Kapitalismoaren neska mutilak

Jakin badakigu gazteria izugarrizko langabezi tasa jasaten ari dela. Duela zenbait hilabete, zutabe honetan bertan, zenbait datu eman nituen, bai estatukoak, baita Hego Euskal Herrikoak ere. Azkenaldian ez da egoera hobetu, nahiz Espainiako Gobernuak balentria gisa hartu erregistratutako langabeen kopurua 31 lagunetan murriztu zela abuztuan. Ez zuten aipatu Gizarte Asegurantzak ehun mila lagun inguru galdu zituela urte honetako abuztuan. Horiek bai direla benetako datu kezkagarriak.

Ikusita enplegua aurkitzea oso zaila dela, lan merkaturatzea atzeratu egiten dute gazte askok. Hor dugu gazte talde andana masterrak eta doktoregorako ikasketak egiten. Honela, beste 3-4 urte igaroko dituzte lana bilatzen hasi aurretik. Eta gero zer?

Marxek aspaldi esan zigun kapitalismoak ondo funtzionatzeko, hau da, mozkin tasa oparoak kapitalistek bereganatzeko, oso garrantzitsua zela langabeen (industria) armada eratzea. Horrela, langabetuen armada honek alokairuak presiopean edukiko ditu, ahal diren apalenak izan daitezen. Guztiau gertatzen ari da gaur egun, eta sindikatuek indar gutxi daukate egoera hori ekiditeko. Eta egoera hau krisialdi garaietan areagotu egiten da. Ondorioz, gardenki ikusten dugu langileen eros ahalmena gutxitzen ari dela, baita beren parte- hartzea ere urteroko Barne Produktu Gordinean.

Bien bitartean, goi-mailako agintariak, bai politiko eta batik bat finantzarioak, inoiz baino aberastasun handiagoa eskuratzen ari dira. Hor goian dagoen klase agintariak osatzen du talde boteretsua ekonomia eta politika nahi duten eran kudeatzeko. 

Baina nola heldu agintari klase horretara beheko maila batetik hasita? Jendartean maila aldaketak ez dira erraz ematen. Hala ere zenbait mugimendu gauzatzen ari dira, nahiz egunetik egunera zailagoa den. Zailtasun hauek salatzen ditu Joseph Stiglitzek gazte iparramerikarren aukera berdinen eza bere azkenetako liburuan (The Price of Inequality/El precio de la desigualdad. Taurus). Zein zaila zaien gazteei lanpostu bikainak erdiestea!

Lanpostu bikain horietakoa lortu nahi zuen Moritz Erhart-ek Londreseko Merril Lynch-en behin-behineko lanpostua eman ziotenean praktikak egiteko asmoz. Bankuko jabe aseezinei erantzuteko hiru egun atsedenik gabe lanean aritu ostean, etxeratu zenean dutxan hilik aurkitu zuten. Mutil horren amak ere zerbait pentsatuko du sistema kapitalista suntsitzaile honi buruz, ezta?

Dirudienez, honela lana egiten duten gazte asko daude. Hogeita lau ordu lanean aritu ondoren, taxiak jasotzen ditu lantokiko atarian, etxera eraman dutxatzeko eta arropa garbia janzteko, eta taxi bera han dauka zain lantokira eramateko. Honela lehertu arte. Esklabotza berria, Marxek bere zorroztasunean ikusi ez zuena. Eta ugazaba modernoentzat gazte hauek, langile garaikideok, robotak dira, dirua egiteko makinak. Gazteak bizitza eman ostean gupidaren aztarren ñimiñorik azaltzen ez dutenak dira elite boteretsu hori osatzen duten pertsonak.

Hala ere, aukera xumeagoak egon badaude lanpostu duinak ahalbidetzeko. Izan ere, ikasle gazteei zuzenduta EAEn “junior kooperatibak” abian jarri ditu Eusko Jaurlaritzak euskal unibertsitateekin, baita lanbide heziketako eskolekin. Nahiz eta, tamalez, EAJk eta PSE-EEk sinatu duten akordioan ez diren aipatu ere egiten. Zoritxarrez, akordio ospetsu hori lantzen aritu direnek kezka gehiago zeukaten azpiegitura erraldoiak zein izango diren asmatzen, gazte kualifikatuentzat sortu behar diren lanpostuetan baino. Pena da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude