Norena da copyrighta?

  • Joaldun taldeak Europa osoan dira ezagun, baina Euskal Herrian bederen, urte luzez Ituren eta Zubietan baizik ez da gorde ohitura hori. Azken bi hamarkadetan, berriz, talde askok ekin diote joare jotzeari, eta sortu den egoerarekin deseroso daude Malerreka aldean.
Joaldunak
JoaldunakDantzan.com
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Inauteriak urtez urte egutegian egiten dituen jauziei kasu handirik egin gabe, Ituren eta Zubietan urtarrilaren azken igandea daukate ezarrita ospakizun horren mugarri: data horren osteko lehen astelehenean eta asteartean ospatzen dituzte aratusteak. Aurten, otsailaren 1ean eta 2an. Astelehenez zubietar joaldunak Iturenera, biharamunean alderantziz; bisita egileak, bide erdian, Iturengo Aurtitz auzokoekin elkartuko dira, hiru baitira joaldun taldeak, ez bi.

Astelehen-asteartez lanaren kateari ihes egitea erraza ez den arren, joareen burrunba bertatik bertara entzun nahi duten Euskal Herri osoko jendeez beteko dira Malerrekako bi herri ospetsuak egun horietan. Pribilejio hori ez daukatenentzat bada beste aukerarik: lauzpabost hamarkada dira Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunek –talde bakoitzak bere aldetik– beren herritik kanpo ere jotzen dutela. Baina diotenez, aspaldi honetan, azken hamar urteetan jo dezagun, ez diete hain sarritan deitzen.

Arrazoia sinplea da: lehiakide mordoa dute. Errolda zehatzik egin ez bada ere, esan daiteke gutxi gorabehera 30 joaldun talde dagoela gaur egun Euskal Herrian; Zuberoan izan ezik herrialde guztietan aurkitu daiteke baten bat. Erdia baino gehiago, Nafarroan.

Iturendar eta zubietarrak ez daude gustura egoera horrekin. Duela hogeiren bat urte lehenbiziko taldeak sortu zirelarik Iruñerrian, ez ziren biziki kezkatu. Orain, berriz, ibaiko urak gainezka egin duela uste dute. Hala adierazi digute Zubietako ostatuan egindako elkarrizketan. Bi iturendar eta aurtiztar eta zubietar bana aritu dira gurekin solasean.

Ikusi, gustatu... eta kopiatu

Boom-a duela hamar urte inguru gertatu zela dio Pello Santesteban Zubietako joaldunak. “Herriz herri ibiltzen ginelarik, bertakoek ikusten gintuzten eta nonbait, kopiatzeko gogoa sortu zitzaion askori. Etorri nahi izaten zuten, hemen ikasi...”. Zubietan hartu izan dute talderen bat zerbait irakasteko asmoz, Aurtitzen ere egin izan da saiorik, baina ikasi, inork ez duela benetan ikasi diote bai Santestebanek bai Karmelo Aioroa aurtiztarrak. Iturengo Pello Ariztegik, aldiz, azpimarratzen du beren herrian sekula ez zaiola inori irakatsi, eskariak jaso dituzten arren. Jarrera hori da gaur egun hiru herrietan indarrean dagoena: kanpoko inori ez irakastea. Izan ere, aspaldian inork ez die eskatu. Agian boom-aren aparra behera doalako eta jadanik inork ez duelako ikasteko grinarik, agian balizko eskatzaileak badakielako ezezkoa jasoko duela.

Nola edo hala ikasiko zuten, hala ere, sortu diren talde horiek. Berangoko (Bizkaia) Jon Zelaiak diosku, esaterako, berak eta bere taldeko zenbait kidek Zubietan ikasi zutela joareak nola lotu eta nola jo, bertara bi aldiz joanda, duela hamarren bat urte. Pello Santestebanek ez du hori gogoan, baina edozein kasutan, salbuespena da berangotarrena. Talde gehienek beren herrietan ikasi dute. Beteranoenek, denak Iruñea ingurukoak, bertan bizi ziren zubietar edo iturendarren eskutik. Gerora ere hala ikasi dute batzuek. Eta gainerakoek, dagoeneko zekitenek irakatsita.

Ikasi bai, baina fundamentu handirik gabe, iturendar eta zubietarren ustetan. Ez janzkeran, ez ibiltzeko eran... Bigarrenari erreparatzen diote batez ere. Beren herrietan haurrek oso txikitatik paratzen dituzte joareak, eta ibiltzen ikasi. Ez dago horretarako eskolarik, ez entsegu-aretorik, ez inolako antolamendurik. Transmisioa etxean egiten da, aitaren eskutik ez bada osabarenetik edo bestela auzoarengandik. Gero, errege bezperan, nahi duen oro ateratzen da joare jotzera. Kanpotik joandako jendeak ere atera izan dira, gorago aipatutako berangotarrak kasurako.

Kontuak kontu, iturendar eta zubietar joaldunen ibiltzeko erak txikitatik ikasteak ematen duen naturaltasuna nabarmendu dute gure solaskideek. Kanpoko taldeek ez dutena, bistan dena. “Guk hemen ia-ia oinez normal ibiliko bagina bezala ibiltzen gara joareekin”, azaldu digu Iturengo Javier Bereauk, “kanpoko taldeak, aldiz, kolpea jotzeaz baizik ez dira arduratzen, eta ez dira natural ibiltzen”. Erritmoan ere alde ederra dagoela dio Santestebanek. Alegia, kanpoko taldeek ez dutela lortzen kide guztiek kolpea aldi berean jotzea.

Kalitatea gorabehera, kantitatea da Ituren eta Zubietan kezka eragiten duena. Honezkero ez dute begi onez ikusten kanpoko hainbeste taldek joareak jotzea, ezta primeran egingo balute ere. “Joaldunak sinbolo bihurtu dira Euskal Herrian eta horrek eragin du hainbeste talde sortzea. Guretzat urguilua da hori, baina uste dugu azken urteetan gainez egin duela honek”, dio Javier Bereauk. Jarrera hori ulertzeko, mugarri bat aipatu behar da ezinbestean: Euskal Herriko Joaldunen Biltzarraren sorrera, non ez dauden ez iturendar ez zubietarrak.

Hamarkada bateko ibilbidea

Joaldunen Biltzarraren hazia Iruñean erein zen duela hamarren bat urte, Alberto Jurado atarrabiarrak, sortzaileetako batek, gogoratzen duenez: “Ez naiz oroitzen zer ospakizunetan giroa emateko deitu ziguten Iruñerriko hiru talderi. Oso gustura ibili ginen eta erabaki genuen urtero elkartzea joareak jotzeko”. Pixkanaka beste talde batzuekin harremanean jarri ziren, eta Biltzarra sortu zuten, urtean behineko topaketa egiteko xede bakarrarekin. Halaxe segitzen dute, urtero herri batean eginez, eta honezkero Euskal Herri osoko taldeak elkartzea lortu dute. Aurten Irurtzunen dute hitzordua, heldu den martxoaren 19an, eta 25 talde inguru egotea espero dute.

Zubietarrak eta iturendarrak ere gonbidatu zituzten, baina haiek uko egin zioten Biltzarrean sartzeari. Pello Santestebanek ez du orduan egin bileren oroitzapen goxorik: “Egiten badute, egin dezatela, baina errespetuz, eta guk ez genuen hori sumatu. Gu izan gara ohitura honi eutsi diogunak. Beste herrietan joaldunak izan badira, izan diren bezala, galdu dira. Oraingo talde guzti horiek gure inguruan sortu dira, eta errespetua eskatzen diegu: ez dezatela sortu elkarte bat, Euskal Herriko joaldunen elkartea direla esanez, eta gero gu hor sartzen saiatu. Beraiek ez zuten interesik elkartea gure inguruan osatzeko, gu beraien barrenean sartzeko baizik”.

Ondorioz, behar luketen errekonozimendua ukatzen zaiela uste dute Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunek. “Orain itxura du leku guztietan zeudela joaldunak, eta guk aldarrikatu nahi duguna da ez dela ahaztu behar hemendik zabaldu dela ohitura hori, hemendik heldu dela”. Esandako horrekin ez dator bat, ordea, Alberto Jurado: “Guk, bere momentuan, eskaini genien beraiek izatea beti kalejirako burua, aitortzeko beraiek izan direla ohitura honen gordetzaileak, ezen ez asmatzaileak, gauza jakina baita Nafarroa osoan izan direla joaldunak. Gainera, kritika egin ziguten ez genituelako gauza batzuk ongi egiten, janzkera aldetik eta abar, eta guk konpromisoa hartu genuen haiek esandakoa aintzat hartzeko. Baina ez zen nahikoa izan”.

Erantzuna, patentea

Gauzak horrela, Euskal Herriko Joaldunen Biltzarrak iturendar eta zubietar gabe jarraitu zuen bidea egiten, eta gaur egun ez dago alde bien arteko inolako harremanik. Esan daiteke, hori bai, orduko liskar haien ondorioz finkatu zela Malerrekakoek gaur duten jarrera. Besteak beste, hiru herrietan elkarte bana sortu zuten, ordura arte ez baitzuten, patente bat egiteko asmoz. Hala, “joaldunak” izena patentatu zuten, hala nola “zanpantzar”, okerra izanagatik joaldunak izendatzeko barra-barra hedatu den hitza, auskalo noren erruz. Patentatu zituzten, halaber, beren inauteriko pertsonaia batzuen irudia, joaldunena barne, baina irudia baizik ez. Joare jotzen leku batetik bestera joateko ohitura bera patentatzea ezinezkoa da, asmatzailea ezezaguna baita. Hala adierazi digute Nafarroako Jabetza Intelektualaren Erregistroan. Honenbestez, patenteek ez dute izan ondorio praktikorik, eta ez da hori ere Ituren eta Zubietakoen helburua. Besterik gabe memoriaren gordailua izatea nahi dute. Euskal Herrian joareekin dabiltzan beste taldeen ustez, baina, funtsik gabea da haien beldurra: ez dute inoren memoria usurpatzeko asmorik.

Azkenak
2025-07-07 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]


Antxon Alonsok ukatu egin du Cerdan Servinabar enpresaren %45aren jabe zela

Epailearen aurrean deklaratu du astelehen goizean Alonso enpresari gipuzkoarrak, Servinabar enpresaren jabeak, eta adierazi du Guardia Zibilak haren etxean aurkitutako agiriak ez duela balio, notarioarenera eraman ez zuelako. Accionako kontseilari Fernando Merinok ere deklaratu... [+]


Gasteizko lorezainak negoziazioetara bueltatu dira 100 greba egun eta gero, Jaurlaritza erdian

Gasteizko lorezainen eta udalak azpikontratatutako enpresaren arteko negoziazioak uztailaren 7an hasiko dira Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin. 


Israelek onartu ostean, Hamasek esan du 60 eguneko su-etena “berehala” ezartzeko prest dagoela

Hamasek jakinarazi du Palestinako erresistentziako beste taldeekin hitz egin duela AEBek, Egiptok eta Qatarrek proposaturiko meniaz, eta "pozik" hartu dutela. 60 eguneko su-etenaz gain, akordioak barne hartuko luke Hamasek Gazan dituen hamar bahitu israeldar askatzea,... [+]


2025-07-07 | Estitxu Eizagirre
Lurraldeko ogi ekologikoaren balio nutrizionalak aztertu dituzte HoBBea proiektuaren baitan

HoBBea proiektua hiru elkarte hauek elkarlanean egina da: Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Biolur eta Hazialdeko. Nekazari-okinaren figura indartu nahi dute HoBBea proiektuaren bidez, eta lurraldeko ogi ekologikoa kontsumitzearen balioak eta onurak ezagutarazi nahi dituzte... [+]


Tauromakia “bekatua” dela salatu dute talde antitaurinoek Iruñean

AnimalNaturalis eta PETAk manifestazioa egin dute Iruñeko Udaletxearen aurrean, tauromakia bekatua da lelopean.


“Ezin dugu kikildu fatxerioaren aurrean. Ez dira pasako!”

Sei urte, sei urte luze, pasa dira Ciudadanos alderdi politikoak bere mitina egin zuenetik gure herrian. Bere mitina apirilaren 14an, errepublikaren egunean, eta inongo ordezkaritzarik ez duen herri eta lurralde batean. Ohituak gaude horrelako probokazioekin, baina egia da... [+]


BRICS+ taldeak Trumpen muga zergak gaitzetsi ditu, eta honek %10 igotzea mehatxu egin die

BRICS+ taldeak hamazazpigarren gailurra egin berri du Rio de Janeiron, eta herrialde parte hartzaileek oharra argitaratu dute Trumpen muga zergak eta Iranen aurka eginiko erasoak gaitzetsiz. Erantzun gisa, AEBetako presidenteak mehatxu egin die "Amerikaren aurkako... [+]


BSH eta Billabesetako langileek babesa adierazi diote elkarri Iruñeko kaleetan

BSHko langileek mobilizazioa egin dute larunbatean Iruñean, eta Billabesetako langileen babesa jaso dute. Billabesetako langileek manifestazioa burutu dute egun berean. BSHko langileeak enpresaren Bruselako egoitzan bilduko dira astelehenean, Europako Batzordeko Enplegu... [+]


2025-07-07 | Ahotsa.info
Iruñerriko mugimendu feminista: “Antolatuta gaude eta autodefentsa feministaz erantzungo dugu”

Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.


Bost haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilboko San Frantzisko auzoan

AZET Etxebizitza Sindikatuak salatu du Poliziak 8:00etatik hartu duela etxegabetu duten etxeko ataria. Auzokide ugari gerturatu badira ere etxegabetzea gelditzen saiatzera, Polizia etxebizitzara sartu da eta balkoira kateatu diren bi auzokideak askatu ditu. 9:30ak aldera heldu... [+]


Eduardo Ibero (Yala Nafarroa)
“Eskerrak eman nahi dizkiogu Iruñeko jendeari, beraien bultzadarekin heldu gara txupinazoa botatzera”

Eduardo Ibero, Lidon Soriano eta Dyna Kharrat, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek, 2025eko sanferminei hasiera eman dion suziria piztu dute.

 


2025-07-07 | Imanol Muro
Zergatik Joxe Azurmendi euskal gazteontzako?

Euskaraz hitz egiten duen gure herriak zortea izan du azken mende erdi luzean zehar gure herriari buruz pentsatzen aritu den figura bat edukitzegatik. Joxe du izena eta Azurmendi abizena. Oharkabean pasa daitekeen izena da. Bere obra milaka eta milaka orrialde emankorrek osatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude