Erabakitzeko eskubidea ezabatu nahi du PPk

  • Geuk erabakitzen dugu, irakur dezakezue beheko argazkiko pankartan. Ez da errealitatearen deskribapena, eskaria baizik. Euskal Herrian indarrean dauden legediek epe jakin batean baizik ez diete aitortzen emakumeei haurdunaldia eteteaz erabakitzeko eskubidea. Hegoaldean, Espainiako Gobernuak iragarritakoa betetzen badu, laster ezta hori ere.

Abortua Despenalizatzearen Aldeko Nazioarteko Egunean (irailak 28)
Abortua Despenalizatzearen Aldeko Nazioarteko Egunean (irailak 28)

Joan den uztailean, Alberto Ruiz-Gallardón Espainiako Justizia ministroak aldaketak iragarri zituen haurdunaldiaren etetea erregulatzen duen legedian, aldaketa horiek noiz zertuko diren zehaztu ez bazuen ere. 2010ean PSOEren Gobernuak ezarritako legearen aurreko egoerara itzultzeko asmoa agertu zuen ministroak; zenbait alderditan 1985 baino lehenagoko egoerara bueltatuko ginateke, batek baino gehiagok azpimarratu duenez. Gaia serioa da, besteak beste abortuaren “turismoa” eta abortu klandestinoa garai bateko zifra eskandalagarrietara iritsi litezkeelako berriz.

2010eko legeak ekarritako aurrerapausorik handiena ezabatu nahi du PPk: haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan emakumeek inolako azalpenik eman gabe abortatu ahal izatea. Popularren asmoa da emakumeei baldintza jakin batzuetan baino ez aitortzea haurdunaldia eteteko eskubidea, eta eskubide hori askatasunez gauzatu daitekeen inongo eperik ez existitzea. Hala zen Espainian 2010 baino lehen, baina pauso bat harago joango direla adierazi du Ruiz-Gallardónek: fetuaren malformazioa ere ez litzateke izango abortua justifikatzeko aski arrazoi.

2009an sortu zen Madrilen Mujeres ante el Congreso (Emakumeak Kongresuaren Aurrean) elkartea. PSOEk iragarria zuen lege berria beren ustez nolakoa izan behar zen adierazi nahi zioten Espainiako Gobernuari, baina ez zieten kasu handirik egin, ikusiko dugunez. “Orain, PPk iragarritako erreforma dela eta, lana pilatu zaigu”, diosku elkarteko kide Toñi Ortegak. Haren ustez, PPren asmoek arrazoi bitan dute oinarria, edo zehatzago esanda, biak uztartzen ditu: krisi ekonomikoa eta ideologia eskuindarra. “Gallardónek argi esan du: emakumea bere rol nagusira bueltatu behar da, alegia, ama eta zaintzaile izatera. Ongizate estatuan murrizketak dauden honetan, etxean behar da emakumea, familiaren zaintzaz arduratzeko”. Analisi horrekin bat datoz erreportaje hau osatzeko gurekin hitz egin duten beste elkarte feministetako ordezkariak. “Krisiaren aitzakiarekin ezartzen ari diren murrizketen testuingurua baliatzen ari dira ideologia kontserbadoreenak, beren prezeptu moral eta erlijiosoak inposatzeko eta, berriz ere, emakumeen gorputza eta bizitza kontrolatzeko”, irakur daiteke Espainiako Estatuko Elkarte Feministen Koordinakundeak irailean argitaratutako agiri batean.

Oraingo legeak ere hutsuneak dauzka

Espainiako Justizia ministroak haizatutako asmoek sutan jarri dituzte Espainiako Estatu osoko feministak –eta ezkerra oro har–, baina horrek ez du esan nahi oraingoa gustuko dutenik. Irailaren 28an, Abortua Despenalizatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna zela eta, hainbat talde feministak elkarretaratzeak antolatu zituzten Euskal Herrian. Egun horretan bertan ezagutu genuen, Bilbon, Marta Brancas Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea. Hark argitu zigun ondo gogoan dutela PP egosten ari den eskubide murrizketa, baina oraindik indarrean dagoen espainiar legea aldatu dadin eskatzea zela Espainiako Estatuko mobilizazioen helburu nagusia.

“PSOEk esan zuen abortua Zigor Kodetik aterako zuela, eta ez zuen egin”, dio Brancasek. Funtsean, feministek eskatzen dutena da abortua –kasu honetan, epez kanpo egiten denean- ez dadila delitutzat hartua izan, eta haurdunaldia etetea emakumearen erabakiaren menpe baizik ez egotea. Euskal Herri osoaz ari gara, oso antzekoak baitira Espainiako zein Frantziako estatuetako legediak, eta ia Europa osokoak, bidenabar. Inolako azalpenik eman gabe haurdunaldia etetea baimentzen den denbora tartearen iraupena da batzuen eta besteen arteko desberdintasun handiena. Euskal Herri osoan, kontinenteko herrialde gehientsuenetan bezala, hamalau astekoa da tarte hori; Iparraldearen kasuan, azken hilekotik zenbatzen hasita.

Osasungintza pribatuak bermatua

Espainiako legediak jaso jasotzen dituen baina praktikan gauzatu ez diren zenbait alderdi behingoz indarrean jartzea ere eskatzen dute feministek. Batetik, abortuak osasungintza publikoak egitea. Gaur egun, Espainiako Estatuko haurdunaldi etete gehienak –%95etik gorako portzentajeaz ari gara– erietxe pribatuetan egiten dira. Egia da, aitortzen dute feministek, osasungintza publikoak osorik finantzatzen dituela, baina hainbat ñabardura egin behar dira. Bat ideologikoa da, nolabait: sare publikoan egiteak abortua normalizatzen du, estigma kentzen dio. Beste arazo bat finantzazioarekin lotuta dago: ACAIk, Haurdunaldia Eteteko Espainiako Kliniken Elkarteak, ohartarazi du estatuko erietxe asko kiebra jotzear daudela, administrazio publikoek ordaintzen ez dietela eta. Zorra zortzi milioi eurokoa da. Hego Euskal Herrian ez da oraindik halakorik gertatu, baina arriskua hor dago, Nafarroan batez ere (ikus goiko koadroa).

Iparraldean, berriz, abiapuntua okerragoa da, baina aurreikuspenak hobeak: gaur egun, Baionako ospitaleak abortu gutxi batzuk egiten ditu, baina emakume gehienak –ez Iparraldekoak bakarrik, baita Pirinio Atlantikoen departamendu osokoak ere– Biarritzeko klinika pribatu batera bidaltzen dituzte. Batean zein bestean, emakume bakoitzak aurreratu behar du abortua ordaintzeko dirua, eta Gizarte Segurantzak, ondoren, zati bat itzultzen dio: %80 haurdunaldia kirurgiaz eteten bada –guztizko kostua 450 eurokoa da–, eta %70 farmakoen bidez eginez gero –190 euro balio du, eta azken hilekoaren osteko lehen bederatzi asteetan egin daiteke–, Planning Familial elkarteko Maria Jose Aranak eman dizkigun datuen arabera. Albiste ona Marisol Touraine Osasun ministroaren ahotik jaso dugu: 2013an, hau idazteko unean data zehatzik eman ez bada ere, estatuak osorik itzuliko du dirua.   

Abortu klandestinoek gora egingo dute

Hego Euskal Herrira itzulita, PPk egin nahi duen lege berria murrizketatzat har dezakegu argi eta garbi. Bortxaketa izan denean eta emakume haurdunaren osasuna arriskuan dagoenean baino ez da kontsideratuko abortua egitea legearen barruan dagoela. Horrek ilegal bihurtuko ditu abortu gehienak, eta beraz, gastu handia kenduko dio osasungintza publikoari. Kontuan hartu behar da abortatzeko arrazoi nagusia, Euskal Herrian eta mundu osoan, ez direla ez bortxaketak ez osasun arazoak, nahi gabeko haurdunaldiak baizik. Ruiz-Gallardóni eta bere euskarri ideologikoa diren “biziaren aldeko” elkarteei ez die axola, itxuraz, ezarri nahi duten neurriak osasun publikoko arazo latza eragin dezakeela. ACAI elkarteak berak gogorarazi dienez, haurdunaldia eten nahi duen emakumeak eten egingo du, baldintzak edozein direla; abortu klandestino kopurua handitzeak ondorio larriak izan ditzake. Datu bat: legez kanpoko abortuak dira emakumeen heriotza kausa nagusia Hego Amerikako zenbait herrialdetan.

PSOEri ere zer leporatua badago, honainokoak argi utzi duenez. Elkarte feministek garrantzi handia ematen diote gauzatu ez den legearen beste alderdi bati: abortuaren aurkako kontzientzia objekzioa arautzea. Horra hor de facto abortu asko osasun publikoaren sarean egitea eragozten duen arrazoi bat: administrazioak ez du oraino neurririk jarri zerbitzua kasu guztietan bermatu ahal izateko. Alegia, mediku objektoreak –ez dago datu ofizialik haien kopuruaz– bestelako zerbitzuetara bidaltzea. Objekzioak indar handia daukan lekuetan abortuak egiteko aukera, nahiz legearen barruan izan, klinika pribatuen menpe dago erabat. Besteak beste, horregatik ez zen aborturik egin Nafarroan 1990etik 2011ra arte, klandestinoak izan ezik.

Biziaren bideragarritasuna

PPk bere legea egin bitartean, Euskal Herri osoan haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte abortatu daiteke horren arrazoiak azaldu gabe. Hortik aurrera, espainiar zein frantziar legeek osasun arazoak –emakumearenak zein fetuarenak- dauden kasuetarako zirrikitua uzten dute. Espainiako kasuan 22 astera arte, Frantziakoan eperik gabe, baina bietan mediku batzorde baten erabakiaren menpe. Talde feministek, konprometituenek behintzat, haurdunaldia edozein unetan eteteko erabakia guztiz emakumearen esku egotea eskatzen dute, administrazioaren edota medikuntzaren onespenaren beharrik gabe. Alta, gaur egun ez dago munduan hori onartzen duen estatu bakar bat ere.

Indarrean dirauen espainiar legediak ez du gehiegi argitzen zergatik abortua baimentzen den epea hamalau astekoa den; izan ere, guztiz muga arbitrarioa dela salatzen dute feministek. 22 asteena, berriz, zehatzago esplikatzen da legean: zientzialariek, kontsentsuz, hortxe kokatzen dute fetuaren biziaren bideragarritasuna, alegia, amarengandik independenteki bizitzen has daitekeen unea.

Horri buruzko dokumentu hagitzez interesgarria aurkitu dugu Interneten: Assemblea de Dones de Elx elkarteko Gloria Marinek sinatzen du, eta izenburua du Biologia eta bioetika alderdiak abortuaren eztabaidan. “Emakumeek aukeratzearen aurka daudenek –beren buruei biziaren aldeko esaten dietenek– gogaitu arte errepikatzen dute ernaltzearen unetik eskubide guztiak dituen gizakia dagoela. Abortua, ondorioz, hilketa da”. Marinek dio abortuaren zilegitasuna ezin duela zientziak ebatzi, etikak baizik, baina behin biologiaz hitz egiten hasita, berak ere badu zer esanik. Besteak beste, “bideragarritasun” hitzaren esangura asko desitxuratu dela salatzen du, eta horri buruz Erresuma Batuan egindako ikerketa mediku baten emaitzak dakartza gogora. Behatu zutenez, 1995 eta 2006 artean, jaioberrien artatzean hobekuntza nabarmenak izan arren, haurdunaldiaren 24. astea baino lehen jaiotakoen bideragarritasuna ez zen handitu, eta edozein kasutan oso txikia zen, bideragarritasuna bizitzaren iraupenaren eta kalitatearen arabera neurtuta betiere. 25. eta 23. asteetan jaiotakoak konparatuz gero, ikus daiteke bigarren multzoan bizirik jaiotakoak lehen multzokoen erdia direla. 23. astean bizirik jaiotako umeen %10 inguru baizik ez da iristen 6 urteak betetzera, eta inolako ahalmen urritasunik ez dutenak hutsaren hurrengoa dira. “Ez gara eugenesiaren aldekoak, baina ez dugu onartzen bizia kosta ahala kosta inposatzea”, dio Gloria Marinek. Gizakien genetika hobetzeari esaten zaio eugenesia; Espainian eskuinak lotsarik gabe darabil hitza, abortu eugenesikoa debekatu nahi dutela esanez. Intentzio makurra agerikoa da, azkar lotzen baitira eugenesia eta nazismoa

Nafarroa, "biziaren aldekoa" gotorlekua

Haurdunaldia eten gura duten emakume nafarrek ekimen pribatuari, ezen ez administrazioari, zor diote beren nahia gauzatzeko beste herrialde batera jo behar ez izatea. 1990ean epaiketa egin zen Iruñeko hiru ginekologoren aurka, ospitale publiko batean abortu bat egiteaz salatuta. Harrezkeroztik mediku bat ere ez da ausartu haurdunaldirik etetera osasungintza publikoan, eta emakume nafar askok nahi zutena baino hobeto ikasi behar izan dute Donostia edo Bilboko erietxeetarako bidea.

Iazko urrian abortuak egiten dituen klinika pribatua ireki zuten Antsoainen –Bilboko beste erietxe pribatu bateko arduradunen ekimenez–, eta horrek exodoa geldiarazi zuen. Erabakitzeko eskubidearen kontrakoei ez zitzaien  hori gustatu, aldameneko argazkiak erakusten duenez. Lehen asteetan, arrosarioa errezatzeko biltzen ziren erietxearen ate aurrean, baina azkenean amore eman zuten, eta gaur egun arazo handirik gabe funtzionatzen du klinikak. UPNko Gobernuari, bestalde, aitortu behar zaio legea bete eta gogoz kontra bada ere ordaintzen dituela abortuak. Gainerakoan, ez du mekanismorik ezartzen abortua errazteko, Nafarroan Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzarreko kide Oihana Lopezek adierazi digunez. “UPNk argi esan du beraiek biziaren alde daudela, eta legea betetzera mugatuko direla”. Bestela esanda, ez dute debekatuko klinika pribatu batean haurdunaldiak etetea, baina seguruenik saririk ere ez diote emango klinika horri.

Abortuaren kontrako propaganda manipulatzailea

Peruko Inppares elkartearen webgunetik hartua duzu goiko irudia. Letra handi eta larriz, “Nire mehatxu handiena zure erabakia da” esaldia jartzen du fetu baten “ahoan”. Abortuak haurdun dagoen emakumeari ondorio fisiko eta mental larriak dakarzkiola esaten da beheraxeago. Tranpa fetuaren irudia da: oso garatuta dago. “Hori ez da erreala”, dio Oihana Lopezek, Nafarroan Abortatzeko Eskubideen Aldeko Batzarreko kideak; “abortuaren kontrako kanpainetan oso umeki garatuak erakusten dituzte beti, ia hortzak dituzte”. Lopezek azpimarratu nahi du abortu gehienak (Nafarroan, esaterako, %87) hamabigarren astea bete baino lehen egiten direla. Zerikusirik ez irudi honekin.

Mota honetako afixak abortuaren aurkarien propaganda “humanizatzailean” kokatzen ditu Gloria Marin Assemblea de Dones de Elx-eko kideak: “Jaiotzear dauden fetuak azaltzen dizkigute; benetako jaioberriak eta, zer esanik ez, benetako fetuak eta enbrioiak baino ederragoak. Irudi batzuen interpretazioa manipulatzen da, gainera. Hala, ikus ditzakegu ‘irribarre egiten’ duten edo ‘hatza xurgatzen’ duten umekiak, borondatezko mugimenduak –kortex zerebralak kontrolatutakoak– existitu baino askoz lehenagoko epean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abortu eskubidea
2024-03-12 | Euskal Irratiak
Jacqueline Idiart
"1970eko hamarkadan milioi bat emaztek abortatzen zuten Frantzian legez kanpo"

Abortuaren eskubidea Frantziako konstituzioan sartu da aste honetan. Baina abortatzeko eskubidea ez da gaur goizeko afera. Jadanik 1970. hamarkadaren hasieran mugimendu azkarrak izan ziren eskubide horren erdiesteko Ipar Euskal Herrian.


Frantziako Konstituzioak jasoko du "aborturako askatasuna bermatzea"

Senatuaren babesa jaso zuen joan den ostegunean, eta Kongresuak berretsi du astelehenean konstituzioaren aldaketa agintzen duen neurria. Frantzia da konstituzioan abortu eskubidea "bermatzen" duen munduko estatu bakarra.


"Aborturako askatasuna" konstituzioan jasotzearen alde bozkatu du Frantziako Senatuak

267 senatarik alde bozkatu dute eta 50ek kontra. Frantziako Legebiltzarrak eta Senatuak alde bozkaturik, bi ganberak biltzen dituen Kongresuaren bozketa eskas da: martxoaren 4an eginen da, eta printzipioz aldeko botoa gailendu beharko litzateke.


Espainiako Gotzainen Batzarraren aurka Donostian agertutako kartelak ikertzeko eskatu dute Abokatu Kristauek

Abokatu Kristauek "iraingarritzat" jo dituzte Donostian agertutako kartelak. Haien ustez, hiru delitu egin dituzte egileek: gorroto-delitua, erlijioen-sentimenduen aurkakoa eta egoera zibilaren usurpazioa. Ekintza anonimoa izan da, Askabide klinikaren ondoan jarritako... [+]


Elizaren pederastia kasuak salatzeko kartelak agertu dira Donostian

Espainiako Gotzainen Batzarraren izena daramaten kartelak agertu dira Askabide klinikaren ondoan: "Orain abortatzen baduzu, zer joko dugu larrutan hemendik 5 edo 6 urtetara?".


Eguneraketa berriak daude