Donostia 1813-2013

Oroitzeko garaia

  • Duela 200 urte Donostia arpilatu, erre eta suntsitu zuten, ehunka donostiar hil zituzten, emakumeak sistematikoki bortxatu... Ordutik hona, gau izugarri horren oroimena lausotzen joan da, bertsio interesatuen eraginez distortsionatzen. Bigarren mendeurrenak aukera paregabea eskaintzen du oroimena berritzeko. Eta ez ospakizunetarako. Egun hartan ospatzeko moduko ezer ez baitzen gertatu Donostian.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena
2013ko uztailaren 14a
Donostia erasoa, 1813ko abuztuaren 31, E. Heath. Irudian soldaduak ikusten dira borrokan, baina erasoaren biktima nagusiak, hiritik alde egiteko aukerarik izan ez zuten herritarrak izan ziren. Lekukotza ugari bat datoz aliatuek etsai frantsesak donostiar
Donostia erasoa, 1813ko abuztuaren 31, E. Heath. Irudian soldaduak ikusten dira borrokan, baina erasoaren biktima nagusiak, hiritik alde egiteko aukerarik izan ez zuten herritarrak izan ziren.

1813ko abuztuaren 31n, Espainiaren aliatuak ziren ingeles eta portugaldar osteek Donostia askatu zuten eta frantziar okupatzaileak egotzi zituzten. Ondoren, hiria suak hartu zuen (Wellington izan omen zen; ala frantsesek sutu zuten? Beharbada espontaneoki piztu zen). Baina, hiria erabat suntsituta geratu arren, agintariak Zubietan bildu ziren eta hiria hutsetik berreraikitzea erabaki zuten. Baita egin ere.

Horixe da donostiarrek duela 200 urte gertatutakoaz orain arte izan duten batez besteko ezagutza, amaiera zoriontsudun maitagarrien ipuina ia, benetan gertatutakoarekin alderatuta. Oroimen onak gorde eta negatiboak baztertzeko joera dugulako izan daiteke, agian. Edo sarraskiaren erantzuleak ustezko salbatzaileak zirelako, filmeko “onak”.

Egun hartan salbatzaileak borrero izan ziren. Aliatuek hiria arpilatu zuten, biztanle zibilak jipoitu, zauritu eta hil zituzten, emakumeak bortxatu, eta gauean hiriari su eman zioten. Testigantza apurren arabera, erasoa sistematikoa izan zen, eta suntsiketa erabatekoa. Garai hartan 5.500 biztanle inguru zituen hiribilduak, eta erdiek, gutxi gorabehera, uda hasieran alde egin zuten. Beraz, abuztuaren 31n 2.000 herritar pasatxo zeuden Donostian, eta 1.200 eta 1.600 artean hil zituzten. 1813ko udazkenean Donostiak 300 biztanle zituen, eta 600 etxeetatik soilik 35 geratu ziren zutik. Leith Hay britainiar armadako ofizialaren hitzetan, “gerraren historian ez da sekula izan Donostiakoa bezalako suntsitzerik”.

Nork eta zergatik?

Aliatuen xedea hiria Napoleonen atzaparretatik askatzea bazen, zergatik sarraskitu zituzten herritarrak, frantziarrak mendean hartu ondoren? Nork eman zuen agindua? Suntsitzearen ondoren ez zen ikerketarik egin, ez zen erantzule eta azalpen ofizialik izan, sutea frantziarrei leporatu zitzaien eta Lord Wellingtonek berak bere menpeko osteek egindakoa ukatu zuen. Donostiako Udalak eta epaile batek lekukotzak biltzea erebaki zuten, eta bilduma hori da gaur egun tragedia ikertzeko iturri bakarrenetakoa. Eta 200 urtetan ere ez da ahalegin berezirik egin gertatutakoa zehatz eta gordin kontatzeko. Finean, Wellingtongo dukeak Napoleon mendean hartzea eta Iberiar penintsula askatzea lortu zuen, eta bere ekintza heroikoen zerrenda distiratsuan Donostiako orbanak ez zuen batere ondo ematen.

Bigarren mendeurrena hurbildu ahala, 1813ko gertakizunei buruzko interpretazioak ugalduz joan dira. Historialari batzuek diote jarrera horiek ohikoak zirela garai hartako gerretan, eta gainera ingelesak bereziki krudelak zirela, lehenago Badajozen edo Ciudad Rodrigon erakutsi zuten bezala. Baina Hay ofiziala bietan egona zen, eta Donostian ikusitakoak hunkitu zuen gehien. Beste batzuek diote Gipuzkoako merkataritza sendotzen ari zela eta ingeles merkatariak konpetentziaren beldur zirela. Baina zaila da sinesten munduko lehen merkataritza potentzia kezkatuta zegoela eta kezka horrek sarraskia eragin zuela. Donostiak oparotasun ospea zeukan, soldadu askok hirian sartu eta aberastuko zirela uste zuten, eta horrek ziurrenik arpilatzeko grina areagotu zuen. Aliatuek hiria frantsestua zegoela pentsatzen zuten, donostiarrak traidoretzat zeuzkaten. Berez, Donostiako eliteak ziren frantsestuak zeudenak, eta goi mailako biztanle gehienak hiritik alde eginak ziren sarraskia baino lehen. Baina baliteke, uste horrek eraso gupidagabean eragina izatea. Hirian sartu ziren hainbat soldadu aliatuk goitik aginduak jaso zituztela adierazi zuten. Eta laupabostek agindua Castaños general espainiarrak eman zuela deklaratu zuten, Iñaki Egañak Donostia 1813 lanean jaso bezala.

Baina dokumentaziorik ezean, ziurrenik, hipotesi batzuk zein besteak ezingo dira sekula egiaztatu. Horrek ez du esan nahi egiaztatuta dauden gertakizunak merezi bezala oroitu ezin daitezkeenik.

Beste urteurrenetako ospakizunak

1913an, lehen mendeurreneko ospakizunak arranditsuak izan ziren. Alderdi Ederreko monumentua Espainiako Alfontso XIII.a erregeak inauguratu zuen, lehiaketa literarioak egin ziren euskaraz nahiz gaztelaniaz, antzezlanak, kontzertuak, hitzaldiak... antolatu zituzten. Suntsitzearen mendeurrena izateaz gain, 50 urte lehenago Donostiako harresiak bota zituztela ere ospatu zuten bide batez. Beraz, hiri berriaren ospakizuna izan zen hein handi batean, eta hiri zaharra suntsitu izanaren nondik norakoetan ez zuten sakondu.

150. urteurrenak frankismo betean harrapatu zuen Donostia. Erabat lerratutako “ikerketa” historikoak argitaratu ziren; Donostiako gudua Espainiako Independentzia Gerra delakoaren azken gertaldi loriatsuetako bat izan zen lan horien arabera.  1863ko abuztuaren 31n Frantzia, Espainia, Ingalaterra eta Portugalgo armadetako soldadu eta ofizialek Donostiako kaleetan desfilatu zuten “alaitasunez” –orduko prentsaren hitzetan–. Broma gaiztoa, hiriko historiaren egunik ilunena oroitzeko.

1988an, 175. urteurrena oroitzeko ekitaldiak ia oharkabean egin ziren. Erakusketaren bat prestatu zuten, eta argitalpen batzuk ere kaleratu zituzten. Urte haietan hasi ziren Abuztuaren 31ko kalean, sutetik salbatu zen kale bakarrean, gertatutakoa oroitzeko kandelak pizten, eta horrekin batera, donostiarrek ahaztutako memoria berreskuratzeko oinarriak jartzen.

Merezitako oroimena

Ahalegin horiek ugaldu egin dira bigarren mendeurrena hurbildu ahala. Iaz “Donostia sutan” manifestua sustatu zuten hainbat gizarte eragilek, ikerlanak argitaratu ziren eta komiki bat ere bai. Donostiako Udalak programazio zabala antolatu du ardatz nagusi baten inguruan: oroitzea. Ekimenak kolektiboak eta parte-hartzaileak izatea zuten xede, eta horregatik, herritarren, alderdien eta elkarteen proposamenak bildu zituzten egitaraua osatzeko. Hitzaldiak, mahai-inguruak, ikus-entzunezko emanaldiak, bisitaldi gidatuak eta erakusketak antolatu dituzte, besteak beste. Martxotik ekainera “1813-2013: Bigarren mendeurreneko hitzak” jardunaldiak egin zituzten Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, eta oraindik ere hainbat ekitaldi geratzen dira, besteak beste, abuztuaren 31n bertan egingo direnak (egitarau osoa www.donostia.org helbidean kontsultatu daiteke).

Eta hiria suntsitu zuteneko mendeurrenaren ondoren, berreraikitzearen mendeurrena etorriko da. 1813ko irailaren 8an onik atera ziren hainbat donostiarrek hiria berreraikitzea erabaki zuten Zubietako Aizpurua baserrian bilduta. Baina horretan ere ospakizunetarako motibo gutxi daude: hiriak ez zuen inolako diru-laguntzarik edo kalte-ordainik jaso, 1818ra arte Espainiako Gerra Ministerioak ez zuen etxeak berreraikitzeko baimenik eman...
 

Hamaika basakeria eta 79 lekuko

1813ko azaroan 79 lagunek (77 gizonezkok eta bi emakumek) deklaratu zuten hiriaren erasoaren lekuko gisa, Pedro Antonio de Arizpe Gipuzkoako lehen instantziako epailearen eta Donostiako, Pasaiako, Errenteriako, Tolosako eta Zarauzko alkateen aurrean. Hona hemen testigantza horien zati labur batzuk, itzulita:

1. lekukoa: Frantsesek, gaztelura erretiratu zirenetik, ez lehen egunean ez hurrengoetan, ez zuten granadarik, lehergailurik edo sua piztu zezakeen beste edozer jaurti hirigunera.

4. lekukoa: Lekukoak hirian eman zituen lau egunetan arpilatze izugarria eta soldaduen neurrigabekeria bizi izan zuen, eta ez zegoen patruilarik edo beste bitartekorik basakeria geldiarazteko eta sua itzaltzeko.

6. lekukoa: Portugaldar batek etxeko emakumeez eta bertara babes bila bildutakoez gozatzen zuen bitartean, kandela bat eskuan hartuta, ekintza laidogarria ikustera behartu zuen lekukoa.

12. lekukoa: Fusilaren kaxarekin kolpeka, lurrera bota zuten eta ia konorterik gabe utzi zuten; ordu laurden eman zuen lurrean etzanda, kalean zebiltzan eta hildakotzat eman zuten soldaduek zapaldua.

15. lekukoa: Irailaren lehena bezpera bezain krudela izan zen biztanle koitaduentzat; ordurako ez zuten dirurik, janaririk edo etxera sartzen ziren  soldaduak geldiarazteko beste ezer, eta horregatik herritarrak gaizki tratatzen hasi ziren, horietako asko hiltzeraino.

24. lekukoa: Ingeles batek tiro egin zion, baina ez zuen asmatu, eta arma kargatu ondoren, ez zion berriro tiro egin dena ikusten ari ziren 9 urteko semearen eta 6 urteko alabaren negar eta erreguengatik.

25. lekukoa: Bi soldadu iritsi ziren, bata ingelesa eta beste portugaldarra, eta emakumeak bortxatzen hasi ziren, fusil kolpeka eta tirabidean jarrita uxatu zituezten senarren aurrean.

29. lekukoa: Etxean gordeta zegoen 18 urteko neska ederra bigarren solairuko sukaldean bortxatu zuen ingeles batek, eta gero tiro egin zion; hilzorian eta odolez blai, lastaira baten gainean jarri zuten, eta beste soldado bat neska berriro bortxatzen hasi zen, azpiko galtzak askatuta eta haren gainean botata, beste batzuek hilurrenari besoak erauzten zizkioten bitartean. Hilaren 3an etxera sartu zenean, lekukoak neskaren gorpua aurkitu zuen biltegian.

31. lekukoa: Biztanleen biba eta txaloei tiroka erantzun zieten. Asko zauritu eta hil zituzten, eta ia emakume guztiak bortxatu zituzten, haur eta zaharrak errespetatu gabe.

44. lekukoa: Bizilagun bati emandako tratua ikusi zuenean, izututa, teilatura igo zen, eta han eman zuen gau osoa, emakumeen alarauak eta intziriak entzuten.

51. lekukoa: Lekukoari zeukan guztia kendu zioten: sakeleko erlojua, bi ontza eta erdi eta gainean zeramatzan zilarrezko beste txanpon batzuk. Biluztu, belaunikatzera behartu eta hiltzea erabaki zuten; baina emaztearen oihu hitsek eraginda iritziz aldatu zuten. Ataka horretatik irtenda, teilatuetan nora gabe ibili zen, bi alabei helduta.

55. lekukoa: Aliatuak hirian sartu zirenean, biztanleak, pozez beterik eta txaloka, soldaduei harrera egitera irten ziren, baina berehala atzera egin behar izan zuten, etsaiak baino okerrago tratatzen zituztelako.

58. lekukoa: Bost eguneko haurtxo bat sehaskatik bota zuten, eta hil egingo zuketen, zenbait emakumeren intziri eta erreguengatik izan ez balitz.

60. lekukoa: Arraiaberen alargunaren etxean bizi zen 70 urte inguruko emakumea ikusi zuen goitik behera irekita, lotsarietatik bururaino.

72. lekukoa: Etxean hiru ingeles sartu zitzaizkion eta harrera egin zien, borondate ona adieraziz eta zaurituren bat izanez gero etxe horretan artatuko zutela azalduz; eta hiruetako bati besarkada bat emateko hurbildu zitzaionean, soldaduak fusila bularrean jarri zion, beste biek baionetaz mehatxatu zuten albo banatan, eta dirua eskatu zioten.

75. lekukoa (emakumezkoa): Zeukan guztia kendu zioten, baita eskuineko erakuslean zeukan urrezko eraztuna ere. Ezkerreko belarritakoa erauztean, belarria urratu zioten, baina belarritakoak baliorik ez zuela ikusita, bota egin zuten. (...) Eskuineko besoan balaz zauritu zuten eta biluzik, besoa eta belarria odoletan, lurrean utzi zuten.

78. lekukoa: Zorigaiztoko biztanleen ahuenak, negarrak eta alarauak besterik ez ziren entzuten. Soldaduen eskutan ez bukatzeko, batzuek beren burua etxeetako balkoietatik edo leihoetatik bota zuten, beste batzuk estoldatan eta komunetan ezkutatu ziren, edo teilatuetatik ihes egin zuten.

Bortxaketak, emakume txiroentzako zigor gehigarria

1813ko abuztuaren 31ko gau hartan donostiar guztiek jasan zituzten kolpeak, tiroak, arpilatzea... baina emakumezkoek pairamen gehigarria jaso zuten: sistematikoki bortxatu zituzten.

Testigantzen pasarteetan adibide batzuk jaso ditugu, baina bortxatutako emakumeen izen-abizenen zerrenda (eta anonimoena) luzea da: Francisca Bengoetxea, Ezeiza merkatariaren neskamea, Pedro Ignacio Olañetaren bi ezagun, Antonio Irigoienen koinata, Cardon alargunaren 16 urteko neskamea, Jose Antonio Agirrebarrenaren neskamea...; tiroz hil berri zuten amaren gorpuaren gainean bortxatu zuten 14 urteko neskatoa; 76 urteko andrea 12 soldaduk bortxatu zuten...

Joan den martxoaren 14an Lola Valverde historialariak gai hau izan zuen hizpide  “Falsos libertadores, auténticos verdugos: las violaciones sistemáticas de las mujeres en el marco del designio de exterminio de la población civil en la toma e incendio de San Sebastián, 1813” izenburuko hitzaldian.

Historialariak dio ezinezkoa dela zenbat bortxaketa izan ziren zehatz jakitea, baina soilik testigantzetan 70-80 bat zenbatu ditu.

Donostiakoa, ordea, ez zen kasu bakana izan. “Gerra guztietan beti agertzen da emakumeen bortxaketa, plaza edo lurralde baten konkistari lotu ohi zaizkion gainerako zigor-ekintzekin batera: hilketak, lapurretak, suteak…”. Valverderen esanetan, “emakumeen bortxaketaren helburua sexuarengatikoaz harago doa. Egia da hirietan sartzen ziren soldaduen tentsioa izugarria zela eta alkoholak ere eragin handia zuela, baina emakumeak ez zituzten soilik sexu beharrak arintzeko bortxatzen. Bortxaketen bidez kolektibo guztia zigortzen ari ziren, ahalik eta umiliazio handiena eragiten. Garailearen boterearen eta etsaia zapaldu izanaren erakusgarri garbiena da”. Emakumeak autonomo ez diren gizarteetan are gehiago erabiltzen da bortxaketa. “Emakumea autonomoa denean, bortxaketaren sufrimendua neurri handiagoan bere baitara mugatzen da. Baina emakumea menpeko den gizarteetan, eta 1813ko Donostian emakumeak erabat menpekoak ziren, familiaren ohorea emakumeengan oinarritzen zen”. Emakumea bortxatuz gero familiak ohorea galtzen zuela, alegia.

Lola Valverderen ustez lekukoek jasotako kasuak izugarriak dira, eta horiek deskribatzeko hitz egokirik ezean, lekuko batek baino gehiagok aipatzen duen eszena azaldu zuen hitzaldian: San Jeronimo kalean neska baten gorpua kupel bati lotuta, biluzik, baioneta “sorrera-bulegotik” sartuta (sic).

Abuztuaren 31ko bortxaketak aztertzerakoan, generoaz gain, gizarte maila ere kontuan hartu behar da; bortxatutako emakume gehienak neskameak ziren. Kontua da  hiriko familia izendun gehienak ekainean alde egin zutela Donostiatik, eta neskameak han utzi zituzten etxeak zaintzen. “Bortxaketek ez zituzten emakume guztiak berdin eraso, behe mailakoak izan ziren biktima nagusiak: neskameak eta hiria uzteko aukerarik izan ez zuten familia txiroetako emakumeak”. Lekuko baten arabera, goi mailako bi “andereño” ere bortxatu zituzten hainbat teniente ingelesek, baina haien izenak eta non bortxatu zituzten ez du esaten, bien identitatea babesteko. “Hor ere diskriminazioa dago, baina zoritxarrez hori ere oso ohikoa zen”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Donostia 1813

Donostia 1813 kanaletik interesatuko zaizu...
Abuztuak 31
Historia ofiziala salatuz, 1813ko sarraskia gogoratu dute Donostian

Iritsi da berriz ere abuztuak 31. Donostiarrentzat data beltza. Egun horretan orain 202 urte, 1813an hiria suntsitu, 1.600 pertsona inguru hil, hiriko ia emakume guztiak bortxatu eta lapurreta erraldoia egin zuten espainiarren aliatu ziren armada ingeles eta portugesek.


Donostia berreraikitzen
1813ko abuztuaren 31ko biharamon luzea

Aliatuek Donostia suntsitu eta egun gutxira Zubietako bileran hiria berreraikitzea erabaki arren, hondamendiaren ondorioak hurrengo hilabeteetan eta urteetan nozitu ziren. Donostiarrek laguntzarik gabe, arpilatuta eta epidemiek jota ekin behar izan zioten hiria berreraikitzeari.


Gerrek txikitutako hiriak, bat eginda

Gerrek Suntsitutako Hirien Topaketak” antolatu dituzte Donostian, hilaren 21ean. Bizikidetza eta bakea ardatz, etorkizuna izango dute hizpide bertaratutakoek.


2013-09-16
Donostia 1813 hitzaldi ibiltaria
MULTIMEDIA - solasaldia

2012ko abuztuaren 31an Josu Tellabidek emandako hitzaldi ibiltaria. Donostia sutan elkarteak antolatuta.


2013-09-05
Donostia 1813 herri antzerkia
MULTIMEDIA - ekitaldia

Donostiako suntsiketaren 200 urteurrena dela eta 150 lagunek antzeztu zuen lan hau Donostiako plaza Berrian. Gidoia Eneko Olasagastik egin zuen eta aktoreen artean Ramon Agirre eta Klara Badiola daude. Unai Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi bertsotan aritu ziren.

Donostia sutan elkarteak antolatuta.

Grabazioa: Eskunabarrak


Historia ahanzturan gera ez dadin abuztuaren 31rako hainbat ekintza Donostian

1813ko Donostiaren suntsiketa oroitzeko egitarau zabala prestatu dute abuztuaren 30 eta 31rako. “Biktima guztien ezagutza” dute oinarri ekintzek sarraskiaren 200. urteurrenean, historian galduta ez geratzeko.


Donostiako sarraskia 1813
MULTIMEDIA - muntai berezia

Donostian armada ingeles, portugaldar eta espainiarrek 1813ko abuztuaren 31n eragindako sarraskiaz prestatutako kronologia interaktiboa. Bertan erabiltzaileak kontsulta dezake pasartez pasarte 1.600 biktimatik gora utzi zituen historiako kapitulu ilun hau.

 

Iturria:

Donostia 1813, Txertoa argitaletxea. Egilea: Iñaki Egaña.


2013-08-14
Wellington

Donostiako aldirietatik zuzendu zituen hiriari eraso egin zioten tropak, nahiz eta, Iruñeko frontean egon ahal izateko, azken erasoaldia Thomas Grahamen esku utzi. Sarraskitik bizirik ateratakoei laguntza ukatu zien, eta ez zuen bere gain hartu bere tropek hiriaren sute eta zakuratzean izan zuten erantzukizuna; aitzitik ere, frantsesei leporatu zien.


2013-08-14
Casta˝os

Baileneko dukea, espainiar militar eta politikaria. Campo de Gibraltar-eko komandante jenerala zen 1808an, frantsesen inbasioa gertatu zelarik. Baileneko borrokan Duponten tropak azpiratu zituenez, behin-behinean frantsesak penintsulatik egotzi zituen; huraxe izan zen ordura arte garaiezina izandako Napoleon Bonaparteren lehen porrota.


2013-08-14
Godoy

Carlos IV.aren balidoa. Bere jarduera profesional meteorikoa Carlos IV.a erregearen emaztearekin, Maria Luisa de Parmarekin, izandako erlazioarekin lotu da. Konbentzio Gerran Godoyk traizio bezala hartu zuen Donostia Moncey jeneral frantsesari errenditu izana. 1800an Donostiako alkatea eta erregidoreak epaitu zituztenean Godoyk gogortasuna gomendatu zuen. 1808an frantsesak Donostian berriz sartu ziren, oraingo honetan hiriko ateak irekitzeko Godoyk emandako baimenarekin.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude