Bihotzgoran, bihotzberan, bihotzferan

  • Beti gustatzen zaie. Kanpotarrei, lagunei, bisitan ekartzen ditudanei. Beti gustatzen zaie nahiz eta nik asmatu ez zergatik maite dudan azaltzen. Joaten gara Mundakako portura, Gaztelugatxera, Txatxarramendira eta gustatzen zaie. Argazkiak ateratzen dituzte, ederto bazkaltzen dugu. Eta hala ere ni beti sentsazio horrekin, zerbait falta dela, ez dutela ikusi benetan Urdaibai den bezain eder, bere lilurarekin ez direla ahal bezain beste liluratu, txunditu, aho zabalik geratu. Kostata baina konturatu naiz ez direla eurak, neu naiz. Ez dakit Urdaibairi buruz hitz egiten.
Iñigo Azkona
Portuondoko begiralekuak berbak osten dizkit, madarikatuak. Handik ikusten da Urdaibai beharbada beste inondik baino hobeto. Sukarrietako azken etxea atzean utzi eta berehala agertzen da, txikitan olgeta-leku moduan erabiltzen genuen Mundakako hilerriaren oinetan. Portuondo, berezko talatxoa, Laidako hondartzaren aurrean. Handik ikusten da Kanalako baso betea, Atxarre eta Ereñozarrera igotzen dena. Itsasotik mendira hiru-lau kilometrotan, ti-ta batean. Basagunea, kostaldean bertan. Izaro ere, hantxe dago, itsasmugan. “Hara” esaten diet lagunei argazkia ateratzera doazenean, “hantxe dago Izaro uhartea, txikitan amets egin nuen itsasoa lehortuko zela egunen baten eta oinez joango nintzela bertara”. Ametsa ez da bete, ez ditut inoiz igo ustez Gaztelako Erregina Katolikoarentzat egin zituzten harrizko eskailerak, bere senarrak aspaldi igo zituenak. Izarora joatea debekatuta dago eta erregeen bidea kaioek baino ez dute erabiltzen, arrautzak erruteko. Frantziskotarren komentuari geratzen zaion horma bakarra ere eurena da. Ez monarkiarik, ez elizarik, long live Urdaibaiko itsastxoriak. Eurena da erreinua (amen).

Anboto ere ikusten da Portuondotik, eguna argia bada. Oka ibaiak aiztoa dirudi, iparraldetik hegoaldera marra perfektua egiten duen labana, Bizkaia ia erdiraino zatitzen duena. Marea gora, itsasoak jaten du mundua eta hauxe da gure berezko Venezia. Marea behera, erraz ikusten da zergatik geratzen diren bertan Afrikara doazen hegaztiak. Geologia ikastera datoz eta bi milioi urteko txoririk balego itsasoa Historian atzerantz doala kontatuko liguke, kosta barruan hamabi kilometro gehiago sartzen zela aspaldi. Zelan aldatu zaren, Urdaibai, zelan aldatzen zaren egunero. Zenbatetan esan diedan lagunei, bisitariei, kanpotarrei, Portuondoko bistak ikusteko hamabi ordu behar direla, hilbera eta hilgora konparatzeko. Laida ikusteko, hondartza zabal eta estu eta metamorfikoa benetan ikusteko. Itsasoa sartzen denean egiten du sistolea eta ura erretiratzean diastole ikusgarria. Zoragarria da udan, haize freskoak jotzen baitu itsasotik. Olatu ausartak iparraldean, ur bareak hegoaldean. Surf or windsurf, man, jolas ala igeri ala biak. Joateko modurik onena Mundaka edo Sukarrietan ontzia hartzea da, ontzi zuri-urdin-gorria, bertakook gasolinoa deitzen duguna.

Jakingo banu Urdaibairi buruz hitz egiten zera esango nuke, beste ezer baino gehiago horixe dela, agertzen eta desagertzen den hondartzaren misterioa, goizean eta arratsaldean bi paisaia desberdin diren pasaia bakarraren ministerioa. Goizean bat, desberdina iluntzean. Gauean, Portuondotik begiratuta ibaiaren beste aldean autoen argiak ikusten direnean. Gernikatik Lekeitiora doaz, Lekeitiotik Gernikara, bihurgunez bihurgune, keinuka edo Arteagako gure amaren amak esango lukeen bezala, kikuke. Beste amumak, aitarenak, ez zuen autoetan sinisten eta argi haiek lamiak zirela uste zuen. Desideria Ibinarriaga Bermeo sorgina zen eta Portuondon zegoenean otoi egiten zuen, beti. Han goian, hilerrian zeuden hildakoen arimengatik. Beti ari zen, hildakoen agerpenez hitz egiten. Izekori esaten zion otoi otoi otoi egiteko, hildakoak ez zitezen agertu. Agertzekotan, hobe maite izan zaituztenen arimak, esaten zuen, “horreen beldur ez da euki behar”. “Maite izan bazaituzte, lasai, esaten zuen”. Hori bai, “maite ez bazintuzten…”, kontuz.

Amuma Desi maitea. Jakingo banu Urdaibairi buruz berbetan, ze eratako sorgina zen kontatuko nuke eta galipotaren usainak bere irudia ekartzen didala gogora. Hori baita bestea, usaia. Zelan azaldu nik lagunei –bisitariei, mugaz bestaldeko kontaktuei–, Urdaibai ikusteko argazki kamera berria behar dutela, galipotaren usaina gordeko duena eta Bermeoko fabriketatik ateratzen den kiratsaz hitz egingo duena. Giza jardunaren usaina, lantegietako hatsa, gasolina orbanak portuan. Horixe ere bada Urdaibai. Ez oreka perfektua, baita kaioen gorotzek lehortu duten Izaroko paisaia ere eta ustelak herdoildu duen Mundakako Larrinaga Jauregia eta giza anbizioaren usain sarkorra. Triasikoan buztinak mugitu zuen harria eta batzuetan halaxe sentitzen dut Urdaibai. Ikusten ditut aldatzen bazterrak, etxe berriak Gernikatik Bermiora, Kanalan eta Arteagan eta hemen eta han eta Triasikora goazela sentitzen dut, berriro. Hartu egunkaria eta hortxe dago pelikada hori, buztina harriaren kontra. Niri, buztinaren duina gustatzen zait eta urdeen ibai honek liluratu egiten nau. Horregatik ezin dut idatzi, lilurak jan dizkit esaldiak.

Urdaibaiko hotsak

Ahalko banu, belarriekin idatziko nuke. Esango nioke bisitariari itsu etortzeko, gorreria sendatuko zaiola berehala. Entzungo duela Gernika jendez beteta zapatu gauean, algara baten, eta entzungo duela itsasoa Bermioko portuan, rompeolasaren kontra, apurtu arte belarriak eta harriak. Esango diot, inon baino gehiago Bermion jarri behar duela belarria. Joan Kansa deitzen duten portuko leku horretara –Campsa-ren biltegia zegoen lehen eta handik izena– eta entzun paseoan doazenak. Joan portura, entzun tabernetako gizonak. Hau armadorea, hau tostartekoa, hau makinistea, denek ozenegi egiten dute berba, ontziaren motorra piztuta balego bezala. Lurrean ere, itsasoan bezala. Joan nire umetako logelara, eta belarria horman jarrita entzun amaren ileapaindegira datozen emakumeen aldarriak, kantuak, eztabaidak, koloreak. Algaraka sartzen dira. Beroegi bada “zer da, beruri!” eta hotzegi badago, “txuuuuut, hotzari!” Bokarta eta gatzaren sekretuak ezagutzen dituzten andreak dira, herriaren sarea egin dutenak gizonek itsasoan arraina hartu duten artean.

Bermio: gazi, bizi, kontraesankor

Bermio ez da Erdi Aroan izan zituen 30 dorreetatik zutunik geratzen den Ercillarena. Orain itsas museo egin dutena, herriko ezkutuan agertzen den balearen leienda dakiena, araukanoen aurkako gerren gorazarre egin zuen Alonsotarraren izena gordetzen duena. Ez. Bermio ez dira udaletxearen plazan gora Talara doazen harrizko kaleak; ezta San Juan portala ere, antzinako harresiari geratzen zaion begi bakarra. Ez. Bermio munduko euskararik zikinena, arinena eta abilena da. Umetan ikastolako autobusean abesten genuena. “Aiaufala, aiufala, gora eta behera, behera eta gora, txoferra txize daijxola!” Andra Mari jaietan, Urdaibai Urdaijai bihurtzen duen udaren hondarrak oraindik sutan daudenean entzuten dira han edo hemen antzinako alfabeto onomatopeikoren baten idatzitako kantak. Tragola tragola tragola soijie, itsasorako otzarie. Sollubek eta itsasoak eta bermiotar izatearen militantziak egin dute Bermio desberdin, erdi zoro, gazi, bizi, kontraesankor. Mundakako amuma Desik gorroto zuen, Urdaibaiko herrien arteko ezinikusirik ezagunena bere egiten zuen. Izekori esaten zion “zu, trankil, umea, etxe honetatik zuen amak botaten bagaitu be, ez gara Bermiora joango!” Madalena eguna da herrien arteko zauriaren gorazarre egiteko momentua. Ezin dutela elkar ikusi ospatzen dute, Izaroren jabetzagatik haserretu zirela aspaldi eta horrek merezi duela Elantxobeko aldatzetan gora eta behera mozkorraldi historikoa. Urdaibairi buruz nola ikasiko dut, ba, idazten, Urdaibai ezin bada irakurri, edan egin behar bada Santa Katalina egunean San Antonioko jaietan, San Migeletan, San Pedro egunean, San Juanetan, San Rokeetan eta (mundakarrentzat egun obarik ez) Mundakako Aratusteetan, gizonak gitarradun atorrak direnean eta emakumeak begi beltzezko lamia dantzariak.
Jango zintuzket, Urdaibai, Aratustetako tostadak jaten diren moduan. Abestuko zintuzket, Busturialdea, jakingo banu zelan. Igerian hartuko zintuzket, Matxitxakotik Ogoñora, lurmuturretik itsaslabarrera, Gaztelugatxeko penintsularen begi zuloen azpitik pasata. Baina ezin zaitut jan, abestu edo igerian hartu eta Portuondotik erakusten zaitut. Lagunei, bisitariei, kanpotarrei, trenez etortzeko eskatzen diet, Gernikatik Bermiora. Azken kilometroak gure aitxitxe Antoniok eta beste gerrako presoek egin zituzten, ez dakit orduan zekiten buztinaren eta harriaren, hondartza metamorfikoen eta padura isilen historia geologikoan ezinbesteko lana egiten ari zirela. Urdaibairen burdinazko bizkarrezurra eraikitzen ari ziren.

Leku honi buruz idazten jakingo banu, bisitariei, kanpotarrei, lagunei nik esandakoa ez irakurtzeko eskatuko nieke. Badu gure bazter honek, Izarotik Arteagako Gaztelura, Lagako hondartzatik Gernikako arbolara doan mundu honek lilura bat, halako magia hori. Baina ezagutzeko ukitu egin behar da. Ez idatzi, ez irakurri.

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude