Eskoletan aurre-matrikula egiteko kanpaina bukatu berria da. Jakina da gurasook onena nahi izaten dugula geure seme-alabentzat; hori dela eta, ikastetxe egokiena hautatzea xede dugu halako epe batean. Gurasoen asmo oneko aukeraketa, bistan denez, balore nagusi batzuen arabera egiten da eta, nola ez, seme-alaben geroa presente dugula.
Baloreak praktikan jartzeko ariketan, baina, lumatza ikusten zaigu: egun, ikastetxea hautatzeko baliatzen den irizpide funtzionaletako bat, dena delako ikastetxean zenbat etorkin dauden jakitean datza. Ondorioz, etorkin gutxien dituzten eskolak gero eta gehiago estimatzen dira bertan jaio garen aita-amon artean.
Haatik, eskola publikoko ikasle etorkinak ez ditugu arrazagatik soilik saihesten; izan ere, etorkina ekonomikoki pobrea den atzerritarra dugu: kanpotik etorritako aberatsari ez deritzogu etorkin. Hortaz, etorkinei izkina egiteko estrategia estatus sozio-ekonomikoari ere badagokio, ohiko sosen aferari; kulturen arteko talkak lotura zuzena baitu sakelen arteko talkarekin. Etxeko hezitzaileok arrazistak ez ezik, klasistak ere bagara.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.