Marmotaren garaia

Film ezagun bateko pertsonaia saiatzen da egoera zehatz batetik irteten. Ezinezkoa zaio: behin eta berriro errepikatzen da egoera; egunak joan egunak etorri, errealitate bera gertatzen da berriz ere.

Gauza bera gertatzen ari zait niri. Baina, gainera, askoz ere larriagoa da. Niri errepikatzen zaidana ez da egun bat soilik, garai osoa baizik.

Orain egun batzuk Herrira erakundearen aurkako operazioa burutu zen. Ikaragarria izan da: presoen eskubideen defentsarako talde bat kriminalizatu da. Bere kudeatzaileak atxilotu eta inputatu, beren ideiak ETAri lotu dira. Jakingo dugu zertan gauzatzen den hau guztia –ea benetan, epaileak argudiatu duenez, Herrira taldeak ETAri lotutako presoei aginduak ematen zizkien edota euren askatasuna mugatzen zuen–. Halere, azpimarratzekoa izan da, baita ere, atxiloketa hauek agintzerakoan, epailearen jarrera, hau da, terrorismoaren aurkako salbuespenezko legedia aplikatu beharrean, atxiloketa komunikatua –hau da, arrunta– erabaki zuen. Auzitegi Nazionalak norabidearen aldaketaren seinale izan daiteke. Horrela dirudi, horrenbeste urtetan legedi hori inolako kritikarik gabe aplikatu eta gero, denok ezagutzen ditugun ondorio larriak utzita. Hemen, beraz, badirudi marmota esnatu dela, edo behintzat, begi bat ireki duela.

Hori gertatu baino pare bat egun lehenago ETAk agiria –enegarren aldiz– plazaratu zuen, betiko ildotik, berririk azaldu gabe, begiak itxita eta marmotaren gurpil zoroan murgildurik. Zurrumurru batek dio urtea bukatu aurretik bere desarmea adieraziko duela. Horrela gertatzen bada, erabateko garai berria zabalduko zaigu herritar gehienoi, eta politika mundura exijentzia handia ekarriko du: marmotaren garaian bizitzea eta jardutea erosoegia izan da askorentzat, baina aro berriak lana eta borondatea eskatzen ditu, aitzakiarik gabe, norberaren posizioak garbi azalduta eta benetako eztabaidarako gaitasuna.

Baina, ez pentsa hemen bakarrik bizi garenik egun luze eta aspergarri honetan: Espainian gauzak ez daude hobeto. Kataluniak plazaratu duen erronka markatzen ari da agenda politikoa, baina, honetan ere, ideia berri gutxi entzuten da: betiko topikoak, betiko argudioak eta oztopoak, pentsatzeko eta jarduteko askatasunik ez balego, immobilismoa jarrera positiboa balitz bezala.

Gure esparru geografikoari buelta osoa ematearren, Europari begirada bat botaz gero, ez pentsa han marmota esnatu denik, ez. Gaur, Europa osoan berriro ere muturreko eskuinak izugarrizko gorakada egin du, eta horri lotuta, indar politiko berriak edo berrituak agertzen ari dira, hainbat kasutan mugimendu herritarrak sortuz. Giza eskubideen aurkako mugimenduak dira, bortitzak, helburu kezkagarriak dituztenak. Ez da denbora luze igaro Europako herriek eta herritarrok faxismoaren ondorio latzak pairatu genituela, beti aitzakia bera hartuta: krisi ekonomikoa eta soziala, politikaren porrota eta emigrazioa. Onartu behar da jende asko desesperatuta eta haserretuta dagoela, baina ezin dugu inolaz ere onartu haserre hau beste herritarren aurka joatea –etorkinen, homosexualen, pobreen, edota beste langileen aurka–. Marmota lo dago Europan ere, baina sugea erne dabil, arrastaka doa herrialde guztietan zehar bere gorrotoa zabalduz.

Toki guztietan marmota bera izanik, ea behingoz esnarazten dugun han eta hemen. Edo akaso, ni izango al naiz marmota? Hala bada, ea baten batek esnatzen nauen nire lokumatik.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude