Naoto Matsumura, Fukushimako azken mohikanoa

  • Fukhushima Daiichiko zentral nuklearrak bere leherketan kutsaturik gizakientzako debekatutako eremuetan gizon bakar bat bizi da gaur egun, Naoto Matsumura. Antonio Pagnotta argazkilariak Le dernier homme de Fukushima liburua dedikatu dio eta Vice ekoiztetxeak Alone in the Zone 18 minutuko dokumentala.

Antonio Pagnotta kazetari eta argazkilariak Mediapart hedabidean ipinitako irudian Naoto Matsumura dager 2011ko azaroan Tomioka herriko tren geltokian. Pagnottak oinean idatzi duenez
Antonio Pagnotta kazetari eta argazkilariak Mediapart hedabidean ipinitako irudian Naoto Matsumura dager 2011ko azaroan Tomioka herriko tren geltokian. Pagnottak oinean idatzi duenez "Naoto Matsumurak eutsi dio bere umoreari. Hemen, Tomiokako geltokian, belarrek sastrakek berenganatu duten trenbidearen albotik, keinuka ari zaio sekula gehiago azalduko ez den trenaren gidariari". Jende askoren sostengua daukala dio: "Ehunka pakete jaso ditut postaz, barruan ekarriz dirua, janzkiak, niretzako edo animalientzako janariak. Kyodo agentziako kazetari batek iaz iPada oparitu zidan. Lehengo lagun guztiek ihes egin dute eremu debekatutik, baina orain lagun berriak dauzkat: zientzialariak, kazetariak, animalien babes taldeetako boluntarioak, ekintzaile antinuklearrak. (...) Three Mile Island, Txernobyl eta Fukushimaren ondotik, hurrengo hondamendia Txinan edo Frantzian gertatuko da".

Antonio Pagnotta erreportari frantsesa oraindik emozionatzen da elkarrizketatzen dutenean Le dernier homme de Fukushima (Fukushimako azken gizakia) liburuaren protagonistaz oroitutakoan. 9 hilabetez ibili da Fukushimako paraje kutsatuenetatik Mediapart hedabidearentzako argazki portfolioak egiten. Orain liburu batean bildu ditu gizakientzako debekaturiko eremuan ezagutu eta bakarrik utzi duen Naoto Matsumuraren pasadizo eta esanak.
France Info irratiak elkarrizketatu du Pagnota apirilaren 11n, hondamendiaren hasiera dataren bigarren urteurrenean. Hona kazetariak esanen laburpena.
Ulertu behar da Matsumura gizon arrunta dela. Nekazaria da, bere ogibidea maite du, eraikinak bere eskuz altxatu ditu. 2011ko martxoaren 11n bera ere harrapatu du tsunami nuklearrak. Erradiazio tasa handiak jasango ditu, inguruko guztiek bezala, hilabeteren buruan ebakuatzeko agindua jasoko duen arte.
Militarrek etxetik kanporatuta, Iwakira joko du, familiari aterpe eske. Aitaren arrebaren etxeraino iritsita, izebaren aurpegian panikoa nabarituko du, 53 urteko Naoto eta berekin eraman dituen guraso zaharrak irradiatuta daudelako, lehengusuen balizko kutsagarri.
Ondoren errefuxiatuentzako aterpetxera jo eta gainezka. Shock egoera horretan ohartuko da Matsumura onena daukala etxera itzultzea, bere ohoreagatik.... eta aziendak goseak dauzkalako zain.
Japoniar laborarien atxikimendua lurrarekiko handiagoa da. Familiako hobiak, lagunak, dena dago sorterrian. Denborarekin Matsumurak arrazionalizatuko du bere erabakia esanez TEPCOren kontra borroka egiteko itzuli dela jaiotetxera. Mundualdi berria hasiko du.
Pagnottak lortuko du gizon isolatuarekin kontaktua. Errepide guztiak poliziek zorrotz zaintzen dituztenez, kazetaria trenbideari segituz sartuko da eremu debekatuan. Tunel batetik irtetetan, ezustean azalduko zaio gizon bat, zita-lekutik oraindik oso urrun. “Ni naiz Matsumura”. Nola sinetsi? Baina egia da: 10 kilometro egin ditu oinez kazetariari laguntzearren. Kazetaria babestera aurreratu da.
Ondoko egunak Pagnottak pasako ditu XVIII. mendera itzuli dela dirudien mundu batean. Denboran atzera eginda, bai, baina XXI. mendeko arrastoz beterik. Adibide ederra erakutsi du Un supermarché dans la zone interdite de Fukushima argazki sailean. Ebakuazioak martxan harrapatu zuen hipermerkatuan haragiak usteldu dira, manikiak lurrean dautza, ustelkorra den oro hondatu da, gainerakoak bere hartan daude, nork oratuko zain...
Tomiokako hipermerkatua da energia nuklearrarekin batera garatu eta kataklismo atomikoak eten duen oparotasunaren ikurra.
Bakardade osoan bizi da gizona. Haizearenaz gain ez da kasik hotsik, inoren solasik ez da aditzen, gutxiago kotxerik, ez telebista edo irratirik. Isiltasunezko itsaso bat
Matsumuraz hasieran irri egin zuten hedabideek, ero batez bezala. Bi urteko erresistentziaren ostean japoniarrek errespetua adierazten diote, jakintsutzat daukate, hein batean bere herriaren eta Japonia osoaren duintasuna salbatu dituelako, dio Pagnottak.

Zesioa jan edan arnastuz

Vice webguneko magazineak Alone in the Zone dokumentala eskegi du Interneten munduko katastrofe handienaren bigarren urteurrenean. Ivan Kovac and Jeffrey Jousanek inoiz 15.500 biztanle edukita gaur basamortua den Tomiokan bisitatu dute Naoto Matsumura. Irudiak bilduz, hizketan utzi diote.
Oraindik gogoan du erabat bakarrik zegoela ohartu zen eguneko zirrara. Ohitu da geroztik. Bromarako gogoa berreskuratu du. Kameraren aurrean jolas egin du zaintzen dituen bi ostrukekin. Hezita dauzka. Baten bizkarrean pausatuta kontatu du ebakuazio huts eginaren pasadizoa, eta nolaz berriz itzuli zen. Ezin zituen animaliak bakarrik utzi, norbaitek behar ditu bazkatu.
Naotoren kusia TEPCOn ari da, ondoan bizi. Leherketen biharamunean ikusi zuen etxetik gauzak ateratzen. Dena ondo ote zegoen galdetuta, lehengusuak baietz, bi egunetan konponduta zegoela dena. Familia hartuta ihes egin zuen, Natori gezurra esanda.
Horrela garbitzen diete burua TEPCOn langileei. Erlijioa bailitzan. Sinetsita daude zentralak seguruak direla. 4. erreaktorea lehertu zenean Naotok galdetu zien ea zer zen, eta haiek Ipar Koreak botatako misila behar zuela, zentral bat ezin zen lehertu.
Ebakuazioaren ostean, herri inguruetan mila behi baino gehiago hil ziren ukuiluetan lotuta, ehunka mila oilo. Lehendik zeuzkanaz gain mordoa gobernatzen ditu orain Naotok. Auzoko baserritarrek utzitako lasto eta gainerako jatenak ematen dizkie lasai. Hesiak zulatu ditu behiak aske ibili daitezen.
Ez dio gobernuari utziko abereok akabatzen, zertarako hil baina? Inor elikatzeko balira orduan bai, baina dauden moduan inori kalterik ez diote egiten. Gizakiak eta animaliak berdinak dira laborari xintoista honentzako.
Ihesetik itzuli zenerako azienda gehienak hilak ziren, ez denak. Bere ukuiluan azkenetan aurkitu zituen behia eta txekor txikia, hezurra eta azala, txahalak edoski nahi, amak esnerik ez eta ostikadaka gaitzetsi, behin eta berriro. Zapian bilduta bere hatza eskaini txikiari Naotok, titi gisan, kontsolamendu. Beranduegi. Milaka hil ziren inguruetan.
Erreportajean kazetariek elkarrizketatu dute eskualde beretik ebakuatutako beste laborari bat, Hasegawa Kenji, eta Nihei Masahiko doktorea ere bai, analisi erradiologikoak egiten dituen klinikako zuzendaria. Garbi diotse erradiazioek zelulak kaltetzen dituztela, baina azaletik erradioaktibitatea hartzea baino arriskugarriagoa dela elikadurarekin barneratzea. Jaki kutsatuetatik apartatu behar dela.
Naoto zesioz inguraturik bizi da, erradioaktibitatea arnastu, jan eta edanez. Hasieran kezkatu zen 5 edo 10 urteren buruan minbizia harrapatuko zuelako. Orain jada ez. Tokioko unibertsitatean ikertu zuten, “errauskailua bezalako tutu batean sarturik”, bukaeran doktoreak esateko Japoniako txapelduna zela erradiaziotan, baina ez dela gaixotuko 30 urte baino lehen. Ordurako hilik izanen da.
Matsumura haurra zenean natura oparoa zen hemen, arrainak erreketan, landareak mendietan, jakiak edonon. “Hori bukatu zen”, dio despedidan. “Berreskuratzeak zenbat denbora eramango duen inork ez daki. Ez daukat beste aukerarik Tomiokan hiltzea baizik. 30 urte dauzkat aurretik”. Eta atzetik kosk egiten dio ostrukak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude