Iraganak euskara jatorrean eta ulergarrian idatzitako administrazio testuak utzi zizkigun. Ondoren, gaztelaniaren distirak itsututa, testu ulertezinak ekoitzi ziren. Azken urteotan, ingelesei begira garatu da herritarrei gauzak esateko beste modu bat, ulergarriagoa, jakina.
Mundu digitalizatuan herritarrekin hizkera argian komunikatzea helburu, “e-Komunikazioa eta Plain Language Europan. Komunikazio instituzionalaren erronkak mundu digitalizatuan” jardunaldiak egin zituzten Bilboko Euskalduna Jauregian iragan maiatzean. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) eta Administrazio Publikoaren Europar Institutua (EIPA) izan ziren antolatzaile, eta bateko eta besteko herri-administrazioek hiritarrekin harremanetan jartzeko bideez gogoeta egiteko baliatu zituzten bi egun.
Euskarak arlo horretan egin duen, eta egiteko duen, bideaz jardun zuen IVAPeko Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio zerbitzuburu Joseba Lozanok. Komunikazio elektronikoaz jardun zuen Administrazio Hizkera Atalaren arduradun Xabier Amatriak. Lehenengoaren gogoeta ekarri dugu orriotara.
Lehenik, euskarak iraganean euskal administrazioaren baitan izan duen tradizioaz jardun zuten, eta XIX. mendeko zenbait udal ordenantza –Goizueta, Usurbil eta Tolosakoak, besteak beste–, ekarri zituzten gogora “den-denak euskara jator eta ulergarrian idatzitakoak” zirela esanez. Horrela, 1888ko Usurbill-ko erriyaren ordenanzak baliatu zituzten adibide moduan. Bi puntu baino ez ditugu aldatu hona: “1.- Legeak agintzen duen moduan kastigatuak izango dira, jende-aurrean, arneguzko itzak, juramentu gaiztoak, birau edo maldizioak, eta beste edozeiñ itz char esaten dituztenak Jaungoikoaren, Santuen eta Eleizako gauzen kontra. (…) 5.- Prozesioak pasa bear duten kaleak, egongo dira chit ongi garbituak, gichienez Prozesioak pasa bear duen baño ordu betez lenagotik. Ala egiten ez duten bezino guztiak eranzungo dute bear dan tokian, eta izango dira kastigatuak ordenanz’oek, garbitasunari dagokion buruan, agintzen duten erara”.
Joseba Lozanok azpimarratu zuenez, garbizaletasuna etorri zen gero, “eta haren eraginez, morfologia eta joskera zurrunagoa, neologismoak eta abar”. Eta, horrela, 1982an, Euskararen Legea onartu zenean, garbizaletasunaren alde egin zuen EAEko Administrazio Publikoak, ehun urte lehenagoko jatortasun eta ulergarritasunaren kaltetan. Arrazoi bila ere abiatu zen Lozano: “Agian ez genuen behar beste ezagutzen tradizio herrikoia; gainera, gaztelaniaz ikasiak ginen, beldur genion maileguen gehiegikeriari, gaztelaniazko testuei aitortzen zitzaien zehaztasuna eta distira euskararako ere nahi genituen”. Horrekin batera, Administrazioak ez zekien nola aurre egin gaztelaniazko dokumentu pilari. Horrela, autonomia abian jarri zuten testuak ekarri zituen adibide Lozanok. “Estatutoak bere 25.1 eta 37.3 Ataletan Kondaira-Lurraldeen onetan legegintza-ahalmen horri jartzen dizkion mugak ere Legean agertzen dira, eta Estatutoan Foru-Tradiziozkotzat berariz aitortutako gaiei buruzkoak dira. Bainan bakarreango agintepeko gaiak direla eta Legebiltzarraren legepekoak ez diren aginte alorrak egote horrek ez du Legezko Erresuma izatearen ondorio den erakundegoren-mailako arta egiteko ahalmena baztertzen”.
Joseba Lozanoren arabera horrelakoak ziren euskarazko testu administratibo eta juridiko gehienak orain dela 30 urte. “Garai hartan erabatekoa zen gaztelaniarekiko mendekotasuna eta morrontza. Testu ia guztiak gaztelaniatik itzultzen genituen, eta zeresanik ez, erdararen aje guztiak inportatzen genituen nahigabe, berezko euskal diskurtsoa garatuta ez genuelako: esaldi luzeak, nominalizazioak, aposizioak, perifrasiak, egitura pasiboak, inpertsonalak… Horren guztiaren ondorioz, euskarazko testuak plazaratu egiten genituen bai, hala agintzen zigulako Legeak, baina testu horiek ulertezinak izaten ziren gehienetan, eta euskaldunek, baina euskaltzaleenek ere, jatorrizko erdal testuetara jotzen zuten sistematikoki”. Administrazioaren eta herritarraren arteko komunikazioak ez zuen funtzionatzen, ez zen eraginkorra: administrazioko hizkera egokitu behar izan zuten, herritarrengana hurbiltzeko.
Kinka horretan ari zirela, gaztelaniatik euskarara itzulitako testu bihurri ulergaitzak plazaratzen urtea joan eta urtea etorri, Plain English Campaign izena entzun zuten. Erakunde edo mugimendu bat zen, ingelesezko testu argiak eta ulergarriak aldarrikatzen zituena. “Munduko hizkuntzarik boteretsuena hausnarketa hartan murgilduta bazegoen, zertan ari ginen gu antigoaleko hizkera mordoilo hura oraindik ere erabiltzen?”, esan zuen Lozanok. 1993an Plain Englisheko arduradunekin harremanetan jarri ziren, Chrissie eta George Maherrekin, eta informazio guztia eskuratu zieten. “Orduantxe konturatu ginen herritarrei gauzak esateko beste modu bat bazegoela. Administrazioan ere kalitatezko komunikazio argia posible zela. Baina diskurtso berri hori garatu behar genuen eta, garrantzitsuena, zabaldu. Buru-belarri ekin genion lanari. Plain Englishen irizpide nagusietan oinarrituta, IVAPerako estilo liburuxka bat prestatu genuen urte hartan bertan, eta urtebete geroago, 1994an, gure ‘Biblia’: Hizkera argiaren bidetik”. Eta liburu hartan egiten zituzten proposamenek harrera ezin hobea izan zuten. “Herri-administrazio gehienek estilo berriaren aldeko hautua egin zuten arian-arian, eta diskurtso berria itzulpenetara ere hedatzen joan zen. Aldaketa ez zen egun batetik bestera gertatu, astiro baizik, baina sakon, atzera bueltatzeko bide guztiak itxita”. Eta bidean aurrera, gurean egindako gogoeta besteri jakinarazteko garaia heldu zen. “1995ean Miamira [AEB] joan ginen Plain English Campaignek antolatutako jardunaldietan gure esperientzia kontatzera; hurrengo urtean, guk geuk antolatu genituen jardunaldiak Euskadin; eta 1997an, Londresen egon ginen. Estilo berria martxan jartzen ari zen poliki-poliki”. Bestalde, euskararako egiten zituzten proposamenek gaztelaniarako ere balio zutela konturatu ziren eta handik atzera beren ekarpenak bi hizkuntza ofizialetara lotzen dituzte.
Handik hona egindako bidean, eta kalitatezko hizkera administratibo eta juridikoa zabaltzea helburu, hizkera zuzena, ulergarria eta erakargarria izan dute bitartekoa IVAPen. Bateko argitalpenak (Hizkera argiaren bidetik, Argiro, Zalantza-dantza, IVAPeko estilo-liburua, Komunikazio elektronikoa, Administrazioa euskaraz aldizkaria…), besteko dokumentuak estandarizatzea, hizkuntza-prestakuntzako ikastaroak antolatzea, baliabide informatikoak abiaraztea… “Baina aldaketarik izan bada, hori itzulpengintzan gertatu da. Administrazioan gero eta testu gehiago sortzen dugu euskaraz, baina oraindik ere testu gehienak gaztelaniaren itzulpen hutsak dira”. Hala ere, joanak dira garai bateko itzulpen zurrun eta ulergaitzak. “Asko ikasi dugu. Geure diskurtsoa garatzeko gai izan gara. Eta gainera, urrats berriak emateko gaitasuna izan dugu. Ez hain aspaldi, IVAPek korredakzioaren aldeko apustu sendoa egin zuen. Idazketa elebiduna edo korredakzioa erabilita hizkuntza biak batera erredaktatzen dira, bata ez da bestearen menpeko, eta biek eusten diete euren berezitasunei. Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialak korredakzioaren aukera eskaini die Jaurlaritzako sail guztiei, eta orain arte, zazpi dekretu eta lege bat idatzi dira teknika hori erabilita”.
Joseba Lozanok dioenez, urte askoan frankotiratzaile jardun dute IVAPen, “berme politiko sendorik gabe. Baina egoera hori goitik behera aldatu zen 2008. urtean, Eusko Jaurlaritzak Euskaren Erabilera Normalizatzeko IV. Plangintzaldia onartu zuenean. Bertan, hizkuntza ofizialen erabilerari buruzko arau orokorrak finkatu zituzten, eta kalitatezko komunikazioa bera ere definitzera heldu ziren, hau da, testu zuzenak, jatorrak, egokiak eta argiak dira helburu. “Plangintzaldi haren 4. kapituluak honela dio: ‘Helburua komunikatzea da: hartzaileak lehen entzunaldi edo irakurraldian ulertu behar du esaten zaiona. Testuak egokia izan behar du komunikazioaren ikuspegitik. Testuak egitura logikoa izango du, eta egitura hori agerian geratuko da era honetako estrategiak baliatuta: izenburuak eta azpi-izenburuak, ideiak paragrafoka, lege-aipamenak oin-ohar modura… Testuak zuzena izan behar du. Hizkuntza bakoitzak badu bere esateko era: errespetatu. Nolanahi ere, administrazioko hizkera berritu, modernizatu eta herritarrengana hurbildu beharra dago. Idazkiaren diseinua zaindu, irakurgarritasuna bermatzeko’”. Horretarako bidea ere zehazten zuen delako plangintzaldiak, 7. kapituluan. “Informazioa komunikatzea da Eusko Jaurlaritzaren zeregina, bi hizkuntza-komunitateei komunikatzea, alegia; eta horretarako ez dago itzulpenen beharrik: nahikoa da zabaldu beharreko mezua bi hizkuntzetan sortu eta ematea, betiere edukia errespetatuz, baina estiloa hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara moldatuta (…) Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu, korredakzioak arian-arian bere tokia izan dezan sail guztietan”.
Horretan da Joseba Lozano. Lan batzuk egin dituzte, egiteko berriak sortu dira, komunikatzeko moduak ikaragarri aldatu baitira joan deneko 30 urte honetan. “Paper bidezko komunikaziotik plataforma digitaletara pasatzen ari gara abiadura handiz, eta horrek geure burua etengabe egokitzera behartzen gaitu”. Eta, hor ere ez da izango hizkera argia beste biderik.
Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia salatzeko, Egiako Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratu dira Donostian.
Ttitto Betbeder Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berriaren ustez kontzertazioa sustatu behar da euskalgintzarekin eta aholku batzordea biziarazi berriro.
Eztabaida gutirekin baina herriaren indarrarekin egin du bere administrazio kontseilua Euskal Kultur Erakundeak irailaren 13 honetan. 70 eta 80 elkarteen ordezkaritza hurbildu zen mobilizaziora, baina suprefeta eta DRACa gabe egin behar izan dute.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE), Ipar Euskal Herriko euskarazko kulturaren eragile garrantzitsuenak, arriskuan dauka bere burua, eta elkarretaratze deitu du larunbaterako Uztaritzen. Frantziako Estatuaren laguntzetan 30.000 euroko murrizketa jasan dute 2025ean (udan jakinarazia),... [+]
Orain Baionako merkatuko saltzaileek afitxa bidez jakinarazten dute euskaraz eta gaskoiz aritzeko prest direla. Baionako Herriko Etxeak duela bi urte abiatutako euskara plangintzaren ildotik ekintza abiatu du.
2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]
Larunbat honetan Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hartuko du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Goizean hasi eta gauera arte, “euskararen aldeko festa handia” izatea nahi dute euskalgintzako eragileek, kirol jarduerak, kultur emankizunak edo arratsaldeko... [+]
Aste honetan, etxeko lanak jarriko dizkizuet. Hori gertatzen zaigu urte luzetan irakaskuntzan aritu garenoi: dena bihurtzen dugu arbel, etxeko lan eta ikas-egoera. Demagun euskal jai bat antolatu behar dugula herrian. Zer egitarau proposatuko dugu? Nola ospatu, dantzatu eta... [+]
'Su eta Gar' musika talde baten izen bezala ezagutzen duzu? Orain, exoplaneta baten eta bere izarraren izena ere badela jakinen duzu. 'GJ 486' izarra, Virgo konstelazioan, eguzkitik 27 argi-urtera dagoen nano gorri bat da eta bere inguruan Lurra baino hiru aldiz... [+]
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]
Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]
Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]