Eusko Jaurlaritzak 2013rako aurrekontuak izango dituen jakin gabe, dagoeneko badakigu ikerketarako poltsa murriztu egingo dela. Euskal Herriko ikerketa-talde handiena den Tecnaliak iragarri du jada neurri pertsonalak eta ekonomikoak –alegia, jendea kalera eta soldaten jaitsiera– hartuko dituela egoera berrira egokitzeko.
Unibertsitatean lanean ari den zenbait ikerlarik ere adierazi du, krisiaz gain mundutik datozen aire berritzaileek ikerketa aplikaturantz bultzatuko dutela euren jarduera.
Ikerketarako antolatuko den espazio berrian enpresen eta ikerketa-zentroen arteko erlazioak izango dira oinarri; bestela esanda, ikerketa aplikatua (ekonomia errealera aplikatua) da bultzatuko dena, zer-nolako indarrez egingo den oraindik jakin ez dakigun arren.
Badago bestelako ikerketarik ere, oinarrizko ikerketa deritzona, orain arte egin dena baina hemendik aurrera, antza, finantzaziorik gabe, edo ia gabe, geratuko dena. Ikerketa mota hori ikerketa-zentro bakoitzak egin izan du bere ametsen eta interesen arabera, eta aitortu behar dut horren emaitzak neurtzea oso zaila izan dela; areago, batzuetan uste izan dut distantzia handiegia izan dela gure gizartearen eta ikerketa mota horren artean.
Krisi egoeran gaudenez, ez dirudi oso erabaki okerra denik ikerketa aplikatuari espazioa zabaltzea eta oinarrizko ikerketari baliabideak murriztea, baina arriskuak egon badaude eta batez ere txikiak garenontzat, euskaraz lan egiten dugunontzat, euskaraz bizi nahi dugunontzat.
Ikerketa aplikatua den neurrian, ikerketa merkatuaren unean uneko interesek erabakiko dute zein ikerketak bultzatu eta zeintzuk atzean utzi. Beraz, ekonomia errealak indar handiagoz aginduko du ikerketan, baina ekonomia errealean badakigu zein den zein; nork dituen baliabideak ikerketan inbertitzeko eta nork ez dituen. Gauzak horrela, begien bistakoa da arlo teknologikoa gailenduko dela arlo kulturalaren edo humanistaren kaltean, eta interes-talde handiek hogeita hamaika izango dutela eskutik, aplikatzen den arau soila ekonomikoa baldin bada betiere.
Guk, txikiok, espazioa izan dugu azken hamar urteotan, baina espazio hori sortu bada, euskaraz funtzionatu nahi dugun eta hori horrela izatea ahalbidetu duten irizpide politikoak uztartu izan direlako gertatu da.
Orain, duela hamar urte baino gehiago gara euskaraz bizi nahi dugunak, eta hemendik hamar urtera gehiago izatea nahi badugu, gure ikerketarako esparru bat mantendu beharko dugu, nagusiki aplikatua jakina, baina oinarrizkoa ezinbestekoa dugu bere neurrian. Batez ere, gaur amets izan daitekeena bihar errealitatera bidean jar dadin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.