten kontatu nahi dugu. Ez dugu inolako beldurrik”, dio arrasatearrak.

Iheslariek saihestu ezin izan zuten egoera batera iritsi dira. Baina, gatazkaren beste aldean jardundakoak ere halaxe izango direlakoan daude, diote biek ala biek: “Errelatua ezin izango da egin, alde batekook ez bagara beste aldekoaren esparruan kokatzen. Eraiki nahi dugun jendartea elkarrekin eraiki behar dugu, beste modurik ez dago. Purgatoriora joatekotan, denok joan behar dugu”.

Iraganean gertatu hainbat gauza onartzeko zailtasunak badaudela irizten dute, baina horiek bi aldeetan daudela diote: “Ezker abertzale osoak hori barneratuta dauka, ETAk barne; baita guk ere. Esateko dugun guztia kontatzeko prest gaude, baita gertatutako gauza asko ekidin ahal genuela aitortzeko ere prest. Ez daukagu arazorik. Beste gauza bat da, errelatu horretan egia osoa ez kontatzea, eta gero, berau baltsamikoa balitz bezala agertu nahi izatea. Batzuek errelatuaren gaiari kutsu erlijiosoa erantsi diote, gaia politiko bihurtu dute. Galtzaileak eta irabazleak nahi dituzte. Errelatu horretan ez gaituzte topatuko. Ez dezagun gure burua engaina”, dio usurbildarrak.

Gatazkaren ebazpenerako bideak

Prozesua Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuan blokeatuta dago. Presoen eta iheslarien auzien konponketak prozesu politikoa geldiarazi du. Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera begi-bistakoa da: auzia ebazteko prozesua blokeatu dute. Espainiako hainbat gizarte sektorek eta politikariek beren aurkako ekimena balitz bezala hartu dute prozesua. Alabaina –iheslarien ustez–, pazientziaz jardun behar da, gatazka ebazteko prozesuaren lehen fasean gaude. Euskal Herriak bere eskubideak irabaztean guztiok irabaziko dugun ideia zabaltzen ari da poliki-poliki. Gartsu eta tentuz mintzatu zaizkigu: “Herri honek pentsatu behar du iheslariek zabaldu dugun bidea herriaren beraren borrokaren arabera garatzen joango dela. Herria dugu arnas –eta berme– prozesua bururaino eramateko, konfiantza osoa dugu herriarengan. Berak aurkituko du prozesua gauzatzeko irtenbidea. Ezin zaie estatuei prozesua blokeatzeko aukera eman, are gutxiago herriak aukera hori eman. Baldin eta herri honek bere etorkizunean sinesten badu, prozesua garatuko bada, herriaren ekimenarekin batera izango da. Adibidez, herri harresiak eraikitzea eskatzen dugu presoek eta iheslariok behar dugun babesa erdiesteko, soluziobidean urratsak eman ahal izateko, irtenbiderako jokalekua ahalbidetzeko”.

ETAren armen entrega

Iheslarien ibilbideak askotarikoak omen dira, pertsona eta militante gisara. Solaskide hauek desarmearen gaiaz badute iritzia horregatik: “Desarmearen aurrean morbo gehiegi dago. Herriko jende arruntaren hala nola eragile batzuen aldetik. Areago, militante batzuek, agian, modu dramatikoaz aztertzen dute gaia. Aitor Zubillaga burkideak dioenez ‘ETAk herriarengandik jaso zituen armak, bada, arazorik ez dago herriari berari itzultzeko, herria bera arma bilakatu dadin’”.

Hori esanda ere, desarmea gauza teknikoa dela diote biek ala biek: “Sinbologia politiko izugarria dauka, armen erabilera politikoa baita. Armak ez dira ezer, fabrikatu eta erosi egiten dira. Armen sinbologiak badu garrantzia, nork bere sinbologia politikoa eman nahi baitio. ETAk adierazi duenez, desarmearen fasea ez da berehala zertuko. Erakundeak prestasun ona agertu du, baina dioenez, estatuek parte hartuz gero –nazioarteko komunitatea tarteko delarik–, desarmea azkarragoa eta arrazionalagoa izango litzateke”. Irtenbide arrazionalena hori da, baina estatuek ez dute onartu nahi. Irtenbide hori estatuentzat biharko problema delako: “Estatuek nahiago dute gatazka usteltzen uztea konpontzea baino. Horregatik, kontuz! Desarmean aldebikotasunaren zain bagaude prozesua ustel daiteke”, dioskute. Zentzu horretan, Arnaldo Otegiri Avui egunkarian egindako elkarrizketa eta ETAren komunikatua sintonian ikusi dituzte gure solaskideek. Beren hitzetan, desarmeari dagokionean, Espainiako Estatuaren jarrera –eta haren aldekoek, EAJrena barne– batetik poetikoa da eta bestetik trabagarria.

ETAren azken agiria

Uda ostean prozesuan aurrerapausoak emango zirela zabaldu zen bolo-bolo. Besteak beste, ETAren komunikatu berria eta Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrinari buruzko ebazpena ematea espero ziren gogo handiz. Zorrotz egin digute berba: “Prentsan, oro har, izugarrizko fribolitatea ikusi dugu, baita zenbait euskal eragileren aldetik ere. Hauek errazki erortzen dira prozesuaren aurkarien presiopean; Itsaso Atutxa izan edo Jonan Fernandez izan. Egiaztatze Batzordeak agiri batean ‘irailera arte itxarongo dugu, irailean ez badago ezer gu etxera goaz’ esan zuen. Iraila pasa da. Ez du ezer esan, beraz, pentsatu behar dugu prozesuak jarraitzen duela. Berriz diogu, guretzat irtenbidea dena estatuentzat arazoa da”.

Egiaztatzeko Batzordeko kide Ray Kendallek (Interpoleko buru ohi britainiarrak) horrela esan zuen Baionan: “Azken 50 urteetan gatazken konponketan ez dugu ikusi estatuen aldetik halako jarrerarik”. Miguel Ezkerraren aburuz, bi estatuak beren interesen arabera ari dira: “Desarmea, desarmea, desarmea, diote. ETAren azken komunikatuan oso ondo adierazita dago aurrera begira nondik jo behar dugun estatuen estrategia saihesteko eta prozesua aktibatzeko. ETAk prest dagoela esan du berriz ere. Hiru militanteak [Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal] Oslon atxilotu zituztenean bidea zabaltzen ari ziren. Desarmea teknikoki prestatzen ziharduten Egiaztatze taldearekin. Bertako gobernuak kanporatu zituen eta prozesua geldiarazi. ‘ETA no reniega de su pasado’ ondorioztatu dute”. Azkaratek berriz, honela dio: “Batzuek ez dute ETAren aldetik espero zutena jaso. ETAk, berriz, beste urrats bat eman du ‘prest gara, gatazkaren gordinak gure herrian utzi dituen ondorio latzak eta zauri sakonak aintzat hartzeko’ esanez. ETA urratsez urrats aitzina doa eta gu ere prest gaude aurrera joateko”. 

Kontzientziak bakeaz armatu

ETA erakunde armatuak deliberatu zuen duela bi urte borroka armatuaren amaiera. Hitza hitz: emandako hitza konplitu du. Askok txalotu dute erabaki hori euskal gizartean, Europan eta mundu guztian. Kaiolan zegoen bakearen usoa bere hegalak luzatzen hasi zen, denok so geundelarik ea haize onik izanen zuen.

ETAri lotuak dauden emazteek eta gizonek, baita Euskal Herriko parte handienak ere, segitzen dute fermuki bake bideari lotzen. Iheslarien kolektiboak bateratu ditu munduan zehar barreiaturik dauden anai-arrebak. Aho batez mintzatu dira, mezu sakona igorriz gizarte osoari. Miarritzen sentitu izan genuen Euskal Herri berriari buruz abiatzen ari ginela: bortizkeria eza, elkarrizketa eta aniztasuna dira eraiki behar den gizartearen oinarriak, giza eskubideen errespetua izan daitezkeen biharko etxearen oinarriak.

Presoek ere haien urratsak egin dituzte zentzu horretan, milaka herritarrek hainbat manifestazioetan parte hartuz, jakinean denon esku dagoela Bakearen Etxearen eraikitzea. Etxea sutan zegoelarik, auzoak etortzen ziren sua itzaltzera, nahiz eta haserre izan etxetiarrekin. Hemen ere, atzo etsai zirenek beharko dute eskuz esku lan egin. Alde batetik, estimatzekoa da gizartearen partetik egin izan diren entseguak biktima guztiei hitza emanez, errepresioak sorrarazten dituen zauriak oroitaraziz, baita ETAk sorrarazitako oinazeak ere kontuan hartu izana. Memoria zainduz, ametsa askatzen da. Alta, negargarria da Madrilen eta Parisen jokoa. Ez dute haien logiciela aldatu: ukatzen dute Euskadi bake bidean dagoela. Errepresioaren bidea segituz, Bakearen usoari hegalak moztu nahi dizkiote? Ez dute irabaziko zeren eta eskuak esteka daitezke, baina bihotzak ez! Estimatzekoa da nazioartetik etorri zitzaizkigun bake begiraleen pazientzia eta nahikaria. Nahiz eta haizeak kontrakoak izan, segitzen dute sostengatzen iheslarien, presoen eta milaka euskaldunen partetik bizirik dirauen bakearen erronka. Estimatzekoa da ere nazioarteko auzapezek eskaintzen dizkiguten sostengu mota guziak!

Ez da dudarik, eskuen desarmatzearen ondotik, euskaldunek beharrezkoa izango dugu kontzientziak bakegintzan oinarritzea. Inoiz baino gehiago beharrezkoa izango dugu denon mobilizazioa trabak gainditzeko. Bakea ez zaigu gainetik eroriko, gure baitatik sortuko baizik. Bakearen bidea denon artean dugu irekiko. Gizarte osoari dagokio bakearen usoari kaiola irekitzea.

Mikel Epalza - Zokoako itsas omonierra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iheslariak
2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Luis Roncero eta Anartz Aranbarri iheslari ohiak Euskal Herrira bueltatu dira

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Luis Elisardo Roncero Retortillo gasteiztarra eta Anartz Aranbarri Etxaniz ondarrutarra Euskal Herrira itzuli dira. Biak euskal gatazkak eragindako iheslari ohiak dira. 


20 urte bete ditu Ataramiñe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin

2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da... [+]


Nguyen Van Dong, euskal errefuxiatuen aldeko keinu ahaztua

Biarritz, 1972ko urriaren 14an. Javalquinto lorategietan, udaletxearen ondoan, Nguyen Van Dong vietnamdar herritarra suizidatu zen, bere buruari bonzo erara su emanda.


Xanti Zapirain errefuxiatu historikoa eta idazlea hil da

Xanti Zapirain Elizalde “Kaiku” hil dela jakinarazi du Antxeta Irratiak asteazken honetan. Altzan (Gipuzkoa) jaioa 1953an, 20 urte zituela Hendaiara (Lapurdi) ihes egin zuen Frankismoaren jazarpen politikotik ihesi eta errefuxiatu-bizitzaren alderik garratzenak... [+]


Eguneraketa berriak daude