Arrisku Handiko Tartak

Iņaki Barcena
2011ko abenduaren 04a

Nafarroan, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obren hasiera ofizialak Yolanda Barcinaren tarten iskanbila ekarri du, eta Mugitu! taldeko hiru aktibista nafarrentzat 16 urteko (4+4+8) kartzela zigorra eskatu dute Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Hiru tarten eraso bortitza Tolosan gertatu zen, Pirinioen bestaldean, Barcinak Pirinioetako Lan Erkidegoaren lehendakaritza hartzen zuen unean, eta agian, horregatik min gehiago jaso zuen.

Aferak epaiketa prozesua zabaldu du Frantziako Estatuan, baina Madrilen ere bai badaezpada. Frantzian akusazioa biolentzia falta batean eta kalte materialetan gauzatzen da. Espainiako instrukzioan aldiz, delitua agintarien aurkako erasotzat jotzen da eta “indarra, intimidazioa eta erresistentzia larria” leporatu dizkiete Julio, Gorka eta Ibani. Antza, edozein senide edo lagunen arteko jaietako jarduerak sen kriminala adieraz lezake.

Zuzenbidea ikasi dugunontzat, Espainiako Justiziaren disparate juridiko hauek ez dira berriak eta “euskal sindromearekin” loturik daude, argi eta garbi. Euskal lastertasun handiko proiektuaren aurkariek beste batzuetan ere ezagutu dituzte Entzutegi Nazionalaren kriminalizazio prozesuak, hala nola, 2008an Ordiziako zebra-bide batean jesarri zirenek eta Urbinako landetan 2010ean atxilotuak izan zirenek.

Teoriaz, Madrilgo Entzutegi Nazionala Justizia Tribunal berezia da narkotrafikoa eta terrorismoaren delituak epaitzeko, baita Espainiako Estatuaren instituzio gorenen aurkako erasoak eta atzerrian egindako delituak ere. Kasu honetan badirudi azken hirurak betetzen direla, Nafarroako Gobernuaren, komunikabide nagusien, eta fiskalaren eta epailearen arabera. Hau eskandalua!

Gogorrena da, gure lurrean krisi sozial eta ekonomiko sakonaren koiuntura honetan eta sarraski ekologiko-energetiko erraldoi bat gertatzen ari denean, Espainia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko agintariak eta hainbat komunikabide eta eragile sozial aktibisten tartetara begira ari direla eta ez dute triskantza ekonomiko-ekologikoa ikusi nahi. Urteak daramatzate AHTren kontrako euskal aktibismo ekologista kriminalizatzen, baina oraindik ez dute mugimendua ito. Jende asko beldurtu bai, noski, baina krisi sozio-ekonomikoa luzarorako da eta mugimendu sozialak gorantz joz gero, proiektu honen gainbehera eta aldaketa ikusteko ditugu. Hala bedi!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Yolanda Barcina

Yolanda Barcina kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude