Bizkaia dantzari


2013ko maiatzaren 12an
Lanestosako Danza de Varas delakoa.
Lanestosako Danza de Varas delakoa. Jose Manuel Irastorza

Ekainaren 23ra arte izango da ikusgai, Bilboko Euskal Museoan, Bizkaiko dantzak eta dantzariak erakusketa. Bertako Dantzarien Biltzarrarekin indarrak batuta, gaur egun Bizkaian bizirik irauten duten dantzen berri eman gura dute museoko arduradunek. Dantza horietako bakoitzaren jatorriaz eta bilakabideaz argibide interesgarriak eskaini arren, batik bat orainari lotutako erakusketa da, Amaia Mujika museoko etnografia saileko arduradunak azpimarratu digunez. Haren berbetan, Bizkaian egin izan diren dantza guztien errepasoa “astunegia” litzateke eta.
Areto nagusi bitan banatuta aurkituko duzu erakusketa, bata dantza erritualei eskainia, bestea herri dantzei. Ordena aldatzeak kalte handirik ekarriko ez badizu ere, lehenbizi herri dantzaren aretoa bisitatzeko gomendioa egiten du museoak. Erromeria, erregelak, soka-dantza... Komunitate osoaren parte-hartzearekin egiten diren dantzez zerbait ikasteko parada eskainiko dizute azalpen-testu ez arinegi ez sakonegiek. Eta irakurtzeko lanik hartu nahi ez baduzu, begientzat bazka ederra eskainiko dizute argazki eta bideoek. Herritar xeheak dantzari ikusiko dituzu horietan, oholtzan aritzen diren talde handien dohainetatik urruti samar batzuetan. Bata bestea bezain tradizioaren osagarri.
Aipamen berezia merezi lukete, herri dantzen multzoan, otorduen amaieretako dantzak: Lea-Artibaiko Mahai-gainekoa –izena bada aztarna nahikoa– eta Txakolin, lurrean gurutze bat osatuz ipinitako makila biren inguruan egiten den trebezia erakustaldia. Bai, igarri duzu: Eskozia eta Irlandako ezpata-dantzen oso antzekoa da. Azpimarratzekoa, bestalde, aurreskua herri dantzen multzoan kokatu dutela erakusketaren sustatzaileek.
Lehenengo aretoaren modu berean dago antolatuta bigarrena, dantza erritualen gainekoa. Egitura hertsiko dantzak daude hemen, alegia, parte hartzaile zein koreografia aldetik zehaztuta daudenak, eta sano ezagunak denak: Elorrioko Errebonbilloak, Durangaldeko Dantzari dantza, Xemeingo Ezpata dantza –Argiaren 2.045. zenbakiaren azalean ageri den argazki ospetsua eta guzti–, Kaxarranka, Lanestosako Danza de Varas...
Erritu-dantzen aretoak badu bereizitako gela txiki bat, Iñaki Irigoien ikertzaileari eskainia. Izan ere, haren lan eskergari zor zaio erakusketan ikus daitezkeen dantzetako batzuk berreskuratu izana. Horrekin konforme ez, Euskal Museoak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak omenaldia eskaini zioten joan den apirilaren 13an, museoan bertan. Eta ez da hori izango erakusketarekin batera egingo den ekitaldi bakarra. Apirilaren 20an Durangaldeko dantzen erakustaldia izan zen museo aurreko Unamuno plazan; maiatzaren 11n eta ekainaren 1ean, eguerdiko ordu batean hasita, Lea-Artibairen eta Bizkaiko gainerako eskualdeen txanda izango da, hurrenez hurren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dantza
2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


2024-04-12 | dantzan.eus
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza

Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa...  Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein... [+]


2024-03-22 | dantzan.eus
Duguna dantza taldearen erakusketa Iruñean, 75. urteurreneko ospakizunetan

Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du  martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.


Eguneraketa berriak daude