Txernobylek zerbait ona utzi zigun: CRIIRAD taldea

  • Fukushimako zentral atomiko suntsitutik barreiatu erradioaktibitatea Frantziaraino iritsi zela jakinarazi zuen martxo bukaeran CRIIRAD erakundeak. Eta hala zen. Txernobylgo hondamendiaz 'lobby' nuklearrak ezkutaturiko informazioak bildu eta plazaratzeko sortua, elkarte independente horren hitzak gaur urrea balio du.

Argazki handian Eric Guéret zinegilea, kamera eskuetan, Rodano ibaiko uraren kutsadura neurtzen ari den CRIIRADeko teknikaria filmatzen ari da. Une horretan Déchets, le cauchemar du nucléaire (Hondakinak, nuklearren amesgaiztoa) dokumentala egiten ari
Argazki handian Eric Guéret zinegilea, kamera eskuetan, Rodano ibaiko uraren kutsadura neurtzen ari den CRIIRADeko teknikaria filmatzen ari da. Une horretan Déchets, le cauchemar du nucléaire (Hondakinak, nuklearren amesgaiztoa) dokumentala egiten ari ziren.

1987ko udan Suitzako Lugano aintziraren edertasunari begira zegoen bikote euskaldun gaztea, albotik kazetari helvetiar ezagun batek ohartarazi zienean hango uretan arrantzan aritzea debekatuta zegoela: “Txernobyldiko hodeiak kutsatuta dago”. Txernobyl? Baina hori ez al zegoen, bada, txit urruti, Sobiet Batasunean barrena?

Espainiaren mendeko euskaldunek ez dute sekula jakin zenbat erradioaktibitate iritsi zitzaien 1986ko maiatz hartan. Frantziako herritar gehienek ere hasieran ez. Baina Alemania eta Suitzarekiko muga ondokoak konturatu ziren bitxikeria batzuez. Altsaziako nekazariak, esaterako, ohartu ziren beren azokak zabalik ziren bitartean, mugaren beste aldekoek, alemanek, hilabete batzuetan debekatuta eduki zutela barazkiak saltzea. Fronteraren miraria menturaz?

Miraria baino, agintarien erabakia. Pierre Pellerin medikuntza irakaslea zen garai hartan Service Central de Protection contre les Rayons Ionisants (SCPRI) zerbitzu publikoaren buru. 1986ko apirilaren 26an lehertu bazen Txernobylgo 4. erreaktorea, 29an iritsi zen hodei erradiazioduna Frantziaraino. Maiatzaren 1ean Hexagonoko, zentral nuklear guztien inguruetan atzeman zuten kopuru nabarmenetan.

Pellerinek berehala esango zuen garrantzirik gabeko arrastoak zirela. Polonia, Danimarka, Suedia, Norvegia, Britainia Handia, Alemania, Holanda, Austria, Italia, Grezia... denetan hartu ziren neurriak, batik bat elikadurari dagokionez. Frantzian ez. Horren aurrean, italiarrak kutsadura kontrolatzen hasi ziren Frantziarekiko mugetan.

Maiatzaren 6an Frantziako gobernuak plazaratu zuen agiri historiko bat, non esaten baita: “Frantziaren lurraldea, hain urruti egonik, Txernobylgo istripuak sortu dituen erradiazioetatik erabat libre geratu da”. Askoz beranduago, 2001ean, epaileek agindu miaketa batean aurkituko zen paper bat Barne Ministeriokoa, zeinetan idatzita dagoen eskuz: “Badauzkagu datuan zabaldu ezin ditugunak”. Ordurako, Kortsikako artalde baten esnetan erradioaktibitatea neurtuta Europak baimendutakoa halako 20 eman zuen.

Egun horietan sortu zen Erradioaktibitatearen Ikerketa eta Informaziorako Batzorde Independentea (CRIIRAD, frantsesezko sigletan). Elkarte txiki honen eta Parisko agintarien arteko sokatira gogorra izango zen ondorengo urteetan.

2002an CRIIRADek argitaratu zuen Txernobylek Frantzian eragindako kutsaduraren atlasa. Harrabots handia egin zuen, besteren artean ikusten zelako bai Kortsikan eta bai Hexagonoaren hego-ekialdean kutsadura larria gertatu zela. Informazio horiekin, tiroideetako minbizia jasaten ari ziren asko elkartzen hasi ziren. Azkenerako 400 gaixo bildu ziren eta agintariak, Pellerin barne, auzitara eraman zituzten.

Eskandalua baretzeko, gobernuak aldaketa sakonak egin behar izan zituen nuklearrak kontrolatzeko egituretan. Horrela sortu zuten Institut de Radioprotection et de Sûreté Nucléaire (IRSN), Espainian baliokide duen Consejo de Seguridad Nuclear baino askoz independenteago eta sinesgarriagoa dena. 2003an IRSNk argitaratu zuen Txernobylek Frantzian eragindako kutsaduraren atlasa... aurretik CRIIRAD txikiak azaldutakoaren kasik berdina!

Herritarrak garaiz babestu

CRIIRAD ez da erakunde antinuklear bat, hori garbi adierazten du beti Roland Desbordes presidenteak. 4.700 bazkide dauzka eta dozena bat langile, gehienak erradioaktibitate aferetan adituak. Homologatutako laborategi bat dauka martxan kutsadura erradioaktiboa aztertzeko eta urteotan 1.000 ikerlanetik gora burutu ditu, asko udal eta herri elkargoen enkarguz.

Erakundea finantzatzen da bazkideen kuotekin eta aipatu ikerlanak egiteagatik kobratzen duenetik. Hala, Txernobylen eraginez lehen aipatu dugunaz gain, Frantziako eta Europako kutsadura erradioaktiboen atlasak egin ditu, zenbait lantoki nuklearrek zoruan, airean eta ibaietan zabaldutako kutsadurez, eta abar luzea. Valence hirian dauka egoitza eta Rhône-Rodano ibarrean aireko zein ureko erradiaktibitateak neurtzeko gune egonkorrak dauzka.

Desbordesek honela definitu du CRIIRADen ahalegina: “Helburutzat daukagu gure erkideak ohartaraztea teknika, kutsadura zein hondakin bakoitzak dauzkan arriskuez. Ikerketan sartuta gaude informazioa modu independentean zabaldu ahal izateko”. Erreaktore zaharren kutsadura zaintzeaz gain, gertutik eta kritiko aztertzen dituzte orain nuklearzaleek sustatzen dituzten belaunaldi berrietakoak, uranioaz gain plutonioa usatzen dutenak bidenabar.

Frantzia da zentral nuklear gehien dituen herrialdea eta lobby nuklearra sendoen daukana, baina CRIIRAD­ek lortu du errespetu handia bere lan serioarekin. Duela bost urte, Txernobylgoaren 20. urteurrenean, Tchernobyl: le mensonge français (Txernobyl, gezur frantsesa) erakutsi zuten telebista frantsesetan. Filmak hein handi batean biltzen ditu elkarte honen ikerketen emaitzak. Bost urte geroago, berriro erakutsi dute telebista publiko frantsesean... baina oraingoan Txernobylgoaren 25. urteurrena egokitu da Fukushimako leherketen haramunarekin.

CRIIRADekoak Fukushimako krisian beren lan ildo nagusietan zentratu dira: kutsadurari buruzko informazioa eskuratu eta zabaltzean, funtsean Frantzian, baina Internet-i esker mundu osoaren eskueran. Greenpeace erakundearekin eta Sciences et Avenir aldizkariaren zuzendari Dominique Leglu bezalako kazetari bakanekin, lehen mailako informazioak eskaini ditu.

Hasteko, Frantzian bere tresneriarekin CRIIRADek aurkitu ditu Japoniatik haizeak ekarritako erradioaktibitatearen aztarnak. Bigarrenik, horien interpretazio zorrotza egin du bere buletinetan, alarmismorik gabea baina zorrotz. Garbi adierazi die herritarrei arnastutako airean eta edateko urean aurkitutako erradioaktibitate mailak benetan apalak direla, arriskurik gabeak. Barazki eta elikagaiak ere oro har lasai jateko moduan daudela. 

Baina CRIIRAD hasieratik kezkatu da Japoniako herritarrekin. Gogoan izanik zer nolako kalteak eragin zizkion Txernobylgo erradiazioak Ukraina eta Belorrusiako jendeari garaiz egoeraren berri ez jakinarazteagatik eta babes neurririk ez hartzeagatik, Fukushima inguruko herritar ebakuatu gabeei informazioa eta laguntza garaiz emateko eskatu die ozen agintariei. CRIIRADekoak ez ditu kontsolatu aurrikuspenetan arrazoi izanak. Apirilaren 12ko buletinak dio: “Adituak kalkuluetan ari dira, herritarrak sufritzen. (...) Presazkoa da arriskuak neurtu eta babes neurriak hartzea. Hobeto esanda, duela 4-5 aste zen hori presazkoa! (...) Askoz lehenago babestu behar zuten jendea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txernobylgo istripua
2022-04-26 | ARGIA
Txernobyl gogoan, "desentxufatu energia nuklearra" dei egin du Ekologistak Martxanek

Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.


2022-02-25 | ARGIA
Txernobylgo eremua kontrolpean du Errusiak

Errusiako armadak Txernobylgo zentral nuklearraren eremua kontrolpean du. Hala adierazi du ostiral goizean Errusiako Defentsa Ministroak.


2021-04-27 | Ixone Arana
Txernobilgo historia kontatu zuten emakumeak

Apirilaren 26an bete ditu 35 urte Txernobilgo istripu nuklearrak. Horren harira Beyond Nuclear Internationalek hiru emakumeren lana azpimarratu du: politikariek ezkutatutako informazioak eta Bielorrusiako eta Ukrainako herritarren bizipenak hartu zabaldu zituzten Alla... [+]


Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua

Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]


Txernobylgo sutea kontrolpean dutela dio Ukrainako Gobernuak; gezurretan ari dela diote ekologistek

Hamar egun pasa dituzte Txernobyl inguruko 20.000 hektareak sutan. Apirilaren 4an piztu zen sua Txernobylgo esklusio eremuan, eta haizeak zentraletik 1,5 kilometrora hurbildu zuen. Erradioaktibitate tasa normala baino hamasei aldiz altuagoa izatea bultzatu zuen suteak. Orain,... [+]


Eguneraketa berriak daude