Bixente Ameztoyren azalak

Lagun bat liburu-joslea zuela esan zidan behin aitak, eta etxean barreiaturik zebiltzan Argiak josi eta azaleztatzeko emango zizkion. 18 edo 19 urte izango nituen eta artikuluak idazten nituen lantzean behin Zeruko Argian. Argia lurrekoa zen jadanik, Zeruko hura izenburuan eta Mikel Atxagaren prologoa babesgarriak ziren arren. Gordelekua ere kaputxinoena zen: Elixabete, Pilar eta Lurdesen bulegora inguratzen ginen noizean behin euskal herrietako punta guztietatik Joxemari, Ermiñe, Mikel, Felix, Txema, Koldo, Balere eta beste asko.

Bixentek ARGIArako portadak egiten zituen. Portadak gustatzen zitzaizkidan. Irudi enkantatuak ziren, xamurrak, umorezkoak. Koadro bakoitzak bazuen zerbait ustegabekoa. Susmatzen zen pintura bakoitzeko naturaltasuna eta aldi berean, lan lasai eta zaindua. Hitzik gabe, imajina poetiko ikusgarria izaten zen koadrokoa, non atseginaren zentzua errealitatearen zentzuaren gainean lebitatzen ikusten baitzen.

Magritte Donostian, eta Villabonan. Paisaian eta jendearen artean. Ikusten zen Bixente hiriko kaleetatik ibiltzen zela gau zatiak biltzen. Baserrien arteko bideetatik egurasten zela, tresna desagertuak biltzen zituela soro eta troken ertzean. Ematen zuen kostaldeko bidetik autoan joan eta ostadarrari begira geratzen diren horietakoa zela, ostadarra alboan edo atzean agerturik ere autoa martxan begira geratzen direnetakoa.

Ez dut data zehatzik gogoan eta, gainera, data zehatzekin markatzeko modukoa den ere ez dakit, apur bat itxuragabekoa ere bazelako denbora hura. 1975-1980 aldia zaila izan zen jendearentzat eta paisaiarentzat ere. Takateko asko ematen zizkiguten orduan. Bazirudien dena ari zela laster aldatzen eta bazirudien gau harrizko luzea astiro eta gutxi argituko zela. Egunak luzeak zirela ematen zuen eta aldrebesak, eta gauak are arraroagoak. Dena harea ari zela egiten, Bernardok idatzi zuen bezala, Etiopian. Ziurtasun gutxi eta ilusio asko, eta ziurtasun gutxi.

Barrikadak ere izaten ziren kaleetan trabes. Politika nahinora heltzen zen, literaturara, musikara eta pinturara. Bixenterenak ez ziren azalak ere oroitzen ditut, errealitate gupidagabeak pintatutakoak, Amparoren biluztasun ubelduarena, esate baterako. Ikurriña debekaturik zegoen, artean, hagatik ziren hainbeste erabiltzen kolore berde, gorria eta zuria disimuluan bezala. Buzo urdinarekin sartzen ziren langileak fabrikara oraindik, XIX. mendean bezala. Eta mundu guztiak nahi zuen zerbait egin Lemoizko zentral nuklearraren aurka, listua bota behintzat. Gazte gehienak, gero sekula atera ezin izateko moduan hanka sartzeko prest geunden, edozertan, maiteminean, politikan edo beste edozein adikziotan. Edozer gauza zen anti-erlijiosoa, anti-kapitalista, anti-patriotikoa, eta iraultzailea. Interesgarriak ziren gauza gehienak arriskutsuak ziren, zeren Guardia Zibilaren kuartelean amai zitezkeen.

Eta horrela, astebete pasatu eta denboraren laburpen lez heltzen zen Bixenteren azala. Asterik aste, ustekabekoa, harrigarria, ederra izaten zen Bixenteren portada. Eszena lasaiak, lasaitasun horretan zerbait gertatzear zegoelako airearekin. Esplikazio errazetatik, museoetatik bezala, zeharo apartatzen ziren koadroak. Ikonografia susmagarria, errealitatearekiko mesfidantza eragiten zuelako.

Behin, pertsonalki ezagutu nuen, aldizkariaren gordeleku kaputxinoan. Ez zen handinahia. Apala, berba egin baino gehiago entzuten zuen. Bai pinturan eta bai besteetan ere bila ari zela ikusten zen. Umorea ere bazuen, umiltasunez egiten zuen barre, lehenengo bere buruaz egin behar balu bezala aske eta adiskidetasunez egiteko. Harekin egon eta, umiltasun harekin, inpresioa ematen zuen halako koadro haietako batetik irtendako pertsonaia zela. Figura bat, lekuz kanpo, askatasunaren bila, izateko derrigorren kontra, izateko aukeren bila.

Aitak, lagun liburu-joslea zuela eta, etxean barreiaturik zebiltzan ARGIAk josiko zituela esan zidan, nire artikuluak gordetzeko. Nire artikuluak ez zitzaizkidan ardura, baina baietz esan nion, ARGIA haietan sasoiaren azalpen moduko zerbait egon zitekeela pentsatuz. Egun batzuetan heldu ziren aldizkariak bi edo hiru liburu jositan. Baina ARGIA horien azalak falta ziren. Jostunak, kolorez eta paper distiraz azalak desberdinak irudituko zitzaizkion, eta zuri beltzeko orriak baizik ez zituen josi. Gogoratzen dut aita, nire protesta aguantatzen, koloretako azalak non zeuden, azalak ezinbestekoak zirela, portadak zirela inportanteena, liburu-joste tailerrean edo zabortegiren batean galduko zirenak. Aita lagunaren etxera joan zen biharamunean eta pozik ekarri zituen azal guztiak solte eskuan.

Inportantea zen azal haiek errekuperatzea. Zeren portadetako une soseguan denbora –denbora pasatua, denbora presentea eta denbora futurua– laburbiltzen zen, esandakoarekin eta isildutakoarekin, gertatutakoarekin eta gertatu ez zenarekin. Eta hara hemen berriro portadak, denbora zeharkatuz heldu direla, zabal daitezkeen ateak balira bezala. Imajina poetiko ikusgarriak, irudi bihurturiko benetako gauzak eta egiazko bilakatzeko gogoarekin dirauten fantasiak. Liburua ondo josita, jostunak testuak ahaztu dituela oraingoan, ea ikusten eta sentitzen den denbora –orainaren iragana, iraganaren oraina eta iraganaren etorkizuna— Bixenteren azaletan.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude