Atez ateko bilketa: alternatiba versus galbidea

  • Maiatzaren 9an hasi ziren hondakinak atez ate biltzen Hernanin, %80ko birziklapena lortzeko helburuarekin. Usurbilen eta Oiartzunen ere biltzen dira hondakinak modu horretan. Atez atekoak eta erraustegiek bultzaturik, Euskal Herrian azkar ari da zabaltzen hondakinen inguruko eztabaida. Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea eta Andoni Amonarraiz zinegotzia, aurrez aurre jarri ditugu, sistema horren inguruko begirada praktikoa eman dezaten.
atez ate
Andoni Amonarraiz (EAJ) atez atekoaren kontra dago; Marian Beitialarrangoitia (ezker abertzalea) alde. Parez pare jarri ditugu haien iritzia jakitekoDani Blanco

Zein emaitza izan du atez ateko bilketak Hernanin, hondakinen sorreran eta birziklapenean, eta zer balorazio egiten duzue emaitza horiez?


Marian Beitialarrangoitia: Testuingurua kontuan eduki behar da. Biztanle bakoitzeko hondakin kilo kopurua jaisten ari da, eta atez atekoa joera horretan jarri da martxan. Dena den, atez atekoak denbora oso laburrean birziklapena %83ra igotzea lortu du, kalitate oso oneko 115.000 kilo organiko jasotzen dira, eta horrekin batera erreusaren jaitsiera handia izan da, hilean 400.000 kilotatik 78.000 kilotara pasa da. Hori erreala da, datuek abalatzen dute. Zeren eta askotan, sistema honen kontra daudenek zabor turismoa aipatzen dute, baina hartzen baditugu aldameneko herrietako datuak ezin daiteke esan hauetan zabor kopurua igo denik. Gainera, 300.000 kiloz ari gara, hori zaborrez betetako kamoi asko dira.

Andoni Amonarraiz:
Ni sistema honen kontra nago, eta hilabeteak aurrera joan ahala berretsi egiten dut. Erreusaren kontuan, zalantza harrigarri bat dut: nola da posible Usurbilek, 6.000 biztanlerekin, 67 tona sortzea, eta aldiz, 20.000 biztanle dituen Hernanik 69 tona erreus sortzea? Eta bestalde, hondakinek, osotara, modu exajeratuan egin dute behera: 2009ko ekainean 672 tona ziren eta 2010eko ekainean, berriz, 434 tona izan dira. Hori ez da jaitsiera, hori da zaborra desagertu egin dela.


Eta zein da zure hipotesia, Andoni?

A.A.: Hondakinen jaitsiera gobernuen eta legeen esku ere badago, enpresek bilgarriak murriztu ditzaten eta abar. Baina horrelako legerik ez da eman, eta produkzio sistemak bera izaten jarraitzen du, lehenago ontzitan bildutako xerrak erosten zituen herritarrak, orain ere hala egiten du. Nik uste dut Hernanik hondakin kopuru bera sortzen jarraitzen duela, eta %45,4 jaitsi bada, kopuru hori kalean dago edo beste herrietara joan da. Bestalde, Marianek dio organikoaren kalitatea oso ona dela. Nik prentsan irakurri dudanez [Gipuzkoako Hondakinen] Partzuergoak San Marko mankomunitateari abisua pasa dio Lapatxera iristen den organikoa kalitate txarrekoa delako.

M.B.: Niri ez didate prentsako artikuluek balio, paper ofizialek baizik. Partzuergoak azkeneko karakterizazioan dio kalitatea %98,4koa dela. Pentsa zein datu ona ematen duen Partzuergoak, badakigunean atez atekoari ahalik eta oztopo gehien jartzen ari dela, karakterizazioak egiten ari direnean gu bertan egoterik izan gabe, eta Lapatxera iritsi eta hurrengo egunean egiten ari direnean, horrek ekar dezakeen galerarekin. Eta hala ere, Partzuergoak datu hori eman du.

Atez atekoak egiten duena da norbera bere hondakinez arduratzea eta hondakinak murrizteko arrazoietako bat da gremioek ezin dutela jada beren zaborra hiri hondakinentzako kontenedoreetan kamuflatu. Eta legeez hitz egin duzu: lehenengo legeak dio organiko guztia bereizita jaso behar dugula, gaur egun atez atekoak baino ez du hori posible egiten.

A.A.: Eta bosgarren kontenedoreak.

M.B.: Bosgarren kontenedoreak ez du hori ahalbidetzen, boluntarioa delako, ez derrigorrezkoa.

A.A.: Baina nik ditudan datuen arabera atez atekoarekin ere ez da dena jasotzen, 366.00 kilo desagertu dira eta horren zati bat organikoa da.

M.B.: Desagertu direla frogatu egin behar da, eta bestela, ez dira sortu.

 


Autokonposta egiten duten herritarrak askoz gehiago dira orain.


M.B.: Ehundik gora izatetik ia zazpiehun izatera pasa dira. Sortu den eztabaidaren ondorioz herritarra kontzienteago da bere jarduna garrantzitsua izan litekeela organikoa zirkuitutik ateratzeko.

A.A.: Atez atekoak egin du Hernanin hondakinez asko hitz egitea. Jendeak ikusi du torlojua gehiago estutu behar dela kontenedore berdera joaten den horrekin, eta bi bilketa sistemen dilema sortu da: atez atekoa edo bosgarren kontenedorea. Egia da autokonposta egitea erabaki duten hernaniarren kopurua handitu egin dela, beti dago hasierako koska bat, ikusiko dugu maila horretan mantentzen den, ederra izango da mantentzen bada.


Osasunari eta ingurumenari dagokionez, zein eragin eduki dezake hondakinen kudeaketak? Atez atekoa errausketaren alternatiba izateko ezarri da...

M.B.: Atez atekoak osasuna jartzen du beste edozeren gainetik. Etorkizuna hondakin gutxiago sortzetik igaro behar da, zero zabor lelo sakonera joateko. Inork ez du nahi erraustegi kutsagarririk aldamenean; jar daitezke mila txosten mahai gainean, baina dioxina eta furanoen isurtzaile nagusietakoak izaten jarraitzen dute. Eta ni ez nago prest hernaniarren osasuna, negozio egitea bilatzen duen lobby intzineratzaile baten eskutan uzteko. Atez atekoak, lorpen ugari baditu ere, birziklatu ezin den zati bat uzten du, baina erraustegiak ere bai. Ezberdintasuna da atez atekoaren erreusa inertea dela eta erraustegiak, aldiz, zabortegi kutsagarri bat behar duela errautsak eta eskoriak biltzeko. Atez atekoa Gipuzkoa osoan ezarriko balitz erraustegiak ez luke izango nondik jan, horregatik ari dira erraustegiaren alde daudenak bosgarren kontenedorearen alde egiten, onenean %35eko birziklapen tasa ematen duelako. Hernanik, bera baino handiagoak diren herriek hilabetean jasotako organiko kopuru bera jasotzen du egun bakarrean. Eta bestalde, kaleko kontenedoreak usain eta osasunaren kalterako gune dira, ordutegiak errespetatzen ez direlako.

A.A.: Niretzako ez da batere osasungarria hondakinak hainbat egunez izozkailuan sartzea, edo langileek hondakinak eskuz jasotzea. Gainera, transferentzi-gune bat jarri da martxan eta bertako lixibiatuak euria jasotzeko kanalizaziotik bideratu dira, argazkiak daude. Nik uste dut ilegala dela eta Eusko Jaurlaritzak ez du horren berri.

Eta erraustegiaren ildotik: ez dut ezagutzen, gaur gaurkoz, erreusarekin amaitzeko errausketa ez beste sistemarik. Ez dugu guk soilik esaten, Frantzian, Alemanian, Japonen, Norvegian...ere bai. Elementu kutsagarriena dela ere ez da egia; ekologisten jomuga nagusi izan dira erraustegiak eta horregatik lege murriztaileenak aplikatu dizkiote CO2 isurketei, zementu fabrikei baino hamar aldiz gutxiago isurtzea exigitzen diete. Nik ez dut esaten isurtzen ez dutenik, baina bai diot autoek ere isurtzen dutela, eta horregatik ez diogu autoan ibiltzeari uzten.

M.B.: Herrien zerrendak denok jar ditzakegu. Nik aipatu dezaket herri bat bigarren erraustegia jarri baino lehen zero zabor programa jarri duena, San Frantziskotik hasita. Gauza ez da adibideak jartzea, gauza da, kutsagarria ez den alternatiba baldin badugu, horretara jotzea.


Ekonomikoki jasangarria al da zabor bilketa hau?


A.A.: Nik uste dut hondamendia dela. Aurreko sistema mantentzea eta bosgarren kontenedorea ezartzea 1.660.000 euro kostako litzateke urtean. Atez atekoa martxan jarri denetik irailaren 13ra arte –Udaleko kontu-hartzailearen datuak dira–, 1.354.000 euro gastatu dira. Ez dira kontabilizatu funtzionarien ordu extrak, ezta ibilgailuen erabilera gastuak ere; falta dira materia organikoa tratatzeko gastuak; San Markori egin beharreko ekarpena ez da kalkulatu... Eta hala ere, non dauden ez dakigun 300.000 kilo zabor falta dira.

M.B.
: Sistema bat ezartzen denean erantsitako inbertsio gastu batzuk daude, epe batean amortizatu beharrekoak. Atez atekoaren bideragarritasuna ez du sistema ezartzeko gutxiago edo gehiago gastatzeak neurtzen, baizik eta behin sistema finkatuta, honek duen urteroko ohiko gastuek. Hernani ez dago fase horretan. Nik beti defendatu izan dut atez atekoa beste sistemaren tankerakoa dela gastu aldetik, baina garestiagoa izango balitz ere babesten segituko nuke, uste baitut osasunak ez duela preziorik.
Hala ere, hemen bi gastu mota daude: biltzeagatik sortzen dena eta tratatzeagatik sortutakoa. Atez atekoak bilketan gastu handiagoa du, noski, ez da gauza bera 7.000 zintzilikairu biltzea edo 50 kontenedore, baina lanpostu gehiago sortzen du. Tratamenduari dagokionez, erreusa da zati garestiena, eta ez dauka zerikusirik orain ordaitzen dugunak lehen ordaintzen genuenarekin. Eta bestalde, nola ulertzen da edozein enpresa pribatuk tona bat materia organiko 60 eurotan konpostatzea eta Aldundiak, aldiz, 100 kobratzea? Tamalez gaia politizatu egin da eta azpian prezioak merkatzeko interes falta dago, atez atekoaren onurak ageriago geratuko liratekeelako. Hernaniko Udalak diru-sarrera gehiago izatea lortu du ontziak, papera eta beira birziklatzeagatik. Katalunian herri bakarra dago atez atekoa kendu duena –erabaki politiko batengatik–, eta denok dakigu katalanek la pela nola kontrolatzen duten. Egia da hasierako kalkuluak ez zeudela guztiz egokituta, baina sistema berria da eta ni harro nago aurrenekoak izateaz.

A.A.: Batetik, San Marko mankomunitatea prezio hori ari da ordaintzen organikoa konpostatzeagatik Partzuergoarekin hitzarmen hau [eskuetan du] sinatu ez duelako. Honekin %25 merkeago da, eta guk ez dugu sinatu. Bestetik, orain ematen du atez atekoaren balioa lanpostuak sortzea dela. Bada, beste modu bat lanpostuak sortzeko ordenagailuak kendu eta eskuz idaztea da. Jakin nahiko nuke hernaniar guztiek zaborra kalean pilatuta utziko balute, zenbat baliabide mekaniko eta zenbat giza-baliabide beharko liratekeen guztia esandako ordutegian biltzeko. Baina ez baldin bada hasieran proposatutako atez atekoa betetzen, eta aldiz, bilketa ordutegiak zabalgoak diren beste atez ateko sistema bat ezartzen bada, kostua ezberdina da.

M.B.: Sistema ez da aldatu. Beste gauza bat da kalkulua ez egotea guztiz egokiturik. Badaude herriak urte osoa behar izan dutenak bilketa denbora optimizatzeko. Dena den, argitu nahi nuke %25eko kontu hori. Lehenik, ez da egia. Partzuergoak, hasierako hilabeteetan ez zuen %25 merkeago kobratu, baina orain merkeago kobratzen ari da badakielako egiten ari zena ilegala zela. Eta bigarrenik, San Markok ez zuen hitzarmena sinatu, ez organikoa %25 merkeago konpostatzea nahi ez zuelako, baizik eta eskuak lotzen zizkiolako eta Partzuergoa pasatzen zelako kontrol guztia izatera, eta horrek monopolioa dirudi.


Eta herritarrari nola eragiten dio kudeaketa horrek zabor tasan?


M.B.: Guk esana dugu herritarrak zabor tasa handia ordainduta ere, ez duela kutsatzeko eskubiderik. Orain arte, zabor tasaren zati bat administrazioak ordaindu du; zaila litzateke epe motzean herritarrari tasa hori jaistea, lehenik lortu beharko genukeelako Udalak ordaintzen duen zatia murrizten joatea. Bestalde, gaur egun tasa ezberdinak daude: autokonposta egiten dutenek, edo landaguneetan hondakinak bilketa gunera eraman behar dituztenek, gutxiago ordaintzen dute, esfortzu handiagoa egiten dutelako.

A.A.: Ideala litzateke herritarrek ordaindu ahal izatea Udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak. Baina nik uste ez garela inoiz horretara iritsiko, erreusa tratatzea garestia da, herritarrak harrituko lirateke kostua jakingo balute.

M.B.
: Esan duzu erreusa tratatzea garestia dela. Are garestiago izango da errauste sistemarekin...

A.A.: Hobe da dirua tratamendu sistema horrekin gastatzea erreusa zabortegietan uztera itzultzea baino. Bartzelonan izan ginenean, erreusari “ia inerte” deitzen zaioten, eta pack-ak eginez harrobietan biltzea pentsatzen zuten... Guk gurutzea egiten genuen, hori tratatu egin behar da.

M.B.: Kentzen badiogu organiko gehiena eta benetan jartzen baditugu I+G+B errekurtsoak pixoihalak autokonpostagarri izateko, ez didazu esango ezin dugula %20ko erreusa izatetik %10 izatera pasa? Ez naiz asmatzen ari, munduan egiten ari dira. Inertizatu eta askoz leku txikiagotan bildu ahal izango litzateke.

A.A.: Zuk etorkizunaz hitz egiten didazu. Denok gaude ados erreusak ahalik eta txikiena izan behar duela, eta nik horretarako kontzientziazioa eta bosgarren kontenedorea proposatzen ditut. Gaur eta hemen bizi diren herritarrei bizitza errazteaz ari naiz, eta ez haiek kaltetzeaz etorkizuneko balizko osasun arazoen kontura. Oraingo bitartekoak erabili behar ditugu, eta horiek hobetu idealera iritsi arte, baina bitartean ezin dugu hibernatzen egon, bizi egin behar dugu.

Hernaniarren eguneroko bizitza nola aldatu du atez atekoak?


M.B.: Ohitura aldaketa txiki bat da, baina hain da txikia, jendea segituan egokitu dela. Sortutako krispazioaren aurrean, herritarrak konturatu dira ez dela hain konplikatua. Niri jendeak kalean esan izan dit errazagoa dela, adinekoentzat hurbilagoa dela... Egongo da gauzak ongi egin nahi ez dituenik, baina atez atekoaren kontra daudenek ezin dute hori sustatu. Horrek esan nahi bailuke, herriarentzat ezartzen diren arauak, norbere gustuaren arabera, errespetatu daitezkeela edo ez.

A.A.: Nik uste dut herritarren zati handi bat desobedientzia zibila egiten ari dela, eta oso atsekabetuta daudela. Zuk errealitate bat ezagutzen duzu eta nik beste bat. Etxean zaborra eduki behar izatea nahi duzun denbora baino gehiagoz...

M.B.: Nire etxean ez da horrela: hiru egun dauzkat organikorako, bi plastikoentzako... Nik erreusa hilean behin ateratzen dut, ez dudalako obsesiorik nik sortu dudan hori etxetik ateratzeko.

A.A.: Nik, eskuak zikinak baditut, garbitu egiten ditut. Eta zikinkeria nigandik gertu ahalik eta gutxien edukitzen saiatzen naiz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude