1813ko abuztuaren 31ko biharamon luzea

  • Aliatuek Donostia suntsitu eta egun gutxira Zubietako bileran hiria berreraikitzea erabaki arren, hondamendiaren ondorioak hurrengo hilabeteetan eta urteetan nozitu ziren. Donostiarrek laguntzarik gabe, arpilatuta eta epidemiek jota ekin behar izan zioten hiria berreraikitzeari.

Donostiako harresietatik ikusten zen ikuspegia margotu zuen Didier Petit de Meurvillek XIX. mendean. Sutearen ondoren donostiar gutxi geratu zen harresien barruan, 300 bat. Gehienak kanpoko auzune eta baserrietan bizi ziren orduan.
Donostiako harresietatik ikusten zen ikuspegia margotu zuen Didier Petit de Meurvillek XIX. mendean. Sutearen ondoren donostiar gutxi geratu zen harresien barruan, 300 bat. Gehienak kanpoko auzune eta baserrietan bizi ziren orduan. Gipuzkoako Foru Aldundia

1813ko abuztuaren 31ko Donostiako suntsiketaren kontakizun labur eta soilak Zubietako Aizpurua baserrian izan ohi du amaiera zoriontsua. Irailaren 8an eta 9an, hainbat donostiar bertan bildu ziren astebete lehenago gertatutakoari erantzuteko. Kanpoan, berehala, mapatik desagertutakotzat jo zuten hiria. Madrilgo La Gazetak, gertatutakoaren berri eman zuenean, zera erantsi zuen: “Donostiatik bere kokapenaren oroimena besterik ez da geldituko”. Zubietan bildutakoek, ordea, udal berria osatzea eta hiria berreraikitzea erabaki zuten; erabakitakoa gauzatzea beste kontu bat izan zen.

Abuztu amaieran gertatutakoa bat-batekoa, gordina izan bazen, 1814ko neguko hondamena hotzagoa, mantsoagoa, isilagoa izan zen, oso bestelakoa, baina izugarria berdin.

Laguntzarik ez

1814ko otsailaren 20an Gregorio Iturbe alkateak gutun bat igorri zuen Espainiako Erregeordetzara, laguntza eske eta erantzunik ezaz kexu. Sarreran Donostia “munduko hiririk zorigaiztokoena, ia izate fisikorik gabea, eta izate moralaren azkenetan dena” zela zioen gutunak. Iturbe eta gainerako zinegotziek zioten bost hilabetetan bitan ahalegindu zirela hiriaren egoeraren berri ematen eta laguntza lortzen, baina Espainiako Kongresuak ez ziela ordurarte erantzun. Madrilgo agintariek entzungor egin zieten, hirugarrenez. Suntsiketaren arduradun militarrengana ere jo zuten, berreraikuntzarako nahiz soldaduek jaten zituzten anoa berak jasotzeko laguntza eske. Graham, Castaños eta Alava jeneralek ez zuten erantzun. Wellingtonek, bai: atzerritarra zela eta lurraldeaz ezertxo ere ez zekiela. Sutearen ondorengo egunetan bertan, eraikinen hondakinak garbitzeko laguntzarik ez zen izan, eta inguruko herrietan lantaldeak antolatu behar izan zituzten lan horretarako. Ez Espainiako Gobernutik, ez haren aliatuengandik, ez zuten kalte-ordainik, diru-laguntzarik edo finantzaketa biderik jaso, hiria berreraikitzeko.

Hiria suntsitu eta hurrengo hilabeteetan, harresien barruan 300 biztanle inguru geratu ziren. Donostiar gehienak kanpoko 400 bat baserrietan bizi ziren. Baina harresiz kanpo hiria berreraikitzerik ez zegoen. 1814 eta 1817 artean, kanpoko auzoetako biztanleek ez zuten Espainiako Gerra Ministerioaren baimenik lortu etxeak berreraikitzeko.

Laguntza sinbolikoa 1816an iritsi zen. Fernando VII.a erregeak bere burua hiriaren babesle izendatu zuen. Baina 1824ko uztaileko agiri batek dionez, hiriak kalte-ordainik jaso gabe jarraitzen zuen. Erregearen laguntzak ez zuen maila sinbolikoa gainditu 1828ko ekainaren 10ean, Plaza Berriko Udaletxeko lehen harria jarri zutenean.

Harrapaketa bai

Laguntzarako jarrera pasiboa izan arren, arpilatzean aktiboki jardun zuten suntsiketaren erantzule militarrek. Arpilatzea sua itzali baino lehen hasi zen. Lapurtutakoa ingelesen kuartelaren parean saltzen zuten, Graham jeneralak ezikusiarena egiten zuen bitartean. Irailaren 4an bertan Gipuzkoako Diputazioak harrapaketa eteteko eskaera egin zuen, alferrik. Arpilatzea hilabetetan luzatu zen. Jarduera apaldu bazen, zer lapurtu apenas geratzen zelako izan zen. Azaroaren amaiera aldera, San Martin auzoko hainbat etxejabek salatu zuten ofizial ingeles batek beren etxeetako harlanduak eraman nahi zituela.

Eta lapurreta zuzenak zeharkakoari egin zion bidea 1814ko udaberrian, tragediaz negozioa egiteko eskrupulurik ez zuten espekulatzaileen eskutik. Sutearen aurretik urteko 900 errealeko errenta zuten biltegiengatik 12.000 eskatzera iritsi ziren. Udan ogiaren prezioaren igoerak protestak eragin zituen.

Gutxi batzuk aberasten ziren bitartean, herritarrak miseria gorrian bizi ziren, neguko hotzaz babesteko aukerarik gabe. Ingurua basoz josita egon arren, egurra garraiatzeko baliabiderik ez zegoen. Igeldoko itsasargia piztuta atxikitzeko egurrik gabe ere geratu ziren.

Falta zena: malaria

Udalaren finantza porrota erabatekoa zen. Udal medikurik ez zegoen, ospitalerik ere ez eta, hala, donostiarrak babesgabe zeuden gaixotasunen eta epidemien aurrean. Ibaetako ihitzetako jabe Juan Miguel Zatarainek ere ez zuen nonbait zingirak sanotzeko dirurik, eta anofele eltxoak ugaltzeko inguru ezin hobea topatu zuen bertan. Garaiko kroniken arabera, duela 200 urteko neguan malariak eguneko 8-10 heriotza eragin zituen. Soldadu aliatuek baino donostiar gehiago hil zituen helgaitzak, milatik gora. Udalak berehala Zataraini zingirak garbitzeko agindu arren, lurjabe egoskor eta arduragabeak afera epaitegietara eraman zuen, eta hiru urte behar izan ziren inguru kutsakorra sanotu eta epidemiaz libratzeko.

Eta askoz urte gehiago sutearen ondorioak itzaltzeko, militarrek utzitako zor kalkulaezina kitatzeko eta Zubietan erabakitakoa gauzatzeko.

Donostia ez zen bakarra izan

Donostia izan zen 1813ko udako biktima nagusia. Hango hondamendiak ez zuen parekorik izan. Baina frantziarren nahiz aliatuen gehiegikeriak Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere izan zuten eragina.

Bilbo frantziarrek setiatu eta hartu zuten, Christophe-Antoine Merlin jenerala buru. Dozenaka hilketa eta bortxaketa izan ziren. Hainbat etxe erre zituzten, eta elizak, ondasun preziatuenak gorde ohi zituzten eraikinak, arpilatu zituzten.

Gasteizko gudua Arabako lautadan jokatu zen 1813ko ekainaren 20 eta 21ean. Bi aldeetan hildako asko izan ziren, gehiago tropa napoleonikoen artean. Baina zibilen kontra ez zuten errepresaliarik hartu. Hori bai, arpilaketa izugarria izan zen, gure lurraldean aurrekaririk gabekoa. Gudua irabazi ondoren Welligngtonek ez zuen esperotako expolioa egiterik izan. 275.000 libera inguruko balioa zuten ondasunak bildu zituen, baina altxorrik preziatuenak, hala nola Rafael, Velázquez, Tiziano, Rubens edo Zurbaranen ehunka koadro, frantziarrek eraman zituzten –gerora aliatuek berreskuratuko zituzten arren–. Soldaduei nahi adina arpilatzeko baimena eman zien jeneralak; Gasteiz eta inguruak doako azoka erraldoi bihurtu ziren tropentzat. Herritarrek ahal zutena soinean eramanda, presaka, alde egin zuten, eta bidean gehienek ondasun eskas horiek ere eman behar izan zituzten, bortxaketak eta hilketak saihesteko.

Abuztuaren 31n bertan, Irun inguruetan, San Martzialeko bigarren guduan, bi bandoetan hildako ugari izan arren, zibilen bajak urriak izan ziren. Herritarren kontrako errepresaliarik ez zen izan.

Baina hilketa, lapurreta edo bortxaketa sistematikoak egiteko baimen edo agindu “ofizialik” ez izateak ez du esan nahi albo-kalte latzak ez zeudenik. Esaterako, San Martzialeko guduaren biharamunean, handik galtzaile erretiratutako hainbat soldadu frantziarrek ingeles eliteko tiratzaile talde batekin topo egin zuten Alkaiaga (Lesaka) eta Bera lotzen dituen San Migel zubian; 200dik gora hildako izan ziren. Alegia, gudu handien itzalean nonahi gatazka txikiagoak sortzen zirela. Eta militarrak tiroka hasi gabe ere, zibilek haien igarotzea nozitu zutela. Frantziar tropek Baiona zuten inguruko base nagusia. Wellingtonek Lesakatik prestatu zuen Donostiako erasoa. Gasteizen galdu ondoren, tropa frantziarrak Iruñera erretiratzen hasi ziren, Baionarako bidea etenda zutelako, besteak beste Gometxan eta Agurainen geldialdiak eginez. Eta batzuek zein besteek, garaile nahiz galtzaile, ez zuten erreparorik, behar edo nahi zuten guztia baimenik gabe hartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 1813
Abuztuak 31
Historia ofiziala salatuz, 1813ko sarraskia gogoratu dute Donostian

Iritsi da berriz ere abuztuak 31. Donostiarrentzat data beltza. Egun horretan orain 202 urte, 1813an hiria suntsitu, 1.600 pertsona inguru hil, hiriko ia emakume guztiak bortxatu eta lapurreta erraldoia egin zuten espainiarren aliatu ziren armada ingeles eta portugesek.


Gerrek txikitutako hiriak, bat eginda

Gerrek Suntsitutako Hirien Topaketak” antolatu dituzte Donostian, hilaren 21ean. Bizikidetza eta bakea ardatz, etorkizuna izango dute hizpide bertaratutakoek.


Eguneraketa berriak daude