Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa

  • Chávez bizirik zegoenean bere figurarekiko atxikimendua sekulakoa zen herri venezuelarraren sektore oso zabal batean. Chavismo hegemonikoa zen, ikuspegi soziopolitiko batetik zein emozionaletik ere. Venezuelako sektore apalen artean, baita ekonomikoki hobeto zeuden beste langile askoren artean ere (Venezuelan clase media en positivo deiturikoa), Chávezekiko benetako maitasuna zegoen. Milioika venezuelarrentzat aita bat bezala zela esan daiteke.

Chavez gogoratzeko muralak Caracaseko ia bazter guztietan topa daitezke.

2020ko urtarrilaren 17an - 09:10

Chávezek herria maite zuen eta herriarekin konektatzen zekien, bi norabideko elkarrizketa zintzo eta oparoan. Chávez maite zuten pobrezian, aukera-gabezian eta ezjakintasunean hondoratuta zegoen sektore erraldoi bati begiak ireki zizkiolako, herriari itxaropena eta duintasuna bueltatu ziolako, bartertutako milioika herritarren alfabetizazioa ahalbidetu zuelako, jendarte osoaren beharrak asetzeko baliabideak jarri zituelako eta herria protagonista bilakatzeko ahalegin erraldoia egin zuelako. Bere izaera eta estiloari buruz alde edo kontra egindako milaka adierazpenez haratago, Chávez benetakoa zen. Horretan ez dago zalantzarik.

Hori hautematen zen kaleetan Chávezen garaian; Chávezen presentzia, Chávezen indarra. Urte batzuk beranduago Venezuelara bueltatzean, egoera ez da berdina. Eraikitze-garai horren gogoberotasuna asko apaldu da, chavismoaren aldetik tentsioa mantentzen bada ere. Orain, Chávezen presentzia fisikoa ez dagoenean, garai horietara begirada bueltatzen denean, azken bi hamarkadak aztertzen direnean, Chávezen figuraren tamaina hobeto ulertzen da. Chávez erraldoi bat zen. Imperialismoaren eta bere tokiko kolaboratzaileen erasoa erresistitzen denean, jokoan dagoena aditzen denean, eraiki dena eta, barne zein kanpoko faktore askoren ondorioz, eraikitzeke geratu dena aztertzen denean, Chávezen neurriez jabetzen zara, bai, begitaziodun eta estratega bezala. Chávez ez zen heldu egoera edo Estatu bat kudeatzeko. Chávezek programa bat garatu zuen Venezuelako egiturak aldatzeko eta beste sistema bat eraikitzeko, bere ekarpen adoretsuena Estatu komunalaren proiektua izanda, Estatuaren izaeraren eraldaketan eta herria boteretzean oinarrituta. Ia hamarkada eta erdian zehar proiektu asko jaio eta martxan jarri ziren, era progresiboan, bere akats eta ezintasunekin ere, baina herriari ahalik eta poztasun gehien emateko asmoarekin, Bolivarrek berak 1819ko Angosturako diskurtsoan aipatu zuen moduan.

Chávezen proiektuaren originaltasuna eta ausardia ez zen mugatzen Venezuelako herrira. Aberri handira (La Patria Grande) begiratzen zuen, bere aurreko askatzaile ospetsu askok bezala (Bolívar, Sucre, San Martín, Martí, Sandino, Che, Fidel…). Izan ere, Latinoamerikako herrien integrazioaren motor bihurtu zuen Venezuela. Besteak beste, ALBA, Unasur, Petrocaribe eta Telesur-ren atzean Chávezen bultzada dago. Edozein kasutan, bere proiekzioa Abya Yala / Amerikatik haratago doa, munduko herri zapaldu askorentzako erreferente bihurtzeraino.

Berebizikoa izan da bere legatua, eta bizirik mantentzen da gaur egungo Venezuelan. Ezkerreko alderdi, mugimendu eta erakundeetan, komunetan, auzo herrikoietan konstanteak dira Chávezi eta proiektuari egiten zaizkien aipamenak.

Chavezen hilobia Mendiko kuartelean (Cuartel de la Montaña), Caracaseko 23 de enero auzoan.

Proiektu eraldatzaile honen errotze sakonak ahalbidetu du proiektu bolivarianoak bizirik irautea eta gobernu chavistarekiko atxikimen maila altua mantentzea, sektore chavista askotan gobernuarekiko egon daitezkeen desadostasunez harago. Venezuelako egoera eztanda egin ez izana horren adierazle da. Venezuelarrak pairatzen ari direna baino gutxiagotik herria haserre atera da kalera beste batzuetan, baita beste Estatu askotan ere. "Gutxiagatik Caracazok eztanda egin zuen 1989an" entzun daiteke venezuelar batzuen ahotan. Duela gutxi Ekuadorren, Txilen edota Kolonbian ikusitakoa ez da gertatu Venezuelan. Herri hauetan, adibidearekin jarraitzeko, herri apalak moztu ditu kaleak (langileak, jatorrizko herriak, ikasleak…). Azken urte hauetan Venezuelan egon diren kale-indarkeriaren gertakariak (guarimba-k) eskuinak elikatu eta finantzatu ditu, eta, atsekabe osagai bat izan bazezakeen ere, osagai kriminala eta marjinala oso handia zen. Aberatsek ez zuten kale borroketan parte hartzen, baizik eta klase ertaina deritzonaren gazteak eta, batez ere, lumpen asko, istiluak sortzeko ordainduta. Guarimba horietan, batez ere 2017koan, pertsona asko hil zituzten, horietako 27 bizirik erreta, itxura chavista izateagatik. Polizia batzuk hil zituzten ere. Zentzu horretan, aipatu behar da errepresio poliziala beste Estatu askotan aplikatzen dena baino askoz epela izan dela, Gobernuak berak murriztu duelako eta, ziur aski, indarkeria-uholdea piztu zutenenei nahi zuten argazkia ez emateko.

Chavezen monumentua Sabaneta herrian, bere jaiotzelekua.

Herri venezuelarraren sektore apalak, hala ere, ez dira orokorrean atera kalera gobernuaren kontra. Sektore hauek dira inperialismoaren gerra hibridoaren jomuga nagusia. Egoera jasanezina bihurtuz, itxaropenik eza hedatzen saiatuz, chavismoa errenditu nahi izan dute, Historian zehar beste herri batzuekin egin duten bezala. Alabaina, Venezuelan pairatzen den egoera oso zaila bada ere, etsipena sektore handi batean zabaldu bada ere, imperialismoak ez du lortu chavismo soziologikoa garaitzea. Hedabide masiboetatik kontrakoa saldu arren, Venezuelan dagoen krisia ez da heldu soziala izatera. Zailtasunen aurrean venezuelarren izaera berezia eta pazientzia, herri sektore esanguratsu batek daukan kontzientzia politikoarekin konbinatuta, gakoa izan dira erresistitzeko. Izorratuta daude, baina kontziente dira zergatik, eta harro daude beren subiranotasunaz. Chávezek erabilitako “Hemen herri duin bat dago, carajo!” esamoldea, goiburu hutsa baino zerbait gehiago dela erakusten ari dira duintasun handiz. Izan ere, lelo hori materializatzen da eguneroko borrokan, herriaren antolakuntzan, lan ideologiko eta formatiboan, kaleko erakustaldietan baita defentsarako prestakuntzan. Defentsarako formazio politikoa zein militarra berme bakarra dira munduko etsaia boteretsuaren aurrean eta eskrupulurik gabeko ultraeskuina venezuelarraren aurrean. Horregatik, ezinbestekoa da erantzuteko prest egotea balizko interbentzio militar irekiaren kontra baita chavismoaren aurkako gerra irregularraren kontra (talde paramilitarrak, hanpa eta delinkuentzia). Horregatik, Fuerza Armada Nacional Bolivariana (FANB) ondo prestatu eta ekipatzeaz gain (Chávezen kezketako bat), herria antolatzen da milizietan eta autodefentsa taldeetan (auzoetan, entitate eta enpresa publikoetan, komunetan, kolektibo eta erakundeetan…). Herriak berak hartzen du protagonismoa prozesua, Venezuelako subirautza baita bizitza bera ere defendatzeko.

Urritasun materialez haratago, chavismoaren sektore askotan haserrea sumatzen dela agerikoa da ere. Chavismo garaiaren hasieratik bizio eta praktika oker batzuk txertatuak egon dira gobernuaren zein Estatuaren esparru batzuetan, baita prozesua aurrera joatea oztopatu duten joerak, chavismoaren inguruko sektore erreformista, sozialdemokrata eta arribistetan irudikatuta. Ustelkeriak eta zigor faltak, baliabideen zarrastelkeriak eta kontrolik ezak, influentzia-trafikoak, kargu batzuen praktika ez ereduzkoek, baita behin baino gehiagotan PSUVek (Partido Socialista Unido de Venezuela) erakutsitako bertikalismoak pitzadurak sortu dituzte chavismoaren barruan, batez ere oinarrizko erakunde eta militante eta goiko egiturazko politikari profesional batzuen artean. Aurrera egiteko bere beharraz ohartuta, chavismoak batasuna mantentzen du etsaiaren aurrean. Hala ere, sektore kritikoen eta ofizialisten arteko urruntzea baita herriaren aurrean sinesgarritasuna galtzea kanpoko erasoa baino kaltegarriak izan daitezke. Klase-etsaiak hautsaz ez aprobetxatzeko kontu handiz aritu behar bada ere, mugimendu chavistak ezinbestekoa dauka etxe barruan erratza pasatzea. Garaiak ez dira agian errezenak halakoak egiteko, baina hausnarketa, autokritika, erradikaltasuna berreskuratzea eta beharrezko neurriak aplikatzeko ausardia ezinbestekoak dira Chávezen proiektu sozialista indartzeko, herria protagonista izan behar duen prozesu original honi beste bultzada bat emateko. Venezuelako prozesu askatzaileak behar du, eta munduko herriok Venezuelako prozesu askatzailea behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude