Bizkaiko zaborren formula

  • Bizkaiak azpiegitura berri bat dauka orain lurraldeko zaborrak tratatzeko: Arraiz mendian eraikitako TMB (Tratamendu Mekaniko-Biologikoa) delakoa. Inaugurazio ekitaldian Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak Gipuzkoari eztenkada bota zion. Benetan al da inbidia emateko modukoa Arraizkoa?

Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbao TMBren inaugurazioan.
Iñaki Azkuna eta Jose Luis Bilbao TMBren inaugurazioan.Jon Hernaez / Argazki Press

Berrian Maite Asensio Lozanok bildu duenez, “Azpiegiturak teknologia ‘modernoena’ erabiliko duela nabarmendu du ahaldun nagusiak. Hala, ‘inbidia emateko moduko’ instalazioa dela gaineratu du, Gipuzkoako bizilagunei begiratuta: ‘Beste batzuek gurako lukete guk arlo honetan lortu dugun maila lortzea. Hemendik ez oso urrun, oraindik ez dakite zer egin biltzen duten zaborrarekin’”.

Hain “inbidia emateko modukoa” ote da Bizkaiko hondakinen kudeaketa? Titulu eta foto deigarrien azpiko letra txikia leitu beharra dago hobeto jakiteko. TMB berria zertara datorren, alegia. Gipuzkoarako ere bai baitago TMB bat aurreikusia. Arraizen Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki duen TMB berria loturik dago Zabalgarbi errauste plantaren beharrekin. Berrian eta Deian ez dira zifrak berdin eskaintzen, baina bien kroniketan ere nabarmen ageri da TMB honek bertara eramandako zaborretatik gutxiena birziklatuko duela eta gehiena errausteko prestatu.

Hondakinez zerbait irakurri duenak badaki etxeetatik zaborrak ondo bereizita ez biltzekotan, Ecoparque formula dela errauste plantei janari hobea emateko modua, hala dira Katalunian eta hala izanen dira Baionan bezala Bilbon. Funtsean, etxeetako hondakinen %40 baino gehiago den organikoa (txarri-jana) lehortzeko. Organiko bustiak berotze ahalmena kentzen dio zaborrari: paperak ondo erretzen dira, plastikoek bero handia ematen dute, zapi eta oihalek ere bai, baina organikoa hezea da. Tratatu dezagun zaborra organikoa lehortzeko, bide batez ahal den gasa kenduz, eta zaborrari berotze ahalmena handitu diogu.

Baina diru kontuei ondo erreparatu. Formula honek baditu irabazle gutxi batzuk eta gehiengo zabala osatzen duten petzeroak. Nork pagatu du TMB berria? Bizkaitarrek beren zergekin pagatu dituzte hor gastatu diren 43 milioi euroak. Zertarako? Zabalgarbi konpainia pribatuak kiskali behar dituen hondakinak erretzeko hobeto prestaturik eskuratu ditzan. Beraz, Bizkaiko herritarrak kaleko kontainerrean (ez Hernanikoak bezalako poste itsusi horietan, Jainkoarren!) lagatako bere zabor nahasia pagatu du behin eta berriro: biltzeagatik pagatzen dio multinazional handi bati, lehortuz tratatzeko TMBa eraikitzeko pagatu du, Zabalgarbi konpainia pribatuak kudeatzen duen azpiegiturak eraikitzea pagatu zuen, zaborrak Zabalgarbin kiskaltzea pagatzen du, Zabalgarbik kiskalitako tona bakoitzaren 1/3 diren eskoria eta errautsak nonbait uztea pagatzen du ostera… Ez aipatzearren erreketak sortutako kutsaduraren ondorioak, horiek kalkuluetatik kanpo geratzen dira beti. Bizkaiko hondakinen benetako kostea zehaztu beharko luke auditoria on batek… baldin eta egia bada diru publikoak urri direla eta behar sozialak izugarri handi.

Bizkaiko hondakinen formulak, hala ere, badauka are arazo larriagoa, ondoko lurraldeekin alderatzen hasita. Okerrena egiten dutela ere, Gipuzkoak eta Nafarroak oraindik erabakitzeko ahalmena daukate. Bizkaia urte luzetarako dago Zabalgarbiko inbertsioei kateaturik. Bihotza errauste planta duen kudeaketa eredu hori dela medio, bizkaitarrentzako gehiago birziklatzea arazoa da?
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko errauskailua
2022-04-26 | Zero Zabor
Zabalgarbi erraustegiak 17 milioi irabazi ditu dirulaguntzetan, hondakinak benetan ez balorizatu arren

Iraunkortasun ekologikoa, gizarte eta ingurumen-krisiak eta klima aldaketak Euskal Herrian dauzkan ezaugarriak ikertzen dituen Ekopol elkarteak analizatu du Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiak 2020an egindako jardunaren emaitza. Ondorio larriena zera da: Europako agintaritzak... [+]


Zabalgarbik ez du elektrizitaterik sortu martxotik gutxienez uztailera arte

Erraustegiak ez ditu hondakinak balorizatu martxoaren 26tik gutxienez uztailaren 11 arte, erregistroak eskura dauden azken eguna, Elektrizitatearen Merkatu Iberiarreko datuen arabera.


Errausketaren aurkako protestak deitu dituzte Bilbon ISWA patronalaren kongresuaren harira

Bizkaia Zero Zabor elkarteak deituta, protesta egingo dute Bilbon astelehenean, urriaren 7an, goizeko 8:00etatik 10:00etara Euskalduna Jauregiaren aurrean, eta 18:00etatik 20:00etara Guggenheimen. Egun horretan ISWA patronalaren mundu mailako urteko kongresua hasiko da, eta... [+]


2019-02-15 | Zero Zabor
Zabalgarbik zaborren errausketagatik 24 milioiko diru-laguntza jaso du, nahiz eta gas naturala erre argindarra lortzeko

EH BILDU legebiltzarkide taldeak eskatuta, otsailaren 13an Gorka Buenok Ekologistak Martxan Zero Zabor Bizkaian plataformaren izenean agerraldia egin du Gasteizko Parlamentuko  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean, Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren... [+]


2018-09-18 | Zero Zabor
Zabalgarbik 2005etik 600.000 tona eskoria lurperatu ditu kontrolik gabe, salatu du Zero Zabor Bizkaian-ek

ZZB Zero Zabor Bizkaian plataformak salatu du 2005etik gaurdaino Zabalgarbi erraustegiak 600.000 tona eskoria –hondakin nahasiak erretzeak utzitakoak– isuri dituztela Bizkaiko zabortegietan eta hori kontrol egokirik gabe egin duela, prozesuaren kalitatea bermatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude