"Borrokatzen denean gutxi galtzen da. Borrokatzen ez denean galtzen dena ez da berreskuratzen"

  • Krisia hasi zenetik Hego Euskal Herrian egindako zortzigarren greba orokorrak sektore publikoan izan du erantzunik handiena. Iazkoak baino erantzun txikiagoa izan arren, grebaren balorazio "ona" egin dute sindikatuek. "Borrokatzen denean gutxi galtzen da; borrokatzen ez denean galtzen dena ez da berreskuratzen", esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak.


2013ko maiatzaren 31n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Iruñeko manifestazioa. (Argazkia: Ekinklik)

Sindikatuek emandako datuen arabera, 86.000 lagunek hartu zuten parte lau hiriburuetako goizeko manifestazioetan. ELA eta LABeko idazkari nagusiek Gasteizko mobilizazioan parte hartu zuten.

Muñozen hitzetan, “botereak, bere interesak defenditzeko, gizartean beldurra eta indiferentzia hedatzen du. Beldurrak garaitzen duenean ez dago demokraziarik. Politikak alda daitezen borrokan ari garenok lagundu egin behar diogu gure jendeari beldurra gainditzen. Beldurra gainditzeko, hain zuzen, defentsa kolektiboa daukagu”.

Gaineratu duenez, “botere ekonomikoak politika txotxongilo moduan erabiltzen du, eta nahi du guk sinestea mobilizazioak alferrikakoak direla. Hori ez da egia. Borrokatzen ez denean, gehiago galtzen da. Borrokatzen ez denean galdutakoa ez da berreskuratzen. Hori erakusten digu historiak. Murrizketak ezartzen dituzten alderdiak ez lirateke hain kezkatuta egongo -jota daude- mobilizazioek eraginik izango ez balute”.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari zuzendu zaio: "Herri akordioak eskatu ditu Urkulluk. Gaur erakutsi dute inoiz baino argiago ze leku duten gure arazoek eta gure eskakizunek euren agendan. Zuzendu ezazu behingoz zure ipar orratza. Herri hau ez dute dozena bat espekulatzailek aurrera ateratzen, Herri honen motorra euskal langileak gara!! Herri akordioak nahi badituzu greba honetan dituzu edukiak eta subjektua".

"Gauzak bihar berdin jarraituko omen dute. Hori da patronalak grebari buruz esateko duen guztia", esan du. "Egoera aldatuko duena zer den badakigu: eredu berri bat eraikitzea, hemen, Euskal Herrian, gure bidea eginez, Madrileko erabakietatik aldenduz, botere ekonomikoaren aginduen aurrean planto eginez. Justizia sozialean oinarritutako prozesu soberanista bat burutuz".

Hain justu, Jose Miguel Aierza Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteko idazkari nagusiak esan du grebak ez duela "ezertarako" balio izan, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Langileen eta enpresarien arteko akordioak lortu beharraz mintzatu da Aierza: "Zenbat eta harreman hobea, langabezia gutxiago".

Bestalde, Aitor Esteban EAJko diputatuak "izarrei begira bizitzea" egotzi die ELA eta LAB sindikatuei. "Egiazko herri ordezkaritza hautestontzietan erakutsi behar da", esan du: "Ez dut ulertzen herri honetan egiten den politika sindikala, batez ere ELA eta LABen aldetik". Estebanek azpimarratu duenez, "herri ordezkaritza, une zehatz batean jendetza kalera atera daitekeen arren, hautestontzietan dago,hauteskundeetan".

Grebaren jarraipena ARGIA.com-en

ARGIA.com-ek greba orokorraren zuzeneko jarraipena egin zuen atzo. Sareratu ditugun kronika, tuit, argazki eta bideoak Storify honetan ikus ditzakezue: M30. Greba Orokorra Hego Euskal Herrian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: M30 Greba
2020-11-11 | Hala Bedi
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren harira
Lau gazte deklaratzera deitu eta horietako hiru atxilotu ditu Espainiako Polizia Nazionalak Gasteizen

Espainiako Polizia Nazionala lau gazteen etxean agertu zen eta soilik bi atxilotzea lortu zuen. Asteazken goizean hirugarren bat atxilotu dute. 19:30ean manifestazioa egingo dute Gasteizen atxiloketok errefusatzeko.


2020-02-13 | Ahotsa.info
Iruñean 3 lagun atxilotu ditu Poliziak Greba Orokorraren harira

Espainiako Poliziak gutxienez 3 lagun atxilotu ditu gaur goizean Donibanen. Atxiloketak Greba Orokorran izandako oldarri polizialarekin lotura dutela pentsatzen da. Egun horretan Espainiako Poliziak gogor kolpatu zituen Donibaneko piketean ari zirenak inolako arrazoirik gabe... [+]


2020-01-30 | ARGIA
Hamar lagun atxilotu dituzte Greba Orokorraren aldeko ekintzetan

Burlatan, Donostian, Ermuan, Zornotzan eta Iruñean izan dira atxiloketak.


2020-01-20 | ARGIA
Pentsiodunek Urkullu kritikatu eta 30eko greba orokorra sostengatu dute

Hego Euskal Herriko pentsiodunak astelehen honetan ere, hilak 20, mobilizatu dira 2018ko urtarrilean hasita astelehenero egin duten gisan. Elkarretaratze jendetsuena Bilbokoa izan da eta bertan mugimenduaren eledunek, pentsiodun askok bizu duten egoera gero eta larriagoa... [+]


Zatoz Alemaniara, lana nahi duten ausarten paradisura

“Zoazte Alemaniara” diotse gazte espainiarrei, gureei barne, 1971n Pedro Lazagaren “Vente para Alemania, Pepe” film lotsagarri hartan kantatutako antzeko doinuan. Zain dauzkate araurik gabeko lanpostuen ugazabak. Ezagutu Mathilde Ramadierren istorioa... [+]


Eguneraketa berriak daude