Lehen estu, orain itolarrian

  • Esan Erran irratia mutu geratu da, langilea ordaintzeko dirurik ez dutelako. Nafarroako hedabideek urteak daramatzate alanbrean ekilibrioak egiten. 2012. urtea, hedabide batzuentzat behintzat, bereziki gogorra izango da. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ezinbestekoak dira hedabide txikienentzat eta ez dute albiste onik haiengandik. Nafarroakoak aurten ez ditu lagunduko euskarazko hedabideak eta Jaurlaritzak %11ko jaitsiera aurreikusi du.

Beleixeko langileak irratsaioan.
Beleixeko langileak irratsaioan.

Nahi baino gutxiago dira Nafarroan euskarazko hedabideak. Euskara Elkarteen Federazioan, Topagunean, biltzen dira komunikabide gehienak: sei aldizkari, sei irrati eta telebista bat. Aldizkariak denen artean ia 22.000 etxeetara iristen dira eta irratiek 125.000 entzule potentzial dituzte. Erakunde publikoen diru-laguntzak ezinbestekoak dira gehienentzat; Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta udal eta mankomunitateko laguntzen zain izaten dira. Larri askotan ibili badira ere, aurtengoa itotzekoa izango da. Diru-laguntzak gehien mantendu dituztenak udalak eta mankomunitateak izan dira, beste kontu bat da zertan diren Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. 2011n batzuk gustura geratu ziren Jaurlaritzaren laguntzekin eta beste batzuk aldiz ez. Bierrik Fundazioak adibidez, 15.000 euro gutxiago jasoko ditu 2011koari dagokionez. 2012rako %11ko murrizketa onartua dago euskarazko hedabideen zakuan. Hordagoa Nafarroako Gobernuak jo du, garai onenean 230.000 euro ematetik 2012an zero ematera igaro da. Dena dela, kontuan izan behar da, beharko lukeenaren kontra, hedabideek Jaurlaritzatik diru gehiago jasotzen dutela Nafarroako Gobernutik baino.

Ia hedabide guztiek erakunde publikoen laguntzez gain publizitatea eta bazkidetza dituzte diru iturri. Finantzabide propioak indartzeko ahaleginean ari dira zulo ekonomikoa dena baino handiagoa izan ez dadin.

Udalbiltzaren tankerako zerbaiten beharra

Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako arduradunak panorama zaila ikusten du 2012rako, eta baita hurrengo urteetarako ere. Egoerari eusteko estrategiak landu beharra azpimarratu du: jendearengana laguntza eske jotzea, erakunde publiko eta alderdi politikoekin hitz egiten segitzea eta diru iturriak lortzeko plangintzak egitea. PSNren jarrera nabarmendu du, “inoiz aldatu beharko du, oraingo jarrerak ez baitu inolako zentzurik”. Guztiaren gainetik ezinbestekotzat jo du garai batean Udalbiltza zenaren antzeko erakundea sortzea, eskualde ahulenak ekonomikoki eta politikoki babestu ahal izateko. “Hori gabe epe ertainera oso-oso panorama beltza ikusten dut Nafarroan, baldintza politikoak aldatzen ez badira”.

Argiak hainbat protagonistari galdetu die ea 2012ak nolako itxura duen. Xorroxin irratian, Xaloa telebistan, Ttipi-ttapa aldizkarian, Guaixe aldizkarian eta Beleixe irratian, eta Pulunpe aldizkarian eta emititzeari utzi dion Esan Erran irratian izan gara.

Esan Erran eta Pulunpe: Irratia mututu da

Albistea duela gutxi eman dute: Esan Erran irratiak jada ez du emitituko.

Berri txarra ailegatu baino lehenago elkartu gara Ametza Kultur Elkarteko bi kiderekin, Felix Alzelairekin eta Maitane Buruskorekin. Alzelaik Jauntsaratsera lagundu digu, han baitago Esan Erran irratiaren estudioa eta Maitane Burusko irratiko langile bakarra zain dugu. Hotz egiten du teilatupean. Berogailua jarriz gero argindarrak salto egiten du eta akabo emisioa.

Bi langile egun osoz aritu izan dira Pulunpe aldizkarian eta Esan Erran irratian. Diru urritasunak eraginda ordea, lanpostu eta erdirekin ari ziren azkenaldian; ekoizpena berbera zen. Gastuak arintzeko, doako aldizkaria boluntarioek banatzen dute etxez etxe. Nafarroako Gobernuak emandako albistearen ondoren etorkizuna beltz ikusi zuten eta bazekiten bi proiektuak bizirik mantentzea zaila izango zela, ezingo baitzioten eutsi lanpostu eta erdiko gastuari. Hala, Pulunpe egiteko lanpostua mantentzea erabaki dute eta irratia oraingoz isiltzea. Asmoa boluntarioen bidez irratia berriro abian jartzea da.

1992. urtean, hiru hilean behin hasi ziren kaleratzen Pulunpe aldizkaria. Nafarroako hainbat bailaratara zabaltzen zuten, gaur egun bezalaxe: Imotz, Basaburua, Ultzama, Odieta, Anue, Atetz eta Lantz herrira. Orain dela bost urtez geroztik urtean hamaika zenbaki egiten dituzte. Ametza Kultur Elkartea 1996an sortu zen, irratiaren proiektua mamitzen hasi zenean. Esan Erran irratiak Basaburuako Udalaren lizentziari esker emititu du.

220 bat bazkide dituzte, 50na euro ematen dutenak. Nafarroako Gobernuak aurten arte bi proiektuak lagundu ditu diruz. Eusko Jaurlaritzak aldizkaria laguntzen du, baina ez irratia, udal lizentzia baitu. Udalen konpromisoa berriz, irratiaren defizita estaltzea izan da, baina denek ez dute hala egin. Udal garrantzitsuenak, Ultzamakoak, ez du eurorik ipini, irratiak euskaraz eta gaztelaniaz egitea eskatzen baitu. Publizitatea lortzeko ahalegin gutxi egiten dute, horretarako langilerik ez dutelako.

Guaixe eta Beleixe: Diru-laguntzek %25 estaliko dute

Ainhoa Urretagoienak kezkatuta hitz egin digu: “2012a inoiz baino egoera larriagoan hasi dugu”. Zulo ekonomikoarekin hasi dute urtea Bierrik Fundazioan, Guaixe astekaria eta Beleixe irratia kudeatzen dituen erakundean. Azken bi urteetan bi albiste txar behinik behin jaso dituzte. 2011n Eusko Jaurlaritzak asko murriztu zien urteroko laguntza. Espero zutena baino 15.000 euro gutxiago jaso zuten. Hobeto esanda, espero zutena baino 15.000 euro gutxiago jasoko dituzte, 2012a hasia dela oraindik iazkoa ez baitute kontu korrontean ikusi. 2012ko diru-laguntzetan ez dute berri hoberik espero, bai baitakite Jaurlaritzaren euskarazko hedabideentzako zaku osoa %11 murriztu dela. Bigarren albiste txarra Nafarroako Gobernuarena izan da: 2012an zero euro. Bi gobernuen eta Sakanako mankomunitatearen laguntzak Bierrik Fundazioaren aurrekontuaren %40 osatzen zuten iaz. Aurten aurrekontuaren %25 baino ez dute estaliko hirurek. Ez dira kexu Sakanako mankomunitateari dagokionez, 2011n zertxobait behera egin bazuen ere laguntzak 2012an mantentzeko apustua egin duelako.

Zulo ekonomiko eta guzti, astekaria, irratia eta bi egunetik behin eguneratzen den webgunea egin behar dituzte. Hamaika langile ditu Bierrik Fundazioak oraingoz. Litekeena da langile kopuruak eta edukiek murrizketa jasatea. Ez dute erabakirik hartu oraindik, baina okerrenean langileren bat kendu beharko dute edo hedabideetako bat itxi. Onenean hedabideek maiztasuna aldatu beharko dute, kalitatea mantentzen lanak izango dituztela ere badakite.

Bizirik irauteko bide berrien bila dabiltza, edo hobeto esanda, lehendik abian dituzten finantzabide propioak sendotzen hasiak dira. Lehen aipatutako erakunde publikoez gain, publizitatea eta bazkideak dira diru iturri nagusi. Ahalegindu arren ez dakite zuloa betetzea lortuko duten.

Orain arte aipatu ditugun bost diru iturri horiez gain, Sakanako herritarrek hartu duten jarrera azpimarratu nahi izan du Ainhoa Urretagoienak. Sakanarrek hainbat ekimen jarri dute abian bailarako herri guztietan banatzen den Guaixe astekaria eta ia sakanar guztiek entzun dezaketen Beleixe irratia bizirik mantentzeko. Guaixeren 4.500 ale banatzen dira ostiralero etxeetan doan, Beleixeren entzuleak gutxinaka gora doaz (400-500 inguru) eta webguneak gero eta irakurle gehiago ditu (1.000 inguru).

Tipi-ttapa: Autofinantzazioa

Joxe Manuel Irigoienek egin digu harrera Etxalarko egoitzan. Aurten Lesakara joateko asmotan dira, urte askoan egoitza batetik bestera ibili ondoren han erosi baitute azkenean eraikina. Goizean goizetik ari dira lanean Ttipi-ttapa aldizkarian eta www.ttipi.net webgunean. Zazpi langile dira, eta oraingoz, ez dute zalantzan jartzen ez aldizkariaren ezta webgunearen etorkizuna ere.

Joxe Manuel Irigoienen ustez, komeni da azaltzea zergatik bi proiektuek bizirik iraungo duten 2012. urtean. Horretarako urte batzuk atzera egingo dugu. 1990. urtean aldizkaria hamabostekari bihurtu zen eta 1996an Interneteko webgunea sortu zuten. 1998an telebista abiatu zen. Azken proiektua bideratzeko, ordura arteko kultur elkartea fundazio bihurtu zuten, eta horrela jarduera ekonomikoak egitea zilegi zen. Kulturkaria sortu zuten, Ttipi-ttapa aldizkariarekin eta webgunearekin zerikusirik ez duen egitasmoa, hirugarrenentzako lan komertzialak eginez dirua eskuratzeko. Kulturkariaren bidez lortutako etekinak balia ditzakete aldizkariak eta webguneak eragindako zuloak betetzeko. Hala gertatu zen telebistarekin, urtero 60.000 eurotik gorako zuloa egiten zuen eta “koltxoi” horren bidez aurrera egin zuten... telebista ixtea erabaki zuten arte. Hiru arrazoirengatik itxi zuten telebista: urteroko defizitagatik, digitalean emititzeko lizentzia eskuratzeko aukerarik gabe geratu zelako eta Nafarroako Gobernuak 2009an diru-laguntzarik eman ez zuelako. Kulturkaria helduleku oso garrantzitsua da aldizkaria eta webgunea bizirik mantentzeko. Badu ordea beste bereizgarri bat Ttipi-ttapak: harpidetza. 1990etik 1998ra bitartean irakurleek eskatu egiten zuten aldizkaria eta etxera bidaltzen zitzaien, doako harpidedun ziren. 1998. urtetik aurrera harpidedunek ordaindu egiten dute aldizkaria jasotzeagatik. Kuota ez da finkoa, udalek urtero ematen duten edo ez duten diru-laguntzaren arabera herritarrek gehiago edo gutxiago ordaintzen dute. Irigoienek honela azaldu digu bi ardatz horien garrantzia: “Proiektua ez dago zalantzan etxeko lan horiek egin ditugulako eta epe laburrean koltxoia daukagu. Egoera hau izugarri luzatuko bada, koltxoia ahultzen joango da”. “Egoera hau” dioenean Nafarroako Gobernuaz eta Eusko Jaurlaritzaz ari da, besteak beste. 2011n Nafarroako Gobernuak 20.000 bat euro eman zizkien, 2012an batere ez. Eusko Jaurlaritzak 42.000 eman zizkien iaz eta aurten ez dakite zenbat izango den. Udaletatik 52.000 euro jaso zituzten, aurten aurrekontuak ixteko nahiko lanekin dabiltza. “Nafarroako Gobernuak utzitako zuloa harpidetzekin eta Kulturkariarekin beteko dugula uste dugu. Buztinezko hankak hain buztinezkoak ez izateko manera bakarra dago, autofinantzazioa eta produktua baloratzea, alegia, ez dago zertan doan eskaini”.

Xaloa Telebista: Erregulazio Espedientearekin

“2012a salbatuko dugu”, esan digu Joseba Igarabide Xaloa Kultur Elkarteko kideak, Oronoz-Mugaireko estudioan. Xaloa telebistako bost langileek Enplegu Erregulazio Espedientea onartua dute, sei hilabete edo urtebete iraun dezake EEEak. Ekoizpena berdin mantenduko dute. 1997an sortu zen telebista eta Urdazubin, Zugarramurdin, Baztanen, Malerrekan eta Bertizaranan ikus daiteke analogikoan. Momentu onenetan zortzi-bederatzi langile izan ditu. Gaur egun ekoizpen bertsua egiten dute langile gutxiagorekin.

Hizkuntza gutxituentzako Europak emandako diru-laguntza baliatu zuen Xaloa Kultur Elkarteak 1997an telebista abian jartzeko, eta 1998an jada egunero emititzen zuen. Igarabidek gogoan du batzuek nola esan zuten proiektua abian jartzea erokeria eta gehiegikeria zela. Bere ustez, esperientziak erakutsi du posible izan dela. Kontua da orain egoera arras katramilatua dutela. Nafarroako Gobernuak laguntzak ezerezean utzi izanak ez dio eragin telebistari, 2010ean eta 2011n ez baitute laguntza horietatik ezer jaso. Hitzarmen berezia dute Gobernuarekin, laguntzak eman beharrean interesekoa duen ekoizpena erosten die Gobernuak. Egoera berezi horretan dago telebista Espainiako toki telebisten zonifikazioan Nafarroako Gobernuak iparraldea (zonalde euskaldunena) mapatik kanpo utzi zuelako. Beste era batera esanda, Nafarroako Gobernuak hainbat eremutan banatu zuen Nafarroa lizentziak banatzeko eta iparraldea kanpoan utzi zuen. Xaloa legala da analogikoan, baina digitalean ilegala. Haien eskaera garbia da: lizentzia deialdia egin dezatela lehian parte hartu ahal izateko. Oraingoz, 2012an ere, hitzarmen bidez moldatu beharko dute Gobernuarekin, nahiz eta Igarabideren ustez, “ekoizpena merke erosten diguten”. Eusko Jaurlaritzak 2011n ez die diruz lagundu, lizentziarik gabeko telebista direlako. Alabaina, aurten nolabaiteko akordio batera iristea espero dute. Tokiko erakunde publikoei dagokienez, Baztango Udalak baino ez die laguntzen. Proiektuari eusteko jendearengana joko dute, eta baita publizitate sarrerak indartzera ere. 2010ean eta 2011n publizitatea lortzeko ekimen arrakastatsua landu zuten. Herriz herri zuen izena proiektuak eta hala, esate baterako, Leitzara joan eta handik emisio berezia egin zuten. Bertako publizitatea erakartzeko baliatzen zuten saioa. Adibidez, Leitzako ikus-entzuleek uhin bidez ezin dute jarraitu telebista, baina bai xaloa.com-en bidez. Horrelako aukerei aurten ere bide emango diete.

Aurten arnasa hartuko dute, baina borrokan segi beharko dute Xaloa Kultur Elkarteak eta telebistak.

Xorroxin irratia: Urtea salbatuko dutelako kontent

Elizondon egin dugu hitzordua Josetxo Apezetxearekin, duela urte gutxi erosi zuten eraikinean. Bi egoitza dituzte, bata Elizondon eta bestea Lesakan. Euskalerria irratiak ez bezala, hauek badute emititzeko lizentzia. Zugarramurdi, Urdazubi, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietan entzuten da irratia. Iaz 30 urte bete zituen.

Irratia 1981ean sortu zen, irrati libreak bogan ziren garaian. Boluntarioek hasitako proiektuak kutsu “profesionalagoa” hartu zuen urteen poderioz eta kontratupeko langileak hasi ziren irratia kudeatzen. Gaur egun Xorroxin Kultur Elkarteak kudeatzen du. Oraindik irrati libreen aztarnak mantentzen ditu eta irratiak ez du zuzendaritzarik, modu asanblearioan hartzen dira erabakiak. Zortzi langile ari dira, nahiz eta ez egun osoz.

Nafarroako Gobernuaren albistea eta krisi ekonomikoa tarteko 2012a nola datorkien galdetu diogu Apezetxeari: “Arrunt kontent gara, asmoari nolabait eutsi egingo diogulako”. Gobernutik zero euro jasotzeak ez du irratia kolokan jarriko, aurrekontuaren %10 inguru baita. Eusko Jaurlaritzatik bikoitza baino gehiago jasotzen dute, nahiz eta ikusteko dagoen aurten zenbat jasoko duten, Jaurlaritzak laguntzen zakua %11 murriztu baitu. Beste diru iturria bazkideak dira, 140 bat, urtean 30 euroko kuota dutela. Bazkide gehiago lortzeko kanpaina egingo lukete, baina irratia laguntzeko beste kanpaina arrakastatsua (“Behi kaka” izenekoa) abian den bitartean ez diote besteari helduko. Publizitatea da diru iturri nagusia, orain arte erantzun ona jaso dute eta aurrekontuaren %40 inguru da. Udal eta mankomunitateek ere laguntzen dute, batik bat, Baztango Udalak eta Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateek.

Xorroxin irratiarentzat ez du itxura txarra 2012ak, baina badakite ezin dutela lo hartu: “Gobernuak ez du ezer emango, Jaurlaritzak behera egingo du. Jendearengana eta udaletara murrizketak iritsiko dira eta publizitateko sarrerak ez dakigu mantendu ahal izango ditugun”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude