Legea eta injustiziaren lehia

Noticias de Gipuzkoa

Aske Gunean joan den astean izandako sei gazteen atxiloketak eta zeregin horretan izandako gertakizunek, Euskal Herrian egoerak aldatzen jarraitzen duela erakusten dute. Ezker abertzaleko gazteen mugimendu zabalak, modu praktiko eta gaurkotuan erakutsi du aldaketa hori.

Desobedientzia zibila eta erresistentzia baketsuarena da Aske Gunearekin lau haizetara zabaldu duten mezu indartsua. Eta eragina lortu dute gizarte mailan, nahiz eta oraindik bidea egin beharko duten gizarte eremu zabalagoetara iristeko. Jarraik, Haikak edo Segik gizarteko esparru oso zabaletan irudi bat izan dute, Ernaik oinordekotza horren zati bat bereganatu du eta hori nekez ezaba daiteke gauetik egunera.

Alde horretatik, Aske Gunea inflexio puntu gisa definitu dute berau bultzatu duten gazteek eta kanpotik ere hala perzibitu da. Orain ikusi beharko da horrek zer garapen duen, baina jarrera, molde eta estrategia hauek berritzaileak dira –15M eta hauek bezala, gizarteko beste alor askotan ematen ari dena– eta herritarren buru eta bihotzak zabaltzeko indarra dute, beti ere, atzean kausa justu bat edo injustizia bat dagoela irudikatzeko azal eta mamirik bada. Eta gazte hauen kasuan bada.

Jarduera politikoak eraman ditu kartzelara zortzi gazte hauek, eta horrek preso politikoez gain, kontzientzia presoak bihurtzen ditu. Estatuaren “dena da ETA”-k legezko egiten ditu gazte hauen –eta sare berean harrapatutako gainerakoen– espetxeratzea, baina ez justua, eta euskal gizartearen gehiengo oso zabalak sarri erakutsi du ez dagoela ados “dena da ETA” horrekin. Beste kontu bat da, ados ez egon arren, zigortutakoekin elkartasuna eskaintzeraino iristea. Baina egoeraren sorrera eta oinarria erabat injustua da eta horren gainean ezin da ez justiziarik ez egoera berririk eraiki.

Horregatik, egoera honek oso ataka estuan jartzen ditu Ertzaintza eta orain berau gobernatzen duen EAJ, legezko bai baina injustuak diren erabakiak betearazi behar dituztelako. Noiz arte justifikatu daiteke zerbaiten aurka zaudela baina legeak bete behar dituzula? Noiz arte da garrantzitsuagoa legea kontzientzia baino? Zertan laguntzen du elkarbizitza eta bake bideetan “dena da ETA” hori bete behar izateak? Nondik begiratu, erantzun asko izango dituzte galdera hauek, baina 200 bat pertsona doktrina horrek auzipetu eta espetxeratu zain badira, izango da kontu hauei buruz sarri eta zabal hitz egiteko betarik. Luze-zabal jardun beharko den moduan Ertzaintzaren jokaera askori buruz.

Lander Arbelaitz Argiako kazetariak badaki zerbait bitarteko horiei buruz. Medio honek bidali zuen Arbelaitz Aske Guneko gertakizunen berri ematera eta horretan ari zen hilaren 19ko goizaldean hainbat ertzainek eraso zutenean. Bideoan primeran ikusten da, ez du azalpen gehiegirik behar. Ertzaintza Aske Gunean sartzean kazetaria bere lanean ari da sakelakoa eskutan, hiru ertzain zuzenean doaz beregana eta eraso egiten diote, telefonoa bultzada batez lurrera botaz, bera ere lurrera botaz, eta lepoan eta eskuan zauriak eraginez. Bideoan oso argi ikusten da nola Arbelaitz kazetari agiria erakusten ari den, baina ertzainei berdin zaie eta bultzaka –berriz lurrera botaz– eramaten dute Bulebarreko kioskoraino. Beste kazetari batzuekin batera, eta bere borondatearen aurka, han izan zuten ordubetez.

Legeak babesten du informazio eskubidea, herrialde demokratiko baten oinarrietakoa da eta Ertzaintzarena moduko jarrera hauek onartezinak dira zuzenbide estatuan. Ulertezina da legeak babestu behar dituenak legea bera urratzea, kasu honetan ertzainen aldetik nabarmen gertatzen dena. Gure agintariei biziki gustatzen zaie ikustea Siriako Alepon, Libian edo Egiptoko Tarhirr-eko plazetan zer gertatzen den, baina antza ez zaie hanbeste gustatzen gure plazetan gertatzen dena ikus dadin, bestela nekez gertatuko lirateke behin eta berriz kazetarien aurka gertatzen diren eraso hauek. Ertzaintzaren gisa honetako parte-hartzeetan, ertzain askoren iruzkin eta jarrera biolento eta matxista (hainbat emakumek irain sexistak salatu dituzte) ikus-entzunda, Herrizaingo Sailak –eta berarekin EAEko gizarteak– arazo handia du bere baitan. Salagarria benetan, era horretako ertzainek ezin dituzte herritarrak zaindu, ez dakite, eta beraz lanbidetik baztertu beharko lituzkete. Ertzaintzak, Herrizaingo Sailak, eman beharko luke azalpenen bat gertakizun hauei buruz.
Argiak bihotzez sinesten du informazio eskubidean, hamarkada asko darama berau gauzatzen, eta zeregin horretan jarraituko du lanean, irmo, gogotsu eta ilusio handienarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AskeGunea Donostia
2017-07-07 | Xalba Ramirez
Donostiako Aske Guneko gazteek zigorra osorik bete beharko dute

Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.


Aske Guneko gazteen askatasuna eta Mozal Legea indargabetzea aldarrikatuko dituzte IV Libre Topaketan

IV Libre Topaketak egingo dituzte ostiralean eta larunbatean, Donostian, Eleak-Libre mugimenduak antolatuta, Mozal Legea salatu eta Aske Gunean atxilotutako gazteen askatasuna aldarrikatzeko.


2017-04-26 | ARGIA
Oier Lorente preso donostiarra askatu dute

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Oier Lorente eta lau urteren ostean atera da kartzelatik; Segiko kide izateagatik 6 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.


Ongietorri beroa Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola preso ohiari

Donostiako Askegunean atxilotu zuten Aitor Olaizola eta lau urteren ostean atera da kartzelatik, orotara sei urteko espetxe zigorrarekin ordainduta Segiko kide izatea egotzi izana. Ehunka lagun izan ditu zain Donostiako Alde Zaharrean, ongietorria emateko.


Eguneraketa berriak daude