ARGIA.eus

2020ko irailaren 24a

Suedia, mitoaren amaiera


Asier Blas Mendoza @AxiBM
2013ko ekainaren 09a

XX. mendean ongizate eredu gisa jarri zen Suedia. Herrialde aberatsa, demokratikoa eta justizia sozialaren aldeko gisa irudikatua, kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko bide gisa ikusi nahi zuen askok. Garai haietan, inor gutxik jartzen zuen dudan Suedian politika sozialek eta elkartasunak paper oso garrantzitsua jokatzen zutela, nahiz eta ondoren jakin izan dugunez, neurri xenofobo eta klasista deitoragarriak praktikatu zituen. Adibidez, 1935etik 1996ra arte Suediak 230.000 pertsona (batez ere emakumeak) antzutu zituen, horietatik 63.000 “arraza nordikoaren araztasuna babesteko”.

Atzerrian asilo-eskubidearen erregulazio eskuzabalak mitoaren hazkundea  lagundu zuen, baina bitartean jakin dugu suediar enpresa batzuek munduan zehar oinarrizko giza eskubideak urratu eta langileak gordinki esplotatu zituztela aberasteko. Ildo horretan, azkeneko berrietako bat da IKEAk 1970.eko eta 1980.ko hamarkadetan Ekialdeko Alemaniako presoen lana erabili zuela bere produktuak egiteko. Praktika itsusietatik praktika kolonialistetarako saltoa ez da hain handia. Horrela demostratzen dute azkeneko urteetan suediar enpresa finantzarioek egin dutena Herrialde Baltikoetan: banku sistema ia osoki kontrolatzen dute eta honetatik gobernuei zein politika ekonomiko egin behar duten esaten diete. Krisi ekonomikoa hasi zenean, kapital finantzario suediarraren presioetara makurtuz, Letoniako Gobernuak baztertu behar izan zuen bere monetaren debaluazioa egoera ekonomiko larriari aurre egiteko. Hain zuzen ere, suediarrek etxean erabiltzen ari ziren errezetaren kontrakoa inposatzen zuten Baltikoko herrialdeetan.

Garbi dago globalizazioak suediar kultura politikoan aldaketa nabarmenak sortu dituela. Gizartean errotuta zegoen ekimen indibidualista elkartasunezko ikuspegi komunitarioarekin emeki-emeki desagertuz doa, bidea irekiz indibidualismo berekoienari eta elkarbizitza arazoei.

Azkeneko asteetan Stockholmeko etorkinen auzuneetan ikusi ditugun kale istiluak, aldez aurretik ikusiak genituen Frantzian eta Erresuma Batuan. Suedia ez da salbuespen bat. Hemen ere azkeneko urteetan neurri neoliberalak hartu dira eta ondorioz, pobreen eta aberatsen arteko distantziak hazi egin dira nabarmen. Desberdintasun hauek sendotu egin dira 1992an indarrean jarri zen “txeke eskolarra” bezalako politikekin, honen arabera gurasoek diru kopuru bat jasotzen dute seme-alaba bakoitzarengatik eskola publiko edo pribatu batean gastatzeko. Horrek eskola pribatuen hazkundea ekarri du, eta beraz, eskola eredu klasistagoa garatzea. Periferietako gazteen artean, kasu gehienetan etorkin familiakoak, porrot eskolarra, langabezia-tasa altuak eta diskriminatuak egotearen sentimenduak daude zabalduak. Suedian jaioak diren arren, batzuk ez dira identifikatzen gizartearekin, baztertuak sentitzen direlako.

Testuinguru horretan, inkesta guztiek  eskuin muturreko Suediako Demokratak (SD) alderdiari igoera garrantzitsua ematen diote. SD lehen aldiz 2010ean sartu zen Parlamentuan eta orain hauteskundeak egingo balira hirugarren indarra izango litzateke. Ez da harritzekoa, ongizate estatua murrizten ari den unean, ohikoa bilakatu da diskurtso xenofoboak erabiltzea politika neoliberalen kaltetuak direnen arteko liskarrak sortzeko eta eztabaida publikoa sakoneko arazoaren sustraietatik aldentzeko: aberastasunaren banaketa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Suedia  |  Suedia

Suedia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko ekainaren 09a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude