ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Krisi ekonomikoa

Kinka larriak lotsatuta

  • Estu dira herritarrak, soldatak galdu dituztelako, etxebizitza ordaindu ezinik dabiltzalako, aurrezki denak irentsi dituztelako, batzuetan zer jan ez daukatelako. Asko eta asko, oraindik ez dira ausartu Caritasera edo udaleko gizarte zerbitzuetara joaten, nork ikusiko beldurrez, eta haien ustez, norberaren porrot ikaragarria dena onartu ezinik.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2013ko ekainaren 02a
Barakaldoko Berri Otxoak elkartearen protesta.
Barakaldoko Berri Otxoak elkartearen protesta.Argazki Press

Triste dira Azpeitian (Gipuzkoa). 14.000 biztanle inguru dituen herrian ohikoa zen bertatik atera gabe lan egitea. Altzairuak eta altzariak azpeitiar askori ematen zieten jaten. Krisiaren ondorioz bi sektoreak dira gainbehera. Maila dotorean bizitzen ohitutako herriak kolpe galanta hartu du.

Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen datuen arabera, 2008an gizarte bazterkeria egoeran zeuden 111 familiak laguntza ekonomikoa jaso zuten. 2012an 396 familiak behar izan zituzten era bateko edo besteko laguntzak. Lau urtean gorakada ikaragarria izan da. Alabaina, Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoak adierazi digunez, “pobrezia orain hasiko da ugaltzen”. Aurki Gizarte Zerbitzuetako bulegoetara hurbilduko diren herritarren nolakotasuna errepasatu du: batzuk langabezia kobratzen ari dira oraindik baina bukatzen zaienean ezer gabe geratuko dira. Beste batzuek bi etxebizitza dituzte eta familia horiek automatikoki gizarte laguntzetatik kanpo geratzen dira. Gurasoek edo anai-arrebek mantentzen dituzten familiak ere badira, baina hori ere ez da betiko. Beste mota bateko familiak ere espero ditu Edurne Zubiak Gizarte Zerbitzuetako bulegoetan, behar gorria izan arren, orain arte laguntzarik onartu nahi izan ez dutenak, hain zuzen. Herritar bat baino gehiago joan da Udalera, beste arrazoi bat tarteko, egoera ekonomiko itogarria kontatzera. Etxean inolako diru sarrerarik ez zeukan ama batek kontatu zuen, seme-alabentzako aurreztutako 3.000 euro zituela eta horri tiraka hasi beharko zuela. Laguntza soziala jasotzeko zakuan sartu arren, uko egin zion eskaintzari. Diru-laguntzak ez ezik elikagaiak ere eskaini zaizkie hainbat azpeitiarri, diskrezioz lan egiten duen boluntario talde baten bidez. Askok ez du horra jo nahi. Baina, behar gorrian badira zergatik ez onartu laguntza? “Maila batean (batzuk oparotasun ederrean) bizi izan denaren buruan, beste era bateko herritarrak joaten dira Gizarte Zerbitzuetara edo Caritasera, pobrezian daudenak. Noizbait gutxietsi dituzun horiek doazen tokira joan behar duzula onartzea oso gogorra da”. Porrot egin dutela sentitzen dute, eta besteek zer esango duten beldur dira.

2008tik 2012ra oinarrizko errenta jaso duten azpeitiarren kopurua asko igo bada ere, Edurne Zubiriaren ustez, udazkenetik edo datorren urtetik aurrera laguntza eskatzaileak  dezente gehiago izango dira. Nolabait esatearren egoera larriak ugaldu egingo dira eta herritarrei gero eta arruntagoa egingo zaie Gizarte Zerbitzuetara jotzea.

Seme-alabak ere deseroso daude

Azpeitiko Udalaren esku-hartze programan gero eta familia gehiago ari da parte hartzen. Seme-alabekin arazoak dituzten gurasoek jotzen dute laguntza eske. “Familia horietako batzuk oso normalizatuak dira, baina zein balore ari gara transmititzen seme-alabei? Eman, eman, eman... materialki eman. Baina zenbat denbora egoten gara haiekin hitz egiten? Zenbat muga ipintzen dizkiegu? Zenbateraino kontrolatzen ditugu?”. Krisi ekonomikoak harreman horiek azaleratu ditu; gurasoak gaizki daude egoerak estututa, seme-alabek nahi adina baliabide material ez dute gurasoek ez daukatelako. Deigarria da Azpeitiko Udalak familientzako ateratako esku-orria. Hauxe du izenburu: Daukagunagatik baloratu ordez, garenagatik baloratzen hasteko garaia da. Familientzako oharretan honakoa irakur dezakegu: “Aurtengo Gabonetan opari bakar bat izatea, nire seme-alabek tableta ez izatea, mugikor zaharrarekin jarraitzea, etxean Interneti baja ematea, ikasturte amaierako bidaiara ez joatea bezalako erabakiak hartu beharko dira elkarrekin”. Ekonomikoki larri egonda ere, bigarren mailako “beharrak” uzteko zailtasunak ditu herritar ugarik.

Familientzako esku-orrian beste esaldi hau ere ondo argigarria da: “Ingurukoen aurrean irudia mantendu nahia eta bakoitzak berea egin behar duela pentsatzeak laguntzarik ez eskatzera eta familia isolatzera eraman gaitzake”. Tabua da ingurukoei ezinean zabiltzala esatea. Galdera bota digu tupustean Zubiak: “Zuri gustatuko al litzaizuke auzokoak galdetzea ea laguntzarik behar al duzun? Ez dut uste horretarako prestaturik gaudenik. Profesionalen aurrean ere nekez hitz egiten dute. Hemen, bi gizarte langile azpeitiarrak dira eta gero eta jende ezagun gehiago etorriko zaie. Egoera hori saihesten saiatuko gara, bestela gaizki sentituko dira. Gauza bat da esatea etxean laguntza behar duen adinekoa daukazula eta beste bat ez daukazula zer jan”.

Gizarte Zerbitzuetako langilea izanik, kontu tristeak eta gogorrak entzuteko aukera ugari izaten du Zubiak, eta horregatik, baikor izatea gustatzen zaio. Hondoa jota sentitzen diren herritarren panoramari ere, alde ona aurkitu nahi dio: “Gure aurrekoen familia giroa, baloreak, galdu ditugu, nahiz eta materialki gutxi eduki zoriontsuagoak ziren. Depresioz eta bakardadez inguratuta gaude. Arinkerian bizi izan gara, krisiak beste irakurketa bat egiteko aukera emango digu, gauzak edukitzeaz gain, beste mila gauza daudela ikasiko dugu”.

Caritasera nor doa?

Gipuzkoako Caritasen egoitza nagusian izan gara, Donostian, eta Jon Telletxeak eta Fatima Otegik hartu gaituzte. Lehenak atzerritarrekin egiten du lan eta bigarrenak bertakoekin eta Espainiako Estatukoekin. Krisi ekonomikoak gogor jo duenean, duela urte batzuk estu-estu ibili eta Caritasen laguntza behar izan zuten horiek itzuli dira. Gizarte laguntzarik gabe edo gutxirekin bizitzea lortu zuten, eta berriro atzera egin dute. Ohituta daude beti krisian bizitzen, baina etsipena eta nekea nabari zaie. Fatima Otegiren ustez, “ez da erraza horrela bizitzea, sufritzen ari dira”, eta Jon Telletxeak gaineratu duenez, “etorkizunerako irtenbiderik ez dute ikusten”. “Betikoak” izan dira Caritasera jotzen lehenak beraz, baina jada ez dira bakarrak. Beste maila sozio-ekonomiko bateko herritarrak ere agertu dira, tantaka bada ere. Hemengo jendea da, bizitza erosoa izan duena. Deskripzio zehatza egin du Otegik: “Oporrak Eguberritan, Aste Santuan eta udaran; bi etxe; bi-hiru langileko iturgintza enpresa txikia daukana. Ez dio inork deitzen, beraz langileak bota ditu. Hipotekatutako lokala ezin du ordaindu, etxea galdu du lokala abalatzeagatik. Ez dauka diru sarrerarik, baina bi etxe dituenez ezin du diru-laguntzarik jaso... Oso gogorra da, leku guztietatik daude lotuta”. Ez dute Caritasera jotzen ezintasun ekonomikoak hasi berritan, ohikoena zor ikaragarriak dituztenean, etsi-etsian, laguntza eskatzea da. Hipoteka ordaindu ezinik dabiltzanez, interesak biderkatu egiten zaizkie eta Caritasek berak ere eskurik bota ezin dienean iristen dira: “Egoera jasanezinetan etortzen dira eta guk oinarrizko eskaeretan baino ezin diegu lagundu. Nola kendu etxearen zorra? Askotan azkeneko momentuan datoz, epaitegietan daudela”. Gizarte Segurantzarekin eta Etxebiderekin egoerak arintzen saiatzen dira.

Azpeitiarrak ez dira laguntza eskatzeko lotsa diren bakarrak. Jon Telletxearen iritziz, “hau ez da Madril edo Bartzelona, denok ezagutzen dugu elkar. Herriko parrokietara edo hona (egoitza nagusira) etortzea kosta egin zaio jendeari. Kasu larrienak datoz oraingoz”. Caritas alkoholikoekin, behartsuekin eta jantoki sozialekin lotzen du jendeak eta bizitza maila erosoa izan duenak honela dio: “Ni Caritasera? Ez naiz behartsua” edo “Orain arte nik eman dizkiot diru-laguntzak Caritasi!”. Ataka estuan bai, baina batzuk etxeko lanak egin gabe joaten dira Caritasera. Ez beti kudeatzaile txarrak direlako, baizik eta etxeko lanak egiten hasteak egoera onartzea esan nahi duelako. Telletxeak ikusitakoa kontatu digu: “Bizi maila oso onean zenbat urtez bizi izan diren pentsatzen duzu, haiek orain ari dira konturatzen ezin dutela Internet eduki, ezin dutela sakelakoa mantendu”. Eta Fatima Otegik segi du: “Barneratuta daukate zer den beharrezkoa. 14 urteko alabak Internet behar du etxean, liburutegikoak ez du balio; etxeko kide bakoitzak sakelako bat behar du, umeak paga behar du. Hori dena ezbaian jartzerakoan konturatzen dira egoeraz”.

Ezin da gaiaz hitz egin

Azpeitiko Udaleko Edurne Zubia langilearen ildo beretik jardun dute Otegik eta Telletxeak, modu onean bizitako familien hondoratzea tabua da, sufritzen ari denak ez du bistaratu nahi eta aldamenekoak sarri ez daki nondik jo. Fatima Otegik konparazioa egin digu: “Caritasen boluntarioak eta herritarren diru-laguntzak bikoiztu egin dira, baina etxepean obrak egin eta langabezian dagoenak bere zatia ordaindu ez duelako bizilagunak gai gara epaitegira jotzeko. ‘200 euroren partez 50 ipintzerik ba al duzu?’. Ez gara horrelako akordioetara iristen. Solidarioak gara, baina etxepekoarekin...”. Parkeko adibidea da bestea. Gurasoek badakite alboko gurasoek haurra hurrengo eguneko eskola bidaiara bidaltzeko dirurik ez dutela. Laguntzeko prest daudenak ez dira ezer esatera ausartzen eta premian dagoena hitz egiteko lotsaz dago.

Barakaldon, Berri Otxoak elkartea

Ainhoa Irazabal barakaldarra Berri Otxoak plataformako kidea da. Bazterketa sozialaren eta eskubide sozialen alde egiten du elkarteak. Irazabalek lau urte daramatza informazio bulegoan beharrean diren herritarrei diru-laguntzak kudeatzen laguntzen. Bi motako herritarrak datozkio azken aldian: langabezian eta inolako laguntzarik gabe, 300-400 euroko pentsioa duen ama zaharrarekin bizi diren seme-alabak, batetik, eta bestetik, bikote gazteak umeekin, etxebizitzaren hipoteka bizkarrean dutela. Azken horiek, bi soldata zituztenean moldatzen ziren, baina bakarrarekin hipoteka ordaindu, jan eta haurrak haztea ezinezkoa zaie. Senideak jada ez dira laguntzeko gai, nork bere burua mantetzen nahiko lan du. Barakaldok krisi ekonomiko latzak bizi izan ditu eta bizirautea nekeza egiten zaion sektore zabala dago herri horretan. Hala ere, Irazabalek orduak egiten dituen informazio gunera maila sozio-ekonomiko hobeagoko jendea azaltzen hasita dago: “Etxea galdu dutenak etorri dira informazio bila. Kalean ikusten dituzu eta ezin duzu imajinatu horiei gertatu zaienik, arropagatik, hitz egiteko moduagatik, jende prestatua delako... Denoi gerta dakiguke, behekoari bakarrik ez. Sistema nola dagoen ikusita inor ez dago salbu”.

Aurpegia emateko ausardiarik ez

Etxea galtzeko zorian direnei, Berri Otxoak elkarteko kideek esan diete babestuko dituztela, haien egoera publikoki salatzen lagunduko dietela, baina aurpegia beraiek eman behar dutela. Askok ezetz esan diete, dauden egoeran egonda auzokoek, lagunek eta ezagunek jakiterik ez dute nahi. “Zoritxarrez, gaur egun borrokatzen ez duenak ez dauka zer eginik. Telebista piztu besterik ez dago, aurpegia ematen ari denak lortzen du zerbait. Etxean zokoratuta geratzen bazara ez daukazu ezer, hori da bankuek eta erakundeek nahi dutena, zaratarik ez ateratzea. Herritar guztiek laguntzak berdin jasotzeko aukera izan beharko lukete, baina ez da horrela gertatzen”.

Irazabalen ustez, etxe kaleratzeen kontrako elkarteak, lan duinaren aldekoak, langabetuen taldeak, arrazismoaren kontrakoak... elkartzen ari dira, baina herritar solteen arteko arrimurik ez du nabari: “Berde gaude, otsoari belarriak, buztana, eta dena ikusi arte ez dut uste hau mugituko denik”. Informazio gunera laguntza bila joan zen gaztea etorri zaio gogora. Langabezian dago, bikotekidea eta haurra ditu. Duela urte batzuk, hura ere borrokatzera kalera ateratzen omen zen, baina Irazabali onartu zion, gehiengoak bezala, orain tabernan hitz egiten duela bere itolarriaz eta gertatzen ari denaz. Aspaldi ez dela manifestazioren batera joan.

Krisiak gaixotu egiten gaitu

Iñigo Melchor Armiñok Barakaldoko Zaballa Osasun Zentroan hiru urte daramatza familia mediku. Ez da ohikoa gaixoak etxean bizi duen larrialdi ekonomikoaz zuzenean hitz egitea. Alabaina, sendagileari ez zaio oso zaila egiten zantzuak hartzea. Melchorrek esan digunez, medikuak ez dira morboagatik galdezka ibiltzen, baina adibidez, jakin behar dute gaixoak zergatik ez duen botika hartzen. Gero eta sarriago ari zaio gertatzen gaixoak botika ez hartzea, ordaintzeko dirurik ez daukalako. Ez du uste inolako ondoriorik izango duenik, baina Melchor gaixoaren historia klinikoan honela idazten hasi da: “Halako gaixo ez da sendagaia hartzen ari, ez daukalako erosteko dirurik”.

Uste izatekoa da langabezian geratu denari, hilaren bukaerara iritsi ezin denari, egoerak osasun arazo psikologikoak edo psikiatrikoak eragingo dizkiola. Baldintza ekonomiko kaskarrek egoera fisikoan ere badute ondorioa, ordea. Melchorrek, artatu zuen eraikuntzako enpresa gizon baten adibidea eman digu.  Enpresariak hiru urte zeramatzan familia medikuarengana joateko beharrik gabe. Melchorrengana joan zenean enpresako langileak kalera boteak zituen eta bigarren etxebizitza saldua. Lasaigarriak eta antidepresiboak hartzen ari zen. Lehen baino okerrago jaten hasi zen eta kirola egiteko grina gutxi zeukan. Ondorioz, tentsioa igo zitzaion eta kolesterola agertu zitzaion. Arazo kardiobaskularrak izateko atea irekia utzi zuen.

Beste adibide bat ama-alabena da. Gauza larririk izan ez arren, katarroak sarri harrapatzen zituzten. Iñigo Melchorrek galdetu zion amari ea neguan berogailua pizten zuten, eta amaren erantzuna: “Argindarra ordaintzeko baldin badaukagu bai, eta bestela ez”. Melchorrek ondoko gogoeta egin du: “Hotzaren eta katarroaren arteko lotura zientifikorik ezin da egin, baina litekeena da esate baterako etxeko beroa ez galtzeko gelak ondo aireztatu gabe edukitzea”.

Badira zeharka eta ezkutuka ibiltzen ez diren gaixoak. Medikua adineko andreari barazki, arrain eta fruta gehiago jateko agintzen ari zitzaion. Hauxe erantzun zion: “Jaki garestienak aipatzen ari zara. Nik dendako saltxitxa arruntenak hartzen ditut, merkeenak direlako”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: M30 Greba  |  Pobrezia

M30 Greba kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude