"Jendeak ez zekien pintatzen nuela, eta nik ere ez nekien!"

  • Uda atarian liburu-dendara. Honako hau eta harako hura. Norberarentzat eta besterentzat irakurgai bila. Horretan, liburu eder handi bat, ezinago eder, etxeko neskatikoarentzat. Mitxitxi marriau. Egilea: Begoña Durruty. Idazlea, ilustratzailea. Eta nor da delako
    Begoña Durruty? Bila abiatu zara…

Begoña Durruty
Begoña Durruty

Margolaria zara, oroz gain, baina liburua idatzi eta ilustratu duzulako jakin dut zure berri.

Horrela gertatu da zure kasuan, ez dago bertzerik. Nik ez dut nire burua idazletzat hartzen. Idazle txarra ninteke. Nik marrazkilari nahiz margolaritzat jotzen dut nire burua, zirriborrogile.

Liburuaren egilea ere bazara, dena den.

Irudia jarri diot istorioari. Deskubritu nuelarik ipuina, harritu nintzen. Bereziki ederra zen! Etxean beti ibili dugu leloa: Mitxitxi marriau / katuek jain hau / biher edo gaur / kor, kor, kor, kor / kor, kor, kor, kor. Ipuin ezezagun hura berehala arras etxekoa sentitu nuen. Jose Mari Satrustegik eginiko lanak merezi zuen segida. Horrela eginak dira ilustrazioak, istorioa irakurri eta hiru-lau urtera, ez bainintzen lehenbizi hartan ilustrazio haiek egitera ausartzen! Marraztea, berriz, gustatu izan zait beti, baina bata da marraztea, eta bertzea testu jakin bat ilustratzea. Astion erran dudan bezala, hasmentan ez nintzen ausartu, ez nuen nire burua horretarako gai ikusten. Gero, berriz, Galtzagorri elkartearen beka izan nuen bertze zenbait irudigilerekin batera tailer batean parte hartzeko Artelekun [Marrazioak 1, 2009], eta bertze ilustratzaileek nola egiten duten lan ikusi nuen. Ilustratzaileak ez ezik, han ziren Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch, eta haiek ere dezente lagundu zidaten. Istorio polit bat banuenez kontatzeko, animatu nintzen eta egin nuen, idatzi eta ilustratu. Eta zortea izan dut, Erein argitaletxeak atera baitu lan hura aurten, Mitxitxi marriau.

Baduzu hau baino lehen ere beste testurik.

Beti bada zerbait, bai. Suertatu zait lagun bakarren bat zer edo zer kontatu nahi duena, idatzi duena, eta laguntza eskatu didana ilustrazioak egiteko, marrazten ongi moldatzen bainaiz. Hola pare bat lan baditut eginak, franko traketsak, bidenabar erranik. Pixka bat lotsatzen naiz, erakusten ditudalarik. Hala ere, ez naiz damutzen, baliagarriak izan zaizkit lanbidea ikasteko. Baina oraingo lan hau bertze zerbait da…

Margolari izanik, zure egitekoa testu jakin bati lotu beharra duzu?

Lotu? Lagundu ere egiten du horrek. Hutsetik hasi beharrean, baduzu nondik hasi, nondik heldu... Beti gustatu zaizkit liburuetan datozen marrazkiak, eta liburu hau egitean, berriz, ez dut loturarik bizi izan, askatasun gutxiagorik, ez bertze. Askatasunez ilustratu dut liburua.

Zer duzu margotzea?

Komunikatzeko beharra, barruko harra… Ez dakit zerk bultzatzen nauen margotzera, baina beti bada beharra, hori bai. Zer kontatzeko margotzen duzun ere, gutxitan dakizu. Nik badut ohitura: zerbait ikusi, zerbaitek arreta eman, eta papertxo batean marrazten dut. Marrazki anitz ditut horrela eginak. Gero, etxera heldu eta landu egiten ditut. Marra horietatik partitu eta segitzen dut, zer etorriko den jakin gabe, jostetan. Horixe egiten dut, jostetan ibili.

“Zer etorriko den jakin gabe”.

Tira, aitzinetik baduzu marrazki bat zerbait erran dizuna. Ez zara edozein marratik hasten, baduzu arreta eman dizun hura, baduzu ideia. Gero, elkarrizketa hasten da, koadroarekin elkarrizketa. Tar-tar-tar. Koadroa isiltzen delarik, akabo, akitu da elkarrizketa… Josteta bat da, marrazki bidez egina. Lehenbiziko koadroak egin nituelarik, inguruan begiratu nuen. Eta hemen, artista gehienak paisajistak direnez, haiekin batera abiatu nintzen. Jose Mari Apezetxea, Tomas Sobrino… haien arrimuan paisaiak egiten hasi nintzen. Gero, aspertu nintzenean, bertze zerbait egiten hasi nintzen, giza gorputzak, etxeak, etxeko altzariak, animaliak… Denekin egin dut josteta, teknikak ere ezberdinak ibili ditut.

Apezetxea, Sobrino… Paisajistak dira Baztanen.

Hainbertze paisajista bada, eta izan dira, Baztanen, bai. Lekua bera arras polita delako, izan liteke? Soka luzea da. Hasieran Javier Ziga, ondotik Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin… Azken bi hauekin juntatu zen Ismael Fidalgo bizkaitarra, soldadutza egitera honat etorri zena. Badut Fidalgoren koadro ttipi-ttipi bat ere. Ikusi zuelarik nire erakusketa bat, nahi izan zuen lan bat aldatu. Menturaz ezagutzen duzu Fidalgoren historia, saltseroa zen gizona. Uste dut bera hemen egon zelarik, gazte margolari talde polita juntatu zela Baztanen. Nago tarteka Menchu Gal eta Oteiza bera ere hurbiltzen zitzaizkiola… Ondotik Apezetxearen arrimuan etorri ziren Tomas Sobrino, Kepa Arizmendi zena eta Xabier Soubelet. Eta soka ez da akitu oraino. Orain ere badugu taldetxoa eta tarteka biltzen gara kanpoan margotzeko.

Zu, berriz, aspertu zinen ederrez.

Ez zait inporta paisaiarekin segitzea, baina bertze gauza batzuk ere egin nahi ditut, diferenteak. Edo paisaiak egin, baina bertze modu diferentean. Jostetan ibili, beti. Azken finean, paisaia bertze modu batean nahi dut tratatu. Ikusten diren erreflexuak koadrora ekarri, adibidez, nahiz eta errealitatearekin ez duen deus ikustekorik. Paisaia da, hala ere. Baina paisaia ikusi eta ikusten dudana erretratatu, horrek aspertzen nau. Badakit zer den, paisaia!

Jendeari horixe gustatzen, paisaia!
Bai, bai. Eta udazkena baldin bada, hobe! Kar, kar, kar. Polita da paisaia, baina ez hori bakarrik. Barnean bilatu nahi dut zerbait gehiago… Gure Mikelek [Laboa] kantatzen zuen bezala, lainoa dut nik maite: “… orduan hasten bainaiz, ezkutukoa, neure baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten”. Kur, kur, kur…

Oleoak, grabatuak, pinturak… Molde ezberdinak saiatu dituzu.

Jostetan nabil ehundurarekin, materialarekin… Ikusirik bakoitzak aukera ezberdinak ematen dituela, bada, jostetan ibiltzen naiz. Grabatuak egiten, adibidez, Arraiozen bizi den bertze artista bat ezagutu nuelarik hasi nintzen. Lola Sarratea. Lagun egin ginen, eta uda batez han ibili ginen biak, haren etxera joaten nintzen, eta berak erakutsi zidan. Aparkatuta dut orain, baina grabatua da gauza bat anitz gustatzen zaidana. Grabatua polita da. Hasi aitzinetik ez dakizu seguru zer aterako den, sorpresa ematen dizu… Altxatzeko ere, grabatuak, denak dira paperak, eta sartzen ahal dira kaxoi batean. Aldiz, koadroak… Nik, alimaleko koadroak eginen nituen, baina gero sartu behar dira nonbait!

Webgunean (begonadurruty.com) paratuak dituzu zure lanetarik asko, baina zure etxean ikusi eta bestelako itxura dute…

Zuzenean ikusi behar dira artelanak, bai nireak bai bertzerenak. Webean ikusi eta egiten ahal duzu ideia bat. Nik, koadroak ukitu ere egiten ditut! Erakusketa batean, ez badago inor begira, ukitu egiten ditut.

Erraztasuna duzu marrazteko.

Ttarttarretik, ttipi-ttipitik ari naiz marrazten. Eskolan beti nengoen hor nonbait, Martitzen, beti marrazten. Oroimen hori dut, eskolako liburuak eta denak nituen marrazkiz beteak. Baina berandu hasi naiz benetan marrazten, orain dela dozena urte, umeak hazi ondoan. Behin, oleoa frogatu nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Orduan hasi nintzen. Ttipi-ttipitik nahi nuen ikasi Arte Ederrak. Arte Ederrak eta Arte Ederrak beti. Etxean, berriz: “Zirriborro horiekin zer eginen duzu?!”. Normala haien erreakzioa, ez? Nik ere, akaso, gure alabei ez nien kasu emanen! Familia hazi, lan egin, eta pixka bat libratu nintzelarik, hartu nuen oleoa. Orain dela hamabi urte arte ez bainuen probatu. Marraztu bai, hainbertze, baina beti argizariekin, edo lapitzekin, edo zernahirekin… Denbora-pasa zen beti, gustuko lana, josteta. Ez nuen gauza gorririk egiten ere. Eskolan, apunteak hartu eta, bidenabar, marrazkiak egin, irakasleen karikaturak eta edozein gauza.

Etxekoek lagundu gabe egin zara margolari.

Etxean ez zuten nahi. Udako ikastaro batean parte hartu nuen 2002an. Apezetxea eta Sobrino ziren irakasle. Geroztik, noiznahi, Joxe Marirengana joan naiz. Eta Tomas Sobrino ere hor egon da beti. Bi horien laguntza izan dut, bai, baina eskolan-eta, ez dut inor izan nire lana bultzatzeko. Erran dut nola nik Arte Ederrak nuen beti buruan, baina bertzalde kirolari nintzen, arras, eta etxean kendu zidaten Arte Ederrak ikasteko gogo hura. Gero, jakin nuen SHEE [Soin Hezkuntzarako Euskal Erakundea] bazela Gasteizen, joan nintzen eta ikasi nuen. Bigarren promoziokoa naiz. Erraten zuten izanen zela irakasle lana, eta hura egin nuen, eta izan naiz irakasle. Beti erraten nion nire buruari ikasiko nuela margotzen nire baitatik. Hamabortz urtez soinketa irakasle izan naiz, eta gero, lana uzteko aukera izan nuelarik, utzi nuen, etxekoandre izateko eta margotzeko. Horretan ari naiz.

Zeure buruari esaten zenion ikasiko zenuela margotzen.

Beharra dut margotzea, burutik ez dut kentzen ahal. Ez da pintatzea bakarrik, sortzea baizik, marrazkia erabiliz. Berdin zait teknika, baina marrazki bidez sortu.

Eta sortu zenuen, eta margotu…

Hasi nintzelarik pintatzen, utzi nituen denak zur eta lur, Jose Mari-eta. Hiru urte pintatzen egin baino lehen egina nuen lehen erakusketa. Jendeak ez zekien pintatzen nuela, eta nik ere ez nekien! Eta galdera: “Nola ikasi duzu? Arte Ederrak ikasi duzu?”, eta nik: “Ez, ez, ez dut deus egin!”. Baina ez da egia deus egina ez dudala, txikitan hainbertze marrazten ibili naiz! Kontzienteki, margotzera animatu, azkeneko urte hauetako kontua da. Eta lantzatu, ea zer gertatzen den. Nire buruari erranik zerbait egiten baldin badut ongi dela, eta bertzenaz, tanpi. Momentuz, mantso-mantso, bidea egiten ari naiz. Baina arras zaila da.

Asmoa, behintzat.

Bai, esperantza badut nire bidea egiteko, bertzenaz ez nintzen ibiliko, baina zaila da. Zenbat ilustraziogile dira Euskal Herrian ilustratzetik bizi direnak? Behar dut bertze makuluren bat nonbait. Lau oilo gara. Euskarazko liburuak… Zenbat ale, zenbatekoa da tirada?

Argitaratu duzu Mitxitxi marriau. Heldu zara, behar duzu segi.

Galeria batera sartu eta ez bazara oso ezaguna, kasurik ez. Aldiz, hemen, argitaletxera sartu naiz, baietz erran didate, sosa arriskuan jarri dute. Ikusi dute zerbait nire lanean. Ez ninduten ezagutzen. Ez da nire ondoan idazle bat joan, bertzerik gabe joan naiz ni, bakarrik. Atera dute Mitxitxi marriau eta horrek animatzen nau anitz. “Honek bederen zerbait ikusi du!”. Egia da istorioa ere indartsua dela. Ez dut ulertzen nola ez den lehenago argitaratu. Heavya delako? Politikoki okerra? Itziar Zubizarretarekin egon nintzen, lehenbiziko Marrazioak hartan, eta erran nion zer ipuin nuen burutan, marrazteko ideia. Erran zidan: “Hori ez dizute argitaratuko”. Ipuin arras polita da, gustatzen zitzaion Itziarri, baina haren ustez, ez zidaten argitaratuko. “Ez dute argitaratuko, are gutxiago niri, ez bainaiz ezaguna. Erantzun hori badut aitzinetik. Gutxienez behar dut marrazten disfrutatu, istorioa gustatzen zait. Gero gerokoak”, hori erraten nion nire buruari. Harkaitz Canori kontatu nion ipuina, eta: “Hau norendako duzu?”. “Umeei izugarri gustatzen zaie istorio hau”. Eta Harkaitzek buruarekin: “Bai…”. Eta nik kopeta zimurtuz: “Gurasoei, naski ez…”. Berriz ere Harkaitzek buruarekin: “Ados zurekin…”. Ele gutxiko solasaldi hartan ohartu nintzen, niri bezala, hari ere ipuina ederra iruditzen zitzaiola. Erabaki nuen, hala ere, merezi zuela, eta ilustratu nuen ipuina. Dagoeneko argitaratu dute Erein argitaletxean. Aitzinetik ibili nintzen ate joka batetik bertzera. Hasteko, ez nekien zein ziren argitaletxeak ere. Hartu gida eta begiratu nuen: “Hau, hau, hau eta hau!”. Eta Ereinen baietz erran zidaten. Laugarren atea izan zen. Elkar, Txalaparta, Pamiela eta Erein. Listo, argitaratu dut!

Nortasun agiria

Begoña Durruty (Arizkun, 1968), Gorputz Heziketa irakaslea ogibidez, margolari eta marrazkilaria da bizibidez, afizioa lanbide bihurtzeko bidean orain. Hainbat lan ditu eginak, hamaika erakusketa, hamaika sari… Haren oleo, grabatu eta tintak, haren testu ilustratuak. Dena den, aurten kaleratu duen Mitxitxi marriau dugu artistaren neurria, aurkezpen-txartel bikaina. Bigarren liburua bidean, hirugarrena ere bai, Begoña Durruty hasi besterik ez da egin.

Libertatea

“Libertate dezente izan dut orain arte, gauzak probatu ahal izan ditut, bide ezberdinak... Segitu nahi dut probatzen, eta, ahalko banu, margotzetik dirua irabazi, mundiala izanen zen. Orain arte jostetan ibili naiz, eta espero dut berdintsu segitzea”.

Zuri gorri beltz

“Ignasi Blanch irakasleak, ikusi zuelarik nire margotzeko manera, erran zidan, nire lehenbiziko lanak egin behar nituela berdintsu, argitaletxeak ere ni identifikatzeko maneran. Nire lanetan, batetik bertzera badira hiru margolari diferente! Marrazkiak eginik, aldatzen ahal dituzu ipuineko koloreak, teknika bera erabiliz, marrazteko modu berdintsua… Paperaren grisa, zuri, gorri eta beltz etorri da Mitxitxi marriau, eta bitxia da, zuri, beltz eta gorri euskal koloreak dira. Horien ondotik etorri omen zen urdina edo zuri zikina, gure grisa… Sorginkeria!”.

Besteren ahotan
Juan Luis Zabalak

“Begoña Durruty ezagutzeko oparia 2010eko Marrazioetan izena emateagatik eskuratu nuen. Huraxe jarri zidaten bikotekide, eta halaxe hasi ginen biok elkarlanean. Ignasi Blanch eta Harkaitz Cano genituen gidari, eta gu bezalako beste lau bikote bultzatzaile. Semearen ipuin gustukoena proposatu nion Begoñari, mozolo harrotuarena, eta handik gutxira beste opari bat eskuratu nuen. Opari baten ondoren bestea: Begoña ezagutu ondoren, haren marrazkiak ikusi. Artistekin hala izaten da”.

Mozoloarena

“Bigarren lana ere argitaratuko da laster, Mozoloaren bakardadea, Juan Luis Zabalaren testuarekin. Mitxitxi marriaun nola, tonu bereko koloreak ibili ditut bigarren lan honetan ere. Ez bada eskusoinua bezalakoren bat, azula ere baduela, edo… Zori gehienak margotzen ahal dira grisa, zuria, beltza eta gorria ibiliz. Lehenbiziko liburuan ikasi nuen lau koloreok erabiltzen, eta funtzionatu zuenez ongi. Zertarako aldatu? Honetan koloreek erranahi diferentea hartzen dute: mozoloa triste dagoelarik, sartu dut kolore beltza, eta kontent dagoelarik, gorri gehiago. Egina dut bertze lan bat ere, eta han, aldatu ditut koloreak. Kar, kar, kar. Horia eta urdina dituzu hor”.


ASTEKARIA
2011ko urriaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Ur kontsumo arduratsua lantzen hasi eta erreka garbiketa herrikoia antolatzen bukatu dute Legutioko ikasleek

Ikasleekin uraren gaia lantzeak askorako eman du Legutioko Garazi eskolan: ikastetxeko komunetako iturri eta dutxetan ura alferrik ez galtzeko modua ezarri dute, eskolako ortuan euri ura aprobetxatzeko sistema planteatu dute eta herriko errekatik zaborra ateratzen 70 bat lagun... [+]


Eguneraketa berriak daude