Bolibarra-barra

  • 2003tik aurtengo urtarrilaren 11 arte, kanbio kontrola izan da indarrean Venezuelan. Legez, dolar bakoitzeko 2,15 bolibarreko kanbio tasa finkatu zen eta, ordutik, ez da tasa hori mugitu. CADIVI erakunde publikoa arduratu da urteotan dolarrak eta bolibarrak salerosteaz, nazioarteko merkataritza zailduz eta kontrolatuz: dibisak trukatu bai baina, dolarrak saltzerakoan, ez du modu azkar eta errazean egin; burokrazia hagitz eta ustelkeria ez gutti.
Bolibarra
Bolibarra
Venezuelan negozioak dituzten Telefonica eta BBVA adibidez, dibidenduak etxeratu ezinik dabiltza hilabete luzez; inportazioen kontrol politikoa egin ahal izan du CADIVIk eta, Venezuelako herritar arruntek ere, mugatuta izan dute atzerrira eraman –edota bertan gastatu– zezaketen diru kopurua –Interneten barne–. Herrialdean legez zeuden dolar guztiak gobernuari saldu beharrekoak ziren.

Lege horrek merkatu beltza sustatu du noski, venezuelarrek txanpon ziurtzat –eros ahalmena babesteko gai dena– jotzen dutelako dolarra, bolibarra ez bezala. Euren arteko kanbio tasa 2,15ean finkatu arren, AEBetako inflazioa baino askoz altuagoa du Venezuelak; %30etik gertukoa azken urteetan. Beraz, ez dago bolibarretan aurrezteko pizgarririk, bolibarrak ez baitu familia eta enpresen eros ahalmena bermatzen: gastu publiko handiko, lehiakortasun gutxiko, interes tasa baxuko –gobernuaren kontrolpean hauek ere– eta, finean, inflazio handiko ekonomia da Venezuela; txanpon ahula bolibarra.

Baina bolibarra ezin zen depreziatu, legez finkatua zuelako prezioa. 2,15az bestelako kanbio tasarik bazenik ere aipatzea delitua zen oraintsu arte. Baina dolar paralelo edo permuta deitu izan den horren prezioa Interneteko toki batzuetan ikusgai bazegoen eta Chavezek berak aipatu zuen debaluazioa iragartzean.

Horrek guztiak urtetako tradizioa sendotu baino ez du egin: venezuelar dirudun apurrek euren ondarea herrialdetik at mantendu eta gastatzeko joera, izan Karibeko paradisuetan, izan AEBetan. Banco Central de Venezuela aldiz, ez da independentea, gobernuaren menpeko erakundea baizik. Ondorioz, gastu publikoa, zorra eta erreserbak nahierara baliatu ditu Chavezen Gobernuak, iraultza bolibariarraren mesedetan.

Kanbio kontrola ezartzean, helburua kanbio tasaren gorabeherak amaitzea eta, une batez, inflazioa kontrolatzea ziren. Une batez lortu zuen. Venezuelak petrolio eta gas esportazio garrantzitsuak ditu (esportazio guztien %94) eta gainerako gehienak inportatu egiten ditu; horrek dolar iturri oparoa jartzen du gobernuaren esku eta herrialdeko ekonomia zuzen-zuzen lotzen du petrolioaren prezioarekin: petrolioa garesti dagoenean –2007 hasieran, esaterako, upela ehun dolarrez gora zen–, eros ahalmen handia du Venezuelako Gobernuak. Gure kontrara, petrolioa merkatzean larritzen dira.

Petro-dolarren erreserbak gastatzeko betiereko tentazioaz gain, esaneko banku zentralaz harago, hauteskunde urtea den honetan arazo argia zuen Chavezek: gastua handitu beharra. Eta, legez, dolarreko 2,15 bolibar baino inprimatu ezina. Hartara, ideia aparta izan du: debaluazio bikoitza. Petrolio esportaziotik datozen dolarrentzat –eta gobernuak erabakitako zenbait eragiketetarako, atzerrirako bidaietarako adibidez– 4,30 bolibarreko kanbio tasa agindu du (%100eko debaluazioa). Hartara, petrolio kopuru bera esportatuz, lehengo bolibarrak halako bi ditu gobernuak bere esku, gastu publikoa sustatuz aurtengo hauteskundeak prestatzeko. Eta gainontzeko truke gehienetarako, 2,6ko kanbio tasa finkatu du (%21eko debaluazioa).

Urtarrileko debaluazio bikoitzak permuta edo dolar paraleloa 6,2 bolibar ingurura mugitu zuen eta herrialdean oraindik amaitu ez den nahasmena eragin: nork, zer eta zertarako erosten duen arabera, alde itzela baitago dolarren kanbio tasan. Bultzada itzela ustelkeria eta legez kanpoko merkatuari.

Debaluazioarekin, bolibarrak dituztenek lehengo dolar erdiak erosi ditzakete; pobretu egin dira venezuelarrak. Bestalde, ezegonkortasuna handitu egingo da eta debaluazio gehigarrien usteak xaxatu, petrolioa asko garestitzen ez bada bederen. Trukean, Chavezen Gobernuak bolibarrak barra-barra izango ditu urte amaiera bitarte bozka zakua gizentzeko.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hugo Chavez
Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan" Utzidazu labur-labur azaltzen (6/8)
Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa

Chávez bizirik zegoenean bere figurarekiko atxikimendua sekulakoa zen herri venezuelarraren sektore oso zabal batean. Chavismo hegemonikoa zen, ikuspegi soziopolitiko batetik zein emozionaletik ere. Venezuelako sektore apalen artean, baita ekonomikoki hobeto zeuden beste... [+]


2017-04-30
Manifestazioek eta istiluek ez dute etenik Venezuelako gatazka mediatizatuan

Chavismoa eta oposizioa protesta egitera irten dira Venezuelako kaleetara eta hiru hildako eta hamarnaka zauritu eta atxilotu izan dira. Oposizioak Nicolas Maduro presidenteak kargua uztea eskatu du eta Gobernuaren aldekoek, aldiz, hura defendatu eta estatu kolpe saiakera salatu... [+]


Maduroren garaipena eta Venezuelako ezkerraren etxeko lanak

Venezuelako udal hauteskundeetan Nicolas Maduroren PSUV alderdiak jaso du boto gehien, bozken %49,2. Henrique Ceprilesen MUD koalizioa ez da urruti ibili emaitzetan 700.000 boto gutxiago (%42,7) baina Venezuelako hiri garrantzitsuenetako alkatetzak eskuratu baititu.


2013-04-15 | Lide Hernando
Maduro garaile Venezuelan; oposizioak botoak berriz zenbatzeko eskatu du

Nicolás Maduro atera da garaile igandean Venezuelan egindako hauteskundeetan. Oso boto gutxigatik irabazi dio Henrique Capriles oposizioko hautagaiari: %50,6ak eman dio aldeko botoa, Caprilesen %49,1aren ondoan. Caprilesek esan du emaitzak ez dituela onartuko boto... [+]


Eguneraketa berriak daude