Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hori beharko luke abezedarioa jarraituz, joan den irailetik idazten ari naizen glosarioaren azken hitza. Aurreko batean Amets Arzallusek zaborren gaiaren harira intimitatea zer den galdetu zuen baina. Amua guztiz irentsi, bere galdera jarraitu eta salto egitera noa. Denok dakigu ikusmena, entzumena, dastamena, ukimena eta usaimena direla zentzumen nagusiak. Sinestesiaren eremuetan murgilduz gero konbinaketak askotarikoak dira: dastamen ukigarria, usaimen entzungarria, ikusmen usaindua eta abar. Hegoaldean, Oteizaren zero metafisikotik zero zaborrera igaro garela zioen elkarrizketa batean Joseba Zulaikak, zaborraren kudeaketaren soberania dela lortutakoa. Eta haren ikusgarritasuna, espektakularizazioa, erantsiko nuke. Intimitatea, ordea, beste zerbait da: pertsonekin intimitatu, naturarekin, gauzekin. Sentsualitatea eta entzumena behar dira intimitatzeko, gorputza. Nire gorputzak ezin du zurrun dagoen beste gorputz batekin intimatu, are gutxiago buru eta pentsamendu zurrun batekin. Zaborrekin ere z-entzumena beharko genuke. Ez bakarrik gauzei zentzua emateko edo zentzudunak izateko. Gauzak, natura eta besteei entzuteko, halabeharrez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
2025eko uztailaren 16
Lurraldea eta arkitektura
Hondakinak

Eguneraketa berriak daude