Troioù Kaer/Des Aventures. Dremmwel.
Keltia Musique. 43 minutu. 2011.
Bretainiako musika talderik ospetsuenetakoa da Dremmwel. Bost urtean behin kaleratzen dute disko bat, eta aurten tokatzen zitzaien, mende laurdena bete berri dute eta. Emaitza Troioù Kaer/Des Aventures da, labetik atera berri dagoen lana. Bertan aurkituko duenaren lehen aztarna diskoetxearen izenak emango dio entzuleari: Keltia Musique. Doinu tradizional bretoiak dira Dremmwelen musikaren oinarria; hortik abiatuta, ausartzen dira beste estilo batzuk jorratzen. Nahasteak europar musika zaharraren zaporea du zalantzarik gabe, baina ñabardura askorekin. Nik neuk, bederen, folk progresiboaren eremuan kokatuko nituzke kantetako asko; behin baino gehiagotan ekarri didate gogora Jethro Tull talde britainiar handia.
“Kanta” diot, baina kantatu, gutxi kantatzen da Troioù Kaer honetan. Pieza guztiak instrumentalak dira hiru izan ezik, eta horietatik batek euskarazkoak ditu hitzak. Boskote bretoiak ez dio hutsik egin, oraingoan ere, beste lurralde batzuetako artistekin kolaboratzeko ohiturari. Hala, euskal musikariekin egindako elkarlanaren fruitua da diskoaren hamabigarren kanta, azkena, eta denetan esperimentalena. Baina tradizioa oinarri, hemen ere: Josu Goiriren gidaritzapean aritu da diskoko euskal “sekzioa”, eta bizkaitarrak, ohi duenez, txalapartaren inguruan gorpuztu du bere lana. Garazi Abrisketak eta Garazi Irazabalek jarri dute ahotsa, eta Aritz Irazabal aizkolariak, zer eta aizkora. Doinua esperimentala izanagatik, burura datorkidan adjektiboa “arkaikoa” da. Ederra ere bai.