"Auzogune naturalean hezteko eskubidea bermatu behar dugu instituzioetatik"

  • Handia da eskolak herriari eta herriak eskolari egiten dion ekarpena, baina herri txikietan beti ez da erraza ikastetxea bertan mantentzea, traba administratiboak tarteko. Udal batek bere herrian ikastetxea izateko duen interesaz eta erantzukizunaz mintzatzeko, eskola galtzeko arriskua duen Barkoxeko Herriko Etxera eta eskola txikien aldeko apustua egin duen Donostiako Udalera jo dugu.


2013ko apirilaren 24an
Naiara Sampedro Donostiako Hezkuntza zinegotzia.
Naiara Sampedro Donostiako Hezkuntza zinegotzia.Donostiako Udala

Aurretik beste herri batzuetan gertatu moduan, Hendaiako Udalak bertako ikastolari dirua ematea debekatu nahi izan zuen duela hilabete gutxi Baionako suprefetak, Falloux Legea aitzakia hartuta. Aferak honakoa ere utzi zuen agerian: sarri ezinbestekoa dela udalen inplikazioa, herriko eskolak bizirauteko. Barkoxek 700 biztanle inguru ditu; antzina herriko hiru auzoetan eta erdialdean eskola bana zituen, baina egun herrigunekoa baino ez dago zutik. IkasBi eredua jarraitzen du eta herriko haur gehienak bertara doaz: 23 guztira. Gainontzekoak, 10 bat, Seaskak Sohütan duen ikastolan ari dira.

Pierre Pinque herriko hautetsiak azaldu digunez, desagertzeko arriskupean dago Barkoxeko eskola: “Arrangura handiak ditugu, haur saldoa oso ttikia denez hemendik guttira, erran dezagun bost urteren buruan, eskola itxi daitekeelako. Frantziako Gobernamendua da irakasle postuak ezartzen dituena eta irakasle gabe utzi gaitzake”. Gero eta zaharragoa da Barkoxeko biztanleria, 2012an hiruzpalau haur sortu ziren eta herriko aurreikuspenen arabera, 2013an ez da haur-sortzerik izanen. Eta ume gutxi izatea, Estatuko administrazioaren erabaki markoan, arriskua da herriko eskola mantendu ahal izateko.

Herrian eskola izatearen garrantziaz ez du zalantzarik Pierre Pinquek: “Herri batek eskola behar du, eskolan daudelako haurrak eta haurrak dira herri baten geroa, haur horiek izango dira herriko gazteak eta gazteria da herriaren odola, herria aurrera ateratzeko indarra egiten dutenak. Herriaren bihotza da eskola”. Ez hori bakarrik, herriko ekonomia mantentzeko ere, beharrezkoa da haurrak bertan eskolatu eta etorkizuna Barkoxen bertan irudikatzea. “Herri ttikia da Barkoxe, laborariak dira gehienak, baina laborari gazteen saldoa guttitzen ari da. Hemen ondoan, 20 kilometrotan, badira industriak, Maulen edo Oloronen, inguruko hirietan ari diren langileek hara eskolatzen dituzte haurrak, eta eskolarik gabe are gehiago guttituko lirateke ondorengo belaunaldietan bertan geratzeko prest leudekeen laborariak. Zaila da laborantzatik bizitzea, lanak eta bizimoldeak erraztu beharko lirateke laborari lanari heltzeko eta haur saldoa herrian eta herriko eskolan mantentzeko. Garrantzitsua da baita ere, laborantzaz gain, dauden beste lan anitzetan aritzea gazteak, hori ona izango litzatekeelako haurrak herrian geratzeko”.

Hamar eskola Zuberoan

Herriko kultur ondarea eta funtsean nortasuna transmititzeko eskola bertan izatea oinarrizkoa dela deritzo hautetsiak. “Baina gaiari ikuspegi zabalagotik heldu behar zaio seguruenik, Xiberoa osoaren ikuspegitik, eginik diren ikerketen arabera hemendik hamar urtera edo guttiago hamar eskola izango baitira Xiberoan eta horien bidez Xiberoaren nortasuna mantendu beharko dugu”. Horrek, gainera, beste ondorio bat ere ekarriko luke: xiberotar guraso anitzek beharko dutela beren haurrak harat honat autoetan mugitu, herri txiki ugariko eremu zabala baita Zuberoa. Mugikortasun aldetik, alegia, ez dela batere onuragarria eskola herritik ateratzea.

Eta zer egin dezake Herriko Etxeak ikastetxea Barkoxen sostengatzeko? “Herriko Etxean egiten ditugu herriko etxe batek egiten ahal dituenak: eskolan ikasteko, irakasteko eta txikienak zaintzeko baliabideak ezarri, jende gaztea hemen geratzeko eta etxea eraikitzeko baldintzak erraztu… baina ezin ditugu herritarrak behartu haurrak egitera. Egun batez eskola ixten baldin bada, guttienez bada dantza taldea, kirol taldea, gazteen elkarteak… Horiek segituko dute”. Hala ere, ez dute etsiko: “Ahal dela eskola herrian mantentzeko borrokan jarraituko dugu, prefosta, baina Frantziako Estatuak deliberatzen badu ez dadila eskolarik egon, zaila izango da horri aurre egitea”.

Lehen aldiz, diru-laguntza     eskola txikiei

23 ikastetxe publiko ditu Donostiak, eta horiez gain, Gipuzkoan dauden 28 eskola txikietatik bi hiriburuan dira: Igeldon eta Zubietan. Iaz, Udalak lehenengo aldiz eskola txiki horiek diruz lagundu zituela-eta, ikastetxea herrian bertan mantentzeko udalek duten arduraz eta egin dezaketenaz galdetu diogu Naiara Sampedro Donostiako Hezkuntza zinegotziari. “Eskola txikiak eta ikastetxe publikoak Eusko Jaurlaritzaren eskumena dira EAEn, eta une honetan, Udalaren eskumena eraikinen mantenua da, ez dugu beste eskumenik, baina diruz lagundu ditzakegu adibidez, eta hala egin dugu. Izan ere, landa eremuan aurkitzen diren eskola txikiek gabezia handiagoak izan ohi dituzte, hiri batekin konparatuta baliabide eta zerbitzu gutxiago dituztelako, eta espresuki lagundu behar ditugu administraziotik, baina orain arteko politikek globalizaziorantz eta neutraltasunerantz jo dute, herri eta auzo txikiak diskriminatuz. Horri aurre egiteko, lehen aldiz Donostiaren historian iaz Udalak diru-laguntza zuzena eman zien Zubieta eta Igeldoko eskola txikietako guraso elkarteei, guraso elkarteak direlako eskola txikien benetako bultzatzaileak. Aipatu baliabide eta zerbitzuak betetzen laguntzen du horrek, zaintza zerbitzua bermatzeko eta eskolaz kanpoko jarduerak babesteko, adibidez. Helburua da ikasle guztiek aukera berak izatea eta politika orekatzaileak bideratu behar dira, auzogune naturalean hezteko eskubidea bermatu behar dugulako instituzioetatik. Igeldon 61 haur daude une honetan eta Zubietan 47. Iaz, baita aurten ere, Igeldok 3.691 euroko diru-laguntza jaso du eta Zubietan zertxobait gutxiago, Usurbilgo Udalak ere babesten duelako. Ordainetan, Udaletik eskolari eskatzen zaiena da komunitate osoa kontuan hartzea eta eskola politika integratzailea burutzea”.

Auzogune naturalean hezteko eskubidea

Argi du Sampedrok, ikasleek beren ingurumen naturalean hezteko aukera izan behar dute, eta eskubide hori bermatu behar die administrazio publikoak. “Eskola txikiek berezko ezaugarriak dituzte –gehienbat euskaldunak eta kalitatezko eskolak izaten dira– eta gizarte ikuspegi zeharo garrantzitsua dute: herriarekiko eta naturarekiko harreman estua garatzen laguntzen dute eta herriko eta auzoguneko dinamiketan inplikatzen laguntzen dute. Herriari eta auzoari bizipoza ematen diote. Asko gustatzen zaidan esaldiarekin laburbilduko nuke: herri baten altxorra, bertan bizi diren pertsonak dira eta horien artean altxor handiena umeak dira”. Azken finean, bi norabidetako hartu-emana da eta eskolak dinamiko bihurtzen du herria, baita ekonomikoki ere, haurrak bertan izateak sortzen duen jarduerak eraginda. Gurasoak beraiek errazago inplikatzen dira eskolan, bertan egonik. “Auzo-komunitateaz mintzo garenean –dio Hezkuntza zinegotziak– epizentroan eskola dago. Azken batean eskolak, ikasleak hartzearekin batera haien familiak ere hartzen ditu, izan gurasoak, aitona-amonak, izeba-osabak, lagunak…”. Eta noski, eskola epizentroa bada, administrazioak ezinbestekoa du harekin harremana: “Donostiako Udala organo gorenetako kide da eta saiatzen gara zuzendaritzatik eta eskoletatik jasotzen dugun ahalik eta informazio eta behar gehien kontuan hartzen; gure eskumena bada betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada, haiei helarazi eta eskaera egiteko”.

Pierre Pinquek zioen moduan, umeak alde batetik bestera ez ibili beharraren abantaila ere azpimarratu du Naiara Sampedrok: “Hirian bertan ia-ia auzo guztietan daude eskolak, eta landa eremuetan, gure kasuan Zubietan eta Igeldon, eskerrak eskola txikiak bermatuta dauden, bestela kilometro pila bat egin beharko lituzketelako haur txiki hauek egunero, eskolara joan-etorria egiteko”.

Donostiako Udalak eskola txikiekiko erantzukizuna eta konpromisoa duela dio Sampedrok, bereziki Zubietakoaren egoera larria ikusita. 2005ean jaiotze-tasa asko hazten hasi zen Zubietan, eta 2010ean bi eraikin aurrefabrikatu jarri zituzten (horietako bat jangela da), baina eskola handitzeko beharra agertu dute zuzendaritzak eta guraso elkarteak. “Pentsa, egun 16 haur daude aurrefabrikatu txiki-txiki batean sartuta, obretan erabiltzen diren modukoan, eta hurrengo urterako 20 haur aurreikusten dira. Eusko Jaurlaritzak esku hartzea beharrezkoa da, nahiz eta badakigun ematen ari den murrizketa politikarekin ez direla prest egongo eraikina zabaltzeko. Horregatik, eskoletara bideratzen diren inbertsioetan aurten Zubietako eskola txikiari lehentasuna ematea da gure asmoa”.


LARRUN
2013ko apirilaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Askatasunaren tresna

Denok dakigu askatasuna kontzeptu zaila dela, ertz askotarikoa, hitzez definitzen zaila. Maiz mugagabetasunarekin definitu ohi dugu, baldintzamendurik gabe erabaki ahal izatearekin, ondoriorik ez edukitzearekin, edota ekintzen ardurarik hartu behar ez izatearekin. Baina ez denez... [+]


Amiantoan suspentso

Irailarekin batera badator ikasturte berriaren hasiera eta milaka haur eta nerabek ikastetxeetarako bidea hartuko dute berriz ere, batzuk pozik, beste batzuk ez hainbeste, baina denek euren azterketak eta lezioak motxilan dituztela. Beste hainbeste espero zitekeen euskal... [+]


Zergatik ez gara arreta mantentzeko gai?

Langileen %80ak ez du ordubete irauten arreta galdu gabe eta %20 inguru hamar minuturo distraitzen da. Kontzentratzeko gaitasun falta ez da soilik mugikorren eta estimulu teknologiko andanaren errua, elikadurak, kutsadurak eta oinarrian gure bizi estiloak ere zerikusi handia... [+]


Iruñeko haur-eskola publikoetako ikasle berrien %37 familia sozioekonomiko ahulekoak dira

Plaza eskatu duten guztiak onartuak izan dira onarpen-sistema berria eta zikloaren doakotasunari esker. 12.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familien 297 umek izango dute plaza.


Energia-enpresa nagusiek biodibertsitateari eragindako kalteen %47 ezkutatzen dute, EHUren ikerketa baten arabera

"Irudia zuritzeko" estrategiak erabiltzen dituzte energia arloko enpresa nagusiek. Ekintza positiboak azpimarratu eta inpaktu negatiboa "estaltzen" dutela ondorioztatu du ikerketan parte hartu duen EHUko doktoregai Goizeder Blancok.


2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Emakume katedradunen kopurua nabarmen handitzea izango da EHUren helburua datozen lau urteetan

Lan kategoria altuenetan %22 dira emakume katedradunak gaur egun, eta soldata arrakala %7koa da. Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute, eta Eva Ferreiro errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan.


2024-07-10 | Bea Salaberri
Zer egin nahi duzu geroan?

Badirudi hamasei urteko semea buruhauste handirik gabe ari zaigula batxilergoaren ondotik jarraituko duen bideari buruzko gogoetak egiten. Batean, batxilergoko gai berezien hautaketari buruz hitz egiten digu, bestean, egin beharko dituen pausu administratiboei buruz, galderarik... [+]


Ikasmateriala erosteko familientzako laguntzak DBHko bigarren ziklora zabaldu ditu Jaurlaritzak

DBH 3 eta 4. mailako ikasleek datorren ikasturtean beharko dituzten ikasmaterialak diruz lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartearen aldarrikapen historikoari erantzunez. Seme-alabak maila horietan dituzten familiek, beraz,... [+]


Hamar urtetan EAEko ikastetxeen %20 ixteko arriskua dagoela ohartarazi dute

EAEko ikasleen erdiak baino gehiagok eskola partikularrak jasotzen dituela eta jatorri migratzaileko ikasleak gehien segregatzen dituen Espainiako Estatuko bigarren erkidegoa EAE dela ere adierazi du Esade EcPol erakundeko Lucas Gortazarrek, EHUren udako ikastaroetan.


Gazteak teknologiaren ikuspuntu kritiko eta arduratsuan hezteko proiektuaren alde bozkatzeko azken eguna

Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da [+]


2024-07-09 | UEU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”

Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean... [+]


Eguneraketa berriak daude