ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
EH 11 Kolore

Zubiak eraikitzen

  • Euskal gizartea anitza da kultura, hizkuntza, jatorri eta ideologian. Eta betidanik hala izan bada ere, ez dugu jakin izan aniztasun hori kudeatzen edo behar bezalako erantzuna ematen, EH 11 Koloreren ustez. Horrexegatik jaio da ekimena, dibertsitateari buruzko eztabaida sustatu eta herritarrak lotuko dituen sarea eraikitzeko helburuarekin.

Martin Vicioso @martinvicioso
2013ko maiatzaren 12a
Ekitaldi ugari egin dituzte EH 11 Kolorekoek. Argazkian, Korrikako lekukoa eramaten.EH 11 Kolore

Aniztasunarekin zerikusia duten hainbat esparrutan lanean aritzen diren pertsonak elkartzen hasi ziren orain dela urtebete, eta eztabaida horien emaitza da EH 11 Kolore ekimena. Iazko abenduan aurkeztu zuten eta datorren ekainaren 1erako festa handia antolatu dute: Aniztasunaren Eguna.

Euskal Herri anitza

Ekimeneko bozeramaile Xabier Mendiguren Bereziartuk azpimarratu du aspaldidanik garela herri anitza. Sarritan, joera izaten da aniztasuna etorri berriak direnekin lotzea, baina korrelazio hori egiteari utzi beharko genioke bere ustez. Izan ere, Euskal Herria jatorri askotako pertsonek osatu dute beti. Aniztasuna gizarteak balio positibo gisa uler dezan nahi du EH 11 Kolorek. Horretarako, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, nork berea eta bestearena errespetatzea. Hortik aurrera, denon arteko zubiak eraikitzeko.

Euskal Herria bi estaturen artean banatua izateak eta estaturik gabeko herria izateak berezko ezaugarriak ematen dizkio gure egoerari. Batetik, aniztasuna kudeatzeko beharreko ahalmenik ez dugulako. Bestetik, estatuen barneko migrazio joerek eragin handia dutelako, besteak beste, errealitate soziokulturalean. Mendigurenen ustez, hor zulo handia dago oraindik, ez baita lortu euskal kultura eta hizkuntza guztien izaeran itsastea. Aspaldidanik hemen dauden askorekin ere lan egin eta zubi horiek eraiki behar dira.

Ijitoak jartzen ditu adibide Mendigurenek: “Aspaldidanik daude gure artean, baina askotan ez ditugu gure aniztasunaren parte egiten”. Hegoamerikarren berezitasuna ere aipatu du. Hego Euskal Herrira datozenak, gaztelaniaz komunikatu daitezkeenez sarri ez dute euskararen beharrik ikusten. Gainera, hainbatek “ez daki hemen beste kultura edo hizkuntzarik dagoenik eta beraz, harrera egokia eginez hasi beharko ginateke”. Halaber, besteok ere erraz ahazten dugu etorkinetako askok jaioterrian euren hizkuntza propioak dituztela, eta euskaldunon arbasoek horien jazarpenean zeresana izan zutela. “Alde horretatik asko egin dezakegu garai batean euskaldunen laguntzarekin desegindako kulturak eta hizkuntzak bizi duten egoera eskasetik ateratzen laguntzeko”.

Kultura hartu-emanak finkatu aurretik, Mendigurenen arabera, “funtsezkoa da herritar guztiak eroso sentitzea”. Pertsona batek ez baditu bere oinarrizko eskubideak bermatuta, besteak beste ezin badu ogibiderik aurkitu eta etxebizitza eta osasun zerbitzuak mugatua izanez gero, nekez aurreratuko da elkarbizitzan. Hortaz, lehen urratsa premiazko beharrak identifikatu eta asetzea da. Ondoren, bozeramailearen esanetan, “transmititu nahi dugu Euskal Herrian bizitzea eta denon artean eraikitzea egingarria eta erakargarria dela”.

Krisiak gizartean jarrera intolerante eta arrazistak areagotu ohi ditu. Mendigurenek ez du uste Euskal Herrian orokorrean erantzun hori emateko arriskurik dagoenik. Hedabideek jartzen dituzten etiketak gehiago kezkatzen dute. Bere ustez, etorkinak eta jatorri ezberdineko pertsonak estigmatizatu egiten dituzte, ez baitituzte termino berak erabiltzen batzuentzako eta besteentzako. EH 11 Koloreren printzipio nagusietakoa da inklusiboak izatea. ‘Haiek’ eta ‘gu’ dikotomia hautsi beharrean gaude, aniztasunak ez baikaitu kontrajartzen.

Euskara mugarri

Ekimenaren helburu estrategikoa etorkizuneko euskal gizarte anitza eraikitzea da. Amestutako sozietate horretan, euskarak eta euskal kulturak paper garrantzitsua jokatuko lukete. Izan ere, EH 11 Kolorek nahi du horiek izatea denon arteko zubia, lurralde honetan bizi garen guztiak eta, zergatik ez, kanpoan bizi diren euskaldunak lotuko dituena. Euskararen egoera desorekatua izateak tokian tokiko erantzunak ematera behartuko duela uste du Mendigurenek. Esaterako, “ikasi nahi duenarentzat errazagoa izango da Goierrin ikastea beste eremu erdaldunago batean baino”. Hortaz, euskarak mugarri izatea nahi badute ere, politikak ezin dira bateratuak izan, beharrezkoa da moldatzea.

Euskara konpartitzeak ez du esan nahi norberaren jatorrizko hizkuntzek lekurik ez dutenik. Teknologiak aukera ematen du mundu osoarekin harremanak izateko, eta ahal den heinean, laguntza eman behar zaie ama hizkuntza garatu nahi duten pertsonei, ekimenaren arabera.

Sarea eta eztabaida helburu

Hasieratik ahalik eta jende gehienaren babesa eskatu dute, bai norbanakoena baita kolektibo, instituzio, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileena ere. Denen artean, aniztasunaren alde lan egingo duen sarea eraikiko da. Iritziak, nahiak eta beharrak aztertu eta gero, Mendigurenek dio “proiektu zehatzak eta horiei dagokien bidea bilatzeko garaia” etorriko dela. Baina horretarako eztabaida nahitaezkoa dela nabarmendu du. Horregatik, espero du ahalik eta jende gehiena biltzea aniztasunaren inguruko dinamika honetan. Azken batean, zenbat eta pertsona gehiago izan sarearen parte, orduan eta anitzagoa izango da.

Asmo horien baitan, ekainaren 1ean Aniztasun Eguna ospatuko dute Donostian, eta horretarako 11 Kolore Fest jaialdia antolatu dute. Besteak beste, aniztasunaren aldeko danbor-jotzea eta jatorri ugariko pintxoen dastaketa egingo dituzte, hiriko ohiturak aniztasunarekin uztartuz. Bozeramaileak azaldu digunez, Gipuzkoako hiriburua hainbat arrazoirengatik hautatu dute: oso hiri anitza da eta 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Halaber, 2016rako Europako Kultur Hiriburua izendatu dute, eta aniztasunak bertan garrantzia izatea nahi dute. Baina batez ere, aurten Donostia erre zuteneko 200. urteurrena beteko delako aukeratu dute. 1813. urteko gertakari haiek aintzat hartuta, EH 11 Kolorek aditzera eman nahi du “garai hartan eman ez zen bizikidetza hori, gaur posible dela”.

 

Sara Mchichou: "Musulman-euskalduna izatea ez da ohikotzat hartzen"

Sara Mchichou 20 urteko oñatiarra da. Tangerren jaio zen eta Kimika Zientziak ikasten ditu. EH 11 Kolore ekimenarekin bat egin duen Eusko Islamiar Kontseiluko kidea da. Bere iritzia jaso dugu, proiektuak zer nolako harrera izan duen jakiteko.  

Noiz eta nola jarri zinen EH 11 Kolore ekimenarekin harremanetan?

Orain dela hilabete batzuetako gauza izan da. Eusko Islamiar Kontseilukook aukera polita dela pentsatzen dugu, biak batera, immigrazioa eta aniztasuna, jorratu eta zerbait berria egiteko. Beste erakundeekin elkartu eta guztiak batera berdintasunaren alde lan egiteko aukera ematen digu.

Beharrezkoak dira aniztasuna lantzen duten ekimenak?

Bai, noski, ezinbestekoa da. Euskal Herrian atzerritar ugari dago eta askotan kanpotarra izateagatik baztertuak izaten dira. Adibidez, islamiar komunitateak Eusko Islamiar Kontseiluarekin egiten du lan, eta gure sustrai arabiarrak galdu gabe euskara bultzatzea eta integratzea da helburua. Nahiz eta globalizazioa geroz eta hedatuago egon, gaur egun, kanpoko sinesmen, erlijio, arraza zein kulturekiko ezjakintasun handia dago oraindik. Hori dela-eta, bestea den modukoa onartzea eta norberaren ikuspegia eremu zabalagoetara barreiatzea beharrezko ikusten dugu denok batera giro erosoan bizi ahal izateko. Baita Euskal Herri anitza eraikitzeko ere.

Zertan laguntzen du edo lagun dezake EH 11 Kolorek?    

Beste herrialdeetako jendea ezagutzen, esperientziak partekatzen eta desberdintasunetik ikasten.

Nola ikusten duzu aniztasuna Euskal Herrian? Kontzientziazioa beharrezkoa al da?

Aniztasunak mundua desberdin ikusten laguntzen du. Besteen kultura, bizipenak eta pentsamenduak ezagutuz, gure bizimodua beste era batean ulertzera eramaten gaitu. Baina kontuan izan behar da, XXI. mendean oraindik, identitate etniko-kultural eta fededun guztiek ez dutela onarpen sozial eta politiko bera. Identitate horietako batzuk onartuta daude gizartean, beste batzuk ordea, ez hainbeste. Adibidez, musulman-europarra edota musulman-euskalduna izatea ez da ohikotzat hartzen, musulman kopurua Euskal Herriko leku askotan hazten ari den arren. Kontzientziazioa beharrezkoa da, “burbuilatik” ateratzeko garaia dugu.

Zein rol jokatu behar dute euskarak eta euskal kulturak aniztasunean?

Euskara euskaldunon hizkuntza da. Hitzak esaten duen bezala, euskarak egiten gaitu euskaldun, eta euskaraz hitz egin eta bizi dena, euskaldun izango da. Hizkuntzak gure identitatearen zati handia osatzen du. Norbanakoaren identitatea, besteak beste, esperientziak, erlijioak eta kulturak eraikitzen dute. Ezin dugu erabaki non jaiotzen garen, ezta gure ama hizkuntza zein den, baina bai zein ikasi eta erabiltzen dugun. Egoera horretan, euskara integratzeko ezinbesteko tresna da. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta aukera gehiago izango du hiztunak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Errefuxiatu krisi globala

Errefuxiatu krisi globala kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude