ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a

Barcina, UPN-n ere ez dute nahi

  • Oraindik Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak UPNko lehendakaritza ere utziko duela zabaldu du gaur Diario de Navarrak.

Xabier Letona Biteri @xletona
2015eko ekainaren 25a
Yolanda Barcinak UPNko lehendakaritza utziko du.

Erabakia ez da ofiziala oraindik, baina Cordovillako egunkariak gaurko azalean iragartzen du eta horrek nahiko ofizialtasun ematen dio jada. UPNk bihar egingo du ohiko batzarra Iruñean eta bertan iragarriko omen du alderdiaren gidaritza utziko duela.

Yolanda Barcina Nafarroako Unibertsitate Publikora itzuliko da, 1991n hara heldu eta 25 urte geroago. Goitik ekin zion bere karrera politikoari,  1996an Nafarroako Gobernuko Ingurumen Saila eskuratuz, oraindik UPNko afiliatua izan gabe –2000. urtean afiliatuko zen–. 1999an Iruñeko Udaleko alkatetza eskuratu zuen eta 2011n Nafarroako Gobernuko lehendakaritza.

Aitzindaria izan da, Nafarroako Gobernura, Iruñeko alkatetzara eta Nafarroako Lehendakaritzara iritsi den lehen emakumea izan baita.

Porrot egin du UPN gidatzen

UPNko lehendakaritza 2013ko martxoan eskuratu zuen, Alberto Catalanekin izandako lehia ozta-ozta irabazi ondoren –76 botoren aldea–. 2014ko abuztuan iragarri zuen UPNko zerrendaburu izango zela Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeetara, baina bi hilabete ondoren uko egin zion zerrendaburu izateari.

UPNk argi zuen berarekin ez zuela berriz Gobernua eskuratuko eta Barcinak amore eman behar izan zien barne presioei. Ez hori bakarrik, berak Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendetan joan nahi izan zuen, baina Javier Esparza zerrendaburu berriak publikoki adierazi zuen Barcina zerrendetan joanez gero bera ez zela joango zerrendaburu. Eta Barcina zerrendetatik kanpo geratu zen.

“Alderdiaren gidaritzan jarraituko dut”, iragarri zuen, baina hori ere ez. Hauteskundeak irabazi baina Nafarroako instituzio ia guztiak galdu ondoren, UPNk bere egoerari buruzko hausnarketa sakona egin beharko du kongresuan. Oraindik finkatu gabe dago baina berandu baino lehen egingo dute.

Luzaroan handira jokatu ondoren, Barcina andereari alor ugaritik aitortu izan zaio borroka eta gidaritzarako kemena. Ate handitik sartu zen politikara eta ate txikitik utziko du alderdiko kargu nagusia. Boterearen bueltan ibiltzeko gai dela argi erakutsi du, baina hau galdu ondoren indarge eta inork ezertarako nahi ez duela gera da, ezta bere alderdiak ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Yolanda Barcina  |  UPN  |  Aldaketa politikoa Nafarroan

Yolanda Barcina kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude